Euskadi Irratia
Euskadi Irratia euskaraz Euskal Herrirako igortzen duen irrati katea da eta EITB komunikazio talde publikoarena da. 1982ko azaroaren 23an igortzen hasi ziren.
Euskadi Irratia | |
---|---|
Datuak | |
Mota | irrati-estazioa |
Herrialdea | Euskal Herria |
Erabilitako hizkuntza | euskara |
Agintea | |
Jabea | EITB |
Jasotako sariak | Argia Sariak (2013) |
webgune ofiziala |
Historia
“Euskadi Irratia” izena behin baino gehiagotan erabili izan da. Eztabaidagarria da terminoa erabili izan den aldiek lotura duten haien artean edo ez.
Frankismo garaian
1937an, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzak irrati igorgailu bat ezarri zuen Itziarren, Getari baserrian. Bilbo erori ondoren baina, irrati zerbitzu horrek igortzeari utzi zion.
10 urte beranduago, erbestean zen Jaurlaritzak irrati bat ezartzearen proiektua berrartu zuen. Era honetara, 1946ean Mugerretik (Lapurdi) ekin zitzaien irrati berri horren frogei, eta 1947ko otsailean emititu zen lehen programa ofiziala.
Irratiak erresistentzia izaera zuen, Hego Euskal Herrian frankisten gehiegikeriak salatzeko eta mezu abertzaleak zabaltzeko erabiltzen zen. 1954. urtean ordea, frankisten eskakizunei erantzunez, Frantziako gobernuak irratia itxi zuen.
Bigarren etapa hori ere, irratiaren itxierarekin amaitu zen, baina hirugarren saiakera bat ere izan zen.
Bederatzi urte igaro ondoren, 1965eko uztailaren 10ean ekin zioten emisioari berriro, orduan Caracasetik (Venezuela). Uhin ertainean emititzen zuen irrati horrek, Amerikatik Euskal Herrira iritsi ahal izateko. Erbestean egon arren, irrati klandestinoa zen, Venezuelako oihanean kokatu zituzten beharrezko azpiegiturak.
Zailtasun ugarirekin, baina 1977 arte lortu zuten emisioa mantentzea. Irratia osatzen zutenek erabaki zuten etapa horri bukaera ematea.
Irrati publikoa
Eusko Jaurlaritzaren irrati publikoa izango zenaren proiektua 1982. urteko udaberrian abiatu zen. Ramon Labaien zen garai hartan Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, eta hark Joxe Mari Otermini eman zion irratia egituratzeko enkargua.
Oterminek Loiolako Herri Irratian ziharduen, eta Labaienen enkargua onartuta, hango esatari asko fitxatu zituen Irrati berrirako. Euskara izanik elementu garrantzitsuena, kazetariak ez ezik filologoak ere fitxatu zituen hastapen horietan. Alegia, euskaraz ondo jarduten zuten profesionalez inguratu zen hasiera haietan.
Hala, 1982ko azaroaren 23an ekin zitzaien lehen emisioei, Donostiako Andia kaleko egoitzatik.
Esatariak
Irrati esatari ezagunen artean, Iñaki Guridi, Maider Segurola, Olaia Urtiaga, Arantxa Iturbe, Manu Etxezortu, Maite Artola, Joseina Etxeberria, Gorka Otaegi edo Txetxu Urbieta ditugu.
Gaur egungo irratsaioak eta esatariak
- Faktoria: Iñaki Guridi eta Maider Segurola
- Baipasa: Olaia Urtiaga
- Amarauna: Gorka Otaegi
- Goizak gaur: Iñigo Alustiza
- Hiru Erregeen Mahaia: Txetxu Urbieta, Kepa Iribar, Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta...
- Mezularia: OIhane Perez
- Norteko ferrokarrila: Guillermo Roa.
- Ekosfera: Guillermo Roa
- Kantu Kontari: Joseina Etxeberria
- Portobello: Asier Leoz.
- Katedra: Kepa Iribar
- Beste 40 urtean: Manu Etxezortu