Eusko Label
Eusko Labela sor-marka bat da, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu edo prestatu diren nekazaritza eta abeltzaintza elikagaiak identifikatzen dituena, eta elikagai horien kalitatea, benetakotasuna eta jatorria kontrolen bidez bermatzen dituena[1]. Kalitatearen K letra erabiltzen du ikur gisa. Eusko Labelaren Kontseilu Arautzailea eta Eusko Label marka 1989an sortu ziren, Eusko Jaurlaritzaren 203/1989 Dekretuaren bidez,[2] eta 1992an merkaturatu ziren lehenengo Eusko Label produktuak.[3] 1998an, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak Kalitatea Fundazioa sortu zuen,[4] eta, geroztik, Eusko Labelak Eusko Jaurlaritzaren babesean jarraitzen du, baina erakunde pribatu batek kudeatzen du.[5]
Eusko Labelaren helburu nagusiak hauek dira:
- Kontsumitzaileari kalitate maila handia bermatzea, produktuen jatorria jakinaraztea eta benetakotasuna bermatzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleen lana babestea. Horrela, kanpotik merkeago baina kalitate maila urriagoarekin etorritako produktuei aurre egiteko aukera dute.[6]
- Kalitatezko ekoizpena sustatzea.
Kalitatea Fundazioa arduratzen da Eusko Label kalitatearen bereizgarria duten produktuak kontrolatu eta egiaztatzeaz. Gainera, Eusko Labela duten bi produktuk (Euskal Okela eta Gernikako Piperra) Europar Batasunaren oniritzia jaso dute, hurrenez hurren IGP eta DO sormarkak lortu baitituzte.
Kritikak
Eusko Labelak, oro har, marketinaren aldetik bere eginkizunak bete ditu, eta kontsumitzaileak kalitate goreneko produktuak, Euskal Herrikoak, eta berme guztiekin ekoitziak lotzen dizkio Eusko Labelari. Laborarien EHNE sindikatuak, ordea, hiru kritika nagusi egiten dizkio:[5]
- Kalitatea bermatu beharrean banaketa kate handien mesedegarri den eredu industrial eta intentsiboa sustatzea. Adibidez, barazkiekin, itxura ona zaintzen du Eusko Labelak, baina zenbait produkturekin ez du kalitatea bermatzen. Eusko Labelak kontrolatzen du produktuak hainbeste zentimetro izatea, barietate zehatz batzuetakoa izatea (batzuetan, Euskal Herrikoa bertakoa ez diren barietateak), kolore jakin bat izatea... baina sistema hidroponikoa erabiltzen da barazki guztiak edo gehien-gehienak lortzeko. Hots, poltsetan sartu eta tratamendu kimikoekin (hodi bidez ura, nitratoa, fosforoa eta potasioa helaraziz) hazten dituzte, negutegietan, ez lurrean.
- Sektorearen parte-hartzea ez bilatzea. EHNEk dio sektoreko jendearen parte-hartze txikia dagoela, eta dagoena, nahierara aukeratua, zentzuzko irizpiderik gabe. Eusko Labelaren hastapenetan (1992an) zenbait dekalogo, arautegi eta protokolo negoziatu zituzten sektorearekin, baina ordutik ez omen diete. Adibidez, abelazkuntzarako pentsuek dituzten transgenikoak saihesteko eta kalitatea bermatzeko, Jaurlaritzari makina bat proposamen aurkeztu ziola dio EHNEk; pentsuetarako beste proteina iturri batzuk bilatu zituzten, soja ez transgenikoa, eta abar. Baina Administrazioak entzungor egin omen die. Gaur egun, produktore ekologikoak dira pentsu transgenikoak erabiltzen ez dituzten bakarrak.
- Nekazarientzako errentagarritasunik ez izatea. Adibidez, gazta ekoizpenak bat-batean hazkunde itzela izatea ekarri du Eusko Labelak sustaturiko Artzain Eskolak, eta horrek gaztaren prezioa nabarmen jaitsarazi du. Egokiena litzateke ekoizpena pixkanaka handituz joatea, merkatua sortuz doan neurrian. EHNEko Bizkaiko lehendakari Mikel Kormenzanak salatu duenez, Eusko Labelaren asmoa lehengai gehiago izatea da, lehengaia merkeago ateratzea, eta horrela bitartekari batzuek —nekazaritza industriak eta banaketa kate handiek— negozioa egin ahal izatea. «Eroski da horren gidari, bere mesederako egin dira beti gauzak» dio Kormenzanak.
Eusko Labela duten produktuak
- Esne bildotsa: marka horretako bildotsak, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, hil eta zatitzen dira, eta arraza autoktonokoak dira (latxa edo karrantzarra), edo horien gurutzatzeak.
- Eztia: Eusko Labela duten eztiak gordinak, freskoak, kalitate eta purutasun handikoak dira. Jatorri botanikoaren arabera sailkatzen dira (lore eztia, eukalipto eztia, akazia eztia, txilar eztia, basoko eztia…). Ezti horiei buruzko araudia Europako zorrotzenetakoa da.
- Baserriko oilaskoa: Eusko Labela duten oilaskoek luma gorriak eta azal eta hanka horiak dituzte, eta hautapen genetiko baten ondorio dira. Beste ezaugarri hauek ere badituzte: hazkunde motela, baserrikoak izatea, eta aire zabalean haziak izatea.
- Euskal Okela: behi aziendena da Eusko Labela duen okela bakarra. Gure erkidegoan aspaldidanik hazi izan diren arrazetako abelgorriak dira, eta Euskadin jaio, hazi eta hiltzen dituzte. Abereok betiko ohiturei jarraikiz hazten dira, osasuneko eta ongizateko baldintza egokietan, eta elikadura betekizun bereziak errespetatuz.
- Esnea.
- Hegaluzea eta hegalaburra.
- Baserriko arrautza.
- Arabako patata.
- Gernikako piperra.
- Tomatea.
- Babarrunak.
Erreferentziak
- Kalitatea Fundazioaren webgunea: «Zer da Eusko Label?».
- «Ibilbide historiko laburtua», Eusko Labelaren webgunea.
- [http://www.euskolabel.net/euskara/index2_e.htm%5B%5D «Zer da Kalitatea Fundazioa?», Eusko Labelaren webgunea.
- Mikel GARCIA: «Zigiluaren atzean dagoena», Argia, 2232. zenbakia, 2010-05-30.
- «Los productos Eusko Label tuvieron resultados "muy dispares" el pasado año», ADN, 2009-05-04.
Kanpo estekak
- Kalitatea Fundazioaren webgunea: «Zer da Eusko Label?».
- Kalitatea Fundazioaren webgunea: «Eusko Label Produktuak».