Eveline Safir Lavalette

Eveline Safir Lavalette, Évelyne Paule Lavalette jaiotzean[1], (Rouïba, Aljeria, 1927 Médéa, Aljeria, 2014ko apirilaren 25a) frantses jatorriko ekintzaile aljeriarra izan zen, Aljeriako Independentzia Gerran militante nazionalista eta FLNko lotura-agentea. Independentzia lortutakoan, Aljeriako lehen batzar konstituziogileko kide aukeratu zuten

Eveline Safir Lavalette

Member of the People's National Assembly of Algeria (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaAljer, 1927
Herrialdea Aljeria
 Frantzia
HeriotzaMédéa (en) Itzuli, 2014ko apirilaren 25a (86/87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra

Biografia

Haurtzaroa eta ikasketak

Éveline Lavalette hirugarren belaunaldiko pieds-noirs-en familia burges batean jaio zen. Rouïban hazi zen, Aljerretik ekialdera.[2] Frantses eskola laikoetan ikasi zuen eta Guides de France neskentzako eskaut-taldeetan parte hartu zuen.[3][4] Horrez gain, Aljeriako zein Europako gazte mugimendu hezitzaile eta konfesionalen arteko lagunarteko zenbait topaketatan parte hartu zuen. Haietan, Frantziako scoutek, Scout musulmanek eta Guides de France-koek parte hartzen zuten, eta baita ikasle katolikoen elkarteak eta gazte-mugimendu nazionalistek ere.[5]

Topaketa horiek, 1952an, AJAAS - Association de la jeunesse algérienne pour l’action sociale elkartearen sorrera ekarri zuten. AJAASek hainbat jarduera antolatzen zituen: batetik, gaurkotasun handiko gaiak, hala nola langabezia, gosea edo kolonialismoa, jorratzeko topaketak, eta, bestetik, Aljerreko auzo pobreetan ekintza solidarioak, adibidez, alfabetatze eskolak, doako kontsulta medikoak edo gizarte-laguntzako kontsultak. Elkarteko kideak erlijio guztietako aljeriarrak ziren -katolikoak, protestanteak, juduak, laikoak eta musulmanak-, eta haien helburua zen gazteak heztea garaiko Aljeriaren benetako ikuspegia ezagututa. Eveline Lavalette bertako kidea zen, beste europar batzuk bezala, Pierre Chaulet kasu, eta han deskubritu zuen nolakoak ziren Aljeriako landa-eremuetako biztanleen bizi-baldintzak eta haien zerbitzu publikoen gabezia Europako biztanleriarenekin alderatuta.[5] Aldi berean, Langile Ekintza Katolikoko kapilauekin loturak izan zituen eta Confédération française des travailleurs chrétiens elkarteko kide egin zen.[2]

FLNko ekintzailea Aljeriako gerran

Eveline Safir Lavalette,1955ean, 1954ko azaroaren 1eko matxinada hasi eta urtebetera, Nazio Askatasunerako Frontean (FLN) sartu zen. Benyoucef Benkheda izan zen FLNrekin izan zuen kontaktu nagusia.[2] Garai hartan, Lavalette Aljerreko Ekonomia eta Gizarte Ikerketen Institutuko (IRESA - Institut de recherches économiques et sociales d'Alger) idazkaria zen, Aljerreko Zuzenbide Fakultateko dekanoaren ekimenez sortutako erakunde pribatua.[4]

Lavalettek Frontearen eskura utzi zuen Aljerreko erdialdean zuen apartamentua. Bertan, FLNko hainbat borrokalari bizi izan ziren, besteak beste, Amar Ouamrane koronela, Sadek koronela, Krim Belkacem, Larbi Ben M'hidi, Mohamed Seddik Benyahia, Abane Ramdane eta Benyoucef Benkheda.[2][4][6][7]

Erakundearen barneko lotura-ardurak ere izan zituenez, liburuxkak inprimatu eta materiala garraiatu zuen.[8] 1956an, FLNren El Moudjahid egunkariaren lehen alea inprimatu zuen. Egunkaria eta liburuxkak inprimatzeko mimeografoa Leclerq abadearen, kartzeletako kapilauaren, etxean kokatzea erabaki zuen, bertako presbiterioan.[7] Hainbat dokumentu makinaz idatzi zituen egunkarian argitaratzeko, adibidez Soummam-eko kongresuari buruzko dokumentu mardul bat, 1956ko otsaileko ikasleen grebarako deia eta Ahmed Zabanak, 1956ko ekainean gilotinaturiko militanteak, gurasoei zuzendutako gutuna.[8][9]

Atxilotzea eta kartzelaratzea

1956ko azaroaren 15ean, zenbait zibil europarrek atxilotu eta DST etxera (Direction de la Surveillance du territoire) eraman zuten. Zortzi egunez torturatu zuten, eta jan barik eman zuen denbora hori guztia.[7][10] 1957ko martxoaren 23an, beste zenbait emakumezko kiderekin batera, tartean Zoubida Bekkadour, epaitu zuten nazionalistak etxean hartzeagatik eta “Estatuaren segurtasunaren kontra jokatzeagatik”. Hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.[2][4]

Epaiketan, Orango auzitegi zentzarazleko lehendakariak uko egin zion Lavalettek jasan omen zituen torturez egindako salaketa aztertzeari. Honela azaldu zuen bere erabakia: «Hemen ez gaude Santa Évelyne martiriaren epaiketa egiteko, Éveline Lavalette hiltzaileen konplizearena baizik.»[11][12] Ondoren, kartzelaz kartzela eraman zuten askatu arte. Orango espetxean 1956tik 1957ra egon zen, gero Orleansville-koan (Chlef), eta, azkenik, Maison-Carrée-ko nagusian (El-Harrach). 1959an askatu zuten.

Orléansvillen (Chlef), lau hilabete eman zituen inkomunikatuta, "preso politiko gisa, preso arruntekin lan egiteari uko egiteagatik". Maison-Carrée-n (El-Harrach), gose-greba egin zuen; haren ondorioz, koman sartu zen eta lau hilabetez ospitaleratu behar izan zuten Mustapha erietxean. 1959ko abuztuaren 31n askatu zuten, De Gaulle jeneralaren indultuari esker, eta Frantziara deportatu zuten.[2] La Main Rouge erakunde armatuaren mehatxuak jaso zituenez, Suitzara alde egin behar izan zuen, eta han egon zen bi urtez erbesteraturik Aljeriara itzuli baino lehen.[13]

Aljeria independentean

Aljeriak independentzia lortutakoan, Batzar Konstituziogileko kide hautatu zuten Claudine Chaulet eta Pierre Chaulet-ekin batera.[3] Geroago, 1964an, Aljeriako Batzar Nazionaleko kide aukeratu zuten. Orduan, frantses nazionalitatea utzi eta Aljeriakoa hartu zuen. 1967an, Abdelkader Safir aljeriar kazetari ezagunarekin ezkondu zen. Aljerren Lan Ministerioko aholkulari gisa lan egin ondoren, Gizarte Segurantzako Saila zuzendu zuen Médéan.[8] Han bizi izan zen, 2014ko apirilaren 25ean hil zen arte. Aljerren ehortzita dago, Diar Essâadako (El Madania) hilerri kristauan.

2013. urtean bere autobiografia argitaratu zuen Barzakh argitaletxean, Juste Algérienne… comme une tissure.[14]

Erreferentziak

  1. Fatima Sissani Résistantes dokumentalean Lavaletteren izena "Éveline" zela azaltzen da, "y" barik.
  2. (Frantsesez) Gallissot, René. (2014-06-16). LAVALETTE Évelyne [Eveline SAFIR LAVALETTE. ] Maitron/Editions de l'Atelier (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  3. Fontaine, Darcie. (2016). Decolonizing Christianity: religion and the end of empire in France and Algeria. Cambridge university press, 73-74 or. ISBN 978-1-107-11817-1. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  4. (Frantsesez) «Trois jeunes femmes - dont Mlle Lavalette - condamnées à des peines de prison pour avoir hébergé des rebelles» Le Monde.fr 1957-03-25 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  5. (Frantsesez) Christien, Lionel; Gauthé, Jean-Jacques. (2003ko apirilaren 4a). «21. Paris-Alger. Les Scouts de France et la guerre d'Algérie» in De l'Indochine à l'Algérie: la jeunesse en mouvements des deux côtés du miroir colonial, 1940-1962 (Ed. la Découverte) ISBN 978-2-7071-4007-4. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  6. (Frantsesez) Hamon, Hervé; Rotman, Patrick. (2001). Les porteurs de valises: la résistance française à la guerre d'Algérie. in: Histoire. Albin Michel ISBN 978-2-02-006096-7. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  7. (Frantsesez) Dore-Audibert, Andrée. (1995). Des Françaises d'Algérie dans la guerre de libération: des oubliées de l'histoire. Karthala ISBN 978-2-86537-574-5. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  8. (Frantsesez) Métaoui, Fayçal. «Eveline Lavalette Safir... : «Tes cheveux démêlés cachent une guerre de 7 ans»» vitaminedz.com (El Watan) (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  9. (Frantsesez) «Elles ont dit» El Watan 2017-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  10. (Frantsesez) «Le cas de Mlle Evelyne Lavalette» Le Monde.fr 1957-01-29 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  11. Thénault, Sylvie. (2004). Une drôle de justice: les magistrats dans la guerre d'Algérie. Éd. la Découverte ISBN 978-2-7071-4258-0. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  12. (Frantsesez) Schwartz, Laurent. (1961). Le problème de la torture dans la France d'aujourd'hui, 1954-1961. Cahiers de la république (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  13. (Frantsesez) «Décès de la moudjahida Evelyne Safir» alger-republicain.com 2014-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  14. (Frantsesez) Lavalette, Eveline Safir. (2013). Juste Algérienne: comme une tissure. Éditions barzakh ISBN 978-9931-325-46-8. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).

Obra

  • (Frantsesez) Juste Algérienne: comme une tissure. Éditions barzakh, 203 or. ISBN 9931325461, 9789931325468. (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).

Filmografia

  • Sissani, Fatima (2019) Résistantes dokumentala, Frantzia-Suitza, 1 h 16 min. (2017an ere Tes cheveux démêlés cachent une guerre de sept ans izenburuarekin.argitaratua; Eveline Safir Lavalette, Zoulikha Bekaddour eta Alice Cherki-ren testigantzak jasotzen ditu).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.