Euskara-islandiera pidgina
Euskara-islandiera pidgina (Islandiera-euskara pidgina, halaber) XVII. mendean Islandiako Vestfirðir eskualdean erabilitako pidgin hizkuntza izan zen[1], Islandiara joandako arrantzale eta merkatari euskaldunek sorturikoa bertako biztanleekin.[2][3] Ingelesaren eta frantsesaren eragina zuen, eta Ipar Atlantikoan hainbat herrialdetako arrantzaleek izandako hartu-emanetan oinarritzen zen.
Euskoislandiera | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Islandia |
Hiztunak | 0 |
Eskualdea | Vestfirðir |
Araugilea | Ez |
Hizkuntza sailkapena | |
Euskara? | |
Hizkuntza kodeak | |
Glottolog | icel1248 |
Historia
Bizimodua atera nahian, euskaldunak lehenak izan ziren Bizkaiko golkoan baleak harrapatzen[4]. Jarduera horren idatzizko lehen agiria 670. urtekoa da. Agiri horren arabera, Lapurdiko arrantzaleek 40 poto lumera (balea-olio) saldu zituzten Frantzia iparraldean[5].
Ipar Atlantikoan Euskal Herriko arrantzaleei egindako lehen aipamena, berriz, 1412. urtekoa da. Islandiarrek diote Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera Euskal Herriko hogei baleontzi inguru zebiltzala urte hartan.[5]
Ziurrenik euskaldunek hamarkada batzuk bazeramatzen ordurako ur haietan, balea-ehizan eta merkataritza-jardueretan. Balea-ehizak irabazi handiak ematen zituen, eta sekula agortzen ez zen baliabidea zirudien. XIII. mendean baleak harrapatzeko hainbat portu eraiki ziren, horien artean 1204an Getariakoa edo Lekeitiokoa. Hala ere, 1334. urterako balearen gainbehera hain zen nabaria Bizkaiko golkoan, ezen Alfontso XI.a Gaztelakoak arrantzarako behin-behineko debekua ezarri baitzuen[5], stocka handitzeko asmoz. Horrek arrantzaleak beste itsaso batzuetara bultzatu zituen.
XV. mendean, euskaldunak Kanadan zebiltzan, balea eta bakailao arrantzan. Hara iristeko, Islandiatik eta Groenlandiatik igaro behar zuten. Gutxienez bederatzi arrantza-gune ezarri zituzten horretarako Labradorren eta Ternuan: handienak 900 lagunentzako lekua zuen eta Red Bayn zegoen.
Islandiarren eta Euskal Herriko baleazaleen arteko harremanak ez ziren beti baketsuak izan. Hain zuzen ere, haien arteko liskarrak zirela-eta gertatu zen Islandiako historian izandako sarraskirik latzena, Spánverjavígin ("Espainiarren sarraskia") izenez ezaguna. 1615 eta 1616 artean, hiru baleontzi hondoratu ziren Vestfirðirren edo mendebalderagoko fiordoetan, eta Piarres Agirre, Esteban Telleria eta Martin Villafrancakoaren esanetara zihoazen 50 marinel hil zituzten islandiarrek[6].
Aurkikuntza
1905 aldera, Jón Helgason filologo eta poeta islandiarrak Kopenhageko Unibertsitateko Arnamagnaeana liburutegian bi hiztegi[7] aurkitu zituen, pidgin hauek jasotzen zituztenak: Vocabula Gallica ("Frantsesezko hiztegia") eta Vocabula Biscaïca ("Bizkaierako hiztegia").[1][8] XVII. mendearen bukaerakoak edo XVIII. mendearen hasierakoak dira[9][10]. Lehendabizikoak 16 orrialde ditu eta 517 hitz, eta bigarrenak, 10 orrialde eta 228 hitz. Hau da, 745 hitz guztira.
Eskuizkribuan, eguneroko hitzak ez ezik, balea ehizarekin eta haren ingurumariarekin lotutakoak ere badaude. Nork eginak diren ez dakigu, baina ikertzaileen ustetan, jarduera horretan aritzen ziren idazle bi izan bide ziren, Euskal Herriko arrantzaleak, bertako biztanleekin lotura estua zutenak.[1] Hiztegiak lapurterazko hitzak dakartza gehienbat, baina beste hizkuntza batzuetakoak ere baditu, tartean frantsesezkoak, gaztelaniazkoak eta ingelesezkoak.[9]
Helgason Christianus Cornelius Uhlenbeck-ekin harremanetan jarri zen, Leidengo Unibertsitateko euskal gaietarako adituarekin. 1927an, Nicolaas Gerardus Hendricus Deen hizkuntzalari herbeheretarrak (Uhlenbeck euskalariaren ikaslea) Euskal Herrira bidaiatu zuen Julio de Urquijorekin elkarlanean aritzeko. 1937an, Deenek gai horri buruzko doktore-tesia aurkeztu zuen Leidengo Unibertsitatean[1]. "Glossaria duo vasco-islandica" izenburua zuen, 125 orrialde zituen eta latinez idatzita zegoen[11].
F. Mullerrek zuzendutako tesia 135 orrialdeko liburutxo bat da. Haren onarpen zientifikoa, ordea, Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) eta Bigarren Mundu Gerrak (1939-1945) eklipsatu zuten. Gainera, Nicolaas Gerardus Hendricus Deenen tesia ezagunagoa izango zatekeen latinaren ordez beste hizkuntza moderno batean argitaratu izan balu.
Tesian ikerketa ortografikoa eta fonetikoa egin zituen eta bukaeran, eranskin moduan, hiztegi biak kopiatu zituen. Hitzaurrean, Urquijori eskerrak eman ondoren, Deenek honela dio[12]:
« | Utinam renascatur pulchrius ac fortius Vasconia et bona cum pace iamiam vivat Hispania «Euskal Herria inoiz baino indartsuago eta ederrago itzul dadila bizitzara, eta Espainiak ere izan dezala laster bakean bizitzeko aukera!» |
» |
Deenek lau zutabetan argitaratu zituen hiztegiak: euskara / islandiera / alemana / gaztelania.
Lana ez da Julio de Urquijoren liburutegian aurkitu[13], baina Angel Irigaraik berreskuratu zuen[14] Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegian.
Eskuizkribuak 1986an itzuli zituzten Islandiara, baina horietako bat galdu egin zen.[15][16]
Adibideak
Euskara-islandiera
(Basco-islandais) |
Euskara | Islandais | Français |
---|---|---|---|
Gessurtia | Gezurtia | Sträkur | Menteur |
Satto | Zatoz | Kom pu | Viens |
Nescagastia | Neska gaztea | Ögift kona | Jeune fille |
Ez tacit | Ez dakit | Eg veit echi | Je ne sais pas |
Suas camporat | Zoaz kanpora | Fardu frä mier | Va-t'en |
Gekiseite | Jaiki zaitez | Fardu ä faetur | Debout |
Basco-islandais | Basque | Espagnol | Français |
---|---|---|---|
sua | sua | fuego | le feu |
harria | harria | piedra | pierre |
eskora | aizkora | acha | hache |
kanavita | ganibeta | cuchillo | couteau |
schularua | eskularrua | guante | gant |
unat | hunat! | ven aqui! | venez ici |
lingva | mihi | lengua | langue |
trucka | trukatu | trocar | troquer |
Pidgin-esaldiak
Vocabula Biscaica eskuizkribuak pidgin elementu bat duten esaldi hauek ditu:
Euskal glosarioa | Euskara modernoa</ref> | Islandierazko glosarioa | Islandierazko ortografia estandarra | Ingelesera itzulita | Hitzaren zenbakia |
---|---|---|---|---|---|
Presenta for mi | Emadazu | Giefdu mier | Gefðu mér | Give me | 193 & 225 |
Bocata for mi attora | Garbi iezadazu atorra | Þvodu fyrer mig skyrtu | Þvoðu fyrir mig skyrtu | Wash a shirt for me | 196 |
Fenicha for ju | Izorra hadi! | Liggia þig | Liggja þig | Fuck you! | 209 |
Presenta for mi locaria | Emaizkidazu lokarriak | Giefdu mier socka bond | Gefðu mér sokkabönd | Give me garters | 216 |
Ser ju presenta for mi | Zer emango didazu? | Hvad gefur þu mier | Hvað gefur þú mér? | What do you give me? | 217 |
For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna | Bizkotxoa eta sagardoa emango dizkizut | Eg skal gefa þier braudkoku og Syrdryck | Ég skal gefa þér brauðköku og súrdrykk | I will give you a biscuit and a sour drink | 218 |
Trucka cammisola | Jertse bat erosi | Kaufftu peisu | Kauptu peysu | Buy a sweater | 219 |
Sumbatt galsardia for | Zenbat galtzerdiagatik? | Fyrer hvad marga socka | Fyrir hvað marga sokka? | For how many socks? | 220 |
Cavinit trucka for mi | Ez dut ezer erosiko | Eckert kaupe eg | Ekkert kaupi ég | I buy nothing | 223 |
Christ Maria presenta for mi Balia, for mi, presenta for ju bustana | Kristok eta Mariak balea ematen badidate, buztana emango dizut | Gefe Christur og Maria mier hval, skal jeg gefa þier spordenn | Gefi Kristur og María mér hval, skal ég gefa þér sporðinn | If Christ and Mary give me a whale, I will give you the tail | 224 |
For ju mala gissuna | Gizon gaiztoa zara | Þu ert vondur madur | Þú ert vondur maður | You are an evil man | 226 |
Presenta for mi berrua usnia eta berria bura | Emadazu esne beroa eta gurin berria | Gefdu mier heita miölk og nyt smior | Gefðu mér heita mjólk og nýtt smjör | Give me hot milk and new butter | 227 |
Ser travala for ju | Zer lan egiten duzu? | Hvað gjörir þú? | What do you do? | 228 |
Hitz horietako gehienak euskal jatorrikoak dira:
- biskusa, lapurterazko hitza. 'Bizkoxa' hitz mailegatua da (fratsesez biscuit). Gaur egunean, etxeko bixkotxa (gâteau basque).
- bocata, Iparraldeko euskalkietan 'lixiba'. 'Lixiba egitea': arropa garbitzea.
- bustana, buztana
- eta
- galsardia, galtzerdia
- gissuna, gizona
- lokaria, lokarria
- zer?
- travala, euskara zaharrean 'trabaillatu', frantsesarekin eta espainierarekin lotua. 'Lan egin'
- usnia, esnea
- bura, gurina. Lapurdin 'burra', hitz mailegatua Beurre frantsesez, burro italieraz eta burro okzitanieraz
Hitz batzuk germaniar jatorrikoak dira:
- for mi, ingelesezko 'for me' edo alemanezko 'för mi'.
- for ju, ingelesezko 'for you' edo alemanezko 'för ju'
Eta beste batzuk hizkuntza erromanikoetatik datoz:
- cammisola, atorra, espainierazko camisola
- fenicha, larrutan egin, espainierazko fornicar
- mala, gaiztoa, frantsesez edo espainieraz malo
- trucka, trukatu, espainieraz trocar, to exchange
Pidgineko substantibo eta adjektibo guztiak euskal -a artikuluarekin markatuta daude, baita atzizkia euskaraz antigramatikala denean ere. Substantibo eta adjektiboen ordena ere alderantzikatu egiten da. Adibidez, "esne beroa" > berrua usnia.
Erreferentziak
- Knörr, Henrike (2007). "Basque Fishermen in Iceland Bilingual vocabularies in the 17th and 18th centuries"
- Deen, Nicolaas Gerard Hendrik (1937). "Glossaria duo vasco-islandica"
- Bakker, Peter (1991). Basque Pidgins in Iceland and Canada, Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Chasse à la baleine: le spectre de Moby Dick hante l'humanité
- Mark Kurlansky (1999). "The Basque History of the World", ISBN 0-8027-1349-1
- Snjafjallasetur Heritage Centre: Slaying of Spaniards in the West fjords in 1615
- Euskara-islandieraren hiztegiaren irudia
- Auñamendi Entziklopedia: Islandés
- Argia Astekaria: Henrike Knörr: XVII. mende hasierako euskara Islandian
- Muñagorri Garmendia, Lander. (2016-10-20). «Euskaratik sortutako hizkerak» Berria.
- Deen, Nicolaas Gerardus Hendricus (1937) "Glossaria duo Vasco-Islandica"
- languagehat.com: September 2007 Archives
- (Frantsesez) Vinson, J.. «La phonétique basque et le néo-latin: à Monsieur J. de Urquijo» www.semanticscholar.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- (Gaztelaniaz) «El Dr. Ángel Irigaray gran traductor de Schuchardt» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- (Islandieraz) «Basknesk-íslensk orðasöfn (Hiztegien eta eskuizkribuen irudiak bertsio digatalean,» Árnastofnun (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
- (Islandieraz) «AM 987 4to | Handrit.is» handrit.is (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Eskuizkribua: Vocabula Gallica (frantsesezko hitzak) – 16 orrialdeko hiztegitxoa, XVII. mendeko bukaeran idatzita. Jón Ólafsson-en "AM 987 4to" eskuizkribu osoaren zati bat da.
- Eskuizkribua: Vocabula_Biscaica (euskarazko hitzak) – 10 orrialdeko hiztegitxoa, XVIII. mendean idatzita. Jón Ólafsson-en "AM 987 4to" eskuizkribu osoaren zati bat da..
- Harvardeko eskuizbribua– 2 orrialde bakarrik, 145 orrialde dituen "MS Icelandic 3" eskuizkribuaren zati bat.