Euskal Herria Mendi Erronka
Euskal Herria Mendi Erronka (EHME) 2014an sortutako luzera handiko mendi lasterketa bat da. 67 kilometro ditu, eta 7200 metroko desnibela. Nafarroa Garaiaren ipar-mendebaldean egiten da; izan ere, Leitzan hasten eta bukatzen da, Araizko, Beteluko, Larraungo eta Lekunberriko mendietatik igarota. Mendizaletasuna eta euskara bultzatzeko asmoa du.
Euskal Herria Mendi Erronka | |
---|---|
Sorrera | 2013 |
Tokia | Leitza (Nafarroa Garaia) |
Modalitatea | mendi lasterketa |
Distantzia | 67 km |
Errekorrak | Gizonezkoak: 6:34:37 Ander Iñarra (2023) Emakumezkoak: 7:54:59 Oihana Azkorbebeitia (2023) |
Txapeldunak | Gizonezkoak (2023): Ander Iñarra Emakumezkoak (2023): Oihana Azkorbebeitia |
Webgunea | www.ehmendierronka.eus |
Ibilbidea
EHME lasterketak 67 bat kilometroko luzera du, eta 7.200 metroko desnibela. Leitzatik hasi eta Aresora joaten da. Ondoren, Arribera iristen da. Arribeko mendietatik barrena Betelu herrira heltzen da. Herri honetatik, San Migel mendilerroa zeharkatuz eta kilometro bertikala eginez, Mugirora iristen da, eta hortik Lekunberrira. Azken herri horretatik falta diren mendi eta toki bitxietatik igaroz, berriro ere Leitzara iristen da. Mendi Erronkako ibilbide guztia edo ia guztia mendiz da.
Boluntarioak
Lau boluntario talde aritzen dira antolakuntza lanetan: biltegiko taldea, paella egiten duen taldea, anoa guneetako taldea eta paella banatzen duena.
Biltegiko taldea
Talde horretako kideen lana bi zatitan banatzen da: astean zeharrekoa eta egun bat lehenagokoa. Astean zehar motxilak betetzen dituzte, jelak, kamisetak eta abar sartuta; eta egun bat lehenago, plazan korrikalari bakoitzari bere motxila ematen diote.
Paella egiten duen taldea
700 korrikalarientzat paella egiten dute. Goizean goiz joaten dira plazara, eta hor aritzen dira lanean azken korrikalaria etorri arte.
Anoa guneetako taldea
Talde hau mendian egoten da, eta korrikalariak etortzen direnean eskatzen diotena ematen diete. Bi anoa mota daude: likidoa, eta likidoa eta solidoa. Likidoetan, edaria bakarrik egoten da; eta bestean, berriz, edariaz gain janaria ere egoten da; gominolak, fruitu lehorrak, fruta... Anoa bakoitzak arduradun bat dauka, gauzak ekarri eta eramateko, dena antolatzeko, eta zerbait sobratzen bada plazara eramateko.
Paella banatzen duen taldea
Korrikalari guztiak helmugara iristen direnean haiei janaria ematea da taldearen helburua. Hainbeste korrikalari izaten dira, taldeko kideak txandatuz joan behar izaten dira, nekearen nekeaz. Talde honek guztia oso azkar egin behar izaten du, korrikalariek eskatutakoa ahalik eta azkarren ekartzea dute eginkizuna.
Palmaresa
Urtea | Gizonezkoa | Denbora | Emakumezkoa | Denbora |
---|---|---|---|---|
2013 | Anjel Arrieta | 6:45:51 | Leire Agirrezabalaga | 8:24:08 |
2014 | Iker Karrera | 6:34:11 | Leire Fernandez | 8:02.36 |
2015 | Daniel Agirre | 6:42:54 | Elena Calvillo | 8:23:02 |
2016 | Julen Martinez de Estibariz | 7:03:23 | Oihana Kortazar | 7:55:02 |
2017 | Álvaro Ramos | 6:56:46 | Irene Guembe | 8:30:41 |
2018 | Raul Macarro | 6:59:52 | Izaskun Zubizarreta | 8:32:38 |
2019[1] | Ion Azpiroz | 6:45:07 | Uxue Fraile | 8:04:36 |
2020- 2021 | ez zen jokatu | |||
2022[2] | Ugaitz Artola | 6:56:49 | Oihane Perez | 8:18:32 |
2023[3] | Ander Iñarra | 6:34:37 | Oihana Azkorbebeitia | 7:54:59 |
Erreferentziak
- SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-05-20). «Uxue Fraile eta Ion Azpiroz txapel banaren jabe» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
- «Ugaitz Artola eta Oihana Zubillaga protagonistak, Euskal Herria Mendi Erronkan - Tolosaldea» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
- (Gaztelaniaz) N.G. (2023-06-04). «Ander Iñarra gana la Euskal Herria Mendi Erronka» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).