Euskal Herriko bake prozesua (2009-2018)
Euskal Herriko bake prozesua 2009 eta 2018 artean euskal gatazka konpontzeko saiakera izan zen, Euskadi Ta Askatasunaren desegitearekin amaitu zena. Prozesuaren inguruan interpretazio bat baino gehiago daude, joera politikoen arabera, euskal gatazkaren izaeraren inguruan dauden bezala. Prozesu hau aurreko prozesu negoziatzailearen porrotaren ondoren abiatu zen eta nazioarteko parte hartze handia izan zuen.
Euskal Herriko bake prozesua | |
---|---|
Mota | bake prozesu |
Honen parte da | Euskal Herriko gatazka |
Denbora-tarte | 2009 - 2018 |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bidean, Ezker Abertzalearen hainbat bake ekimen izan ziren, tartean Gernikako Akordioa. Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia egin zen Aiete jauregian eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bultzatuta ETAk Bakegileak talde zibilarekin amaitu zen armagabetzea egin zuen. Bide horretan Oslon hitzaldi saiakerak izan ziren, eta nazioarteko eragileen inplikazioa nabarmena izan zen.
Prozesuaren amaieran ETAk bere egitura guztiak desegin zituen, baina beste hainbat gai ebatzi gabe amaitu zutela salatu dute ezker independentistaren inguruko taldeek, tartean Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoera, eragindako biktima guztien aitortza eta talde independentistentzat gatazkaren muinean dagoen autodeterminaziorako eskubidea. ETAren biktima izan direnen aldetik ere, oroimenari buruzko kexak mantentzen dira, eta ETAk eragindako hainbat biktimen inguruko egia aitortzea.