Eusebio Ollo
Eusebio Ollo Miranda (1838-1917) nafar farmazialaria izan zen.
Eusebio Ollo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Altsasu, 1838ko abuztuaren 11 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Lizarra, 1917ko urtarrilaren 27a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | farmazialaria |
Lehen urteak eta formakuntza
Francisco Javier Ollo Errazkin (1791-1869) eta María Micaela Miranda Elizalderen semea zen. Eusebio Altsasun jaio zen 1838ko abuztuaren 11n. Gaztelaniaz ez zekienez, askotan burdinazko eraztuna janztera behartu zuten eskolan gazteleraz hitz egin zezan.
Aitak bezala, farmazian lizentziatu zen.
1866ko otsailaren 4an Carolina Elordi Lipuzkoarekin (1842-1871) ezkondu zen Iruñeko San Juan parrokian. Carolina Gaspar Elordiren alaba zen, Filipinetan erbesteratu eta Manilako audientziako presidente izan zen Lizarrako liberala. Bikoteak Aniana (1866-1950) alaba izan zuen, Daniel Irujo Urrarekin ezkondu eta 1936ko uztaileko altxamenduaren ondoren Buenos Airesen erbesteratuta hil zena.
Jarduera politikoa eta laborala Lizarraldean
Eusebio Ollok bere aitak Francisco Javier Ollo Errazkinek (1791-1869) Lizarrako Inmaculada pasealekuan 1850eko abuztuaren 3an jarri zuen botika oinordetzan jaso zuen. Beste zenbait negozioetan ere aritu zen. 1914ko ekainean, Urederra ibaiko urak aprobetxatuz, Lizarraldean energia elektrikoa ekoizteko baimena eman zioten.
Hogeita hamar urte zituela politikan esku hartu zuen lehenengo aldiz eta Lizarrako zinegotzi hautatua izan zen 1866ko azaroan eta 1868ko abenduan; azken hauteskunde hauen ondoren alkateordea izendatu zuten. Garai hartako bi alderdiekin, karlistekin eta liberalekin, bat egiten ez bazuen ere, adiskide zen Antonio Dorregaray jeneral karlistarekin. Azken honek hainbat argazki bidali zizkion bai eta egun Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan gordeta dagoen txapela eta zauritu zutenean beso-euskarriaren gerrikoa. Bestalde, 1868ko hauteskundeetan udaletxeko sei hautagaiak aukeratu ondoren, gobernadore zibilak kargu publikoak eten zituen 1869ko uztailean, konstituzioa zin egiteari uko egiteagatik. Honek adierazten du Ollo eta udaletxeko beste ordezkarien karlismoarekiko kidetasuna.
Lizarran hil zen Carolina Elordi 1871eko abuztuaren 8an.
Bigarren Karlistaldian ez zuen Ollok aktiboki parte hartu gerran baina, 1873ko abuztuaren 24an hiria karlistek okupatu zutenean, Dorregaray jenerala Ollorekin bildu zen. Botikari gisa, Gurutze Gorriarekin kolaboratu zuen eta hiria defendatzen zuten tropa karlistek sendagaiak eta bestelako beharrak hornitzen parte hartu zuen.
1882ko foru hauteskundeetan Estanislao Aranzadi Izkueren hautagaitzaren aurka egin zuen batzordeko kide izan zen, eta horrek adierazten du garai hartan ez zela Nafarroako Euskal Elkargoaren aldekoa.
1904an Ollo Lizarrako Círculo Católico de Obreros elkarteko kide zen, Lizarrako laurogeiko hamarkadako kontserbadoreekin lotutako elkartea.
Eusebio Ollo Lizarran hil zen 1917ko urtarrilaren 27an 79 urte zituela.