Eusko-kantauriar arroa
Eusko-kantauriar arroa Nafarroako iparraldeak, Euskal Autonomia Erkidegoak, Burgosko eta Palentzia probintzietako iparraldeek eta Kantabriaren zati handi batek osatzen duen arro geologikoa da. Ikuspegi geologikotik, Pirinioetako toles eta zamalkadura gerrikoaren parte da. Toles eta zamalkadura gerriko hori honela banatzen da, mendebaldean Kantauriar mendikatea, bi sektoretan banatuta, Asturiar mendigunea eta Eusko-kantauriar arroa. Iruñeko failak ekialdeko eskualdetik banatzen du, non Pirinioak hasten diren.
Eusko-kantauriar arroaren ezaugarririk adierazgarriena Mesozoikoko materialen lodiera handia da, bereziki Kretazeoarena, lodiera maximoa 12 km eta 18 km bitartekoa izanik. Permiarreko materialak ere ageri dira, arroaren ekialdeko eta mendebaldeko muturretan hain zuzen ere. Zenozoikoko materialei dagokienez, arruntak dira eta nagusiki bi sinklinorioren nukleoan eta Gipuzkoako monoklinalean azaleratzen dira.
Eusko-kantauriar arroa eboluzionatzen joan da eta eboluzio hau ulertzeko bi egoera tektoniko bereizten dira: estentsioa eta konpresioa.
Eusko-kantauriar arroaren eboluzio geologikoa
Arro sedimentarioak Lurraren gainazaleko eskualde zabalak dira eta subsidentzia handi bat izateagatik bereizten dira, akomodazio espazio horretan aldi berean metatzen dira formazio sedimentario lodi eta zabalak eta tartekatuta material igneoak. Subsidentzia plaka tektonikarekin erlazionatutako prozesu tektoniko eta termikoen ondorioa da. Horrela plaken hausturaren hasierako etapan litosferaren luzapena eta distensio-hausturak gertatzen dira blokeen hondoratzea eta fosa handien sorrera eraginez. Geroago ozeano berria sortzen denean kontinente ertzeko litosfera hozten da gune berotik urrundu ahala hozte horren ondorioz bolumena txikitzen da eta kontinente ertzaren hondoratzea gertatzen da. Gainkarga sedimentarioaren eraginez areagotzen da subsidentzia. Arro sedimentarioak sailkatzeko irizpide hauek erabiltzen dira: elkartzen direneko plaken muga mota, arroaren eta plakaren muga arteko hurbiltasuna eta garatzen direneko lurrazal mota.
Eusko-kantauriar arroaren eboluzioak oso iraupen luzea du. Goi Permiarrean hasi zen eta Miozenoan bukatu zen. Duela 250Mu inguru horietan aldaketa tektoniko nabarmenak egon ziren bai plaken arteko muga aktiboarekiko distantzian eta bai azpiko lurrazalaren izaeran.
Eusko-kantauriar arroaren eboluzio geologikoaren funtsezko ezaugarria pultsu tektonikoetan oinarritzen dira hauek aldaketak eragin baitituzte sedimentazio baldintzetan eta tektonikan.
Eusko-kantauriar arroko azpibanaketa
Eusko-kantauriar arroan, hiru gune nagusi dira gehien nabarmentzen direnak, Euskal Arkua; Nafarkantauriar ildoa; Ipar Gaztelako plataforma. Azken bi hauek, iberiar ertzaren barne sartzen dira.
Hiru azpiguneek ez dute eboluzio berdina jasan denbora geologikoan zehar.
Euskal arkua
Rift berantiarraren etapan sortu zen, arroa hondoratu zenean. Euskal arkua deitzen zaio, bere barnean dituen egiturek hartzen duten geometriagatik.
Euskal arkuak, Nerbioi ibaia eta Paleozoikoko euskal mazizoen arteko eremua hartzen du, Iberiar plakaren eta Europar plakaren arteko mugan kokatuta dago eta Eusko-kantauriar arroko konplexutasun estruktural handiagoko eremua da, bertan, hainbat indarrek eragina izan zutelako denbora geologikoan zehar.
Euskal arkuaren ezaugarri berezienetariko bat, arku geometria ahurra eratzen duela Kantauriar itsasorantz eta bere baitan lau egitura kartografiko bereiz daitezke: Bilboko antiklinorioa, Bizkaiko sinklinorioa, Bizkaiko iparraldeko antiklinala eta Gipuzkoako monoklinala.
Euskal arkua, inbertsio tektoniko positiboaren adibide paregabea da, Kretazeo berantiarrean hain zuzen ere,Eurasiako plakarekiko Iberiar plakaren akomodazioa , arro txiki batzuen eraketa sortu zuen, geroago inbertsio tektoniko lokalagoa eman zen, diapirismoarekin erlazionaturikoa.
Iberiar ertza
Kretazeo berantiarraren hasieran, ertz pasiboaren etapa hasi zen, zeinetan subsidentzia termikoa eta horren ondorioz sortutako sedimentazioa izan ziren gertaera nagusienetarikoak. Geroago, Bizkaiko Golkoan, rifting prozesuak ematen hasi ziren eta ondorioz kontinente ertzak urrundu egin ziren inguru magmatikotik, ondorioz hozte progresiboa eman eta dentsitatea handitu egin ziren, arroken hondoratzea emanez, modu horretan itsasoa zena, ozeanoa sortzeko joera hartu zuen, baina Eusko-kantauriar arroan nahiz eta urpeko bulkanismoa eman, ez zen litosfera ozeanikorik sortu eta itsasoak ez zuen ozeano maila hartu. Ondorioz Eusko-kantauriar arroaren erdialdean, sistema pelagikoak eta turbiditikoak sortu ziren.
Ertz pasiboaren etapa honetan, hiru gune paleogeografiko sortu ziren:
- Landetako mendigunea
- Flysch ildoa
- Iberiar ertza, non bereizten diren, Ipar Gaztelako plataforma eta Nafarkantauriar ildoa.
Iberiar ertza, arroko unitaterik zabalena zen garai hartan.
Nafar-kantauriar ildoa.
Nafarkantauriar ildoa bi faila sistemez mugatuta dago, Bilbo-Altsasuko sistema ekialdetik eta aurre-zamalkadura sistema bat Ebroko arroaren gainetik. Pirinioetako orogenia eman zenean, Nafarkantauriar ildoa, goratua eta garraiatua izan zen Ebroko arroaren eta Gaztelako plataformaren gainera, ondorioz higadura partziala jasanez.
Ipar Gaztelako plataforma.
Ipar Gaztelako plataforma, hego ekialderantz luzatzen zen eta zamalkadura batek mugatzen du. Ipar Gaztelako plataforman dauden segidak oso tolestuak agertzen dira, eta Jurasikoari eta Kretazeoari dagozkien segidak oso meheak dira, higadura asko jasan zutelako.
Estentsioa
Triasikoko rift etapa
Buntsandsteineko ibaiko faziesa diskordantzia angeluarrean kokatzen da arroaren basamentuaren gainean. Material hauen metaketa, baldintza klimatiko nahiko lehorretan gertatu zen eta horregatik kolore nahiko gorria hartzen du.
Muschelkalk faziesa tartean dagoen unitatea da, sakonera txikiko karbonatozko arrapaleko materialez osatuta. Muschelkalkeko itsasoa sakonera txikikoa zen, eta haren ipar-mendebaldeko muturra, Eusko-Kantauriar arroari zegokion, nahiz ez zuen osorik estaltzen. Arroko mendebaldean Muschelkalk ez da agertzen, eta gaur egun Euskal Herria dagoen eremua hartzen du soilik.
Geroago, Tethis itsasoaren ekialderanzko erregresioaren ondoren, Keuper fazieseko materialak eratu ziren. Fase honetako azaleramenduak aurki daitezke mendebaldeko eta ekialdeko muturretan. Gaineko unitatea da eta arroka igneo ofitikoen intrusioak dituzten lutita eta ebaporita metakinez dago osatuta.
Rift arteko etapa
Triasikoaren bukaeran hasi zen eta Erdi Jurasikora arte iraun zuen. Garai horretan arroa sakonera txikiko itsaso baten parte zen, iparraldeko itsaso Borealaren eta hego-ekialdeko Tethis itsasoaren artean kokatuta, amoniteen asoziazioak adierazten duten bezala. Ur gaineko eremuek mugatuta zeuden, hala nola, Iberiar mendigunea eta Armorikar mendigunea. Baldintza hauetan sedimentatzen den karbonatozko unitatea oso gutxi aldatzen da subsidentzia apalagoa izatera pasatzen delako. Hondorapen apal hori subsidentzia termikoaren ondoriozkoa izan daiteke.
Horregatik, etapa sedimentario horri «Jurasiko itsastar» deritzo. Aldi horretan, itsas transgresio eta erregresioaren zenbait ziklo gertatu ziren, itsasoaren sakoneran eta metatutako materialetan (karbonato eta tupak) eragina izan zituztenak. Beraz, Jurasikoan tektonika lasaieko testuinguruan sedimentazioa gertatu zela esan daiteke.
Azaleramendu nagusiak arroaren mendebaldean daude.
Garai honetan bi unitate litoestratigrafiko bereizten dira, ezaugarri litologikoak, metatutako ingurunea eta adinaren arabera:
- Sakonera handiko karbonatozko arrapala: Triasiko bukaera eta behe Jurasikoaren artekoa da eta 100km baino zabalagoa izatera iristen da.
- Arrapala hemipelagikoa: Behe Jurasiko eta Erdi Jurasikoaren artekoa da. Itsasoko lohi karbonatatu biogenikoak eta jatorri kontinentaleko material buztintsuen txandakapena nagusitzen da. Fosilei dagokionez ammoniteak, belemniteak eta brakiopodoak barneratzen dituzte.
Bi unitate hauen muga transgresio-azalera batek markatzen du, itsas mailaren aldaketa bortitz batek eragindakoa. Bi unitate hauen arteko kontaktua faziesen bat-bateko aldaketan islatzen da: sakonera txikiko fazies karedunak izatetik, ammonitedun kareharri edo tupa hemipelagikoak izatera pasatzen dira.
Erdi Jurasikotik aurrera etapa bukatzen da.
Iberiar eta Europar plaken arteko bereizketa
Etapa hau Goi Jurasikoa eta Behe Kretazeoa garaien artean gertatzen da, ozeano Atlantikoaren irekieraren ondorioz. Europar, Afrikar eta Iparramerrikar plaken bereizketak kontrolatu zuten Eusko-kantauriar arroaren eboluzioa. Egoera horretan, Iberiar plaka erloju orratzen norabidearen aurka biratu zen Eurasiarekiko independenteki, ondorioz Europa eta Iberia bereizten hasi ziren eta Bizkaiko Golkoa irekitzen hasi, kontinente lurrazalaren apurketa prozesu batean, lurrazal hori hipermehetuz.
Biraketa prozesua izan zen nagusi, bitartean, arroan estentsio esfortzuak eragiten zuten. Rift etapa arroaren gorakada batekin hasi zen, astenosferaren bultzadak eraginda. Gorakadaren eta higaduraren ostean , estentsio aldi luzea hasi zen arroan, non faila listrikoak eta okerdura handiko faila normalak nagusitu ziren, ondoriozko egiturak sortaraziz.
Rift etapa honen amaiera nahiko progresiboa izan zen. Bizkaiko golkoko riftaren etapa honela bereiztu daiteke: rift goiztiarraren etapa, tarteko riftaren etapa eta rift berantiarraren eta rift osteko trantsizio etapa.
Rift goiztiarraren etapa (Goi Tithoniarra-Barremiarra)
Failak berraktibatzen dira etapa honetan. Faila horiek sakonuneak edo grabenak eratu zituzten, hasiera isolatuak baina geroago hedatu ziren.
Arroaren mendebaldean eta erdialdean, metakin kontinentalak eta trantsiziozkoak pilatu ziren nagusiki. Arroko ekialdean etapa honetako materialak diskordantzian daude karstifikazio-azalera baten gainean.
Tarteko riftaren etapa ( Aptiarra-Behe Albiarra)
Tektonismoaren moteltzea eta subsidentzia progresiboa etapa honen bereizgarri dira, hauek itsas mailaren gorakada globalarekin batera arroaren transgresioa eragin zuten.
Fazies Urgondarra etapa honetan garatu zen, honetan sakonera txikiko itsas karbonato biogenikoak nagusitzen dira. Eusko-kantauriar arroaren eta Tethiseko ur epelen arteko lotura arrezife zabalen garapena sustatu zuen. Iparralde eta ekialdeko ertzetan sakonera txikiko plataforma lohitsu eta trantsizioko ingurune bilakatzen dira, bertan garatzen dira lehen ostreido eta errudistak. Baldintza horiek azkar aldatu ziren transgresioaren ondorioz, eta honek sakonera txikiko karbonatozko sedimentazioa arroko eremu zabaletara hedatzea eragin zuen. Aptiarrean, sakonera txikiko malda leuneko arrapalak garatu ziren, alboetarantz sakonera handiagoetara pasatzen zirenak eta bertan tupak eta kareharri tupatsuak metatu ziren.
Goi Aptiarrean arroko eremu sakonetan (Euskal ildoa) tupak metatu ziren batez ere, turbidita siliziklastikoak ere, baina neurri txikiago batean. Hego-mendebladean eta ipar-ekialdeako ertzetan, ordea, sakonera txikiko itsas sedimentazioa eman zen. Hegoaldean, berriz, Iberiar ertzaren kanpoaldeko inguruetan, metakin detritikozko lautada garatu zen.
Kareharri Urgondarrrak asko azaleratzen dira arroan, mendilerro altuenen eta garrantzitsuenen topografia eratuz. Adierazgarriak dira Kantabrian, La Cavada, Gorbeia (Itxina) etab.
Rift berantiarraren etapa (Erdi Albiarra - Goi Albiarra - Behe Cenomiarra)
Flysch etapa izenez ere ezagutzen da, orduan gertatu baitzen Flysch Beltzaren pilaketa. Flysch horretako bereizgarria kolore iluneko lutitak eta hareharrien txandaketa da. Material hauek sakonera handiko sedimentazio itsastarreko lehen agerpena dira, uhertasun korronteek eta beste grabitazio prozesuek eratu zituztenak. Etapa honen hasiera eta garapena rifting prozesuko pultsokako berraktibazioaren ondorioz gertatu zen. Pultsu tektoniko horiek, subsidentzia bat eragin zuten failek mugatutako bloke hondoratuetan eta flysch motako faziesen garapena eragin zuten.
Garai honetan, Eusko-kantauriar paelogeografiari dagokionez, Iberiar ertza arroaren hegoaldean kokatzen zen eta arroaren iparraldean Europar ertza. Bi ertzen artean, subsidentzia handiko itsas ildo sakona zegoen. Bertan metatu zen turbidita segida lodi bat: Flysch Beltza. Ildo hori Iberiar plakaren eta Europar plakaren arteko mugaren arteko mendebaldeko lerroarekin egiten du bat. Arroaren ertzetan asko hedatu ziren unitate estratigrafiko hauek.
Etapa honetan ere Euskal Arku deritzon antolaketa tektonoestratigrafikoa garatu zen. Material hauen geometria bat-bateko aldaketa bortitz bat du bere orientazioan.
Behe eta erdi Albiarrean arroaren hegoaldean, karbonatozko plataforma Urgondarrak puskatu eta hondoratu ziren. Faila horietako bloke garatuetan jarraitu zuen sakonera txikiko karbonatoen garapenak. Bloke batzuen ertzak malda handiko ezponda handiei zegozkien, adibidez Itxina.
Erdi Albiarrean karbonatozko plataforma gehienak urgaineratu ziren karstifikazioa jasanez, ondoren plataformen ertzak hondoratu ziren. Urgaineratutako plataformen sakonunetan tupa, lutita, turbiditak,... pilaketa lodia gertatu zen.
Etapa honen amaieran Iberiako ertzean sedimentu ibaitarrak metatu ziren (Utrillas formazioa). Fazies horiek iparraldean ekaitzek gobernatutako plataforma siliziklastikoa bilakatzen dira. Erdialdean, ordea, Euskal ildoa kokatzen zen , hegoaldean Iberiar ertza eta Landetako mendigune urgaineratuak mugatuta, tartean Bortzirietako mendigunea zegoela.
Kontinente ertz pasiboaren etapa (Cenomaniar hasiera)
Garai honetan subsidentzia termikoa eta ondoriozko sedimentazioa gertatu ziren nagusiki.
Aptiarrean jarraitzen du Bizkaiko Golkoko ozeano lurrazalaren eraketa, ondorioz kontinenteak urrundu ziren magmatismo ingurutik, beraz, hozte progresiboa zela eta kontinentearen litosfera dentsoago bilakatu zen. Prozesu hauen ondorioz Itsasoa ozeanoa bihurtzen hasten da, baina Eusko-kantauriar arroan lurrazal ozeanikorik eratzen ez denez, ez da ozeano izatera pasatzen. Iberiar ertzaren hegoaldean inguruneak itsasbazterrekoak eta sakonera txikiko plataformetakoak ziren. Iparraldean sistema hemipelagikoak, eta erdialdean (gaur egungo Bizkaia eta Gipuzkoa) sistema pelagikoak eta turbiditikoak garatu ziren.
Etape honetan, paleogeografikoki hiru domeinu bereizten dira:
- Landetako mendigunea eta Hegoakitaniar plataforma Iparraldean.
- Flysch ildoa: arroaren erdigunea eremu sakonena, Euskal Arkuarekin bat dator. Bertan daude Iberiar eta Europako plaken arteko muga eta Euskal Herriko mendiguneak. Ildo honetan sortu zen magmatismo ugariena. Bolkanismoa itsaspean eragin zuen, batez ere efusiboki.
- Iberiar ertza: bertan bereizten dira Ipar Gaztelako plataforma eta Nafarkantauriar ildoa. 100-250km zabala da. Ipar Gaztelako plataforma sakonera txikiago bat zuen eta 50-220km zabal zen, malda txikiko arrapalez osatuta. Nafarkantauriar ildoa ipar-ekialdean malda eta subsidentzia handiagoa zuen eta 40-50 km-ko zabalera. Bertan segida lodia eta sakona metatu zen.
Konpresioa
Konpresioa eman zen bitartean izaera ezberdineko bi deformazio fase suertatu ziren. Lehendabizikoa, iparralderanzko bergentzia duten egiturak sortu ziren iparraldean eta bigarrenean hegoalderanzko bergentziakoak arroaren hegoaldeko mugan. Gaur egun, egitura hauen sorrera azaltzen duen ereduak Europako plaka Iberiako plakan sartu zela erakusten du.
Konpresioak aurreko eskema geologikoa eta ingurune sedimentarioa guztiz aldatu zuen. Ozeano Indikoaren irekierak Afrikako plaka iparralderantz desplazatu zuen Santoniar-Campaniarrean (75-85Mu). Hala ere, sedimentazioak jarraituko du arroan, kolisioa hasieran ekialdean eman zelako. Erliebe berriak higadura jasan zuen metakin kopurua handituz.
Bi plaken arteko konbergentzia eman zen alpetar katea eratuz eta Pirineoak sortuz. Pirinioetako mendikateak forma simetrikoa du E-W norabidean. Erdialdean, eremu axialean hertziniar basamentua azaltzen da, eta N eta S-rantz ,berriz, estalki Meso-Zenozoikoa. Ipar zonaldeko estalki sedimentarioa Akitaniako arroaren gainetik zamalkatzen da, eta Hegoaldeko zona Ebroren eta Dueroren arro Zenozoikoen gainetik. Ekialdeko eta erdialdeko Pirinioko zonaldean Iberiar-Eurasiar plaken muga, Ipar Pirinioko faila, aurkitzen da.
Iruñeko faila NE-SW orientazioko transferentzia faila da, eta bi zona bereizten ditu: ekialdean Pirinioak eta mendebaldean Eusko-kantauriar arroa. Nahiz eta bi alde hauek estratrigrafikoki ezberdinak diruditen alde bateko eta besteko egiturek jarraipena dute. Horregatik, Eusko-kantauriar arroa eta Pirineoak eboluzio bateratua izan dute, eta arroak jasotako konpresioa ulertezina da Pirinioak nola sortu ziren ulertu gabe. Horrela, Eusko-kantauriar arroa Pirinioen %35 parte dela esan daiteke.
Iberia eta Eurasiaren talka
Goi-Kretazeoaren bukaeran, Afrikako plakaren hurbilpenak Eurasiarekiko, Iberiar eta Eurasiar plaken arteko talka zeiharra eragin zuen. Horren ondorioz sortutako egitura kortikala argi ikusten da. Hemen, Iberiar plaka Eurasiaren azpian subduzitu zen eta prozesu honetan plaka honen gaineko partea igotzen hasi zen Ipar eta Hego Pirinioko aurrezamalkadura sortuz.
Eusko-kantauriar arrotik W-rantz, Kantabriako egitura kortikala falka tektoniko bakun hasiberri bati dagokio.
Landako datuek zehaztu dute Hego Pirinioko zamalkadura Iparrrekoa baino gazteagoa dela. Ipar zamalkadurarekin batera N-ranzko bergentziako egiturak sortu ziren, Hego zamalkadurarekin batera S-ranzko bergentziadun egiturak. Hau azaltzeko teoria bat garatu zen, honen arabera, ezpala tektonikoa Iberiar plakan barneratzean, plakaren goi-lurrazala N-rantz Ipar zamalkadura eratu zuen, baina konbergentziak eragindako esfortzua geroago Hegoaldeko zamalkadura eragin zuen. Horrela, esfortzuen berrantolaketa ematen da eta konbergentzia Iparraldeko egituretatik Hegoaldeko egituretara pasatzen da.
Bi fase tektoniko bereizten dira talka fasean: N-ranzko bergentziakoa hasieran eta S-ranzko bergentzia ondoren.
Iparralderanzko bergentzia
N-ranzko bergentzia duten konpresio- egiturek, Iberiar eta Eurasiar plaken arteko talka adierazten dute, Bizkaiko golkoan rifting-aren ondoren. Europar plakaren ezpala Iberian sartzean N-ranko bergentziazko egiturak sortzen ditu, Euskal Arkuko arroka sedimentarioetan eraginez. Iberia-Eurasiar talka Campaniarren datatu daiteke, orain dela 79 Mu inguru.
Fase honetan, estalki sedimentarioaren gutxitzea 61 km-koa da Ipar Pirinioko zona eta Euskal Arkuan.
Hegoranzko bergentzia fasea
Iberia eta Europaren etengabeko konbergentziaren ondorioz, S-ranzko bergentzia duen Toloño mendilerroko zamalkadura garatzen da. Aurrerantzean, Toloño mendilerroko zamalkadurak, zamalkadura nagusi gisa jokatuko du eta konbergentziaren gehiena xurgatuko du.
Esfortzuen aldaketa horren argigarri dira Barrikako labarretan (Bizkaia) eta Leitzako failaren inguruan agertzen diren egiturak.
Bergentzia-aldaketaren beste froga bat da inbertsio progresibo baten bitartez, iparreranzko bergentzia izatetik, egiturak hegoranzko bergentzia izatera igarotzen direla.
Datu kartografikoek adierazten dute hegoalderanzko bergentziako fase hau Priboniarrean hasi eta gutxienez, Miozenoan zehar luzatzen dela.
Ikuspegi tektosedimentarioa
Plaken arteko konbergentzia hasten denetik sedimentazio-baldintzak aldatzen doaz eta Eusko-kantauriar arroaren eboluzioak aurrera jarraitzen du.
Eusko-kantauriar arroaren eboluzioak lehenengo estentsioa jasan zuen eta gero konpresioa eta batetik bestera pasatzean, arroaren inbertsio tektonikoa eman zen. Inbertsio tektoniko honen ondorioz mendikateak eratu eta uraren azpian metatutako materialen ur-gaineratzea eman zen. Etapa-segida hau Santoniar-Campaniarraren amaieratik Miozenora garatu zen eta etapa honetan sortutako arroen arteko igarotzea nahiko progresiboa izan zen, bai denboran, baita espazioan ere.
Kontinente ertz-aktiboaren hasiera esfortzu handien aldaketarekin hasten da eta Santoniarraren amaieratik Eozenoaren hasiera bitartean iraun zuen. Tarte honetako aldaketa sedimentario nagusia higadurapean eman zen, apurka-apurka arroaren ertzetako materialak uraren gainetik kokatzen hasiz. Bertan metatutako metakinak ziren arroa osatzen zutenak.
Horrela sortu zen etapa honetako fazies bereizgarrietako bat, Orioko ildoan metatutako Flysch hareatsua.
Eozenoaren hasieratik aurrera konpresio-prozesua bizkortu egiten da; arroaren barneko zonak gaineratu egiten dira eta horrela, hondar arroaren garapena hasten da. Etapa honetan fazies bereizgarria metatzen da (Flysch-a) arroko inguru sakonenetan oso segida lodia eratuz.
Goi-Eozenoan eta Oligozenoan zehar, sedimentazio itsastarra oso eskasa da, ingurune zehatzetara mugatua, eta arroaren hegoaldeko ertzean izaera guztiz kontinentala du sedimentazioak.
Azkenik, Miozenoan mendi barneko arroak edo sakonune postorogenikoak eratu ziren. Hauek izaera kontinentala eta tamaina txikia dute (aurretik sortutakoen aldean). Orogeno baten barruan garatzen dira haren deformazio-prozesuaren amaieran eta inguruko goraguneetan higatutako materialez elikatzen dira. Arroaren bilakaera tektonoestratigrafikoaren azken etapa osatzen dute.
Hauen garapena pixkanaka gertatu zen, nagusiki Miozenoan, hegoalderanzko bergentzia duen fase tektonikoaren berraktibazioarekin erlazionatuta. Eskokantauriar arroaren hegoaldeko ertzean, mendi barneko bi arro bereizten dira, Villarcayo-ko sakonunea eta Miranda-Trebiñuko sakonunea biak, Villarcayo-Trebiñu sinklinorioan kokatuak
Metatutako material kontinental zaharrenak (zingiratarrak eta alubialak) Miozenokoak dira eta Oligozenoko materialak kontinentalak, diskordantzia angeluarrez osatuta daudenak, Miozenoko materialen azpian.
Bibliografia
- Apraiz, A., Bodego, A., Aranburu, A. and Mendia, M. (2015): Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa I: Estentsioaren eraginpean.
- Apraiz, A., Bodego, A., Aranburu, A. and Mendia, M. (2015): Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa II: Konpresioaren eraginpean.