Eulalie Papavoine
Eulalie Papavoine (Auxerre, 1846ko azaroaren 11 – Châlons-en-Champagne, 1875eko maiatzaren 24a) Parisko jostuna izan zen. Parisko Komunan parte hartu zuen ambulancière (kanpaina-ospitaleko erizaina) gisa.
Eulalie Papavoine | |
---|---|
Eulalie Papavoine. Eugêne Appert-ek Versailleseko Chantiers espetxean eginiko argazkia. Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotza | Auxerre, 1846ko azaroaren 11 |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Châlons-en-Champagne, 1875eko maiatzaren 24a (28 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | Communarda, Kantinera eta seamstress (en) |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Parisko Komuna |
Biografia
Parisko Komuna
Eulalia Papavoine ezkongabea zen eta Rémy Balthazar zizelatzailearekin bizi zen. Rémy Balthazar Guardia Nazionalaren 135. batailoiko kaporal federatua zen. Harekin Papavoinek seme bat izan zuen.[1] Parisko Komunan, ambulancière gisa segitu zion bikotekideari Neuilly, Issy, Vanves eta Levallois-en.[2]
Atxiloketa eta epaiketa
Aste odoltsuaren ondoren, Papavoine atxilotu eta Satoryn giltzapetu zuten. Matxinadako buruzagitzat hartu zutenez, Versaillesko Chantiers espetxera bidali zuten, beste berrogei emakumerekin batera. Geroago, zentzategira bidali zuten, eta bertan oso baldintza zailetan egon zen.[3] Édith Thomasen arabera, «errepresioak ez zien bakarrik erasan armak eskuetan harrapatu zituzten borrokalariei [...], ausaz jotzen zuen. Emakume pobre oro susmagarria zen»[4]. Atxilotutako emakumeek, ez bazituzten segituan hiltzen (Aste Odoltsuan, 52 emakume fusilatu edo bestela hil egin zituzten)[5], Parisko jendetzaren iseka eta irainen artean ibili behar izaten zuten.
Pétroleuse-en prozesua 1871ko irailaren 3an hasi zen.[6] Papavoineri Solferino kaleko etxe batean Léontine Suétens-ekin batera hiru zapi ostu izana leporatu zioten.[2] Etxe hartan, kanpaina-ospitale bat instalatu zuten, eta bertan artatu zituzten Rapp etorbidean gertatutako leherketa baten ondorioz zauritutakoak.[7] Papavoinek zaurituak erreskatatzen zituen, lehen zainketak ematen zizkien Solferino kalean eta gero Karitateko ospitalera eramaten zituen.[8]
Papavoinek ez zuen aurrekari judizialik, eta ukatu egin zuen auzoko suteetan parte hartu izana.[2] Hala ere, onartu zuen Solferino kaleko etxe batean kanpaina-ospitale bat antolatu zuela.[8]
« | —Inguruko etxeei su emango zietela susmatzen bazenuen, [...], zergatik ez zenituen, bada, miserable haiek abandonatu? —Nire maitalearen patuari jarraitu nahi nion. —Zergatik geratu zinen bertan [...] batailoiak ihes egin zuenean? —Zaurituak eta hildakoak gure ardurapean zeuden. |
» |
Zigorra
1871ko irailaren 4an, gotorleku batean deportatua izateko zigorra eta degradazio zibikoa ezarri zizkioten. Atxilotuta jarraitzen zuen bitartean, Satoryko kaian preso zegoen bere bikotekide Rémy Balthazarrekin ezkontzen utzi zioten, beren semea, garai hartan lau urte zituena, legitimatu ahal izateko.[2]
Prozesu hartan, Victor Hugok Théophile Ferré eta Louis Rossel defendatu zituen, baina baita hiru emakume ere: Eulalie Papavoine, Léontine Suétens eta Joséphine Marchais. Idazle frantziarraren ustez, matxinatuak ez ziren kriminal arruntak, borrokalari iraultzaileak baizik. Hiru emakumeen defentsan, gainera, auzi sozialaz baliatu zen[9][10]:
« | Zorigaiztoko hiru emakume horientzat, Marchais, Suetens eta Papavoinerentzat, bizitza eskatzen dut, eta aitortzen dut, nire adimen ahulean, frogatuta dagoela zapi gorriak zeramatzatela, Papavoine izen ikaragarria dela, eta barrikadetan ikusi zituztela —borrokatzen, beren salatzaileen arabera, zaurituak artatzen, haien arabera—. Beste gauza bat ere frogatu da, haietako bat ama dela, eta bere heriotza-sententziaren aurrean esan zuela: «Ongi da, baina nork emango dio jaten nire umeari?»
Bizitza eskatzen dut ume horrentzat. Utz iezadazue kontu honetan une batez gelditzen. Nork emango dio jaten nire umeari? Hitz hauetan aurkitzen da gizartearen zauri osoa. Badakit erridikulua izan nintzela joan den astean Frantziako zorigaitzen aurrean frantsesen arteko batasuna eskatzean, eta aste honetan ere barregarria izango naizela konbiktoen bizitza eskatzean. Badakit, eta etsi egin dut. Beraz, hemen ama bat dago, hil behar duena, eta hemen haur txiki bat dago, bera ere, ondorioz, hilko dena. Gure justiziak halako arrakastak lortzen ditu. Ama erruduna al da? Erantzun ezazue: bai ala ez? Eta umea?, erruduna al da umea? Ausart zaitezte baietz erantzutera. |
» |
Victor Hugo. Depuis l'exil |
Eulalie Papavoine Châlons-sur-Marneko asiloan hil zen 1875eko maiatzaren 24an.
Papavoineren irudia
Eulalia Papavoine prostituta iraultzailearen mitoarekin parekatua izan zen, eta geroago, pétroleuse ustez su-emailearenarekin.[11][12]
Prostituta iraultzailearen mitoa
« | Plazer handia sentitu dut gaur goizean Mademoiselle Papavoine pétroleuse-aren historiari esker, zeinak, barrikaden erdian, hemezortzi herritarren omenaldiak jaso baititu egun bakar batean. Txundigarria, benetan.[13] | » |
Gustave Flaubert, Correspondence. 1871, 279. or. |
Roger Bellet akademikoaren ustez, Flaubertek 1848tik aurrera garatu zen mito ezagunera jotzen du, garai iraultzaile handi hartako prostituta enblematikoaren mitora, hain zuzen, baina bere zentzua erabat aldatuz. Lehen Askatasunaren alegoria bizia zena orain ez da martzurkeriarik gabea Flauberten begietarako: emakume publikoaren sinbolo mugiezin eta beldurgarria da.[14]
Pétroleuse-aren mitoa
Bertall-ek, Bigarren Inperioko karikaturagile sozialak Komunako emakumeei buruz eginiko irudi serian, Papavoine XIX. mendeko antiemakume gisa agertzen da, hau da, ama eta emazte txarra, edaten eta erretzen duen emakume histerikoa. Eulalie Papavoine eta berarekin batera akusaturiko emakumeen epaiketa 1871ko uda eta udazkenean foiletoietan serializatua izan zen.[15]
Pierre Casselle artxibozainaren aburuz, "epaiketan prozesaturiko emakumeek —communardes, gehienak suteak eragiteagatik akusatuak—, kontakizun ilustratuetan aurkezten zituzten moduan, ez zuten inolako errukirik eragiten, erabateko sumindura eta gaitzespena baizik". Erretratu fisikoek haien gizatxarkeria agerian utzi behar zuten, eta horregatik, prozesuan zeuden berriemaileek, «emakume haiek —Rétiffe, Marchais, Bocquin, Suétens, Papavoine— sudur harroaz, begi biziotsuez, erbinude-buru batez apainduta, ile eta xigola zikinez orraztuta, eta aurpegia lizunkeriak hondaturik aurkezten zituzten».[15]
Papavoine gerokoen begietara
Jean Jaurès, bere Histoire socialiste liburuan, Eulalie Papavoineren prozesua aztertu zuen. Bere ustez, epaiketa politikoa izan zen eta akusatuak jazarpen judiziala jasan zuen: «Magistratuek —botak oraindik odolez lohiturik zituzten ofizialak, ofizialordeak eta soldaduak— baionetaz egindako erasoak balira bezala zuzendu zituzten epaiketa haiek, non, hau eskarnioa! epaitu egin zituzten lehenago, borroketan edo ondorengo sarraskian, hil ezin izan zituzten presoak. Hala eta guztiz ere, epaiketa haiek agerian utzi zuten galtzaileei egotzi nahi izan zitzaizkien karguen huskeria».[16]
Louise Michelek, bere Mémoires liburuan, Louis-Auguste Papavoine kriminalarekin zuen zoritxarreko homonimiari[17] egotzi zion Eulalie Papavoineren atxiloketaren arrazoia: «Eulalie Papavoine lan behartuak egitera kondenatu zuten halabeharrak emaniko izenagatik; Papavoine legendariaren senidea ere ez zen, baina pozarren zeuden izen hori han entzunik»[18].
XX. mendean, Édith Thomas-ek, Pétroleuse-en kasuaz arduratu izan den lehen historialariak, segurtzat ematen du Papavoineren errugabetasuna: epaitutako bi emakumek «parte hartu zuten, agian, suteetan, baina, zalantzarik gabe, ez ziren izan Élisabeth Rétiffe, Léontine Suétens, Joséphine Marchais edo Eulalie Papavoine, zeinak, hala ere, pétroleuses gisa kondenatu zituzten, errudunik aurkitzen ez zutelako.»
Savigny-le-Templeko kale bati Eulalia Papavoine izena jarri diote.[19]
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Template:Eulalie Papavoine» artikulutik itzulia izan da, 2022-10-15 data duen 197799363 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-10-15 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- Thomas, 2021. 236. or.
- (Frantsesez) PAPAVOINE Eulalie [Jeanne, Eulalie. ] Maitron/Editions de l'Atelier 2020-06-30 (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- Thomas, 2021. 224-225. or.
- Thomas, 2021. 221. or.
- Thomas, 2021. 220. or.
- Thomas, 2021. 234. or.
- Thomas, 2021. 236-237. or.
- Thomas, 2021. 237. or.
- Thomas, 2021. 245. or.
- (Frantsesez) «Page:Hugo - Actes et paroles - volume 6.djvu/26 - Wikisource» fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Frantsesez) Sutton, John. (2022). «Présumées coupables - Les pétroleuses» www.commune1871.org (Les Amies et Amis de la Commune de Paris 1871) (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Ingelesez) Schrevel, Margreet. «A Dozen Portraits of Pétroleuses - Introduction» iisg.nl (International Institute of Social History) (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Frantsesez) Lagorgette, Dominique. (2019). «La ou les pétroleuses? Du politique au sexuel, et retour». in La face cachée du genre: Langage et pouvoir des normes. Presses Sorbonne Nouvelle. «Sciences du langage» bilduma. ISBN 978-2-87854-948-5. PMC 1125750869. (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Frantsesez) Bellet, Roger. (1987). «La prostituée emblématique du 24 février 1848 ou le traitement de l’Histoire par D. Stern et Flaubert» Revue d'Histoire du XIXe siècle - 1848 3 (1): 41–49. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Frantsesez) Peyret, Emmanuèle. (2011). Pétroleuses de la Commune. Libération, 23 août 2011.
- (Frantsesez) Jaurès, Jean. Histoire socialiste (1789-1900). Wikisource, la bibliothèque libre, Page:Jaurès - Histoire socialiste, XI.djvu/495 or. (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- (Frantsesez) Causes criminelles célèbres du XIXe siècle, rédigées par une société d'avocats. Tome 1. 1827-1828 (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- Michel, Louise. (1886). Mémoires de Louise Michel, écrits par elle-même. F. Roy, libraire-éditeur, 180–202 or. (Noiz kontsultatua: 2022-10-15).
- Thomas, 2021. 252. or.
Bibliografia
- (Frantsesez) Thomas, Édith. (2021). Les «Pétroleuses». Gallimard, 394 or. ISBN 978-2-07-287973-9..