Euskalgintza

Euskalgintza euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduera antolatua da, soziala nahiz instituzionala. Euskalgintza eredu bi aipatu izan dira: alde batetik, berariazko euskalgintza, euskararen eta euskal kulturaren alde, horien egoera larriaz kezkaturik, egindako saioen multzoa; eta bide batezko euskalgintza, horren aldeko asmo konkreturik gabe, euskararen onetan egindako lanak.

Euskalgintzaren adierazpen bat, ospakizuna eta aldarrikapena: Euskararen Eguna, Amurrion, 2016an.

Terminoaren jatorria

Salbatore Mitxelenak 1958eko testu batean euskeragintza erabili zuen, baina hurrengo hamarkadan Rikardo Arregik hitzaren esanahia zabaldu zuen, euskalgintza forma zehatzarekin, lehen aldiz nonbait Anaitasuna aldizkariko 1968ko testu batean (Gu traketsok zuen izenburua)[1].

Definizioak

Mikel Zalbidek "berariazko euskalgintza" deitu zuena honela definitu zuen[1]:

« Soziokulturalki autorregulatzeko eta belaunez belaun transmititzeko indar faltaz euskal etnokultura (hizkuntza barne) gainbehera datorrela ikusirik, erabat galtzeko arriskua uste izanik eta halakorik nahi ez delarik, etnokultura horri bizirik eusteko giza artean deliberatuki egindako saio multzoa.  »
Mikel Zalbide

Beste batzuek, formalki bereiz daitezkeen bi euskalgintza mota aipatu dituzte: gizartearena eta instituzionala. Hau da, erakundeek garatzen duten euskalgintza lana (instituzionala) eta besteek garatzen dutena (herri mugimenduak izan, enpresak izan edo herri partaidetzazko enpresak, esaterako). Batzuek, hala ere, ez dute onartzen euskalgintza instituzionala izan daitekeenik[2].

Erreferentziak

  1. Zalbide, Mikel. (2007). «Iparraldeko euskalgintza XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia» Euskera (Euskera) (52-3): 877-1008..
  2. Rodriguez, Txerra. «Zer da euskalgintza? | Garaigoikoa» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).

Ikus, gainera


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.