Euskal Herriko artea Paleolitoan
Euskal Herriko artea Paleolitoan, munduko beste eremu askotan bezala, figuratiboa da, animaliak eta ingurunea islatzen duena. Paleolitokoak dira, hain zuzen, gizakiak sortutako lehen artelanak. Lehen epe hartakoak badira Euskal Herrian zenbait lan enblematiko, hala nola Ekain, Izturitze, Santimamiñe eta Altxerri haitzuloetakoak.
![](../I/Santimami%C3%B1e.jpg.webp)
Gizakia, animaliak, ingurumenaren baldintzak eta zibilizazioaren osagaiak
Euskal Herrian, historiaurreko aztarnategi aberatsenak dituen eskualdetako bat izanik, bertan egin diren arkeologia eta paleoantropologiako ikerketen etengabeko garapenak eta haietako aurkikuntzek gero eta atzerago eramaten gaituzte, gure lurrean gizakiaren lehen kokapena zehazterakoan.
Behe-Paleolitoa
Atapuercan eginiko indusketek hurbilketa geografikoagatik pentsarazten dute Euskal Herrian gizakiaren kokapena, Behe Paleolitora, 200.000 urte baino atzerago eraman behar dela. Garai hartan bertan bizi zen gizakiaren espeziea zein zen eztabaidagai dago, baina Homo antecessor,[1] Homo heidelbergensis edo Homo neanderthalensis izan daitezke. Uroak, zaldiak eta oreinak ehizatzen zituen.
Silex eta kuartzitazko haitz zabal gainetan almendra-itxura eta ertz zorrotzeko bialdeak edo harrizko aizkorak lantzen zituen.
Urruneko garai horietatik giza bizitzaren kokapena gure herrian etengabekoa izan da. Baina, erabatekoa da izaki haien pentsamoldeari buruzko gure ezjakintasuna.
Erdi Paleolitoa
Erdi Paleolito aroan (Mousteriar ere deitua) oinarrizko lanabesen lanketan hasia zen gizakiaz zertxobait gehiago dakigu.
Giroa epela eta hezea zela badakigu; giro horretan Neanderthal izeneko gizakia kobazuloetan, haizpeetan edo baita aire librean bizi zitekeela ere gauza jakina da; halaber, errekuntza erabiltzen zuela; sarrioak, oreinak, uroak, bisonteak, basahuntzak eta basa zaldiak ehizatzen zituela. Arrasateko Garagartza auzoko Lezetxikin bitxikeria hau ere gertatu da, errinozero-hezur batzuk azaldu baitira, aro glaziarraren amaieran desagertuko zen espezie batenak.
Gizakiak, animalia horiek ehizatzeko eta eguneroko bizitzako beste eginkizunetarako oinarrizko tresna batzuk lantzen zituen, baina oraingoan landuagoak, hartxabal gainetan eginak –haitz baten muina lantzerakoan, saltatzen zuten ezpaletan. Tresna hauek aurkitu ziren, Gatxarrian, Olhan, Izturitzen, eta, batez ere, Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Altunaren eskutik hamahiru azterketa-saio eginiko Lezetxiki izeneko kobazuloan. Karraskagailuak eta zeharkako ertza zuten aizkorak ziren; zehazki esanda, inolako arterik gabekoak.
Hala ere, "garai horretako zenbait aztarnategietan, besteak beste, aurkituriko margo okre aloktono pilaketengatik, kobazuloetara ekarriak alegia, uste izaten da zenbait jarduera erritualetarako beren gorputzak margotu egiten zituztela". Horren arabera, jada hitz egin ote daiteke body art bati buruz?
Garai horretako mailaketari dagozkionak dira zenbait tresna: galenazko bitxiak eta berunezko piezak, harri-kristalak, Dima ondoko Axlorren eta Lezetxikin aurkituak. Ehorzketak egiten zituztela ere gauza jakina da, gorpuaren ondoan armak eta janariak jartzen baitzituzten, horrela adierazten zutelarik nolabaiteko erlijiozko sentiberatasuna, edo hil ondorengo bizitzarekiko sinesmena.
Goi‑paleolitoa
Gizaki haien gorpuzkera ezagutu ahal izan da, baina, Goi Paleolitora (30.000‑10.000 K. a.) iritsi arte, ez dakigu ezer zehatzagorik gizaki haien bizimoduaz.
Homo sapiens edo baita Cromagnoneko gizakia deritzonaren aldia da. Giroa hotza zen (Würm izotzaldia) Kantauri isurialdeko gizakia kobazuloetan bizi zen, herriaren alderik baxuenean nahiago. Aurreko aldiaren antzekoa zen fauna eta sistema ekonomikoa. Historiaurreko gizakiak elikatzeko moduan beste iturri berri bat topatzen du itsaskitan.
Teknikak ere aurrerapenen bat egina zuen. Harri ezpalen gaineko langintzari beste bat lotu zitzaion, harri orrien gaineko langintza. "Kilo bat silexekin 15 metroko ertz zorrotza egin zitekeen".[2]
Bestalde, armaz hornitzeko, hezurrak eta adarrak erabiltzen zituzten ordurako, harriaz gainera.
Paleolitoko artearen alderdi orokorrak
Ez dirudi Euskal Herrian Würm glaziazioaren azkenaldia baino lehenagoko arte sorkuntza benetako batez hitz egin daitekeenik. Ordukoak ditugu, hain zuzen ere, nolabait langintza handien frogak, bai ehiztari eta bai uzta-biltzaileenak, kosta inguruan 350 m baino altuera handiagoak ez dituzten lekuetako kobazulo eta babes naturaletan bizi zirenenak. Gizaki hauek Madeleine aldiko kultura bere goi eta azken aldian garatu zuten. Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba, Urtiaga, Ekain, Aitzbitarte, Ermitia, Izturitze eta Berroberria dira aztarnategi garrantzizkoenak, bai estratigrafiako betegarriengatik, bai langintzako tresnen aberastasun eta ugaritasunagatik: xixelak, harraskailuak, xaflatxoak, arpoiak, azagaiak, hagatxoak, orratzak eta abar.
Teknikak eta langaiak
Hasiera beretik gizakiaren jarduera horri dagokie, besteak beste, gaur egun hainbat tekniken emaitzatzat jotzen ditugun gauzak: pintura, grabatua, erliebea eta baita eskultura ere. Langai mota orokorrari dagokionez ere bi alderdi bereiz daitezke: arte higikorra eta labar-artea.
Tresna higikorrak harrizko xafla gainetan edo errekarrietan aurkitzen dira, baina, baita hezur, adar eta marfilezko gaietan ere. Batzuetan, Paleolitoko eskulangilea, lan-tresnen gainean –esate baterako, azagaietan eta arpoietan– eginiko irudi ez-figuratiboetara mugatzen zen. Adituek azpimarratzen dute komeni dela harrizko tresnen langintza eta hezurrean landutako ebakiduren artean bereizkuntza egitea; ohartaraziz, sarritan, erretenak, askak edo ebakidurak ez direla izaten arte-adierazpenak, baizik eta tresnaren eraginkortasunari baino ez dagozkien langaiaren ezaugarriak.
Estetikako jarduera baten hasera zintzilikarioetan eta lan tresna ez diren bestelakoetan errazago suma daiteke; batzuetan harrian landuak diren arren, sarriagotan hezurrezko xafla eta zatietan, edo harrizko, hezurrezko, adarrezko edo marfilezko iruditxoetan ere landuak izaten direnetan.
Kobazuloetako hormetan eginiko labar-artea pinturak ala grabatuak izaten dira. Badira erliebeak ere, baina ezohikoagoak. Erliebe kasu bakan hauetako bat Izturitzen agertu da.
Formak eta irudiak
Paleolitoko gizakiak diseinaturiko formen artean badira figuratiboak eta ez-figuratiboak, arte higikorra nahiz hormakoa izan.
Figuratiboen artean, maizenik azaltzen direnak, garai hartako zenbait abereren irudiak dira: bisonteak, zaldiak, oreinak, elur-oreinak, basahuntzak, uroak eta abar. Ia inon ez da giza irudirik azaltzen.
Ez-figuratiboak direnen artean ugaritasun handia dago eta ia beti nekez ulertzen dira. Luzetarako lerro soilak, sigi‑sagan eginiko okerrak, ondulatuak, izar irudizkoak, hiruki itxiak, erronboak, obaloak, laukiak, eta abar.
Haitzuloetako artelanen daten arazoa konpontzeko bide eraginkorrak bilatuz, historiaurrearen ikerlariek arte higikorrarekin loturak egiteko ahalbideak azaldu izan dituzte beti; zeren eta, hauek datatzea errazagoa da, aztarnategiko geruzetan, delako geruza datatu dezaketen beste gai batzuei loturik azaltzen baita eta ondorioz berauen data ere jakin baitaiteke.
Hormetako irudiak, aldiz, aztarnategiko geruzetatik aparteko hormetan aurkitzen dira, eta margotu edo grabatu zituzten ertilariak Goi‑Paleolitoko edozein garaitakoak izan daitezke. Hortik dator, bada, arkeologoek –eta hauen artean, batik bat, Henri Breuil ospetsuak– betidanik bi arte modu hauen arteko erlazioa ikusteko izan duten interesa. Baina, metodo hau oso eztabaidatua izan da. Bi arte jarduera hauen arteko kronologia paraleloak ez du ia inoiz ziurra izateko bermerik eskaintzen. Desberdintasun hau, ziur asko, honegatik emango da: plastika adierazpen hauen izaera ez dela izan estetikazko sen hutsezko emaitza, baizik eta gaurdaino ziurtasunez ezagutzen ez diren arrazoi sakonago batzuen ondorioa. Honek guztiak pentsarazten du arte higikorraren eta labar-artearen helburuak eta asmoak desberdinak zirela.
Aldiak, estiloak eta kronologia
Hala eta guztiz ere, arkeologorik ospetsuenak saiatu dira paleolitoko artearen hainbat zatiren ezaugarriak zehazten, kronologia prozedura bat finkatzeko baliozkoa izan dadin. Henri Breuil saiatu zen sistema bat lantzen. Argudio tekniko eta estilistikoetan oinarriturik, bi ziklotako prozesu bat asmatu zuen: bata auriñako‑perigordiensea eta bestea solutro‑madeleine aldia.
Egun, historiaurrea ikertzen dihardutenek André Leroi-Gourhanen irizpidea onartu nahiago izan dute, hau da, “oinarrizkoena ez da beti antzinakoena izaten”, eta orokorrean historiaurrearen ikertzaile ospetsu honek finkaturiko sistema jarraitzen dute. Horretarako ez zen labar-arteaz baizik baliatu, baita arte higikorraz ere.
Leroi‑Gourhan estiloaren zenbait egitura-faktore hautatzetik hasi zen; hain zuzen ere, kokatze, konposatze, artikulatze eta animatze faktoreetatik.[3][4] Segida horri bigarren mailako beste osagai batzuk erantsi zaizkio. Eta hauetaz guztiez baliaturik, ehunka arte-laginen ikerketari aplikatuz eta arte ez-figuratiboaren lehen aldi bat ziurtzat hartuz, lau talde edo estilotan zatitu zituen:
I. estiloa
Aurignac kultura (K. a. 30.000‑27.000): oso mugaturiko segida, estilo zakarreko sexu ezaugarrien irudi eta sinboloena.
II. estiloa
Solutre aldiaren hasieraraino iritsiko litzatekeena, 25.000‑18.000. Giza irudietan, animalia-iruditxotan eta arte higikorretan aberatsa den aldia; esaterako, Izturitzeko harpea. Zalantzarik gabeko labar-artearen lehen lanak azaltzen dira: batzuk, naturalista joerakoak eta estilizazio alderakoak; besteak, irudiak, animaliaren lepoa eta bizkarra eta bere espeziea ezagutzeko xehetasunak adierazten dituen marra guztiz oker baten gainean eginak daude. Adar eta adajeak guztiz ertzetara edo aurrez aurre (“perspective tordue”) azaltzen dira, aldiz, behealdera xehetasunak desagertu egiten dira.
III. estiloa
Solutre eta Erdi Madeleine aldia, 17.000‑13.000. II. estiloaren ezaugarri batzuk gordetzen ditu, baina teknika landuagoz eginak dira. Zaldiek gorputz luzexka dute (Ekain). Bisonte, zezen eta ahuntzetan aurrealdearen lodiera handiagotu egiten da; hankak xehetasun handikoak dira, apoak eta azazkalak ere markatuak, baina normalean motzak dira eta horrek animaliak altura txikikoak eta lodiera handikoak zirela azaltzen du; batzuetan, horregatik hitz egin izan da puzturiko animaliez. Adar, adaje eta azkazalak hainbat ikuspegien arabera azaltzen dira, “perspective semi‑tortuen”, halaber.
IV. estiloa
Azken‑Madeleine aldia, 13.000‑9.000. Irudien ertza argazkietako errealismotik hurbil dago, halakoxe maiztasun batez: adar, adaje eta azazkalak perspektiba arruntean daude adieraziak eta irudiak lantzeko moduetan kodifikazioak eta abar azaltzen dira. Gutxi gorabehera, paleolitoko labar-artearen %78a aldi honetakoa da.[5]
Leroi‑Gourhan‑en ustez, lau estilo hauetako bakoitza aldietan bana daiteke (antzinako aldi, berri...) eta guztiak, Henri Breuilek izendaturiko Madeleine aldiko guztiekin identifika daitezke, gutxi gorabehera. Arkeologoak gaur egun Leroin‑Gourhanen zatiketa moduari eusten badiote ere, ez zaie kritikarik falta izan.[6]
Arte higikorra
Arte higikorra esaten diegu giza eskuz landu eta leku batetik bestera eraman daitezkeen artelanei. Erliebeko apaingarriekin landutako arte mota hauetan aztarnategi aberatsak, sartaldeko Pirinioetako haitzuloetan aurkitu dira, eta guztien artean Izturitzekoa da deigarrienak.
Ezer baino lehen, eman dezagun ohar bat: Pirinioen eskualdeko arte higikorrean ia ez da erlieberik aurkitzen eta eskultura libreak are gutxiago. Oso gutxi dago eta estetikoki kalitate gutxikoa da. Inola ere, Frantzia hegoaldean eta beste eskualdeetan aurkitu diren estatuatxo ezagunen –Venus deritzon– alerik ere ez da aurkitu.
Grabatu apaingarriak
Pirinioetako ehiztaria, esan daiteke, artista izaten ez dela plastika librean hasi, grabatuan baizik. Eta azken Goi-Paleolito aldian jada, hitz egin daiteke arte-jardueraz, gauzen erabilgarritasun soila gainditu eta zeinu apaingarri batzuez tartekatu dituztela ikustean.
Horretan, hainbat alderdi aipa daitezke:
- diseinu formala, lerroduna, lerromakurra eta puntuduna
- antolaketa, aldiz, sailka, paraleloan, taldetan, aurkako ala gurutzaturiko osagaietan eta abar
- adierazpen formalari buruzkoan, guztiz abstraktuak, irudi naturalista, estilizatua edo eskemaduna eta geometrizatua.
Ikuspegi horietatik guztietatik lortu da hainbat motibotako zenbait dozena sailkatzea.[7]
Ignazio Barandiaranek argibide esanguratsuak plazaratu ditu eskulangileak langaien tarte hutsak ulertzeko zuen moduez eta langai horietan irudiak burutzeko teknikei buruz.[8] Frantses arkeologo batzuen proposamena, adibidez, H. Breuil, A. Laming Emperaire eta A. Leroi‑Gorhan-ek atxikitako arte higikorraz eginiko igarpena –bereizketak egitearen proposamena– egokia iruditzen zaigu, hala nola, azagaia eta guztien gainetik gogortasuna eta iraunkortasuna –etengabe erabiltzen zutelarik– behar zituen espatula baten lanketaren eta apainketa pertsonaleko –ziur asko, balio estetikoari dagokionez, ezaguera argiagoz burutuak– arte garbiko zintzilikarien artean.
Zati grabatudunak
Euskal paleolitoaren arte higikorraren sukalde handia izan zen Izturitzeko harpean sartu baino lehen, aipa ditzagun beste lekuetan aurkituriko pieza bereziki nabarmen batzuk. Euskal Herriko kobazuloetan aurkituriko arte higikorreko gauzen azaleko deskribapena eta zerrenda ikus daiteke, motibo figuratiboak eta soilik apaingarritarako zirenak bereiziz, Ignazio Barandiaranek, 1965eko Sinposiumean, oso irudi didaktikoekin Euskal Historiaurre eta arazo etnologikoei buruz aurkezturiko ikerlanean.[9] Harrezkero, arte higikorraren emaria azaltzen eta nabarmenki handiagotu da eta sailkapen-lan bikainak agin dira.[10]
Artelan aipagarriak | ||
Ekaingo xafla |
Arte higikorraren ondare handi honen barruan bereiz hartzekoak lirateke:
- Berroberriako (Urdax) aztarnategian, orein adarrezko zizel bat, grabatuetan orein buru bat bere adar eta guzti landutakoa;
- Aitzbitarten (Errenterian) grabaturik oreinak dituen harkoskor sail bat;
- Santimamiñen, kuartzitazko errekarri bat lau hankako (azeriak?) bi irudi landuekin,
- Lumentxan (Lekeition), adar zati bat “xehaturiko” zenbait zaldien irudi dituena (euskarriaren bi alderdietan) eta abelgorri buruekin,
- Urtiaga eta Ermittia (Deban) eta Lumentxan, zaldi-irudien zirriborroak[11][12][oharrak 1]
- eta Bolinkoban (Abadiño) ahuntzak eta Urtiagan elur‑oreina izan daitekeena.
Labar-artea
Altamirako leizea eta Espainia iparraldeko paleolitoko labar-artea1![]() | |
![]() | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, iii |
Erreferentzia | 310 |
Kokalekua | ![]() ![]() |
Eskualdea2 | Europa / Ipar Amerika |
Koordenatuak | 43°20′48″N 2°38′12″W |
Izen ematea | 2008 (XXXII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Euskal Herrian ezaguna zen labar-artea ez da bereziki azaldu ia oraintsu arte. Baina, azken urteotan egin diren aurkikuntzak, gure herria, Paleolitoko artearen garrantzizko lekuan kokatua du. Horrela hainbat kobazulo Gizateriaren Ondare izendatu dituzte, Altamirako kobazuloekin batera sortutako kategorian.
Pinturak eta grabatuak
Euskal Herrian labar-artea franko‑kantaurikoaren sailean kokatzen da. Historiaurreko gure pinturen aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren Frantzia erdialdeko Dordoinan Lascauxekoak (1940) eta askoz lehenago Altamirakoak (1879). Lascauxekoak antzinagokoak dira, hain zuen ere, Aurignac kulturaren aldikoak, nolabaiteko giro epel garaikoak; Altamirakoak Madeleine aldikoak dira. Frantzia hegoaldean, Ardèche departamenduan, lehen mailako garrantzia duen beste aurkikuntza bat egina da haitzulo batean, adituak ikertzen ari diren ehunka animalien irudiekin.
Goi-Paleolitoan labar-artea, zehatzago esanda, Madeleine aldian, pintura eta grabatu moduan azaltzen da.
Batzuetan, pinturak haitzen erliebe naturalei egokitzen zaizkie eta beroiek iradokiak direla dirudite. Madeleineko ertilariak margotzeko beltza –ikatz edo manganeso dioxidoa– zuria eta okrea –hau horitik gorrira eta bioleta alderako aldagaiak dituena– erabiltzen du.
Eskualde batzuetan, denok ezagutzen ditugun fauna-adierazpenaz gain, gutxi-asko geometrikoak diren forma bitxiak azaldu dira –makarroiak– marra makurrez eginiko trazuak, behatzez eginak balira bezala; baita esku osoaren aztarnak ere, negatiboan, ia beti ezkerreko eskuarenak. Esan daiteke hor ditugula gure eskualdeko artearen lehen zizakadurak. Giza eskuaren silueta horiek kanpora azaltzeko modu bat dira, unibertsoan izen ematekoak; jabegoa hartze modu bat, nolabait ere. Ez dezagun ahantz gertakari plastiko hori euskarazko esku‑bide hitzaren esanahiarekin bat datorrela.
Gero etorriko da antzekotasun aurkikuntza mimesiaren harridura, zenbait milurteko beranduago Aristotelek arte figuratiboaren iturri gisa aipatuko duena, alegia, honoko hau –marrazturiko objektua– hura dela ziurtatzearen atsegina. Eta beranduago, edo agian aldi berean, zeinu abstraktua eta sinboloa azalduko dira.
Historiaurreko artean naturalismotik eskematizatze sinbolikora pasatzen dela, nahiz eta badiren bi margo motak elkarren ondoan bizi zireneko kasuak; baina hasieran naturalismoa da nagusi. Wilhem Worringerren tesiaren arabera benetako arte-sormena ez da abstrakzio eta geometrian baizik hasten.[13] Bistan da Madeleineko artistak ez zuela irudiak eskortzoan marrazteko eta beren bolumenak itxuratzeko zailtasunik.
Zalantza handiagoak daude bere zentzu konposatzaileari buruz. Denbora luzez uste izan da ez zuela horren ezagutzarik. Baina aldarrikapen hau, bere horretan, arte historian konposaketa kontzeptu horri ezin diogu eutsi eman izan zaion zentzu zorrotzera mugatuz baino; alegia, paisaiazko hondoera guztiak, eta eszena posible guztiak erdiratu, uztaitu eta antolatzeko espazioko erreferentzia txikienak alde batera uzten direnean. Eskuaren esparrua –artistarentzat, gorputz jarrera bat aldatu gabe iritsi dezakeen espazioa– eta gainjarritako irudiak, kokapena, simetria eta perspektiba aztertu ondoren, Leroin‑Gouhanek ohar hau ematen du, pintura edo grabatuan gaur egunera arte zoruko marraren adierazpenik ez bazen ezagutzen ere, Paleolitoko ertilariek sarritan erabili izan dute beraren ordezko hormako pitzadura edo erlaitzen bat.[14] Leroi‑Gourhanek baino askoz lehenago, salatu izan ditu Max Raphaelek Paleolitoko artea, espazioak, mugimenduak eta konposaketen arazoak aurrez aurre heltzeko ezgai zen arte hasiberritzat jotzen zutenak.[15]
Aldiz, oraindik orain, Paleolito aldiko geometriariak izena eman dionik ere izan da, beren marrazki eta margoetan zenbait trazatu erregulatzaileetan erabilera kontzientea delako ustea dutela-eta: urrezko ebaketa bikoitza, erro karratuaren proportzioa eta beste; dena dela, errealitatea begiz harrapatzeko eta egitura plastikoetan berriro sortzeko zuten ahalmen honen aurrean, Herbert Kühnek idatzi zuenez, miresmenez, isilik geratzen da ahoa[16][17]
Aitzbitarte
![](../I/Aizpitarte.png.webp)
Paleolitikoko aztarnategi handi baten lehen aurkikuntza Errenteriako Aitzbitartekoa izan zen, herri mailan Landarbasoko kobazulo deritzonean. Zenbait mailatan sailkaturik, historiaurreko gizakiaren arrastoak aurkitu dira denbora luzez bizi izandakoak eta langintza ugarirenak: orriak, hartxabalak, zenbait eratako karrakagailuak, puntzoiak eta abar; gutxienez, Aurignac kulturaren garaitik hasi eta Mesolitikora artekoak. Besteak beste, animalia-irudiz dekoraturiko hezur batzuen aurkikuntza harrigarriak azaldu diren, bertan diren bostetatik, III. haitzuloa arakatuz hasi badira ere; IV. haitzuloko aztarnategia izan da ondoen ikertu dena. Han aurkituak dira orein-burua grabaturiko plaketaren bat, makila zulodunen bat, hagatxo dekoratuak eta ebakiduraz eginiko animalia-irudiak dituzten zenbait hezur.[oharrak 2]
Venta Laperra
![](../I/Venta-Laperra.jpg.webp)
Kantabriako mugetatik gertu, Bizkaiko Karrantzan dago Venta Laperra kobazuloan egin zen 1904an labar-artearen lehen aurkikuntza: irudi bat, kobazuloaren sarreran bertan. Bi urte beranduago, Breuilek beste lau irudi gehiago aurkitu zituen: buruzagirik gabeko hiru bisonte azefalo, hartz oso bat, zehaztasun gutxiko bobido bat eta lerro-segida ulertezin bat. Haitzean halakoxe sakontasuna duen grabatu batez eginak daude. Grabatu hauen ezaugarri bereizgarria honetan datza: kobazuloaren sarreran zeudela eta eguzkiaren argitan ikus daitezkeela. Gure herrian aurkitu ditugunen artean, zaharrenak eta Aurignac aldiari dagozkionak dira. Apellanezi gertakari honek zera pentsarazten dio, Paleolito aldi antzinakoetan, Kantabriako artea, Euskal Herriko sartalderaino zetorrela, beste arte formula batzuk (piriniotarrak) hartu ahal izateko edo bere-bereak sortzeko, Herria libre utziz.[18]
Izturitze
Lehen ere aipatu dugu, Izturitzeko harpeari buruz, arte higikorrean hain aztarnategi aberatsa bada ere, ez dela horrela labar-artean: bi zaldi eta bi elur‑orein; horietako bati, isats motzeko eta egitura ederreko baina adardura desagertu zaien bi hausnarkariren gorputzak gainjarri zaizkio. Beste maila beheragoko batean beste hiru zaldi eta interpretatzerakoan zalantza sortzen duten beste irudi batzuk agertu dira. Deigarria da haitz gaineko erliebe txikian eginak direla irudiak. Beren estiloz Erdi‑Madeleine aldikoak dirudite, berrienaren muga aldekoak, alegia.
Isturitzeko harpetik oso gertu eta azpialdean dago Haristoiko kobazuloa, Otsozelaia ere esaten zaiona; han azalduak dira zaldia, bisontea, oreina eta hegazti buru bat. Erdi‑Madeleine aldikoak dira.
Alkerdi
Nafarroa Garaiko Urdazubin Alkerdi kobazuloko lehen haitzetako irarlanak Norbert Casteretek aurkitu zituen 1930ean[19]. Geroago, J.M Barandiaranek beste lau aurkitu zituen. Kobazuloko bi gunetan kokaturiko grabatu multzo bi dira. Bata, sarreraren aurrez aurre dago, 20 bat metrora. Bigarrena, berriz, beste horretatik 40 bat metrora, pasabide estu baten sakoneran. Besteak beste, gailentzen dira osatu gabeko orein baten grabatua, eta bi bisonterenak, baina konkorra eta isats oso luzea nabarmenduak dituztenak, eta beharbada otso baten buruaren grabatua. Behe‑Madeleine aldian kokatzen dira.
Etxeberri
Zuberoako Gamere‑Zihigan, Etxeberriko karbian, Pierre Boucherrek 1950ean zenbait irudi aurkitu zituen, oso nekez igo zitekeen leku batean, sarreratik 200 bat metrora. Irudiak apur bat itsustuak daude; beltzez eginak dira baina puntu eta orban okreak dituzte. Kobazuloaren bi aldetako hormetan, hamabi zaldi, bisonte pare bat, eta beste ahuntz pare bat ere zenbatu daitezke. Irudi batzuk buztin zuri gainean behatzez eginak dirudite.
Oraindik ere igoera zailagoa duen tontor batean, beste bost zaldi eta beste baten trazuaz gain, ahuntz bat, bisonte bat eta zenbait tanto gorrizko multzoa aurkitu da. Leroi‑Gourhanen ustez, bi animalia parekatzea zaldia‑bisontea eta beste hirugarren animalia baten –hemen ahuntza– etenik gabeko gaiari buruzko bi multzo berdinen santutegi bat da. Antropologo batzuk, zenbait irudi Aurignac aldian kokatzen dituzte. Leroi-Gourhanek Erdi‑Magdaleniar aldiraino atzeratzen ditu.
Goikolau
Bizkaiko Berriatuan, Goikolau kobazuloko irudiak J.M Barandiaranek aurkitu zituen 1962an. Bost taldeetan banaturiko grabatu sail bat da. Batzuetan, bizkarra bata bestearen gainean jarria duten animalia-eskema osatugabeak dira; hainbesteko pila bata bestearen gainean jarririk, ez da erraza izaten zein animalia-espeziea den ezagutzen, ahuntzen bat edo beste izan ezik. Aurkitzailearen beraren ustez, postpaleolitoan kokatu behar dira eta aztarnategiko zenbait mailetako hilobi izaerarekin lotu.
Sinhikole
Bordeleko espeleologo talde batek 1971ko abuztuan Sinhikoleko karbia kobazuloan labar-arte aztarnategi berri bat aurkitu zuen. Areto bakar bat da, luzeran 60 cm eta zabaleran 10 cm dituena, oso irudi gutxikoa; baina, kalitate bikaineko zaldi bat eta bisonte bat azaltzen dira. Zaldia, ingurune beltzez eta isats oso luzeaz margoturik. Barrutik, ilajearen eta buruaren margotze bikoitza gorriz egina da, begiarentzat hutsarte bat utzita. Bisontea, zaldiaren gainean kokaturik dagoena, osatu gabea da. Bere ile-zerra haitzaren ertzak osatzen du. Bi irudi horiek eskuinean, bisontearena dirudien osatu gabeko beste irudi bat dago. Zaldiaren aurrealdeko azpialdean, nekez uler daitezkeen trazu gorri batzuk ere badaude.
Arenaza
Arantzadi Elkarteko kideek, 1973ko neguan labar-artearen beste aztarnategi bat topatu zuten Galdamesko Arenaza kobazuloan. Irudiak, nekez igo daitekeen areto txiki batean daude. Gela erdiesferiko bat da, sarreraren ia bestaldeko muturrean kokaturik goraka doan luzapen bat dago, eta orein eme talde bat azaltzen da. Gutxi zaindu delako-edo, oso egoera txarrean daude, haitzak nozitu duen zartatzearen ondorioz. Orein emeak, Kantabriako beste kobazuloetan erabilitakoaren antzera, punteatze teknikaz daude gorriz margotuak. Xehetasun honek eta oreinak nagusi izateak, badirudi Asturias eta Santander aldeko artearekin ahaidetasun gertuagokoren bat adierazten duela, Laperra Bentari buruz aipatu denez, ipar Pirinioetako artearekin baino. Beren estiloagatik badirudi irudi hauek antzinako Madeleine aldikoen sailean atxiki behar direla.
Santimamiñe
Labar-arte multzo handi bat aurkitu zen 1916an Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan. Arkeologia ikuspegitik, Santimamiñek garrantzi izugarria du, maila guztiak eskaintzen baititu, antzinako Auriñaziensetik hasi eta Behe-Inperiorainokoak.
Arte historialariarentzat, benetako santutegia esaten dioguna da esparru garrantzizkoena: 20 bat metroko luzera du eta 4 edo 5 m-ko altura. Irudien talde nagusia areto txiki batean dago, normalean oso sarbide zailekoa izaten da eta honen aurretik aretoaurre bat dago, osatugabeko zenbait bisonte eta zaldiez gainera, marra sail bat ere ikus daiteke. Ia biribila den ganbara edo aretoaren inguruetan –Leroi‑Gourhanek biribilgune deitu zion– banaturik oraindik ere irudi-multzo gehiago daude.
Irudiak eta beren kokapena
Bere ikusgarritasunagatik, taula bat nabarmentzen da, oso argi eta garbi sei bisonte, zaldi bat, orein buru bat eta ulermen zailagoko beste trazu eta marra multzoa goza daitekeelarik. Zer adierazi nahi ote du behin eta berri zaldia eta bisontea parekatzeak eta beste sei bisonteek –hauetako batzuk zutikako jarreran jarririk– seiak erdi-erdian marrazturiko zaldi bakar batek inguruan dituela? –galdegiten du gaurko ikusleak jakin-minez. Baina, erantzunik gabeko galderak.
Bi multzo hauetaz gainera, kobazuloaren barruenean, sarreratik 150 m-ra, 1953tik 1962ra bitartean irudi berriak aurkitu dira; hauen artean, bisonte batzuk, zaldi bat eta ahuntz bat.[20][oharrak 3]
Guztira, ia berrogeita hamarrera iristen dira animalia-irudiak. Espezierik ohikoena bisontea da.
Teknika eta estiloa
Hemen, Altxerrin ez bezala, irudi gehienak pintatuak daude, eta itzal eta guzti batzuk. Irudi grabatuak oso gutxi dira. Perfekzioan eta estiloan aldaketa sumatzen da baina ez da erraza hortik kronologia bat ateratzea.
Henri Breuilek zioen itzalekin modelaturiko lau bisonteetatik hiruk beren lau hankak agerian zituztela, eta trazu soil bakar batez marraztuak berriz bi besterik ez. Era berean, Madeleine aldiko ezaugarri moduan denek beren adardura profilez erakusten badute ere, bederatzik baino ez dituzte beren bi adarrak erakusten.[21]
Talde handiko bisonteen artean Ignazio Aldekoak ere desadostasun horiek ematen ditu:
« | marra-trazu soileko irudien ondoan, badira beste batzuk zenbait tokitan profilaren lodieraren biziagotzegatik-edo ia lauak direnak, gutxi-asko bular, konkor, papar... tinten betelanagatik argi-ilun gehigarri bat planteatzen dutenak. Zenbait aletan arte onekoa izan ohi da delako modelatzea | » |
Esan daiteke, estilistikoki nahiko aurreratutzat hartu behar direla; ziur asko, Erdi‑Madeleine aldi aldera gauzatuak. Benta Laperrakoen ondorengoak dira. Eta beren teknika eta ohikotasunagatik Pirinioetako santutegiekin uztar daitezke.
Altxerri
Gipuzkoan Aiako Altxerri kobazuloak aditu guztiak harritu zituen 1962an, ustekabean aurkitu baitzuten bertan Arantzadi Zientzia Elkarteko hiru kidek ordura arteko labar-arte aztarnategirik garrantzizkoena: ehun irudi baino gehiago eta oso espezie desberdinetakoak gainera, zazpi multzotan banaturik.
Aurkikuntza deigarri honen txostena jasotzean, J. M Barandiaranek irudi guztien deskribapena egin zuen, marrazkiak erantsirik[22]. Ondorenean, Jesus Altunak eta Juan Mª Apellanizek, argazki-ekipamendu bikain batekin, azterketa osoago bat aurkeztu zuten, irudien ikerketa kronologiko eta paleontologiako bat eginez[23][24]
Adierazitako irudiak
Lehendik aurkituak zeuden –azken aurkikuntza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[25] Baina, badira elur‑oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahuntzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi‑Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azaltzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur‑oreinaren garrantziaren lekukotasuna” azpimarratzen du.
Formen berezitasuna
Bitxia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifikatzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: batzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste batzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi batzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur‑orein baten barruan azaltzen da; eta zenbait animalia azaltzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.
Lehen aurkikuntza honen ondoren,[26] beste bi bisonte aurkitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati batzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorputzeko zatirik lodienean margo gorria erabiltzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati batzuk zehazteko haitzaren koskak erabiltzen zirela ikus daiteke hemen.
Altxerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pentsarazi die adituei.
Animalien anatomia marrazkietan, bere gorpuzkera berdin‑berdina egitearen ahalegina antzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tematzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azaltzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marrazkietan erabiltzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradokitzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabiltzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egokitzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modelatzea hobetzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, edukitze, ehizatze edo suntsitze zeinutzat jo daitezkeela proposatzen dute, zalantza artean bada ere.[27]
Egiletasunak, estiloak eta kronologiak
Altxerriri buruz egiten duen azterketa zorrotzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adierazpen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako antzinako Madeleine aldiko grabatzaile eta marratzaileen aldetik. Altxerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[28]
Gure ustez, XX. mendeko gizaki garen aldetik eta estetikako zein arte sormenezko ezagueraren berezitasunak eta artearen historiaurrearenak onartzen dituen kultur oinordeko izanik, ezin ditugu duten balioaren neurrian estimatu gabe utzi santutegi handi honetako apainketan jardun ziren hainbat artista, edo hainbat esku, identifikatzeko eta sailkatzeko Apellaniz maisuak egin dituen ahaleginak, eta haren ondorioei jarraikiz, ezta beste santutegiekiko ahaidetasunak bilatzen eta kronologikoki ordenatzen saiatu gabe utzi ere. Baina, era berean, labar-artearen ezagutza hartzeko, galderak egin behar dira ahalegin hauen eraginkortasunari buruz, betiere, talde izaerazko adierazpenak izanik, oso zorrotza zen kultur esparruaren arauek behartuta, gainera. Azken batean, ondorio orokor gisa: –Apellanizek dio–
« | leku desberdinetan lan egin duten bi giza talde desberdinek apaindua dela Altxerriko kobazuloa. Banaka hartu diren guneen harmonia ikusita, badirudi taldeen arteko irudien desberdintasunak ez direla denboraren iragaite arazoak, maisu bakoitzaren nahierazkoak baizik | » |
—Apellaniz[oh 1] |
Altxerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, batzuen ustez, irudiak Antzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu beharko lirateke;[30] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta Antzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta sailkapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV., V. eta VI.eko (H. Breuil) data ziurragoa dela deritzo.
Dena dela, Altxerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztartzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[31]
Arte adierazpen hauen esanahiari buruzko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruzko isiltasuna gorde nahi dute zuhurki. Hala ere, honi dagokionez oso garrantzizkoa da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Altxerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia, irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat hartzen zituen animaliak –zaldiak, ahuntzak, zezenak.[31]
Ekain
![](../I/Ekainberriko_zaldiak.jpg.webp)
Euskal Herriko Paleolitoko labar-artearen aurkikuntzarik garrantzizkoena da Ekaingo kobazuloan 1969an azaldurikoa, Debako udalerrian dagokiolarik ere, Zestoatik gertu dagoena. Zulo estu batetik sartu eta arrastan joan behar izan zuten aurkitzaileek hogeiren bat metro, nabarmenki goraka egiten zuen barnebide batera iritsi arte.
Irudiak eta maisuak
Ekaingo irudiak nabarmenak dira. Horma zati bat, zaldirik gehiena dituena, Leroi‑Gourhanek Kuaternario aldi osoko zaldi talderik bikainena dela aitortu du, inola ere, jada ezagunak ziren Altamira, Niaux eta Lascauxkoen pare. Ekaingo irudiak, Niaux eta Altamirakoen garai berekoak izanik, gutxi gorabehera, franko‑kantauriar artearen aldi klasikoaren gailurretako bat azaltzen dute.
Ekainen, zaldia da erdigunean azaltzen dena. Badira 33 zaldi irudi, 10 bisonte, 4 ahuntza, 2 orein, 2 hartza eta 2 arrain. Ikonozko gorputzak perfekzio bikaineko adierazpenak dira, baliabide urriez eginak, bestalde. Irudietako batzuk koloreanitzekoak dira. Beren estiloz, Erdi- eta Goi-Madeleine aldikoak dirudite.
Apellaniz arkeologoa saiatu da Ekaingo santutegi honetan esku hartu zuten maisu desberdinen ikerketan. Horretarako hiru alderdi aztertu ditu: ertzak markatzeko modua, gorputz xehetasunak eta erabilitako teknika. Horrela iritsi da lau zaldi maisu, bisonte maisu bat eta ahuntz eta arrain maisu bat bereiztera, eta guztietan batasun tekniko bat badela ikusi du.
Proposaturiko galderak
Badira, adierazita dauden irudietan, beren kokamenean eta zenbait xehetasunetan azaleratzen diren hainbat galdera.
Kobazuloko leku garrantzitsu batean bi hartza ikus daitezke, hau da, zaldien hormaren zati handiaren eta kobazuloko azken muturrean aurkitzen denaren artean. Bietako bat azefaloa da; beraren esanahia oraindik ez da argitu –dio Leroi‑Gourhanek; baina, garrantzizkoa izango zen.
Beste baldintza bitxietako bat zera da, alde batean eta bestean kokaturiko zaldi gehienak hartzak dauden aldera begira daudela. Asmo berezirik gabeko edozein marrazkilariren joera natural eta bat‑batekoarekin kontrajarrian azaltzen den xehetasun hau, oso kontuan hartu beharrezkoa da pintura hauen esanahia aurkitzeko.
Adierazitako espezieen bestelako tratamendu da Leroin-Gourhanek ohartarazi zuen beste berezitasun bat:
« | gorputzen modelatzea –beltzez eta okrez eginikoa– eta bereiziki zaldien lepo eta burukoa, fintasunagatik nabarmentzen dela esaten du. Aldiz, bisonteak oso estilo egokian moldatuak izanagatik –Madeleine aldiko IV. eta IV. estiloa–, zaldiekin alderatuz gero zabarragoak dirudite; guztien arteko bat besterik ez dago okrez margoturik, besteak ia profilaren trazu beltz soilez mugatuak daude | » |
—Leroi-Gourhan[oh 2] |
Pintura hauen zentzua oraindik ere misteriotsuagoa egiten duen eta kontutan hartzeko beste xehetasun bat ehizatuaren eta adieraziaren artean alderantzizko proportzioa izatea da. Izan ere, aztarnategiko Madeleine maila beretan hezur aztarna ugarienak orein eta ahuntzenak dira. Kobazuloko hormetan gehien adierazten zutena da gutxien ehizatzen eta jaten zutena. Ehizarako garaian Paleolitoko gizonaren gurariak eta ezagutzen zituen animaliak irudikatzerakoan zituen interesak ez zetozen bat[33] Beste hau ere kontuan hartzekoa da: Ekaingo zaldi batzuk azagaiaz eta mutur kirtendunez zaurituak agertzen dira, interpretazio totemiko bat egitea zailduz.
Ekaingo irudien eta Etxeberriko-Karbiako lanen artean ahaidetasun bat ikusten dela ohartarazi nahi da, bai espezien itxuragatik, bai zaldi-espeziearen ugaritasunagatik.
Paleolito aldiko artearen esanahia
Borondate artistikoaren ulerkerak
Benetako edozein artetan bateratuak egoten dira edertasuna eta zentzua, forma eta adierazpena. Artearen benetako historialariak ez du nahikoa alderdi bakar bat ikertzea. Ezin daiteke formak eta irudiak arakatze soilean gelditu, galdegin gabe, zein nahi edo indarrek, barnekoak edo agerikoak, eraginda burutu zituzten edozein harritzerainoko lan hauek, gaur egun guk dakigunez bizimodu xumea zuten haiek? Zein izan zen beren kunstwollena, beren borondate artistikoa?
Askoz errazagoa da estiloak eta teknikak alderatzea nahiz halako irudien zenbaketa eta banaketaren estatistikak egitea, galdera hauei erantzutea baino.
Delako ezkutukiak ziurtasunez eta guztien adostasunez argitzeko ditugun ezinen aurrean, joan den mendean zehar ateratzen joan diren interpretazioak azaltzen saiatuko gara, egiara iristeko inolako esperantzarik gabe.
Arteagatiko artea
Frantziako paleoantropologiako aitzindaria eta, Henry Christyrekin batera, Périgordeko (Le Moustier, La Madeleine, eta abar) gunearen ikertzailea, eta Aurignaceko aztarnategiaren aurkitzaile Édouard Lartet (1801‑1871) eta Laugeire-Basseko eskulturen aztertzaile Emile Cartailhac izan ziren, arte orokorraren berri eman zutenak, beren garaian modan zegoen azalpena proposatuz. Arteagatiko artea izatearen azalpena zen. Ez zen beste misteriorik bilatu behar. Bere garaian oraindik ez zen labar-arterik aurkitu. Lartet‑en azalpenak arte higikorrari buruzkoa izan behar zuen nahitaez, Dordoina aldean berak aurkitu zituen gauzei buruzkoa, hain zuzen. Altamirako aurkikuntza zazpi urte geroago etorri zen. Lartetek uste zuen Paleolitoko ehiztariak gaur egungo ertilariaren helburu bera, indar bera eta gaitasun bera zuela. Ehizatzen edo arrantzan harrapatzen zuenarekin eroso bizi eta gainera aisialdiko jardueretarako eta estetikako gozamenerako astia bazuen. Horrela dekoratu ahal izan zituen makila kirtendunak, apainketarako zintzilikarioak eta ehizarako tresneria.
Irizpide horien arabera, Lascaux, Altamira edo Ekaingo ertilariak ikusi beharko ditugu: Paleolito aldiko Montparnasse antzeko hartan, beren baserri-giroko lantegia utzirik, ikasleak bizitzen eta lan egiten: sarrio baten hankari trazu bat zuzentzen eta bisonte baten adajearen norabideari zuzenketak egiten[oharrak 4]
Askorentzat XIX. mendearen azken aldean egokia izango zen, orduko artearen historialari askoren teoriei erantzuten zien azalpen hau, baina, labar-artearen edertasunak agertzen hasi zirenean, indar gutxikoa gertatu zen.
Magia
Esperientzia estetika soilak ezin adieraz zezakeen arte gertakari hura, guztiz. Aurkituriko irudiak haitzuloen barrualdean zeuden, leku guztiz ilunetan eta ez, normalean egile haiek egun oro bizi ziren sarreratik gertu. Bestalde, haitzaren horma zatian, bat bestearen gainean sarritan jarririko irudiak kontraesanean jartzen zuen estetika edo apaingarri izatearen interpretazio soil bat.
Salomón Reinachek 1903an argitaratu zuen bere Artea eta magia liburuan ideia bat proposatu zuen, argibide sinesgarriago baten bila etnografiara jo behar zela, alegia. Haserako jende haien arterako joeraren sustraia ehizaren magian zegoenaren pentsamendua ekarri zuen ikerketa etnografikoak. Izaki ala objektu baten irudia edukitzeak objektua berarengan nolabaiteko agintea ematen duela eta gutiziatzen zuten animaliaren irudia bera egitera bultzatuko zituen herri haiek. Espiritua edo animalia baten gorputza margotua izan den leku hartantxe bertan egotera behartu zitekeenaren printzipioa zen. Izan ere, Paleolitoko hormako artean animaliarik marraztuenak gizakiak ehizatzen zituen belarjaleak ziren. Basatiak eta beste animalia arriskutsuak oso gutxitan azaltzen dira kobazuloetan marrazturik. Arrazoi bertsuagatik ez da normalean giza irudirik ere azaltzen. Marrazten zutenean, gordean azaltzen zen giza irudia, hain gordean, non, antropomorfosa esaten zitzaion.
Azalpen berria tentagarria zen: ehiztari ahula eta bizitzako mila halabeharren menpe zegoena, gero hilko zuen harrapakinaren zelatan bizirauten zuen. Animalia zen bere etsai handia; hura hilez gero, ehiztariari bizitzen laguntzen zion. Ehiztariak nagusi irten behar zuen. Baina, bere arrakasta porrotaren ondoan zegoen, zeren eta zenbat eta animalia gehiago hiltzen zuen, orduan eta gutxiago geratzen ziren hiltzeko. Magia zen alde batetik ehizaren erorketa bermatzen zuena, eta bestalde ugaritasunaren neurria segurtatu behar zuen. Magiaren ideia, lehenbizi, Henri Breuil paleontologo ospetsuak bereganatu zuen eta arkeologo gehienek ondoren. Ia mende erdi batean iraun zuen beste ororen gainetik, magiaren azalpen honek, arazoaren konplexutasunagatik, osagarriak izan zitezkeen beste azalpen batzuk bazterrera ez uztea eskatzen zuen arren zuhurtasunak. Laster ikusi zen magia ezin zitekeela azalpen-sistema bakarra eta nagusia izan, zeren eta, iruditako %14ak baino ez baitzuen agertzen arrasto suntsitzailerik.
Izan ere, ehiztariek berehala behar zuten elikagaiari eta biziraun beharrari lotzen zitzaion magiaren azalpena; Breuilek beste azalpen bat erantsi zion horri, sakonean magiari berdin lotzen zitzaiona; baina emakumearen ernalketaren gurtzari lotua –animalien ernalketaren gurtzari, halaber. Baina, azalpen honek ere baditu bere zailtasunak. Eta euskal lurraldeko labar-arteari dagokionez, egia bada Altxerri eta Ekainen kobazuloen barrenean ugari direla zaldien marrazki eta grabatuak; egia da, halaber, zaldi-aztarnetan bera dela agerpenik txikiena duena.
Totemismoa
Mendearen hasieran totemismoarena izan da aldekoak izan zituen beste interpretazio bat. Berau ere etnografian oinarritzen da. Jatorrizkotzat ditugun herri askok, animalia-espezie baten azpian arbaso bat bera izatearen oinarrizko ustea dute. Totem bat sakratua da. Iniziatu ez direnak ezin ikus dezakete. Horregatik egon ohi da santutegi batean ezkutaturik.
Azalpen honen arabera, Ekainen totema zaldia litzateke. Baina horrela bada, zergatik azaltzen da bere irudian zauria? Eta gainera, zergatik azaltzen da loturik beste espeziekin: bisonte, ahuntz, orein eta abarrekin? Totemen elkarteetan, talde bakoitzak bere totem berezia du. Ez da hau dekoraturiko kobazuloen kasua. Beraietan azaltzen diren irudiak gutxi dira eta haiek berak franko-kantauri alde guztian. Espezierik nagusiak zaldiak eta bisonteak dira; gero, oreina, mamuta, ahuntza, uroa eta elur‑oreina. Hain espezie gutxi izate hau eta forma bereko adierazpen orokortu hau ez dator bat totemismoaren teoriarekin.
Bikoiztasun sexuala
Beste azalpen bat iradoki dute frantses antropologo batzuek, esaterako, Annette Lamming-Emperairek eta Andre Leroi-Gourhanek.
Hain zuzen ere, filosofo eta arte historialaria zen Max Raphael (1889‑1952) izan zen Eliziesetara bisita bat egin ondoren ulermen zuzen baterantz jotzeko beste aztarna baten iradokitzailea. Berak, Henri Breuili honela idatzi zion eskutitz batean: Jatorrizkoen aurrean, hipotesi hau sortu zait, gertutasun espaziala dagoen animalia batzuen artean, badela argitzea beharrezkoa zaigun asmoren bat izan ere, ezin zalantzan jarri delako irudi horiek zerbaitegatik daudela elkartuak eta baduela horrek esanahirik. Gainera, palinpsesto izeneko bata bestearen gainean dauden irudien kronologia, besterik gabe, interpretatzearen aurkako jarrera hartu zuen.
Halako pentsamoldeen ondoren, Laming‑Emperaire eta Leroi‑Gourhanek behin betirako utzi zuten zenbait egilek hartua zuten ikuspuntu etnografikoa, zeinaren arabera orainak lehengoaren berri eman behar zuen, eta Paleolitoko artea interpretatzeko ahalegin guztiak jada aurkituak diren datu nabarmenetan oinarrituak. Irudien formak xehetasun gehiagoz aztertu, ikertu eta sailkatu behar ziren, azaldu ziren bezalaxe, eta beren artean nola dauden elkartuak hobeto begiratu behar zen, gainera. Zergatik azaltzen ziren hain ezohiko taldeak halako arte errealista batean? –galdegiten zuen, Laming‑Emperairek.[34] Halako espeziek edo espezie-taldeek okupatzen duten kokapen pribilegiozkoa, ongi mugatu behar zen, gai nagusiak bigarren mailakoetatik bereizi, eta abar. Hiru urteren buruan, norabide horretan azterturiko 66 haitzuloetako 2.188 irudiren ikerlanetan frogatu zen ondorioak bat zetozela.
Ikerketa modu horrek azpimarratze hau egitera zeramatzan: bada sistema bikoitz bat halako animalia eta zeinuak, beste tankera bateko animaliak eta zeinuak osatu eta kokatzen dituena. Zaldia bisontearekin behin eta berriz figuratiboki parekatzeak –inola ere kasualitatez gertatzen ez denak– iradoki zien oinarrizko sinboloen diadaren ideia. Bikoiztasun honek izadiko bikoiztasun sexuala adierazten du. Zalantzarik gabe historiaurreko gizakiak bazekien espezie bakoitzaren barruan sexua bereizten; baina bere horretan, ez dirudi adierazpena asko axola izan zitzaienik. Urria da sexu-ezaugarrien adierazpena eta horri dagokionez hitz egin izan da, hain zuzen ere, Paleolitoko artearen neurrigabeko lotsaz. Bestalde, horrek guztiak, animalia-espezie bati sexu jakin bat eranstearen sinbolo balioa eman behar zitzaiola pentsarazten du. Horrela, Leroi‑Gourhanen arabera, zaldia, ahuntza eta oreina alde batetik eta azkonak, azagaiak, lerroak eta puntuak bestaldetik, arraren sexua adieraziko lukete. Bisontea eta arma jaurtigaiez zaurituriko animaliak emeari zegozkion gaiak ziren. Funtsean biko konbinaketa hau, besteak bezain sinbolikoa eta osagarria den hirugarren batekin osatuko litzateke: A (zaldia) eta B (bisontea) beste osagarriekin –albokoekin edo bazterrekoekin– elkartuak egon daitezke: D (mamuta, ahuntza edo oreina) edo E (katua, hartza edo errinozeroa)
Irudi hauen haitzuloetako banaketa topografikoa ere bat dator, balio sinboliko zehatza duten eskemekin. Haitzuloetan hiru irudi-talderen banaketa honako hau da:animalia eta arraren zeinuak, sarreratik gertu; emeak, ar bat lagun dutela, erdialdean eta arrak kobazuloaren barrenenean.[35] Beraz, gai figuratibo arruntena, zaldiaz osaturiko bisontearena da. Kobazuloa bera emearen sinbolotzat hartua izaten da; sarrera eta barreneneko animalia eta arren zeinuak haitzulo beraren osagarriak lirateke.
Sexuaren ulermen-modu horretaz gain, heriotzari dagokion beste bat legoke. Azagaia eta zauria, sexuen elkartze eta heriotzaren sinbolotzat harturik, berrituriko bizitzaldi batean kokatuak lirateke, eta hor egileak bi lerro paralelo eta osagaietan antolatuko lirateke: gizona‑zaldia‑azagaia, eta emakumea‑bisontea‑zauria.
Interpretazio konplexu da, eta Annette Laming-Emperairek 1972an aitortzen zuen, interpretazio horrek datu gehitxo uzten zuela ezkutuan eta gehiago oinarritzen zela iradokizunetan, erakustaldi zehatzetan baino. Leroin Gourhanek honako hau dio: Sexu dualismoaren hipotesia, egiaz hutsala eta osatugabea dela; beharrezkoa dela langaiei buruzko beste esperimentazio bat.
Kokapen kritikoak
Historiaurreko ikerlariek, oro har, estimazio handia azaldu dute Leroi-Gourhanen interpretazio-sistema horretan eginiko ahalegin handi eta arduratsuagatik.
Agian, azterketa kritiko bakarra Ucko eta Rosenfeld‑ena izango zen. Horiek esan baitzuten, behin eta berriz, Paleolitoko artearen esanahia ulertzeko eragozpenik handiena bertako biztanleek kobazuloen zein erabilera egiten zuten ez jakitearena dela.[36]
Teoria hauen guztien laburpen bideratzaile bat egin ondoren, hauxe zen Altunaren iritzia: Paleolitoko artearen hain errealitate zabal eta ugaria, hainbeste milurtekotan iraun duena, bide bakar batetik adierazten saiatzea neurriz kanpokoa dirudi. Orain, azterketak Leroi‑Gourhanen lanak hobetzera jotzen du, batez ere, eta beroietatik abiatuta bide berriak urratzera, nahiz eta ekarpenak urriak eta oso geldiro datozenak izan.[37]
Conkeyren arabera, haitzetako zenbait multzotan, adierazpen hauek eman zireneko giza taldeen antolaketa sozialaren agerpen sinbolikoa ikusten. Horrela bada, emetasun zeinuko erdiko taldeek –gizarte matriarkal, uzta-biltzaile eta ehiztarian– emakumeak erdigunean zuen kokalekua sinbolizatuko lukete. Emakumeak taldearen betikotasuna ziurtatu eta familia zaintzen zuen; gizonak, inguruko animaliez sinbolizatuak, aldiz, ehizara irteten ziren.
Teoria hauek denak akats bera dute. Denak saiatu dira den guztia ideia bakar batean adierazten. Agian, denak daude egiarekin.... Leroi‑Gourhanek adierazi duenez, eredu figuratiboak, Paleolitoak izan ala ez, ontzien modukoak izan dira, neurri handi batean hainbat eduki ideologiko beren baitan hartu zitzaketenak.
Baina, desberdinak izanagatik ontzi horiek badute izaera orokor bat sakoneko esanahien kidetasunean. Dena den, giza historiaren hain haserako aroan, geroko hainbatetan bezala, artea erlijioari loturik doala adierazten da.
Paleolitoko artearen amaiera Euskal Herrian
Artean bereiziriko probintzia
Paleolito aldiko euskal arteaz oraindik ezin hitz egin daiteke, garai horretan ez dugulako gorputzez eta kulturaz etnia euskalduna osatua denik aurkitzen; bai ordea, ohartarazi, azaldutako arte adierazpenek badituztela, Pirinioetako artearen barruan eskualde berezi baten antzekoa osatuko luketen zantzu komun batzuk.
« | Ez dago adostasunik Euskal Herria onarturiko eremu batean nahiz bestetan sartzeko, deseroso sentiarazten duten berezitasunak badituela erakusten duelako. Zein taldetan sartu behar da Izturitzeko harpea? Straussen arabera, Solutre aldiko Euskal Herrian; I. Barandiaranen arabera, ez du parekorik Euskal Herrian, eta, Paleolito artearen zeinuen arabera, Casadoren iritziz Euskal Herria berezko nortasuna duen elkarte bat da, kantabriar nahiz piriniotar auzoetatik desberdina. | » |
—[38] |
Euskal Herriko Paleolitoko santutegiak sakonak dira. Horietako bakoitzean animalia bat nagusitzen da. Egiturari dagokionez, irudigileak beren artean harremanetan nekez jar daitezkeen maisuak dira. Nolanahi ere, bereizita geratzen dira euskal eskualdeko artean ikusten diren egitura plastiko kantabriar eta asturiar artetik, zalantzarik gabe. Bestalde, Izturitze harpeak estilistikazko muga bat markatzen duela dirudi piriniotar eta iparraldetar artearekin.
Euskal Herrian, bere Paleolito aldiari buruzko ikerketak bukatzean Ignazio Barandiaranek gure Paleolitoko artearen berezitasuna aipatzean iradokitzen zuen Pirinioak benetako galbahe baten modura jokatuko zuela kultur korronteen iragaitea mugatuz eta hautatuz, ezaugarritsuenaren eszena zehaztuz, baldintzatuz eta nortasun berezi bat emanez. Baina, lehenago, Altxerri eta Ekaingo aurkikuntza handiei buruz idatzi zuen, bertan asturiar edo santandertarrarekin ahaidetasun estuagoa zuela zirudiela piriniotar frantsesarekin baino.[39]
Bilakaeraren mugarriak eta amaiera
Izotzaldiaren azken aldean bukatzen dira, halaber, Azken-Madeleine aldiko arte-adierazpenak. Animaliaren atal desberdinen irudikapena berdintzen duen nolabaiteko pintura kode batetik datorren arauturiko arteak azkenaren berri ematen duela dirudi, (Azken-Madeleineko IV. estiloa, Leroi-Gourhanen ustez) eta erliebetako marren ugaritasunean azaltzen da. Arktiar animaliak desagertu egiten dira arte franko‑kantauriarrekotik. Arte esanguratsuaren isiltasuna dator gero. Breuilek Madeleine aldiko VI.a deritzonaren ondoren, Paleolitoko artean formen deuseztatzea hasten da. Paleolitoko arteak 20 milurteko iraun zuen (K. a. 30.000tik 10.000ra bitartekoak), ondorengo arte-abentura handi guztietan izango den bezala, haurtzarotik hasi eta hemen 5.000 urte iraun zuen aldi handi baten ondoren, gainbehera azkar batetik, bat-bateko amaierara doan bilakaera koherentean bukatuz.
Bibliografia
- APELLANIZ, J. M : Egilea zehaztearen metodoa... “Zephyrus”en, 30-31. or. 1980. El Arte Prehistórico del País Vasco y de sus vecinos. Bilbo, 1982.
- BREUIL, H. l´abbé: Quatre cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´agê du renne. Paris, 1974.
- CHOLLOT-VARAGNAC, M : Les origenes du graphismo symbolique. Essais d´anayse des écritures primitives. Paris, 1980.
- CORCHON RODRIGUEZ, S.: El arte mueble paleolítico cantábrico. Contexto y análisis interno. Madril,1987.
- DELPORTE, H.: L´image des animaux dans l´art préhistorique. Paris, 1990.
- NOUGIER, L. R.: Les grottes préhistoriques ornées de France, d´Espagne et d´Italie. Paris, 1990.
- OUY, G., OUY, K. et PARCEZEWSKA, K. : Les origenes des règles de l´art. Une première enquête. “Annales”en azaroa-abendua, 1972, 1264-1316. or.
- LAMING EMPERAIRE, A.: La signification de l´art rupestre paléolithique. (Parisen 1962). Pour une nouvelle approche dés sociétés préhistoriques. L´omme de Cromagnon-en. 1868-1969. Paris, 1970.
- LEROI-GOURHAN, A.: Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal del paleolítico. Encuentros Ed.1983. Préhistoire de l´art occidental. Paris, 1965. Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Madril, 1984. Símbolos, artes y creencias de la prehistoria. Madrilen.
- LLANOS, A.: Los primeros impulsos artísticos. Alava en tus manos-en. Arabako Aurrezki Kutxa Probintziala. Gasteiz, 1983. Carta arqueológica de Alava.
- LORBLANCHET, M : Les grottes ornées de la Préhistoire. Nouveaux regards. Paris, 1995.
- RAPHAEL, MAX.: Trois essais sur la signification de l´art pariétal paléolithique. Kronos, 1986.
- VV.: L´art de cavernes. Atlas des grottes ornées paleolíthiques françaises. Paris, 1984.
Oharrak
- Lan honetan idazleak, artelana joera espresionista bati lotzen dio, estilo eskematikorekin nahasten delarik. “Les plus importants détails anatomiques ont été supprimés, comme l´oeil, le aussau. La bouche a été transformée en un petit espace en réserveá l´extrémité du nassau, etc.”. Eskematizatzerako joera adierazten duten arrasto desitxuratutzaileak.
- Kobazulo honetan eginiko hainbat indusketa kanpaina 1961ean Munibe aldizkariari eginiko zenbait emanalditan deskribatuak izan dira, 3-4 znb. 1961an, 1-2 znb. 1963an, eta 1965ean, marrazki ugariz apainduak.
- Henri Breuilek 1916an bisitaturiko Santimamiñeko kobazuloa bederatzi kanpainetan ikertu zuten, T. Arantzadi, J.M Barandiaran eta E. Egurenek osaturiko taldeak 1918tik 1926ra bitartean. Guztien ondorenak beren Lan Bildumaren IX. liburukian daude. (La gran Enciclop. Vasca, 1976).
- 1954ean bere hipotesiak ez ziren ia aintzakotzat hartuak izan. Askoz beranduago izan ziren bilduak L´art pariétal paéolithique (Parisen 1985 an) Patrick Brault-en aurkezpen batekin. Ikusi halaber, M LORBLANCHET, Les grottes ornées de la Préhistoire. Nouveaux regards (Paris, 1995) 81. or.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia I liburutik txertatu zen 2014-12-12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Bermúdez de Castro Risueño, José Mª.; J.L. Arsuaga; E. Carbonell; A. Rosas; I. Martínez y M. Mosquera 1997: "A Hominid from the Lower Pleistocene of Atapuerca, Spain: Possible Ancestor to Neandertals and Modern Humans". Science 276: 1392-1395.
- Altuna, J.. (1982). «Haitzetako errealismoa» El arte vasco (Donostia: Erein).
- Leroi-Gorhan, A.. (1984). Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Madril.
- Delporte, H.. (1990). L´image des animaux dans l´art paléolitique. Paris.
- «El arte paleolítico» Historia 16 (Paris).
- Beltrán Martínez, A.. (1989). Ensayo sobre el origen y significación del arte prehistórico. Madril.
- Corchón, S.. (1987). El arte mueble paleolítico cantábrico. Madril, 109 eta hrurengoak or..
- Jordá irakasleari eginiko omenaldia. (Salamanca, 1984).
- Paleolitoko artea Euskal Probintzietan. Problemas de la prehistoria y de la Etnologia vascas. Penintsulako Historiaurrearen IV. Symposiuma. (Iruñea, 1966), 48-79. or.
- Soledad CORCHON RODRIGUEZ, El arte mueble paleolítico cantábrico. Contexto y análisis interno. (Madril, 1987).
- T. ARANTZADI eta J. M BARANDIARAN, Contribución al Arte Moviliar Magdaleniense del País Vasco. (Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba y Urtiaga). o.c. XI.ean, 197-211. or. (Lehen “Eusko-Folklore” VII.ean argitaraturikoa,1927).
- Apellaniz, J. M.. (1988). «La plaquette á chevaux hypertrophiques de Lumentxa (Byscaye) et les styles du Magdalénien Superieur/Final dans le Pays Basque» Munibe 40: 9-14..
- Worringer, W. (1908). Abstraction und Einfühlung. .
- Leroi-Gourhan, A. (1983). Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal paleolítico. Encuentros, 37 or..
- Trois essais sur la significationde lárt pariétal paléolitique. Kronos, 44 or..
- Herbert Kühn. (1923). Die Kunst der Primitiven. Munich, 24 or.) or..
- Ouy-Parczewska, G. (1972). «Les originesdes règles de lárt. Une premièr enquête» Annales 4-5 znb (27an): 1264-1316..
- Historiaurreko artea... (1982), 25-101 eta 219. or.
- Ignacio BARANDIARAN: Las cuevas de Berroberría y Alkerdi (Urdax) Trabajos de arqueología Navarra, ISSN 0211-5174, Nº 12, 1995-96, págs. 263-269
- Kobazulo honetako labarretako irudi guztien deskribapen zehatza J.M APELLANIZen, La caverna de Santimamiñe liburuan dago. Bizkaiko Foru aldundiak argitaratua (Bilbo, 1971)
- Quatre-cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´âge du renne. (Paris, 1974) 342. or.
- Barandiaran, J. M.. (1964). «Las cuevas de Altxerri y sus figuras rupestres» Munibe 3-4: 91-141..
- Apellaniz, Juan Maria. (1976). «Las figuras rupestres paleolíticas de la cueva de Altxerri (Guipuzcoa)» Munibe 1-3: 3-242..
- Altuna, J.. (1947). Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais Vasco. Donostian: Haranburu.
- Munibe 16, 1964, eta 28, 1976.
- Jesus Altuna, Munibe 42, 1996.
- «Paleolitoko artea Euskal Probintzietan» Problemas de la prehistoria... (Penintsulako historiaurrearen IV. Symposuma): 41..
- Historiaurreko artea..., 220.
- Munibe 1976, 1-3 libk. 153.
- Beltran, A.. (1966). «Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri» Problemas de la prehistoria vasca (Iruñea).
- Apellaniz, J. Las figuras rupestres. , 147 or..
- Leroi-Gourhan, A. (1968). Prehistoria del arte occidental. Bartzelona, 337 or..
- Altuna, J. (1997). Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais vasco. Donostia, 199 or..
- La signification de l´art rupestre paléolithique (Paris, 1962) 280. or.
- A. LEROI-GOURHAN, o.c.,147. or.
- UCKO, P. J.; ROSENFELD, A. (1967). Paleolithic Art. Londres.
- RIPOLL, E.. (1989). El arte paleolítico. Madril: Historia 16, 125 or..
- Juan Mª APELLANIZ, El arte prehistórico...21. or.
- I. BARANDIARAN, A. c., 79. or.