Euskara arkaikoa

Euskara arkaikoa XV. eta XVI. mendeetako euskarari deritzo, hau da, 1400 eta 1600 arteko euskarari. Europako Errenazimentuaren garai osoa hartzen du.[1]

XVI. mendeko euskararen hedadura. Artean, Arabako eta Nafarroa Garaiko zatirik handienean egiten zen euskaraz, bai eta Bizkai, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herri osoan ere (Bizkaian, Enkarterriko mendebaldean izan ezik).

1997an, Lakarrak[2] euskararen historiarako periodizazio bat proposatu zuen. Horren arabera, Euskara arkaikoaren aurreko garaia Erdi Aroko euskara litzateke, IX-XV. mende artekoa. Ondorengo garaia euskara zaharra da, 1600. urtean hasi eta 1745ean bukatzen dena.

Garaiko euskararen egoera[3]

Geroko egoeraren finkapena

Euskara arkaikoaren garaian Euskal Herriko hizkuntzen banaketa finkatu zen. Euskara ahozko harremanetarako hizkuntza zen, erromantzeak politikan, administrazioan eta justizian erabiltzen ziren bitartean. Beraz, handikiak, boteredunak eta jende ikasia elebidun ziren, eta jende xehea eta ikasigabea euskaldun elebakarrak.

Erakundeak eta irakaskuntza

Erakundeetan euskarak ez zuen lekurik.

Bestalde, garai horretako irakaskuntza erdaraz antolatu zen. Hego Euskal Herrian, XVI. mendeko irakaskuntza-sarean gaztelania eta latina erabiltzen ziren, hala lehen mailako eskoletan Nafarroan, nola Oñati, Iratxe eta Iruñeko unibertsitateetan. Ipar Euskal Herriko Baionako kolegioan latina erabiltzen zen.  

Egoera aldaketa

Garai honetan mundu guztia euskalduna zen eta, oro har, euskaraz egiten zituzten harreman gehienak. Hala ere, idatzizko esparruetarako erromantzeak erabiltzen ziren. Garai honetan, aldiz, egoera onera aldatuz joan zen. Orduko berrikuntza ekonomiko, politiko, erlijioso eta kulturalekin batera, euskararen erabilerari buruzko lekukotasunak ugaldu ziren. Bestalde, hizkuntza arrunten, alegia, jendeak benetan hitz egiten zituen hizkuntzen ospe berriaren eragina euskarara ere iritsi zen. Horren eredu dira, besteak beste, Etxepare eta Lazarragaren poesiak, atsotitz bildumak edota Landucciren hiztegia.

Euskara arkaikoaren corpusa

Leizarragaren lana: Euskara arkaikoaren corpusaren %80a.

Euskara arkaikoan euskara Historian sartu zen, garai horretakoak baitira euskarazko lehen lekukotasun zuzenak, hau da, zuzenean hizkuntzaren nolakoaren berri ematen duten testuak ditugu lehenengoz euskara arkaikoan. Aitzitik, aurreko garaiarekin konparatuta, Erdi Aroko euskaran, zeharkakoak dira lekukotasunak, alegia, beste hizkuntza bateko testuek ematen dute euskararen berri.

Corpusa hizkuntza baten testu-bilduma da. Hiru ezaugarrik definitzen dute euskara arkaikoaren corpusa: asimetria, heterogeneotasuna eta urritasuna[3].

Asimetria

Asimetria bi aldetatik nabarmentzen da: lekukotasunen tamainaren aldetik eta banaketa geografikoaren aldetik.

Lekukotasunen tamainari dagokionez, Leizarragak hartzen du corpusaren %80 inguru, gainerakoak haren aldean txiki-txikiak baitira, Etxepare eta Lazarraga barne.

Banaketa geografikoaren aldetik, Mendebaldeko euskara da hobekien lekukotuta dagoena. Bestetik, erdialdeko eremuan (Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi gehiena) testu laburrak baino ez daude. Etxeparek eta Leizarragak kontua hobetzen dute ekialderago eginda, baina ekialde muturreko egoera ez da ona, Oihenartek, Belak eta Zalgizek bildutako atsotitzek egoera hobetu arren.

Heterogeneotasuna

Oro har, euskararen corpusa oso homogeneoa da. 1900 baino lehenagoko euskal testuen %80-90a erlijio-testuak dira. Hala ere, euskara arkaikoaren egoera bestelakoa da: Leizarraga alde batera utzita, corpus heterogeneo xamarra dugu.

Hitz lauz eta bertsotan idatzitako testuak daude. Genero anitz aurkitzen dira, hala nola itzulpen biblikoak, gutunak, ezkontitzak, otoitzak, irainak, hitz zerrendak… Maila ezberdinak ere badaude, hain zuzen, Leizarragaren maila formalenetik ahozko jarduneko irainetaraino.[4]

Linguae Vasconum Primitiae liburuaren azala (1545)

Urritasuna

Euskararen historian zenbat eta atzerago, orduan eta corpusa urriagoa izango da. Euskara arkaikoan, txikienak ere kontuan izanda, 93 bat lekukotasun baino ez daude; Euskara Zaharrean, ordea, 155 bat lekukotasun[5].

Lanak

Euskara arkaikoko lekukotasun zabalenak ondorengoak dira:

Erreferentziak

  1. Lakarra, Joseba A. & C. Mounole, 2015, "Euskara Arkaikoa". J. Gorrochategui, I. Igartua & J. A. Lakarra (arg.), Euskararen Historia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  2. Lakarra, Joseba A., 1997, "Euskararen historia eta filologia: arazo zahar, bide berri", ASJU 31:2, 447-535
  3. Urgell, 2018, "Euskara Arkaikoa: Ikasteko materialak", UPV/EHU eskuizkribu argitaragabea.
  4. (Gaztelaniaz) Maiora, Fernando. (2011). Reino de Navarra. Euskera: Injurias, coplas, frases. Fernando Maiora Mendia ISBN 978-84-615-2226-2..
  5. Mounole, C. & B. Urgell, 2013, "Testu zaharrak euskalkiz euskalki", Gasteiz: UPV/EHUko eskuizkribua.
  6. cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander. «Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).

Ikus, gainera

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.