Euskalkien sorguneei buruzko teoriak
Elena Barrena historialariak eman zuen lehenengoz euskalkien sorguneei buruzko teoria bat, La formación histórica de Guipúzcoa liburuan (1989). Hiru menditan kokatu zituen sorguneak: Gorbeian, Arabaren eta Bizkaiaren artean; Aralarren, Nafarroa Garaiaren eta Gipuzkoaren artean; eta Saioan, Nafarro Garaiaren, Lapurdiren eta Nafarroa Beherearen artean. Geroztik baztertu egin da hipotesi hori, dialektoak jende gehien biltzen den tokietan —hots, hiriguneetan— sortu ohi direlako. Blanca Urgell izan zen hiriak aipatzen lehena, zeharka bada ere, 2006an («Para la historia del sustantivo verbal en vasco» artikulua): Iruñea, Gasteiz eta Bilbo. Koldo Zuazok ere hirietan ikusten du euskalkien sorrera. Bost sorgune aurkeztu ditu:[1] Iruñea, Arabako lautada (Gasteiz), Bizkaiko erdigunea, Ekialdea eta Beterri.
Sorguneak
Iruñea
Euskal Herriko hiri nagusia izan da; apezpikuaren egoitza han zen VI. menderako. Litekeena da handik zabaldu izana antzina Euskal Herri osoan hedatu ziren berrikuntzak. Esate baterako, latinetik hartutako hitz ugariak modu berezian egokitu ziren euskarara, gainerako hizkuntzetan ez bezala. Eta modu berezi hori berbera da euskalki guztietan. Horren lekuko aingeru, bake, borondate, gauza, gela, eliza, errege, lege, luma, kipula / tipula... bezalako hitzak. Euskaraz baizik ez dira esaten horrela; aldiz, euskalki guztietan, berdin.[1]
Beste berrikuntza batzuk, beharbada gerokoak direlako, eremu txikiagoan zabaldu dira: Euskal Herriko erdigunean. Hauexek horren adibide:[1]
- -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -a egitea. Esate baterako, luma + a > luma. Bazterrak geratu dira berrikuntza horretatik kanpora: Zuberoan eta Erronkarin -a + a > -á gertatu da (lümá / lumá), Zaraitzun -ara (lumara) eta mendebalean -ea (lumea).
- Absolutibo motako adizkien pluraleko 2. pertsonen morfema -te izatea: zarete, zineten, zabiltzate, zaudete… Gutxi gorabehera, aurreko berrikuntzaren eremu bera dauka: Zuberoa, Erronkari, Zaraitzu, Sakana eta mendebala esparrutik kanpo geratu dira, alderdi horietan, morfema -(i)e baita: zarie 'zarete', ziñen / ziñien 'zineten'…
- Aditz izenak osatzeko -tzen morfema indartzea: ibiltzen, jartzen. Bazterretan -ten dago: ibilten/ebilten, jarten.
Gasteiz
Agian Arabako lautada mendebaleko euskalkiaren ardatza da. Gainera, XI. mendeaz gero behinik behin, Gasteiz hirigune handia zen; mende horretan antolatu zen apezpikutegia bertan. Alderdi hartan sortutako berrikuntzak eremu zabalean hedatu zirela ematen du: Bizkaira, Gipuzkoako Goierri, Urola eta Deba ibarretara, Nafarroako Burunda, Ameskoa eta Lana eskualdeetara, Burgosko eta Errioxako zenbait eskualdetara. Hauexek dirudite handik zabaldutako joerak:[1]
- -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -ea egitea: luma + a > lumea.
- j bokalerdiak z eta tz busti eta x/tx bihurtzea: haize > axe, haitz > atx.
- Soziatiboko -gaz morfema: lagunagaz 'lagunarekin'.
- Hurbiltze adlatiboko -rutz morfema: barrurutz 'barru aldera'.
- Mugimenduzko aditzen osagarri diren aditz izenak inesiboan (ZERTAN) erabiltzea; ez adlatiboan (ZERTARA): laguna ikusten noa vs laguna ikustera noa.
- -rik morfema erabiltzea etxerik etxe, kalerik kale gisako esapideetan.
- 'edo + izenordain galdetzailea' egiturako izenordainen sail osoa garatzea: edonor 'nornahi', edonon 'nonahi', edonora 'noranahi', edonondik 'nonahitik'…
- -to atzizkia: ederto 'ederki', polito 'poliki'…
- Adberbioetako -la atzizkiari -n gehitzeko joera: nolan, honelan, halan…
- egin erroa nagusitu eta *ezan baztertzea: jan egizu 'jan ezazu'.
- NOR-NORI-NORK saileko eutsi erroa: deust 'dit'.
- NOR-NORI saileko adizkietako j-: jako 'zaio', jatort 'datorkit'.
- -z aditz pluralgilea indartzea: jakuz 'zaizkigu'.
- Gaztelaniatik hartutako aditzetan -ado > -adu > -au eta -ido > -idu egitea: konfiadu 'konfiatu', atrebidu 'atrebitu'.
- Aditz izenak osatzeko zenbait morfema:
- -etan (suplikaetan 'suplikatzen'),
- -ketan (bidalketan 'bidaltzen'),
- -zaiten/-zaen (heltzaiten / heltzaen 'heltzen').
- Kausa eta helburuzko perpausetako -t(z)earren: zu ikustearren etorri da 'zu ikusteagatik etorri da'.
Bizkaiko erdigunea
Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba izan bazen ere, behin XVI-XVII. mendeetarako Bizkaia ez zegoen hara begira; bertan sortzen ziren berrikuntzak. Badirudi Bizkaiko erdialdea izan zela berrikuntzen gunea; Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza. Bilboren handitasuna berandukoa da, XIV. mendeaz gerokoa, eta euskalkia egituratuta zegoen orduko. Hauexek dirudite Bizkaiko berrikuntzarik esanguratsuenak:[1]
- i sudurkariaren ondoren -n- kontsonantea garatzea. Gehienbat *io aditzean eta -(z)io amaieran ikusten da hori. Alde batetik, diño 'dio', diñozu 'diozu' tankerako adizkiak daude eta, bestetik, konfirmaziño 'konfirmazio', konsagraziño 'kontsakrazio' bezalako hitzak.
- -txu atzizki txikigarria: axetxu 'haizetxo'.
- Aditz izenetan -tuten indartzea: aginduten 'agintzen', elduten 'heltzen'.
- Erakuslea izenaren aurrean kokatzea: honek gauzok 'gauza hauek'.
Beste berrikuntza batzuek oraintsuagokoak dirudite, beharbada XIX. mendearen hasieraz gerokoak:[1]
- -au- > -eu- egiteko joera: aurre > eurre, gaur > geur. Bestalde, edukiren adizkietan -e- gertatu da: daukat > dekot, dauka > deko.
- i + z > ix bustidura: izan > ixen, izar > ixer, gizon > gixon, dakizu > dakixu…
- 'Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea' izenordainen sail osoa: nor edo nor (> nonor) 'norbait', nor edo nogaz (> nonogaz) 'norbaitekin', non edo non (> nonon) 'nonbait', nora edo nora (> nonora) 'norabait'…
Ekialdea
Ekialdea oso berrikuntza gune indartsua izan da. Ez dago argi zein ote den sorgunea: baliteke Bearno edo Huesca izatea. Hauexek dira alderdi horretako gertakaririk esanguratsuenak:[1]
- /u + a, e/ > i egitea: eskia 'eskua', diela 'duela'.
- Absolutibo motako adizkietan -ai- > -i- egitea eta absolutibo-ergatibo motakoetan, berriz, -au- > -u-. Alde batetik, niz 'naiz', gitu 'gaitu', gitzake 'gaitzake', eta, bestetik, nuk 'nauk', nuzu 'nauzu'.
- Datibo pluraleko -er morfema: laguner, 'lagunei'.
- Soziatiboko -kila(n): lagunekilan 'lagunekin'.
- Zuketa eta xuketa alokutiboak: mintzatu behar dizit / dixit, 'mintzatu behar dut'.
- -a galdera atzizkia: Jin dea? 'Etorri da?'
Ondorengo hauek eremu txikiagokoak dira. Zuberoan eta haren ondoko eskualdeetan gauzatzen dira:[1]
- -a itsatsia duten hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -á egitea: lüma + a > lümá.
- u - i > u - u > ü - ü eta i - u > u - u > ü - ü asimilazioak erabat egitea: bürdüña 'burdina', ülhün 'ilun'.
- -au- > -ai- egitea: gai 'gau', gaiza 'gauza'.
- Adlatiboan artikulua erabiltzea: mendialat 'mendira'.
- -ñí atzizki txikigarria: amiñí 'apurra'.
Beterri
Iruñea itsasbazterrarekin lotzen zuen bide aldamenetan sortu ziren Gipuzkoako zenbait hirigune: Tolosa, Andoain, Hernani eta Donostia. Badirudi ardatz horretatik zabaldu direla zenbait berrikuntza. Hauexek esanguratsuenak:[1]
- *edunen orainaldiko adizkietako -e- erroa: det 'dut'.
- izanen orainaldiko adizkietako -e- erroa: gera 'gara'.
- joanen adizki bereziak: nijoa 'noa', dijoa 'doa'.
- Absolutibo-ergatibo motako hitanoko adizkietako -zki- pluralgilea: dizkiat / dizkinat, 'ditiat / ditinat'.
Erreferentziak
- Koldo Zuazo. Euskalkien sorguneak. . CC-BY-SA lizentzia