Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea
Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea (gaztelaniaz Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria) plataforma bakezale , hiritarra, unitarioa, pluralista eta independentea izan zen.
1989an sortu zen gizarte zibilaren erantzun antolatu bat bezala Euskal Herriak pairatzen duen indarkeri politikoari aurre egiteko asmoz. "Bakearen aldeko Koordinakundea" eta "Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea" bildu zituen. 2013ko maiatzaren 4ean, erakundea desegitea erabaki zuten, ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi eta gero.
Bakea lortzeko bere proiektuaren xede nagusiak honako hauek ziren: hiritarron mobilizazioa handitzea eta indartzea, gizartea kontzientziaraztea indarkeriaren aurka eman beharreko erantzun baketsu baina tinko eta garbiaz duen erantzukizunaz, instituzio publikoek indarkeria desagerrarazteko egiten zuten lana legearen barnean eta giza eskubideak errespetatuz egiten ote zen ikuskatzea eta bakearen kultura sustatzea.
Fabián Laespada eta Xabier Ollo izan ziren erakundearen bozeramaileak. Txema Urkijo kide ezagunenen artean zegoen halaber.
Historia
Bakearen aldeko Koordinakundearen aurrekariak 1982an koka daitezke, Bakearen aldeko Artisauak izeneko higikundea kontzentrazio isilak antolatzen hasi zenean. Hilketa bat zuzenean gaitzesteko aurreneko kontzentrazioa 1985ean egin zen, eta orduz geroztik Euskal Herriko hainbat puntutan deitzen zituzten kontzentrazioak heriotzaren bat eragiten zuen edozein erasoren ondoren.
Bakearen aldeko Koordinakundea 1986an sortu zen, baita Euskal Herriko Bakearen aldeko Elkartea ere. 1988an egin zuen bere lehenengo manifestazioa Bakearen aldeko Koordinakundeak, Bilbon, Bakea zure esku dago goiburuaz. Urte berean, Bakearen aldeko Nazioarteko Martxa antolatu zuen.
1989. urteko maiatzean Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zen, bi higikunde horiek bat egin ondoren. Urte hartako urrian, Eusko Legebiltzarrak 1990eko Nobel sarirako proposatu zuen Koordinakundea.
1993an, Julio Iglesias Zamora ingeniari gipuzkoarra ETAk bahituta zeukala, haren askatasuna aldarrikatzeko begizta urdina proposatu eta zabaldu zuen, hainbat urtez ikur bilakatuko zena.
Bere historiaren azken urteetan hainbat manifestazio, kanpaina, kontzentrazio eta ibilaldi egin zituen, beste ekintza askoren artean, Bakearen aldeko Koordinakundeak. ETAren jarduna ezbairik gabe salatzeaz gainera, eta ETAren aurkako higikunde hiritarrean erreferentzia bilakatzearekin batera, presoen Euskal Herriratzea, GAL auzia argitzea eta indarkeria mota guztiak deuseztatzea eskatu izan zuen. ETAren aurkako higikunde hiritarraren inguruko hainbat ekimen azken urteetan erabat gogortu baziren ere, Bakearen aldeko Koordinakundeak, oro har, jatorrizko ezaugarriei eutsi zien.
2013ko maiatzaren 4an, erakundea desegitea erabaki zen asanbladan, ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi eta gero.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.