Euskaltzaleak

Euskaltzaleak euskara eta euskal kultura folklore hutsetik atera eta lantzeko eta aberasteko helburuz sortu zen elkarte bat izan zen.[1]. Zumaian 1930eko martxoaren 9an egindako batzar batean eratu zen, baina lehenagotik hasia zen euskal jaiak antolatzen; lehena, 1926ko urriaren 17an, Elgoibarko San Lorentzo auzoan, herriko biztanle batzuen bultzadarekin, Ángel de Osoro izanik antolaketaren arduraduna; egitaraua nahiko apala izan zuen lehen euskal jai hark: baselizan meza, umeekin egindako irakurketa eta idazketa ariketa batzuk, ezpatadantza, eta bertsolari-saio bat izan ziren jai hartako ekitaldiak. Ondoko urtean, Osorok berak beste jai bat antolatu zuen Mutrikun. Bi jai haiekin, nolabaiteko mugimendu euskaltzale bat sortu zen, nahiko ahula artean ere.

Gregorio Mujika, Pernando Amezketarra lanari esker Hegoaldeko kontagintzan nabarmendu zen idazleetako bat.
Gregorio Mujika, Pernando Amezketarra lanari esker Hegoaldeko ipuingintzan nabarmendu zen idazleetako bat.

Mugimendua 1927ko urte hartan bertan hasi zen indarra hartzen, batez ere irailaren 4an Arrasaten antolatu zuen Euskararen Egunaren ondorioz; egun hark oihartzun handia lortu zuen, besteak beste Argia, Jaungoikozale, Jesusen Biotzaren Deya, Zeruko Argia eta Txistu aldizkari eta astekarien ordezkari batzuek hartu zutelako parte. Elkartearen oinarriak landu ziren bilera hartan, eta 500 lagunetik gora biltzea lortu izan zuten bazkari batean.

Elkarte-egitura, berez, Zumaian 1930ean egindako batzarrean hartu zuen, eta laster lortu zuen 2.000 bazkide inguru izatera. Aitzol aukeratu zuten elkarteko zuzendari izateko. Handik aurrera, urtero Euskararen Eguna antolatzen joan ziren, lehendabizikoa Zumarragan. Bertan euskararen idazketa eta literatura tailerrak antolatu ziren eta “Kikiriño” literatura saria sortu zuten.

Euskal kulturaren geroz eta arlo gehiago hartzen joan ziren: olerkiak, antzerkiak, eleberria, euskal irakaskuntza, bertsolaritza, etab.

Sorrerako giroa eta ekintzak

1927ko irailaren 4an lehenbiziko «Euskeraren Eguna» ospatu zen Arrasaten. Aurreko urteetan Primo de Riveraren gobernuaren lasaitzea aprobetxatuz, Elgoibarren eta Mutrikun egin ziren «euskal jaien» mamitzea baino ez zen euskarari eta euskal ohitura eta kulturari eskainitako egun hori.

Euskaltzaindia eta Nafarroako Euskeraren Adiskideak erakundeez gainera, euskal aldizkari guztietako ordezkariak bildu ziren bertan.

Euskaren aldeko mugimendu soziala aparrean zetorren. Ondorengo urteetan «Haur euskaldunaren eguna» (1929), «Kirikiño saria» (1929), «Homenaje de la mujer al euskera» (1930) antolatuko ditu Eusko Ikaskuntzaren adar legez agertzen zen Euskaltzaleak bazkunak.

Instituzioen inplikazioa –udal eta diputazioena, batez ere– handia izan zen. Euskaraz argitaratutako liburuek gorakada nabarmena izan zuten. Hego Euskal Herrian, Paulo Zamarriparen Zaparradak (1926) eta Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra (1927) Kirikiñok 1918an hasitako Abarrak esanguratsuak ekindako bideari lotu zitzaizkion. Ekialdean, Jean Barbierren Supazter xokoan (1924) ageri da lan nagusi narratibaren munduan.

Nikolas Ormaetxea, Orixe, Euskaltzaleak elkarteak sustaturiko euskal pizkundeko idazle nagusietakoa.

Itzulpengintzak urte oparoak ezagutu zituen. J. Arregik Heine’ren Olerkiak (1927) argitaratzean, euskal itzulpengintzan berebiziko garrantzia izango duten lanei emango zien bidea: Oscar Wilde’ren Ipuñak (J. Altuna, 1927), Grimm Anayen Berrogetamar ume-ipuin (V.A. Larrekoetxea, 1929), Traducción al vascuence de un capítulo del Quijote (A. Irigarai, 1929), eta, batez ere, itzultzailearengatik ezagun egingo den Tormes’ko Itsu-mutila (N. Ormaetxea, 1929).

Olerkigintzan, Emeterio Arreseren Txindor (1928) eta Luis Jauregi Jautarkol kaputxinoaren Biozkadak (1929) ditu euskal irakurleak irakurgai nagusi 1930era bitarterakoan.

Eta hain zuzen ere, Biozkadak gertatuko da ordura arte ezagutu gabeko –eta euskal literatura sustrai-sustraitik aldaraziko duen– mugimenduaren pizgarri.

1930eko San Tomas egunean, Donostiako Parte Zaharreko ostatu batean izen entzutetsuak bildu ziren mahaiaren inguruan.

Bertan ziren, besteak beste, Nikolas Ormaetxea Orixe eta Jose Maria Agirre Xabier Lizardi olerkariak, Labaien antzerkigilea eta Cabanas-Erauskin eta Olasagasti margolariak. Denen buru, Jose Ariztimuño, Aitzol, idazle eta apaiz tolosarra. Bi erabaki nagusi hartu ziren. Lehena, denen indarrak Euskaltzaleak taldean bilduta, olerkigintza bultzatzea. Eta bigarrena, Biozkadak eta haren egilea aitzakiatzat hartuta, lehen euskal «Olerti-Eguna» antolatzea.

1931ko ekainaren lehena aukeratu zen ospakizunerako, eta herria, omenduarena, Errenteria.

Biozkadaken egilearen omenez beraren jaioterrian egindako saioak jendetza handia biltzea lortu zuen. Elizkizunak, olerki-lehiaketan irabazle suertaturikoen irakurketak, bertsolariak, antzezpenak, mitinak eta hitzaldiak izan ziren. Olerki-lehiaketan Estepan Urkiaga Lauaxeta gertatu zen irabazle, «Maitale kutuna» olerkiari esker. Orixe izan zen bigarren.

Errenteriakoaren ondoren, urtero-urtero eta aldiko herri batean egingo diren Eusko Olerti-Egunek Pizkundean izango duten garrantziaren arrazoia Aitzolek poesiaz zuen ustean zegoen. Nazioa komunitate kulturala delako definiziotik abiatuz, poesia da XIX. mendetik Europan sortzen ari diren estatu berriak eta haien herri-hizkuntzak suspertzeko ardura izan duena. Aitzolek hor zuen Abadia eta haren lore-jokoen esperientzia.

Baina urrunago joan nahi, eta Lehen Mundu Gerraren ostean inperio handietatik sortutako estatu berrietan zuen begia. Flandria, Letonia, Ukraina, Polonia, Tirol, Eslovenia, Irlanda, Finlandia, Serbia, Kroazia… Ordura arte ezagutu gabeko publizitatea egin zuen Aitzolek Donostiako El Día egunkarian euskal irakurleak herri horien berri izan zezan.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.