2020ko Eurovision Abesti Lehiaketa

2020ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 65. edizioa izan beharrekoa zen, COVID-19 pandemiak antolatzea eragotzi zuena.[1] Rotterdamgo Ahoy aretoan egin beharrekoa zen, Herbeheretan. Ekitaldia bosgarren aldiz antolatu behar zuten Herbehereek. Finalerdiak maiatzaren 12 eta 14an jokatu behar ziren, eta final handia maiatzaren 16an.[2] Aurkezleak Chantal Janzen, Edsilia Rombley eta Jan Smit izan behar ziren. Rotterdamek 2021ko lehiaketa hartuko zuen, baina 2020ko lehiaketarako aukeratutako abestiak ez ziren hautagarriak izan.[1]

2020ko Eurovision Abesti Lehiaketa
Lehen finalerdia Maiatzak 12, 2020
Bigarren finalerdia Maiatzak 14, 2020
Finala Maiatzak 16, 2020
Egoitza Rotterdam Ahoy, Rotterdam
Aurkezlea(k) Chantal Janzen
Edsilia Rombley
Jan Smit
Antolatzailea AVROTROS
Nederlandse Omroep Stichting (NOS)
Nederlandse Publieke Omroep (NPO)
Partaide kopurua 41
Irabazlea Irabazlerik ez, bertan behera utzita COVID-19 pandemia dela eta

41 herrialde ziren parte hartzekoak guztira, 2019ko kopuru berdina.[3] Bulgaria eta Ukraina urte bateko eten baten ostean itzultzekoak ziren. Bestalde, Hungaria eta Montenegrok partaidetzari uko egin zioten.

Lehiaketa bertan behera utzi ondoren, EBUk eta herbeheretar telebista antolatzaileek ordezko saio berezi bat antolatu zuten 2020ko finalaren datarako, Eurovision: Europe Shine a Light izenekoa.

Kokapena

Rotterdam Ahoy, lehiaketaren egoitza izan beharrekoa.

Historian bosgarren aldiz, lehiaketa Herbehereek antolatu behar zuten, herrialdeak 2019ko edizioa irabazi ondoren Duncan Laurence abeslariaren eskutik. Aurretik Hilversumen (1958), Amsterdamen (1970), eta birritan Hagan (1976 eta 1980) egin zen ekitaldia. Lizitazio prozesu bat burutuz, 2019ko abuztuaren 30ean Rotterdamgo Ahoy aretoa hautatu zuten 2020ko egoitza bezala Herbehereetako irrati-telebista erakunde publikoek (AVROTROS, NOS eta NPO) eta Europako Irrati-Telebista Batasunak.[2] Aretoan 16.000 pertsona inguru sar daitezke.

Lizitazio prozesuan, Rotterdamez gain, Arnhem, 's-Hertogenbosch, Maastricht eta Utrecht izan ziren hautagai ofizialak,[4] eta hauetatik Rotterdam eta Maastricht izan ziren hautagai finalistak.[5]

2020ko martxoaren 18an, COVID-19 pandemiaren eraginez edizioa bertan behera utziko zela iragarri zenean, hurrengo urteko edizioa (2021ekoa) Rotterdamen antolatu ahal izateko elkarrizketak zabalduko zituela adierazi zuen EBUk.[1]

Formatua

Ikus-diseinua

Edizioaren leloa, Open Up (euskaraz "Ireki zaitez") 2019ko urriaren 24an aurkeztu zen, eta bere ikus-diseinua 2019ko azaroaren 28an.[6][7] Logo nagusiak 41 herrialde partaideen banderen koloreak biltzen ditu borobil batean; erlojuaren zentzuan orden kronologikoan azaltzen dira lehiaketan egin zuten lehen agerraldiaren dataren arabera. Infografia, apainketa, eszenatokiaren diseinua, eta merchandisina, besteak beste, ikus-diseinu honetan oinarritu beharrekoak ziren.

Aurkezleak

2019ko abenduaren 4ean, lehiaketaren hiru aurkezleak ezagutarazi ziren. Chantal Janzen aktorea, abeslaria eta telebista aurkezlea da, Edsilia Rombley abeslaria eta telebista aurkezlea da, 1998an eta 2007an Eurovisionen Herbehereen ordezkaria izandakoa, eta Jan Smit abeslaria eta telebista aurkezlea da.[8]

Finalerdien zozketa

Herrialde partaideak bi finalerdietan banatzeko zozketa 2020ko urtarrilak 28an ospatu zen, Rotterdamgo udaletxean. Finalerdietako 35 partaideak 5 pototan kokatu ziren lehenik, bere bozketa joera historialaren arabera. Finalera zuzenik sailkatutako herrialdeek – Big 5 taldeko herrialdeak (Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia eta Italia) eta herrialde antolatzailea (Herbehereak) – zein finalerditan zegokien botoa ematea ere erabaki zuen zozketak.[9]

1. potoa 2. potoa 3. potoa 4. potoa 5. potoa

Lehiaketa

Lehiaketa bi finalerdi eta final bat izan beharrekoa zen. Big 5 taldeko herrialdeak (Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia eta Italia) eta herrialde antolatzailea (Herbehereak) zuzenki sailkatuak zeuden finalera. Gainontzako herrialdeak bi finalerdien artean banatu ziren, finalerdi bakoitzeko hamar lehen sailkatuak lortu behar zutelarik finalerako pasea.

Lehiaketa bertan behera utzi aurretik, 41 herrialde partaideek aukeratuak zituzten ordezkariak.[1]

Lehen finalerdia

Finalerdiko partaideez gain, Alemania, Herbehereak eta Italia botoa ematekoak ziren.

Herrialdea Hizkuntza Artista Abestia Euskarara itzulpena
Lehen zatia
 Australia Ingelesa Montaigne "Don't Break Me" Ez nazazu hautsi
 Bielorrusia Bielorrusiera VAL "Da vidna" (Да вiдна) Egunsentia baino lehen
 Errusia Ingelesa[fe1 1] Little Big "Uno" Bat
 Eslovenia Esloveniera Ana Soklič "Voda" Ura
 Ipar Mazedonia Ingelesa Vasil "You" Zeu
 Irlanda Ingelesa Lesley Roy "Story of My Life" Nire bizitzaren istorioa
 Lituania Ingelesa The Roop "On Fire" Sutan
 Suedia Ingelesa The Mamas "Move" Mugitu
Bigarren zatia
 Azerbaijan Ingelesa Efendi "Cleopatra" Kleopatra
 Belgika Ingelesa Hooverphonic "Release Me" Aska nazazu
 Errumania Ingelesa Roxen "Alcohol You" Deituko dizut[fe1 2]
 Kroazia Kroaziera Damir Kedžo "Divlji vjetre" Haize bortitza
 Israel Ingelesa, Amharera[fe1 3] Eden Alene "Feker libi" (ፍቅር ልቤ) Nire maitasuna
 Malta Ingelesa Destiny "All of My Love" Nire maitasun guztia
 Norvegia Ingelesa Ulrikke "Attention" Arreta
 Ukraina Ukrainera Go A "Solovey" (Соловей) Urretxindorra
 Zipre Ingelesa Sandro "Running" Lasterka
  1. Hitz batzuk gaztelaniaz.
  2. Ingelesezko hitz-jokoa "I'll call you" (deituko dizut) eta "alcohol" (alkohol) hitzekin.
  3. Lerro batzuk hebreeraz, arabieraz eta hizkuntza eraikian ere.

Bigarren finalerdia

Finalerdiko partaideez gain, Erresuma Batua, Espainia eta Frantzia botoa ematekoak ziren.

Herrialdea Hizkuntza Artista Abestia Euskarara itzulpena
Lehen zatia
 Austria Ingelesa Vincent Bueno "Alive" Bizirik
 Estonia Ingelesa Uku Suviste "What Love Is" Zer den maitasuna
 Grezia Ingelesa Stefania "Superg!rl" Superneska
 Islandia Ingelesa Daði og Gagnamagnið "Think About Things" Pentsatu gauzetan
 Moldavia Ingelesa Natalia Gordienko "Prison" Espetxea
 Polonia Ingelesa Alicja Szemplińska "Empires" Inperioak
 San Marino Ingelesa Senhit "Freaky!" Xelebre!
 Serbia Serbiera[fe2 1] Hurricane "Hasta la vista" Ikusi arte
 Txekia Ingelesa Benny Cristo "Kemama"
Bigarren zatia
 Albania Ingelesa Arilena Ara "Fall from the Sky" Zerutik erorketa
 Armenia Ingelesa Athena Manoukian "Chains on You" Kateak zugan
 Bulgaria Ingelesa Victoria "Tears Getting Sober" Malkoak mozkorra kentzen
 Danimarka Ingelesa Ben & Tan "Yes" Bai
 Finlandia Ingelesa Aksel Kankaanranta "Looking Back" Atzera begira
 Georgia Ingelesa[fe2 2] Tornike Kipiani "Take Me As I Am" Har nazazu naizen bezala
 Letonia Ingelesa Samanta Tīna "Still Breathing" Oraindik arnasten
 Portugal Portugesa Elisa "Medo de sentir" Sentitzeko beldurra
 Suitza Frantsesa Gjon's Tears "Répondez-moi" Erantzudazu
  1. Lerro batzuk ingelesez eta gaztelaniaz ere.
  2. Lerro batzuk alemanez, frantsesez, gaztelaniaz eta italieraz ere.

Finala

Hurrengoak finalera zuzenki sailkatuak zeuden herrialdeak dira.

Herrialdea Hizkuntza Artista Abestia Euskarara itzulpena
 Alemania Ingelesa Ben Dolic "Violent Thing" Gauza bortitza
 Erresuma Batua Ingelesa James Newman "My Last Breath" Nire azken arnasa
 Espainia Gaztelania Blas Cantó "Universo" Unibertso
 Frantzia Frantsesa, Ingelesa Tom Leeb "Mon alliée (The Best in Me)" Nire kidea (Nire hoberena)
 Herbehereak Ingelesa Jeangu Macrooy "Grow" Hazi
 Italia Italiera Diodato "Fai rumore" Egizu zarata

Ordezko saioa

Ohiko lehiaketa bertan behera utzi ondoren, EBUk eta bere herbeheretar kideek ordezko saio berezi bat antolatu zuten, Eurovision: Europe Shine a Light izenekoa. Finala ospatu behar zen data berdinean (maiatzaren 16a) eman zen, Hilversum hiriko Studio 21-etik. Aurkezleak Chantal Janzen, Edsilia Rombley eta Jan Smit izan ziren, 2020ko lehiaketa auzkeztu behar zutenak.[10]

Saio bereziaren formatuan, lehiaketarako aukeratuko abestiak entzun ahal izan ziren zati baten, lehiarik gabe. Horrez gain, aurreko edizioetako partaide batzuek Eurovisionen iraganeko abesti ospetsuak abestu zituzten Europako hainbat toki ezagunetatik. Azkenik, partaide guztiek haien etxeetatik abestutako Love Shine A Light kantaren nahasketa bat erakutsi zen (kantak 1997ko Eurovision Abesti Lehiaketa irabazi zuen Erresuma Batuaren izenean, Katrina and the Waves talde ospetsuak abestua).

Emanaldiaren beste momentu nabarmenen artean, hauek aurkitzen ditugu: AVROTROSen orkestak Love Shine A Light-en bertsionatzea Europan zehar monumentu ezberdinak argitzen ziren bitartean; italiar leihatzaile Diodatok bere kanta "Fai rumore" Veronako arenatik abestea; edota 2019ko irabazleak, Duncan Laurence-k, bere kanta irabazlea (Arcade) abestea.

Erreferentziak

Kanpo estekak


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.