Euskal Unibertsitatea

Euskal Unibertsitatea historian zehar Euskal Herrian euskarazko unibertsitate bat izateko egon den aldarrikapena izan da. Euskal hitzak «nagusiki euskaraz arituko dena»[1] esan nahi du. Unibertsitate izenak, berriz, bi adiera ditu. Adibide bat jartzearren: Nafarroako Unibertsitatea esaten denean berez unibertsitate konkretu batez ari gara, eta Italiako Unibertsitatea esaten dugunean Italiako unibertsitate sistemaz ari gara. Hori dela eta, nahasmen handia dago bi kontzeptu horien artean. Karlos Santamaria euskal unibertsitatearen arteko pentsalariak honela adierazten zuen:[2][3]

« Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibertsitatearen alorrean. Batari Euskal Unibertsitatea dei lekioke; besteari, berriz, Euskal Herriko Unibertsitate izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko (...) Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitatea izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren “alma mater” izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da  »

Karlos Santamaria[4]

Sortzeko saiakerak

Hainbat saio egin dira Euskal Unibertsitatearen kontzeptua aldarrikapen konkretua bihurtu ahal izateko. Esanguratsuena UEUren sorrera izan zen (Miarritze, 1973). Bertan plazaratu zen xedea Euskal Unibertsitatea sortzea izan zen. Bi hamarkada beranduago bestelako saioak egin ziren, tartean J.M. Barandiaran proiektua. Milurteko berriarekin batera UEUk hastapen helburuari eutsi eta bere II. Kongresuan (2003) Euskal Unibertsitatea sortzeko zeregina onartu zuen berriro. Kongresu horretatik sortutako Euskal Unibertsitatea Eginez mintegiak adostu zuen gaur egun erreferentziatzat hartzen diren "Euskal Unibertsitatearen oinarrizko ezaugarriak" izeneko bost ezaugarri:

  1. Euskaldunon unibertsitate eleanitza.
  2. Euskararen hizkuntza-komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea.
  3. Gizartearen parte-hartzearen sustatzailea, herriaren zerbitzura dagoena eta demokratikoa.
  4. Euskal Herriaren eraketa soziopolitikorako lagungarria.
  5. Europako unibertsitate-esparruan homologagarria.

Gaur egun EUST taldea (Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldea) da bost ezaugarri hauetan oinarrituriko Euskal Unibertsitatearen proiektua gauzatze lanetan. Horretarako UEU bera, Kontseilua eta Nazio Eztabaida Gunea elkartu eta aipatu taldea osatu zuten.

Unibertsitatearen egoitza nagusia Tolosan egongo zela iragarri zen 2008an[5].

2010/2011 ikasturtean Unibertsitatea martxan egongo dela iragarri zuten. Era berean EUSTek eta Euskal Herriak Bere Eskolak elkarlana burutu zuten unibertsitate eta herri ezberdinetan proiektu hau sozializatzeko.

Historia

Euzko Ikasle Batza 1932an jeltzaleen ekimenez sortutako euskal Ikasleen federazioa izan zen. Garai hartan ez zegoen euskarazko unibertsitaterik eta erdaraz ere oso aukera gutxi zegoen Euskal Herrian unibertsitate mailako ikasketak egiteko. Gehienek Bartzelona, Madril, Valladolid, Salamanca, Zaragoza, Bordele edo Parisera joan behar izaten zuten.[6][7] 1932an, Gipuzkoa, Bartzelona, Bizkaia, Madril, Valladolid eta Zaragozako ikasle-elkarteen ordezkariek osatu zuten Euzko ikasle Batzaren zuzendaritza. Urte bereko abuztuaren 7an Euskal Ikasleen I. Biltzarra antolatu zuen, Bergaran. [6]

Euskal Unibertsitatea sortze aldera, praktikan egindako lehenengo urratsa 1936an sortutako Euzko Irakastola Nagusia izan zen. Geroztik, beste hainbat urrats egin dira, amets hori gauzatzeko asmoz.[8]

« Euskal unibertsitatea nahi dugu, euskaraz arituko den unibertsitatea, horretan temati gaude; 75 urte eta gero, oraindik amets bera dugu.  »
Fernando Mijangos[1]

Erreferentziak

  1. Ainhoa Sarasola: «Amets baten lehen urratsa», Igandea gehigarria, Berria, 2011-12-04.
  2. Aizpuru, Mikel. (2003). Udako Euskal Unibertsitatea : euskal kulturgintzan : hasierako urteak, 1973-1984. Udako Euskal Unibertsitatea, 78 or. ISBN 84-8438-041-6. PMC 863173427. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  3. Ezina Ekinez Egina - Euskal Herriak Bere Eskolak eginiko dokumentua
  4. Santamaria, Karlos. (1977). «Unibertsitateko kulturaz - Jakin.eus» www.jakin.eus: 67-71. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  5. berria.info (2008-6-29)]
  6. Bernardo, Estornés Lasa, Bernardo; Anaut, Bernardo. «EUZKO IKASLE BATZA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  7. (Gaztelaniaz) Mujika, Jon. (2021-03-14). «Sabin Etxea , el futuro sobre la huella del pasado» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  8. Artetxe, Karmele 1976-. (2011). Euskara unibertsitatera bidean : eragileak eta proiektuak (1939-1990). Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-374-1. PMC 907050485. (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.