Eusko Gudarostea
Eusko Gudarostea (garaiko grafian Euzko Gudarostea) Espainiako Gerra Zibilean bando errepublikarraren alde borrokatu zen euskal erakundea izan zen.
Euzko Gudarostea | |
---|---|
Sorrera | 1936k irailaren 25a |
Fideltasuna | Eusko Jaurlaritza Espainiako Bigarren Errepublika |
Menpekotasuna | Euzko Alderdi Jeltzalea, Eusko Jaurlaritza, Errepublikako Herri Armada. |
Sortzaileak | EAJ, EAE, ELA-SOV, Euskadiko Sozialistak, EPK, JSU, UGT, IR, CNT-AIT, Jagi-Jagi, Errepublikarrak eta afiliazio gabeko unitate militarrak |
Buruzagiak | Alberto Montaud (Komandantzia) Jose Antonio Agirre (Komandantzia) Joseba Rezola (Defentsa Kontseilua) |
Ofizial ezagunak | Candido Saseta |
Egoitzak | Loiolako Santutegia (sorrera) Bilboko Garellanoko koartela (behin-behinekoa) |
Guduak | Iparraldeko frontea: Bermeoko gudua, Bilboko gudua, Intxortetako gudua, Legutioko gudua, Oviedoko gudua, Matxitxakoko itsas gudua, Saibigaingo gudua eta Sollubeko gudua, bai eta Bigarren Mundu Gerrako Frantziako Pointe de Graveko askapena |
Ereserkia | Eusko gudariak |
Ikurra |
Hiru aro izan zituen: EAJak 1936an sortu zuen milizia izan zen lehenik. Euskadiren Autonomia Estatutua onartu ondoren Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen Euskadiko Operazio Gudarostearen baitan txertatu zen ondoren. Azkenik, 1937ko apirilaren 28an Jaurlaritzak gudarostea berregituratu eta, ondorioz, bere agindupeko indar guztiak izendatzeko erabili zuen Eusko Gudarostea deitura. Eusko Gudarosteak 1936-1937 urte bitartean jardun zuen Iparraldeko frontean, frankistek garaitu arte.
Eusko Gudarosteko kideak eusko gudariak ziren, eta izenburu horixe du armada haren ereserkiak, Eusko gudariak abesti ezagunak.
Izena eta izaera
Eusko Gudarostearen lehenengo aroan (1936ko uztaila-1936ko urria), EAJ-ren milizia izan zen garaian, agintaritza bana izan zituen Azpeitian eta Bilbon. 1936ko urritik 1937ko apirila bitarte Euskadiko Operazio Gudarostearen baitan txertatu zen Eusko Gudarostea, Euzkadiko Herri Milizia Antifaxistekin eta CNTren Milizia Antifaxistekin batera. Azkenik, 1937ko apiriletik aurrera, Jose Antonio Agirre lehendakaria Jaurlaritzaren agindupeko indarren buruzagi bilakatu zen eta indar hauen berregituraketa bultzatu zuen. Ondorioz, alderdi politikoen miliziak oinarri zituen indar metaketari amaiera eman zitzaion, osorik militarizaturiko gudaroste bat sortuz. Hau da, ideologia guztietako batailoiak bere baitan desegin ziren. Azken honen izena Euskadiko Armada Erregularra izan zen, bere euskarazko adiera Eusko Gudarostea izan zelarik (Ejército de Operaciones del País Vasco / Eusko Gudarostea)[1].
Bestalde, Eusko Gudarostea Errepublikako Herri Armadaren menpe zegoen. Honen baitan Ipar Ejertzitoaren I. Gorputza izenez ezagutzen zen, naiz eta modu informalago batean Euskal Gudaroste Gorputza deitzen zitzaion. Eusko Gudarostea teorian Errepublikako Herri Armadaren menpe bazegoen ere, praktikan era independentean aritu zen.
Lehenengo aroa: EAJ-ren milizia (1936ko uztaila-urria)
Altxamendu militarraren berri izan bezain laster, Euzko Alderdi Jeltzaleak ordena bermatuko zuten guardia armatuak eratzea agindu zuen, errepublikarren kontrolpean zeuden beste eremu batzuetan gertatzen ari ziren gehiegikeria iraultzaileak saihestu asmoz. Udalerri-mailan pikete armatuak sortu ziren, errepideak zein herrietako sarrera-irteerak zaintzeko, baita kontrolik gabeko elementuen jarduna eragozteko ere. Pikete horiek, beste alderdi batzuetakoekin batera, Gobernu Zibilaren aginduetara jarduten zuten guardia zibikoak ziren. Hala ere, egiaz erakunde politiko-sindikalak ziren norbere militanteen aurrean aginte eraginkorra zuten bakarrak. Ondoren, abuztuan, Bizkaiko militante eta jarraitzaile abertzaleak Artxandan bildu ondoren, jeltzaleak boluntarioak trebatzen hasi ziren, lehenengo konpainiak eta gero infanteriako batailoiak osatuz. Irailean konpainia horietako asko fronteetara abiatu ziren, Bizkaian suzko armen eskasiari amaiera eman zion itsasoz iritsitako armamentuari esker[2].
Gazteria abertzalea milizia unitateetan izen ematen hasi zen batzokietatik zuzendutako herri mailako mobilizazioari esker. Bizkaiaren kasuan, Ramon Azkuek bideratu zuen izen ematea Sabin Etxeatik Bizkai Buru Batzarraren (BBB) kudeaketaren bitartez. Gipuzkoan, aldiz, Azpeitia izango zuen erdigune Eusko Gudarosteak. Hilabete batzuk geroago, Gipuzkoaren galerarekin bat, Bizkaiko antolakundea Gipuzkoakoari gailenduko zitzaion.
Bizkaian
Bizkaiko guneari dagokionean, lehenengo kuartela Patronatukoa izan zuen, Bilboko Iturribide kalean. Bertan Arana-Goiri izeneko konpainia antolatu baitzen, geroago izen bereko batailoi izango zena. Ondoren, errekrutatze eta instrukzio zentroa Deustuko Bidarte kuartelera lekualdatu zen, Patronatuaren instalazioak txiki geratu baitziren horrenbeste boluntariorentzako. Aurrerantzean kuartelak non nahi zabalduko ziren, gerrak aurrera egin ahala. Bizkaian, Bidartez gain, Algorta, Elorrio eta Gueñesko kuartelak sortu ziren, eta Bilbon zeudenak ugaritu egin ziren, Eskolapioen eta Cervantesen Eskolen eraketarekin. Bilbo –Uribeko Kosta barne–, Enkarterri eta Amorebieta-Lekeitio eskualdeetan antolatu zen Eusko Gudarostearen probintzia erakundea. Bestalde, Loiolako kuartela hustu eta Gipuzkoatik etorritako gudariek Gernikan zabaldu zuten egoitza. Gernikako hilerria frontean hildako EAJ zein ELAko gudarien hilobi leku bihurtu zen[3].
Ordurako lehendabiziko batailoia osatuta zegoen: Euzko Aberkoi Batza erakunde paramilitar jeltzalean oinarritutako Arana Goiri batailoia irailaren 24an, hau da, Eusko Gudarostea sortu baino egun bat lehenago, frontera joan zen.
Gipuzkoan
Baina Azpeitian sortutako Euskal Miliziak izan ziren benetako gerra egoerei erantzun zieten lehen abertzaleak, frentepopulisten inolako eragozpenik gabe. Azpeitiar gune horrek, "Comandancia de Milicias de Azpeitia – Euzko Gudarostea Azpeiti-Buruzagitza" izena zuen eta 1936ko abuztuan 1.349 gudari zituen bere esanetara. Komandantzia Telesforo Monzón, José María Lasarte, Salvador Aramburu, Miguel José Garmendia, Lino Lazkano, Mikel Ayerdi eta Tomás Mitxelenak osatutako batzorde batek zuzentzen zuen. Milizien aginte militarrari dagokionez, militar profesional batek, Kandido Saseta komandante buruak, eta Eduardo Urtizberea, Jesús Luisa, Enrique Etxeberria, José María Fernández de Lekuona eta José Placer komandanteek hartu zuten parte.
Azpeitiako Euzko Gudarostea, hasiera batean, alderdi anitzez osatutako indarra izan zen, EAJ-az gain Eusko Langileen Alkartasuna (ELA), Euzko Nekazari Bazkuna (ENB), Euzkadi Mendigoxale Batza (EMB) eta Eusko Abertzale Ekintza (EAE) ere biltzen baitzituen. Indar horien guztien artean, Euskal Miliziak deiturikoa eratu zuten. Milizia horiek, kantitate eta kalitate aldetik gerra-materialik ez izan arren, Ernio mendigunearen defentsan jarri ziren, eta Ordena Publikoa ere bermatu zuten Gipuzkoako mendebaldearen hedadura handi batean, nahiz eta egia den une horretan borroka erabakigarria ekialdekoa zela, Irun eta Donostia bitartean gertatzen ari zena. Eta han ezkertiarrak ari ziren borrokan, Loiolako kuarteletan harrapatutako armei eta Frantziatik iritsitako bidalketa batzuei esker, indar abertzaleak oso urriak zirelarik borrokan.
Gipuzkoako abertzaleek beste eremu txikiago batzuetan ere jardun zuten. Eibarren, Fronte Popularraren Komisarioek herriko batzokia ardatz zuen talde abertzale txiki bat kontrolpean izan zuten. Beste herri batzuetan ere bat-bateko milizia edo mobilizatu abertzaleen presentzia islatzen da. Zarautzen, bertako Gerra Komisarioek izaera mistoa zuten miliziak aurkeztu zituzten abuztuan, Fronte Popularraren zein erakunde abertzaleen baitako bolondresez osatutakoak. Donostian, 220 gizon izatera iritsi ziren. Pasaian, Pasaiako Milizia Abertzaleak antolatu ziren. Lenizen, abertzaleek “Léniz-Euzko Gudaroztea Leniz Guerra” antolatu zuten, "Eusko Gudarostea Leniz-Buruzagitza" bezala ere ezagutuko zena. "Hondarribiko Euskal Miliziak" eta "Irungo Euskal Miliziak" ere sortu ziren.
Egitura orokorra
1936ko irailera arte milizianoak, euskal abertzaleen artean “gudari” deituek, bat-bateko egitura militarretan antolatu ziren. Borroka taldeen arduradunak izendatzerakoan, antolakunde politiko-sindikalean nabarmendu zirenak eta esperientzia militar pittin bat zutenak aukeratu zituzten. Handik gutxira, buruzagi, ofizial eta milizia-sarjentuen izendapenak hasi ziren, pelotoi eta eskuadren buru izendatu zituztelarik, ohiko borroka-unitatea izango zen konpainietan ardaztuta. Haietako batzuk ondoren batailoietan txertatuko ziren, azken hauek oinarrizko unitate taktiko izaera lortu zutenean. Hain zuzen ere, 1936ko irailean sortu zen ofizialki Eusko Gudarostea Bizkaian, EAJak sortzen zituen indar militar guztiak bereganatuko zituen erakunde gisa. Lehenengo zuzendari Ramon Azkue izan zuen, bere alboan Lucio Arteche eta Luis Arredondo zituelarik. Egitura hau unitate jeltzale guztiez arduratu zen, Gipuzkoakoak barne, eta ondorioz Azpeitiako Eusko Gudarostea desagertu zen.
1936ko urriaren hasieran eratu zen Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Defentsa Batzordearen ordez. José Antonio Aguirre lehendakaria Defentsa Sailburu ere izango zen aurrerantzean, eta bere agintepean Euskadiko Operazio Gudarostea osatuko zen. Ondorioz, miliziak militarizatu ziren eta baldintza militarraren menpe geratu ziren. Hori bai, "beren berezko antolaketa eta bereizgarriak gordez". Hau da, milizien politizazioa mantentzen zen eta abertzaleek euren milizien (Eusko Gudarostearen) gain erabateko kontrola mantentzen zuten[4].
Gainerako erakundeen miliziak
1936ko udan gainerako erakundeek ere euren milizia armatuak osatu zituzten. Ideologia ezberdinetako miliziak Bizkaiko Defentsa Batzordearen baitan zein Gipuzkoako Defentsa Batzordearen baitan jardun zuten borrokan uda hartan. Beranduago, irailetik aurrera, milizia hauen eta Eusko Gudarostearen indarren batuketari esker sortuko zen Euskadiko Operazio Gudarostea. Hauek izan ziren gainerako erakundeen miliziak, 1936ko udan.
Anarkistei dagokienez, arlo militarrean Batzorde Militar propioa sortu zuten. Egoitza Milizia Antifaxisten Kuartelean zeukaten, Bilboko Casilla auzoan. Batzorde hori Primitivo Rodríguezek zuzentzen zuen, eta 1937ko otsailera arte iraungo zuen. 1937ko otsailean Batzorde Militarra desegin eta bere ordez CNTren Milizien Komandantzia Nagusia osatu zen, bere agindupeko indarrak CNTren Milizia Antifaxistak zeritzon erakundean antolatu zirelarik[5].
Sozialistei dagokienez, PSOE eta UGT-ek euren indarrak Euzkadiko Herri Milizia Antifaxistak delakoaren baitan antolatu zituzten.
Beraz, Eusko Gudaroste abertzalea, milizia anarkistak eta Fronte Popularraren miliziak, izan ziren 1936ko urritik aurrera osatuko zen Euskadiko Operazio Gudarostea oinarri.
Bigarren aroa: Euskadiko Operazio Gudarostearen baitan (1936ko urria-1937ko apirila)
Errepublikako Gobernuak 1936ko urriaren 1ean Euskadiren Autonomia Estatutua onartu eta astebetera, urriaren 8an, Gernikako Juntetxean Jose Antonio Agirrek Eusko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen.[6]
Ordurako, milizia guztiak batuko zituen Euskadiko Operazio Gudarostearen oinarriak finkaturik zeuden. Egitura batailoiek osatzen zuten, banaketa edo azpibanaketarik gabe. Batailoi hauek erakunde politiko-sindikalek sortuak ziren. Guztira 79 batailoi izango zituen. Aginte gorena lehendakari eta defentsa sailburu bilakatuko zen Jose Antonio Agirreren eskuetan geratu zen.
Euskadiko Operazio Gudarostea Eusko Jaurlaritzaren menpe zegoen, Defentsa Departamenduari atxikita zegoelarik. Jose Antonio Agirre lehendari izateaz gain Defentsa Kontseilaria ere bazenez, Eusko Gudarostea bere esanetara zegoen. Hala ere, lehendakariak Joseba Rezola Arratibel ezarri zuen Defentsako Idazkari Orokor, eta ondorioz azken honek izan zuen aginpide zuzena. Euskadiko Operazio Gudarosteak izan zuen lehenengo Estatu Nagusian Alberto Montaud Nogerolek bete zuen Estatu Nagusi Buru kargua eta Modesto Arambarri Gallastegiri aldiz Operazio Buru izatea egokitu zitzaion.
Urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzak errekruten lau kintak soldadutzara deitu zituen. Estepan Urkiaga Lauaxetak zuzendutako Bilboko Bidarte kuartelean Eusko Gudarosteko milaka gudarik instrukzioa jaso zuten[7]. Aldi berean Bilbora hegazkin, kanoi, metrailadore eta armaz jositako itsasontzia heldu zen. Urriaren 26an Agirrek eusko indarrak berak zuzendutako Euskadiko Defentsa Batzarraren agindupean zeudela aldarrikatu zuen, Errepublikako Armadatik independentea zela adieraziz.
Azaroaren 7an Euskadiko Operazio Gudarostearen Aginte Nagusia sortu zen. Azaroaren 20an entrenamendurik gabeko infanteriazko 27 batailoi (25.000 lagun inguru) zituen. Gainera, une hartan 10.000 edo 12.000 miliziano inguru zituen, geldirik zegoen frontean[8][9].
Hirugarren aroa: Euskadiko Armada Erregularra-Eusko Gudarostea (1937ko apirila-abuztua)
1937ko apirilaren 28ko aginduaren ondorioz, Euskadiko Operazio Gudarostea berrantolatu egin zen. Batetik, izena aldatu zitzaion: aurrerantzean Euskadiko Armada Erregularra izango zen, bere euskarazko adiera Eusko Gudarostea izango zelarik (Ejército Regular de Euzkadi-Eusko Gudarostea). Hau da, "Eusko Gudaroste" deitura milizia abertzaleen izena izatetik armada osoarena izatera pasa zen, Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoak erakusten duen moduan[1]. Bestetik, berrantolaketa sakona burutu zen, bost dibisio eta hemezortzi brigada sortu zirelarik. Dibisio bakoitzak lau brigada zituen bere baitan eta brigada bakoitzak hiru edo lau batailoi zituen bere baitan.
1937ko martxoaren bukaera aldera Eusko Gudarosteak 75.000 borrokalari inguru zituen guztira, horietatik 45.000 frontean zeudelarik. Hala ere Emilio Mola jeneral matxinoa oker zebilen, bere ustez Eusko Gudarostea "25.000 laguneko 40 konpainia" besterik ez zirelakoan bait zegoen[10]. Portaera heroikoa azaldu arren, Eusko Gudarosteak 1937ko udaberrian porrotak baino ez zituen jasan: Frankistak ondo hornituta zeuden bitartean, errepublikarren artilleria astunaren urritasunak eta hegazkin ezak bere nagusigoa oztopatzen zuten. Isolamendu geografikoak oztopoak besterik ez zizkion jarri Valentzian zegoen gobernu errepublikazaleari eta honek ezin zuen Iparraldeko Frontera arma eta muniziorikk bidali, tartean Bizkaiara. Errepublikarrak gutxitan saiatu ziren Euskal Herrira hegazkinak bidaltzen, eta bidali zituztenean hegazkinen aurkako artilleria aurkitu zuten bidean, eta etsaien aire nagusitasuna iristean. Eraso bat egiteko baliabiderik ez zuenez (errekruta eta boluntario ugari izan arren), Eusko Gudarosteak taktika defentsiboa erabili behar izan zuen, eta Bilbo defendatzeko Burdin Hesia eraikitzea erabaki zen.
1937ko apiril eta maiatzean eusko gudarosteek ezin izan zuten matxinoen aurreratzea gelditu.Saibigainen, Intxortetan, Bermeon, Solluben eta Bizkargin, hurrenez hurren, porrotak jasan ondoren, gudariak Bilbo defendatzeko prestatu ziren.
Maiatzaren bukaerarako errekete-tertzio nafarrak Bilboko Burdin Hesitik hurbil zeuden, baina Burdin Hesiaren % 60a eraiki gabe zegoen oraindik. Matxinoak Burdin Hesiaren ahulezia guztien jakitun ziren, Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker planoak lortu bait zituzten[8][11].
Ekainaren hasieran, Errepublikako Gobernuak Bilbora Mariano Gamir Ulibarri bidali zuen, Agirreri aginte gorena uzteko eskatuz. Mariano Gamir euskal militar profesional eta independentea izanik, Agirrek onartu eta 40.000 gudariren agintea eman zion. Ekainaren 11an, matxinoak Bilboko Burdin Hesia setiatzeari lotu zitzaizkion, eta 36 orduren buruan, 500 hildako inguru izanik, gainditzea lortu zuten. Bilbo erortzear zegoelarik, Bilbo defendatzeko gai ez bazen Mariano Gamirrek Ezkerraldeko industria txikitzeko asmoa zuela jakin zuen Agirre lehendakariak. Irunen gertatutakoa oroituz, eta Donostian jeltzaleen, sozialisten eta anarkisten artean izandako istiluen jakitun, Ezkerraldeko industriaren txikizioa eragozteko asmoa adierazi zion Agirre lehendakariak Mariano Gamirri. Ondorioz Ezkerraldeko industriaren txikizioa eragozteko agindua eman zuen Agirre lehendakariak, baita 2.000 preso politiko inguru askatzeko agindua ere. Askatutako preso haiei frankisten lerroetaraino lagundu zieten Eusko Gudarosteko batailoi batzuk. EAJko batailoien eta batailoi asturiarren arteko borrokak ere izan ziren, asturiarrek Deustu erre nahi zutelako[8][12].
Ekainaren 19an nafar brigada matxinoak Bilbo hartu eta eusko gudarosteek mendebalderantz jo zuten, Portugalete eta Enkarterri aldera, beraien kontrolpean zeuden Euskal Herriko azken lurraldeetara. Hilaren bukaerarako matxinoek Bizkaia osoa kontrolaturik zeukaten. Etxetik kanpo, eusko gudarosteen borrokarako grina desagertu zen. Egoera honetan EAJ eta ELAren batailoiak Santoñan Corpo Truppe Volontarie italiarraren aurrean errenditu ziren (Santoñako hitzarmena izenez ezagutzen den errendizioa). Errepublikako Gobernuarekin adostu gabeko hitzarmena izan zen, ez eta oraindik borrokan zeuden beste gudarosteekin ere.
Italiarrekin negoziaturiko hitzarmenak ez zuen Francoren onespenik eta Santoñan errenditutako gudariak preso hartu zituzten. Batailoi komunista, anarkista, sozialista eta ekintzaleek (baita isolaturik zeuden zenbait jeltzaleek ere) berriz, Santandergo fronteetan borroka eusten saiatu ziren. Tamalez, denbora eta garraiobide faltak Santanderren amore ematera behartu zituen. Agirre lehendakariak zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren Aginte Gorenak ez zuen Gudarosteekin kapitulatu eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Eusko Gudarosteko "Isaac Puente", "Larrañaga" eta "Gipuzkoa" batailoiek soilik jarraitu zuten borrokan, Iparraldeko Frontea erori arte eutsi ziotelarik.
1937ko urrian, Iparraldeko Frontea erori ondoren, euskal zutabe batzuk (beste kantabriar eta asturiar zutabe batzuekin batera) mendira joan ziren etsaiaren erretagoardian gerrilla-gerra hasteko asmoz; gainerakoek itsasontziz Frantziara ihes egin eta Kataluniatik muga zeharkatu ondoren berriro borrokan jarraitu zuten. Beste fronte batzuetan euskal miliziek Armada Errepublikarraren barnean bere izaera mantendu bazuten ere, ez zuten Eusko Gudaroste izeneko beste gorputzik osatu.
Antolakuntza
Euzko Gudarostearen oinarria alderdi ezberdinek osatutako batailoiak izan ziren. Batailoi bakoitzak plana nagusi edo buruzagitza bat (komandante bat, intendente bat, teniente bat, eta bi brigadak osaturik), lau konpainia edo gudari sail (konpainia bakoitza 118 gizonez osaturik), ametrailadora konpainia bat (58 gizonez osaturik), dinamitatzaile eta lubakigile sail bat, bitartekari sail bat eta azkenik hamabost lagun zerbitzu laguntzaile modura.
Guda osoan zehar Eusko Gudarosteak 80 batailoi izan zituen bere baitan (tartean hamazazpi ingeniari-zulatzaileen bataloi). Alderdiei dagokienez:
- EAJ: 28 batailoi
- PSOE eta UGT: 13 batailoi
- JSU: 9 batailoi
- EPK: 8 batailoi
- CNT: 7 batailoi
- IR: 7 batailoi
- EAE: 4 batailoi
- ELA: batailoi 3
- Jagi-Jagi - EMB: 2 batailoi
- Unión Republicana: 1 batailoi
- Ofizialak: 8 batailoi
Ideologiei erreparatuz gero, abertzaleek 37 batailoi zituzten; komunistek ,17; sozialistek. 13; errepublikazaleek, 8; eta anarkistek, 7.
Euskadi Buru Batzar jeltzaleak Eusko Gudarostearen kontrol politikoa mantendu zuen, eta Eusko Gudarostearen helburu nagusietariko bat ordena publikoa mantentzea izan zen. Jeltzaleek ez zuten nahi beste leku batzuetan —Bartzelonan, adibidez— izandako iraultza proletarioak Euskal Herrian gertatzerik. Hori zela eta, UGTren zenbait batailoirekin eta miliziano anarkistekin tirabirak izan zituen.
Datuak[13]
- Sailak. Eusko Gudarostea eta Gorputzak.
- Armada erregularraren erregimentuak. 12.
- Soldaduak. 40.000. 18-45 urte arteko gizonezko guztiak deitu zituen Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Itsas Gudarostea
Lurreko indarrez gain, itsasorako Eusko Itsas Gudarostea sortu zuten[14]. Artilleriaz hornituriko bou txiki horiek gogor borrokatu ziren Canarias gurutzaontzi matxinoaren aurka Matxitxakoko itsas batailan.
Datuak[13]
- Bou armatuak: 9 (Bou Araba, Bou Bizkaya, Bou Gipuzkoa, Bou Nabarra, Bou Donostia,
Goizeko Izarra, Iparreko Izarra, Bou Gasteiz eta Bou Iruña). - Mina dragatzaileak: 27.
- Txalupa motordunak: 6.
- Ontzi laguntzaileak: 4.
- Iotak: 2.
- Txalupa lasterrak: 2.
- Marinelak: 1.000.
Hegazkinak
Era berean, lortu zituzten hegazkinekin aire-armada txikia sortu zuen. Polikarpov I-16, Polikarpov I-15, Tupolev SB-2 eta beste hainbat hegazkinez osaturiko eskuadroi hori hain zen txikia eta klase askotakoa, ezen garaikideek artean «Price zirkua» famatuaren deituraz izendatu baitzuten.
Jarduera
Eusko Gudarosteak 1936ko abuztutik 1937ko uztailera arte Iparraldeko frontean Francok zuzendutako tropa matxinoak borrokatu zituen, Legutioko guduan eta Bilbo inguruko guduetan parte hartuz. Hasieran Estatu Nagusi gaituaren eza jasan arren, 1936ko irailean Alberto Montaud komandante izendatu zutenean egoera guztiz aldatu zen. Gainera ez zituen borrokarako logistika eta komunikabide zerbitzu aproposak.
Tropen arteko ideologia-desadostasunak nabariak ziren: ezkertiar ideologia zuten batailoiek (sozialista, komunista eta anarkistak) jeltzale edo ekintzaleak ziren batailoiekin batera borrokatzen zuten. Zatiketa hau hasiera-hasieratik bistakoa zen, ezkertiar batailoiek bere zutoihaletan Espainiako Bigarren Errepublikaren hiru koloreko bandera zeramaten, abertzaleek, berriz, bere zutoihaletan ikurrina izatea eskatu eta lortu zuten.
Gerran egon arren, EAJk eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez Eusko Gudarostearen kontrol politikoa mantendu zuen. Era berean Francisco Llano de la Encomiendak zuzendutako "Iparraldeko Armada"rekiko (teorian Asturias, Kantabria eta Euskal Herrian aginte beliko errepublikazalea batzen zuena) independentzia eta autonomia operatiboa mantentzea lortu zuen. Hau lortzeko 1937ko apirilaren bukaeran Jose Antonio Agirre lehendakariak berak Eusko Gudarostearen Estatu Nagusiaren agintea bere gain hartu zuen, Alberto Montaud jenerala laguntzaile zuelarik. Dena den, gerraren egoerak alde batetik eta Emilio Molaren soldaduek Gipuzkoatik egindako erasoek bestetik, batailoietan oinarritutako antolakuntza bertan behera uztera behartu zuten Eusko Gudarostearen Estatu Nagusia, armada dibisio eta brigadetan antolatuz.
Eusko Gudarostearen batailoi zerrenda
Zenbakia | Izena | Alderdia | Koartela | Komandantea |
---|---|---|---|---|
01 | Meabe nº 1, "Largo Caballero" izenez ere ezaguna | JSU | Solokoetxe | Mario Alonso |
02 | Meabe nº 2, "Stalin" izenez ere ezaguna | JSU | Dr. Areilza | Félix Galarreta |
03 | "MAOC nº 1", Larrañaga izenez ere ezaguna | EPK | Santiago Apostol (Bilbo) | Francisco Rabaneda |
04 | Rosa Luxemburgo, "Arrosa" izenez ere ezaguna | EPK | Uribarriko eskolak (Bilbo) | Jacinto Cárdena |
05 | UHP (Uníos Hermanos Proletarios) | JSU | Elorrio | Carlos Fermin Gondra |
06 | "ANV-EAE nº 1", Olabarri izenaz ere ezaguna | EAE | Begoñako Adoratrizak | Tomas Etxabe |
07 | Azaña (Bizkaia) | IR | Elexabarri (Bilbo) | Emilio Díaz |
08 | Rusia | JSU | Artxandako kasinoa | Manuel Carabias |
09 | "UGT nº 1", Fulgencio Mateos izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Desutuko Unibertsitatea | Eusebio Sánchez de Luna |
10 | Facundo Perezagua | EPK | Atxuriko eskolak | Manuel Egidazu |
11 | "CNT nº 3", Isaac Puente izenaz ere ezaguna | CNT | Bidebieta (Basauri) | Enrique Araujo |
12 | "CNT nº 4", Sacco y Vanzetti izenaz ere ezaguna | CNT | La Casilla (Bilbo) | Juan Rivera |
13 | Itsas Alde | EAJ | Sordomudos (Deustu) | Bittor Erkiaga |
14 | Araba | EAJ | Okendo | Antonio San Martin |
15 | Ibaizabal | EAJ | Durangoko Jesuitak | Iñaki Arana |
16 | Gordexola | EAJ | Sestao | Enrique Iza |
17 | Itxarkundia | EAJ | Gernika | Luis Sansinenea |
18 | Loiola | EAJ | Gernika | Lino Lazkano |
19 | Amaiur | EAJ | Mundaka | Rufino Rezola |
20 | Azaña (Gipuzkoa) | IR | Solokoetxe | Hermógenes Feliner |
21 | "CNT nº 1", Bakunin izenaz ere ezaguna | CNT | La Casilla | Isaac Olmos |
22 | Dragones | JSU | Elorrio | Gerardo Ruiz |
23 | "ANV-EAE nº 2", Eusko Indarra izenaz ere ezaguna | EAE | Larrea (Amorebieta) | Bernabé Orbegozo "Otarbe". Jose Plazer. |
24 | "UGT nº 2", Prieto izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Sagrado Corazón (Bilbo) | Victor Fernández |
25 | "UGT nº 3", González Peña izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Críspulo San Miguel |
26 | Karl Liebenecht | EPK | Basurtoko kaputxinoak | Aniceto Alonso |
27 | Castilla | JSU | Ollerietako eskolak | Ángel Luis Martín |
28 | Martínez Aragón | IR | Barakaldo | Samuel Narbón |
29 | Leandro Carro | EPK | Urduña | Daniel Osma |
30 | "CNT nº 6", Celta izenaz ere ezaguna | CNT | Barakaldoko Salesiarrak | Manuel de la Mata |
31 | Zabalbide | IR | Begoñako eskolak | Juan Castro |
32 | "UGT nº 5", Madrid izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Gregorio Álvarez Rasines |
33 | Lenago il | EMB | Santurtzi eta Artea | Mikel Aierdi |
34 | "UGT nº 4", Karl Marx izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Andrés Suárez |
35 | Amuategi | JSU | Eibar | Cándido Eguren |
36 | "CNT nº 2", Malatesta izenaz ere ezaguna | CNT | La Casilla eta Portugalete | Jesús Eskauriaza |
37 | Otxandiano | EAJ | Cervantes eskola (Bilbo) | Koldo Larrañaga |
38 | Avellaneda | EAJ | Gueñes | Iñaki Castet |
39 | Arana Goiri | EAJ | Briñasko eskola (Bilbo) | Felipe Bediaga |
40 | Mungia | EAJ | Erandio, Deustu eta Atxuri | Gabriel Arana |
41 | Padura | EAJ | Artea | Josu Olabarri |
42 | "UGT nº 6", Pablo Iglesias izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Antonio Losa |
43 | Cultura y Deporte | JSU | Camachoko eskolak | Santiago Calvo |
44 | Salsamendi | EPK | Campo Volantín | Gregorio Calabozo |
45 | Fermín Galán | UR | Artxandako kasinoa | Pedro López |
46 | Octubre | JSU | Balmaseda | Santiago San Román |
47 | "UGT nº 7", Asturias izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Francisco Ramos |
48 | "UGT nº 8", Jean Jaures izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Natalio Bustamante |
49 | Larrazabal | EAJ | Artaza (Leioa) | Eduardo Landarte |
50 | San Andrés | ELA | Bermeo | José de Gorroñogoitia |
51 | "CNT nº 5", Durruti izenaz ere ezaguna | CNT | La Casilla | Roberto Lago |
52 | Capitán Casero | IR | Bilbo | Gonzalo Pereiro |
53 | Saseta | EAJ | Donostia, Gernika eta Asua | Jesús Luis Esnaola |
54 | Malato | EAJ | Bilboko Eskolapioak | José María de Anzola |
55 | Kirikiño | EAJ | Durangoko Jesuiten Erresidentzia | Francisco Gorritxo |
56 | Martiartu | EAJ | Jadoko eskola (Erandio) | Pablo Beldarrain |
57 | Muñatones | EAJ | Gueñes | Tomás Garai |
58 | Lenin | EPK | Kaputxinoak | Ricardo Vivanco |
59 | Rebelión de la Sal | EAJ | Cervantes eskola | José Miguel Sarasola |
60 | "MAOC nº 2", Gipuzkoa izenez ere ezaguna | EPK | Santiago Apostol (Bilbo) | Gonzalo Laredo |
61 | UGT nº 10 | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Eliseo Mencia |
62 | Ariztimuño | EAJ | Larreako komentua | Eduardo Vallejo |
63 | "UGT nº 9", Mexico izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Andrés Laseca |
64 | Disciplinario | Eusko Jaurlaritza | Portugalete | Amos Ruiz |
65 | "CNT nº 7" edo CNT Reserva, Paul Duporto izenez ere ezaguna | CNT | La Casilla | Luciano Mateo |
66 | Zergatik Ez? | EMB | Santurtzi | Eugenio Orbegozo |
67 | "UGT nº 14", Torrijos izenez ere ezaguna | UGT-PSOE | Deustuko Unibertsitatea | Luis Iglesias |
68 | ANV-EAE nº 3 | EAE | Lutxana | José Zapirain |
69 | Sukarrieta | EAJ | Eskolapioak (Bilbo) | Enrique Rekalde |
70 | Simon Bolibar | EAJ | Deustu eta Portugalete | Fernando Etxegoien |
71 | Aralar | EAJ | Eskolapios (Bilbo) | José Uriarte |
72 | Morteros de Euzkadi | Eusko Jaurlaritza | Barakaldo | Salustiano Ortiz de Pinedo |
73 | Montaña nº 2 | Armada Errepublikar Ofiziala | Zorroza | |
74 | Montaña nº 3 | Armada Errepublikar Ofiziala | Basurto | |
75 | Artillería Ligera nº 3 | Armada Errepublikar Ofiziala | Basurto | |
76 | Grupo Antiaéreo | Armada Errepublikar Ofiziala | Basauri | Anitua |
77 | MAI Irrintzi | EAJ | Briñas | Gabino de Artolozaga |
78 | Enlaces y Transmisiones | Armada Errepublikar Ofiziala | Bilbo | Salustiano O. De Pinedo |
79 | Alkartzeak | EAJ | Bilbo | Gabino Artolozaga |
Zenbakia | Izena | Alderdia | Koartela | Komandantea |
---|---|---|---|---|
01 | Manuel Andrés | CNT | Olabeagako eskolak | José Portu |
02 | PNV | EAJ | Felipe Sarasketa | |
03 | García Hernández | IR | Manuel García | |
04 | UGT-PSOE | UGT-PSOE | Felipe Puerta | |
05 | San Andres | ELA | Zalla, La Herrera, Balmaseda | José Antonio Elorriaga |
06 | UGT-PSOE | UGT-PSOE | Nicolás Caro | |
07 | Gogorki | EAJ | Deustuko Salesiarrak | Nicolás Sautua |
08 | Askatasuna | EAE | Galdakaoko eskolak, Etxebarri | Isidro Olaizola |
09 | IR | IR | Juan Fernández | |
10 | PNV | EAJ | Derioko udaletxea | Juan Moya |
11 | STV | ELA | Llodio | Máximo Presilla |
Ereserkia
Eusko Gudarostearen ereserkia Eusko gudariak abestia izan zen. «Atzo Bilbon nengoen» abesti tradizional arabarraren doinuan oinarritua, hitzak 1932an Jose Maria Garatek jeltzaleak idatzi zituen. Gerran, Alejandro Lizaso kapitainak letra aldatu zion azkeneko estrofari kutsu borrokalariagoa emateko[15].
Lehenengo estrofak honela dio:
« |
Eusko Gudariak gara Eusko Gudariak gara Irrintzi bat entzunda Faxistak datoz eta |
» |
Bigarren Mundu Gerran
1944an Frantziako Gironde eskualdean Gernika Batailoia Pointe de Graveko guduan alemaniarren aurka borrokatu zen.
Erreferentziak
- «Guda Zaingoa» Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa (Bilbao: Bizkaiko Aldundiaren Argitaletxea) 202: 1575-1576..
- Vargas Alonso, Francisco. (2001). «El Partido Nacionalista Vasco en Guerra: Euzko Gudarostea (1936-1937)» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía (Eusko Ikaskuntza) 31: 306-307. ISSN 1136-6834..
- Vargas Alonso, Francisco Manuel. (2002). Crónica de la Guerra Civil de 1936-1937 en la Euzkadi peninsular nº1. Sendoa, 265-266 or. ISBN 84-95378-51-5..
- Beldarrain Olalde, Pablo. (1980). Los asaltos al monte Intxorta. Bidasoa, 25-29 or. ISBN 84-853228-07-8..
- Vargas Alonso, Francisco Manuel. (1996). «"Anarquismo y Milicias de la CNT en Euskadi".» Vasconia. Cuadernos de historia-geografía (Donostia: Eusko Ikaskuntza) 24: 272. ISSN 1136-6834..
- Bru, Alberto; Pedrosa, Jordi; Prada, Txema. Formación del Gobierno y del Euzko Gudarostea (Ejército Vasco). .
- www.sabinetxea.org. Sabin Etxea. Ezpata-hotsa. .
- Thomas, Hugh. (2003). The Spanish Civil War. Londres: Penguin ISBN 0-14-101161-0..
- Pérez, Carlos A.. (2001). Aproximación a la génesis y formación del «Ejército de Euzkadi», julio de 1936 - mayo de 1937. .
- Montero García, Manuel. (1980). Historia de Vizcaya. .
- de la Granja Sáinz, Jose Luis. (1998). «Entre el pacto de San Sebastián y el de Santoña (1930-1937)» Historia 16.
- Armada osatzerako joan beharra. Goierrikoekialdea.hitza.info
- «II. Errepublikako Eusko Jaurlaritzako Oroagindua. Itsasontziak errekisatu ditzan, Arrantza Zuzendari nagusiari eskubidea emanez» EHAA.
- Eusko gudariak-Soldados Vascos. .