Eusko Kontseilu Nagusia
Eusko Kontseilu Nagusia[1] Euskal Autonomia Erkidegoko autonomiaren aurretiko erakundea izan zen, 1978ko urtarriletik 1980eko apirilera bitartean existitu zena. 1979ko Gernikako Estatutua onartu eta lehen hauteskundeak egin ondoren, Eusko Kontseilu Nagusia desegin zen, eta frankismoaren osteko lehen Eusko Jaurlaritza eratu.
Eusko Kontseilu Nagusia | |||
---|---|---|---|
Datuak | |||
Izen laburra | EKN-CGV | ||
Mota | Erakunde aurreautonomikoa | ||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Historia | |||
Sorrera | 1978ko otsailaren 17a | ||
Ordezkatzen du | Lehenbiziko Eusko Jaurlaritza | ||
Ondorengoak | Eusko Jaurlaritza |
Aurrekariak
1977ko maiatzean euskal indar politiko ugarik (Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista, Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra, Euskadiko Alderdi Komunista, Euskal Kristau Demokrazia eta Eusko Abertzale Ekintza) "Konpromiso Autonomikoa" sinatu zuten, zeinetan adostu zen Hego Euskal Herriko autonomia estatutua hauteskunde konstituziogileetan aukeratutako euskotar legebiltzarkide horien artean idatziko zela.
1977ko hauteskunde konstituziogileetan Konpromisoa sinatu zuten alderdi ugari (EAJ, PSE-PSOE eta ESEI) batera aurkeztu ziren Senatura Fronte Autonomikoa izeneko zerrendapean. Hauteskunde horiek ospatu ostean, 1977ko ekainaren 19an Eusko Legebiltzarkideen Biltzarra osatu zen eta bertan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako diputatu eta senatari hautetsiak bildu ziren, Nafarroako UCDkoak izan ezik. Azken horiek Nafarroa Euskal Autonomiara batzearen aurka zeuden eta guztira hiru diputatu eta hiru senatari ziren; Nafarroak guztira lau parlamentari eta bost senatari aukeratzen zituelarik.[2][3] Hauteskunde horietan, bestalde, argi geratu zen abertzaletasunak (EAJ eta KAS mugimenduak) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian zuen indar ukaezina eta baita ere Nafarroakoa, nahiz eta hein txikiagoan izan.[2]
Adolfo Suarezen gobernuak ez zuen autonomiarik eratzea nahi Konstituzioa onartu aurretik eta horregatik, autonomia-aurreko erakundeak sortzea ahalbidetu zuen, zeinak zenbait eskumen Konstituzioa onartu aurretik jaso zituzten. Zenbait hilabetetan zehar Legebiltzarkideen Biltzarra autonomia-aurreko proiektu bat prestatzen aritu zen, aurrez aipatutako autonomia-aurreko erakunde bat sortzeko asmoarekin. Erakunde hori sortzeko Biltzarrak proiektua onesteaz gain, Gobernuaren onarpena ere beharrezkoa izan zen. Proiektua ("Euskal Herriarentzako Erregimen Aurreautonomiko Iragankorraren Lege-Dekretua") 1977ko irailaren 17an onartu zuen Legebiltzarkideen Biltzarrak PSE-PSOE eta EAJren aldeko botoekin eta orduan hasi ziren negoziazioak Gobernuarekin. Erakunde berriaren eraketan sortu zen oztopo nagusia Nafarroa izan zen, UCDk bertan ordezkarien gehiengoa lortu izanak zaildu egin baitzituen negoziazioak. Alderdi horrek Nafarroa Euskal Erkidegora batzeko aukera onartu behar izan zuen eta trukean EAJk onartu zuen batze hori gauzatzeko Nafarroan eratuko zen foru-erakundearen onespena behar izateaz gain, erreferendum baten oniritzia ere beharko zela.[4][5]
Era horretan, 1978ko urtarrilaren 4an Eusko Kontseilu Nagusia eratu zen lege-dekretu bidez, erakunde aurreautonomiko bezala,[6] Kataluniako Generalitatea erbestetik itzuli eta hiru hilabete ingurura. Dekretu horretan kontseilura batzeko aukera eman zitzaien Hego Euskal Herriko lau herrialdeei eta hori izan zen ondorengo erakunde autonomikora batzeko lehen pausoa. Kontseilura batzeko ardura probintzia bakoitzetik hautatzen ziren diputatuei zegokien, baina horien nahiak Batzar Nagusiek berretsi behar zituzten aurrera egin zezaten. Batzar Nagusietarako lehen hauteskundeak 1978ko Konstituzioa onartu ondoren (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez zuen onespenik izan) egin ziren, 1979ko udal-hauteskundeekin batera eta bertatik osatu ziren lehen aldiz demokrazia garaian Nafarroako Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua, besteak beste.[7] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldunek Eusko Kontseilu Nagusira batzea adostu zuten, baina Nafarroakoek ez.
Funtzioak eta osaketa
Kontseilua sortzea ahalbidetu zuen Errege Dekretuaren arabera, hau honela osatzen zen:
- Lehendakaria, ordezkari lana zuena.
- Osoko bilkura, gestio funtzioak zituen "behin-behineko gobernua".
Kontseiluak botere betearazlea bakarrik zuen. Kontseiluak garatu zituen gairik garrantzitsuenak honakoak izan ziren:
- Ekonomia Ituna, hainbat batzorde eratu ziren proposamenak ikertu eta Estatuko gobernura azken proposamena bidaltzeko.
- Nafarroaren arazoa.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren proiektua.[8]
Lehen Eusko Kontseilu Nagusiaren osaketa (1978-1979)
1977ko ekaineko hauteskundeetatik irten zen lehen Kontseilu honek berez seina ordezkari eman zizkien Espainiako Alderdi Sozialistari eta Eusko Alderdi Jeltzaleari eta beste hiru Zentro Demokratikoaren Batasunari. Alabaina, Euskadiko Ezkerrak ordezkari bat izan zezan itun batera heldu ziren PSOE eta EAJ.[9] Lehen Eusko Kontseilu Nagusiaren helburuak kontzertu ekonomikoan, Nafarroaren egoeran eta autonomia estatutuan oinarritu ziren. Gainera, Kontseiluak ikurriña bandera ofizialtzat berrezarri zuen, 1939an kolpistek debekatu ostean.[10] Euskal Poliziaren berrezartzea ahalbidetzeko helburuarekin zenbait euskal ordezkari negoziatzaile izendatu zituen: Juan María Bandrés, José María Benegas, Enrique Casas, José Ángel Montoya, Juan José Pujana Arza eta Jesús María Viana.[11] Gainera, zenbait adierazpen ere egin zituen, horien artean nabarmena lehena: 1977ko hauteskundeak euskal eta espainiar gizartea demokratizatzeko lehen pauso izan zitezela beharrezko ikusten zuen, eta Espainiako herri desberdinei autogobernua emateko aukera ematen zuen Konstituzio bat idatz zedila adierazi zuen, bortizkeria oro gaitzesteaz gain.[12] Lehen Eusko Kontseilu Nagusiak frankismoaren errepresio gordinaren garaian oposizioaren sinbolo izan zen Euskadi Ta Askatasuna talde armatuaren adarrekin hitz egin zuen eta gizarte demokratiko eta bakezale bat era zedin lagun zezaten eskatu zien.[13] ETA politiko-militarrak bide horri ekin zion, baina ez ETA militarrak.
Lehen Eusko Kontseilu Nagusia 1978ko otsailaren 17an eratu zen Ramón Rubial sozialistaren presidentziapean. Honakoa zen osaketa:[14][15]
Kargua | Jabea | Alderdia |
---|---|---|
Lehendakaria | Ramón Rubial Cavia | Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-PSOE) |
Garraioa eta Komunikabideak | Juan Maria Bandrés Mollet | Euskadiko Ezkerra |
Hezkuntza | Karlos Santamaria Ansa | Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) |
Osasuna eta Gizarte Segurantza | Andoni Monforte Arregi | EAJ |
Industria, Merkataritza eta Arrantza | Mikel Isasi Gabilondo | EAJ |
Ekonomia eta Ogasuna | Juan Maria Ollora Otxoa de Aspuru | EAJ |
Lurralde Antolaketa, Hirigintza y Ingurumena | Juan Ajuriagerra Otxandiano | Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) |
Lana | Juan Iglesias Garrigos | PSE-PSOE |
Kultura | José Antonio Maturana Plaza | PSE-PSOE |
Justizia | José Antonio Agiriano Forniés | PSE-PSOE |
Herrizaingoa | José María Benegas Haddad | PSE-PSOE |
Nekazaritza | Pedro Morales Moya | Unión de Centro Democrático (UCD) |
Herri Lanak eta Etxebizitza | Jesús María Viana Santa Cruz | UCD |
Karterarik gabe | Juan Etxebarria Gangoiti | UCD |
Bigarren Eusko Kontseilu Nagusiaren osaketa (1979-1980)
1979ko ekainean eratu zen Bigarren Eusko Kontseilu Nagusia, urte bereko udal- eta foru-hauteskundeak eta orokorrak ospatu ondoren. Urte hartako hauteskundeetan euskal abertzaletasunak indar handiagoa hartu zuen eta hainbat alderdi abertzalek osatu zuten Kontseilua. Horien artean nagusia eta hauteskundeen garailea EAJ izan zen, zeinak Lehen Eusko Kontseilu Nagusian PSOEk zituen hainbat ordezkari bereganatu zituen. Ezkerreko indar abertzaleen artean zatiketa gertatu zen, alde batetik Euskadiko Ezkerrak bide autonomistagoa eta baketsua aldarrikatzen zuen eta bestetik, Herri Batasuna azaldu zen, KASen ondorengoa, zeinak erabateko independentzia aldarrikatzen zuen eta Espainian eratu zen erregimen demokratiko berria txarresten zuen.[16]
Bigarren Eusko Kontseilu Nagusia 1979ko ekainean eratu zen eta Carlos Garaikoetxea jeltzalea izan zen lehendakari.[14][17][18]
Kargua | Jabea | Alderdia |
---|---|---|
Lehendakaria | Carlos Garaikoetxea | Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) |
Garraioa eta Komunikabideak | Juan María Bandrés Molet | Euskadiko Ezkerra |
Nekazaritza | Felix Ormazabal Askasibar | EAJ |
Kultura | Angel Olarte Lasa | EAJ |
Ogasuna | Jose Antonio Agirre Álvarez | EAJ |
Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa | Karlos Santamaria Ansa | EAJ |
Industria, Energia eta Arrantza | José Luis Robles Kanibe | EAJ |
Lurralde Antolaketa, Hirigintza eta Ingurumena | Juan José Pujana Arza | EAJ |
Osasuna eta Gizarte Segurantza | Andoni Monforte Arregi | EAJ |
Sailburu "Politikoa" | Mikel Isasi Gabilondo | EAJ |
Merkataritza | Carlos Soltxaga Catalán | PSE-EE (PSE-PSOE) |
Justizia | José Antonio Agiriano Forniés | PSE-PSOE |
Lana | Juan Iglesias Garrigos | PSE-PSOE |
Herri Administrazioa | Ángel García Ronda | PSE-PSOE |
Sailburu "Politikoa" | José María Benegas Haddad | PSE-PSOE |
Ekonomia | José Antonio Ramírez Escudero | Unión de Centro Democrático (UCD) |
Herri Lanak eta Etxebizitza | Alfredo Marco Tabar | UCD |
Turismoa | Jaime Mayor Oreja | UCD |
Sailburu "Politikoa" | Jesús María Viana Santa Cruz | UCD |
Erreferentziak
- Izen ofizial bi hauek zituen: Eusko Kontseilu Nagusia euskaraz, eta Consejo General del País Vasco gaztelaniaz. Ikus, adibidez Eusko Kontseilu Nagusiaren aldizkari ofizial hau.
- «Detalle de Elecciones» web.archive.org 2011-11-24 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- «Detalle de Elecciones» web.archive.org 2011-11-24 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- "De Túbal a Aitor", 774. orrialdea.
- «Sinopsis del estatuto de Autonomía del País Vasco» web.archive.org 2006-12-07 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- «Boletín Oficial del País Vasco - BOPV» web.archive.org 2014-02-19 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- «Real Decreto 121/79, de 26 de enero, sobre elecciones locales y ordenación de las Instituciones Forales de Navarra.» web.archive.org 2006-03-14 (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- Eusko Kontseilu Nagusiaren ezaugarriak, Virginia Tamayo Salaberríak egina, ondorengo webgune honetan azaltzen diren bezala: Sinopsis del Estatuto del País Vasco. Orígenes y causas inmediatas del Estatuto de Gernika.
- El País Egunkaria, 549. alea, 17. orrialdea
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1979016. alea 1979ko urtarrilaren 15ekoa.
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1978013. alea, 1978ko abenduaren 1ekoa.
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1978003. alea, 1978ko ekainaren 15ekoa.
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1979016. alea, 1979ko urtarrilaren 15ekoa.
- Mª Isabel Pérez Ares, ed. El Consejo General Vasco y el Estatuto de Autonomía, redacción y autonomía. 2 Logroño, 613-638 or. ISBN 84-95747-23-5..
- Autogobernuaren 30 urte
- Tamayo Salaberriá, Virginia.. (1991). Geńesis del Estatuto de Gernika. Instituto Vasco de Administración Pública ISBN 847777062X. PMC 26750319. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
- Un nacionalista, al frente de la política interior del CGV, El País, 1979-09-01.
- Eusko Kontseilu Nagusiaren 1979ko ekainaren 28ko erabakia: Que la asignación de titularidades a los señores Consejeros, a que hace referencia el primer punto del orden del día, quedó como sigue, EHAA, 1979029 zenbakia, 1979ko urriaren 29koa.