Euglena

Euglena ur gezatan bizi den protista zelulabakarra da. Algen taldean sailkatzen da, autotrofoa delako, nahiz eta ikerlari batzuek protozooekin oso lotuta dagoen iradoki, tarteka kimiorganotrofo moduan ere jardun dezakeelako. Euglenak animalia eta landareen arteko muga, hainbat kasutan, oso lausoa dela agerian uzten du. Protista erreinuan sailkatzean arazo hori ekidin egiten da.

Euglena
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaProtozoa
FilumaEuglenozoa
KlaseaEuglenophyceae
OrdenaEuglenida
FamiliaEuglenidae
SubfamiliaEugleninae
Generoa Euglena
Ehrenberg, 1830
Euglena
(1) Flagelo
(2) Estigma
(3) Paramilo
(4) Kloroplasto
(5) Bakuolo
(6) Nukleo

Euglenak bi flagelo ditu, bata oso txikia, eta beste luzea. Flagelo luzearen bidez igeri egiten du. Genero honetako espezie gehienek kloroplastoak dituzte eta landareen fotosintesia burutzen dute. Batzuetan kloroplastoak galtzen dituzte (esaterako, estreptomizina antibiotikoaren ondorioz: honek kloroplastoen ugalketa galarazten du, Euglenaren ugalketa inhibitu gabe), eta orduan materia organikoz elikatzen dira, kimiorganotrofoen antzera.

Bere luzeera 200µm-etaraino hel daiteke. Protista hau inoiz ez da patogenoa, eta 100 espezie baino gehiago ditu.

Fotosintesia burutzeko Euglenak a eta b klorofilak ditu, eta baita karotenoideak ere, landareen antzera.

Karbonoa metatzen du paramilo izeneko molekula baten bidez; ez du, beraz, almidoirik sortzen.

Morfologia

Bizidun zelulabakar honek ez du benetako zelula hormarik, landareek bezala (hauek zelulosaz osaturiko zelula horma sendoa dute). Horrek malgutasuna ematen dio, uhin-mugimendua burutzeko gai izanik.

Aurreko aldean, flageloa dagoen tokian, inbaginazio bat dauka. Horren ondoan estigma izeneko fotorrezeptorea, karotenoideak dituena, Euglena argirantz mugiarazten duena.

Kloroplasto ugari ditu fotosintesia burutzeko.

Bakuolo handi batek, uzkurgarria denak, zelularen gehiegizko ura jaso eta inbaginazioan isuri egiten du. Bakuolo hori puztu eta hustu egiten da, tarteka.

Bipartizioaren bidez ugaltzen da. Genero honetako espezie gehienak ur gezatan bizi badira ere, gutxi batzuk itsastarrak dira.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.