Eugen Beihl
Eugen Beihl Shaeffer (1911) Alemania Federalaren ohorezko kontsula Espainian eta interes alemaniarren ordezkaria (Bayer, etab.) Espainian.
Eugen Beihl | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | 1911 (112/113 urte) | ||
Herrialdea | Mendebaldeko Alemania | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | alemana gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | manufacturers' representative (en) |
Bahiketa
ETA erakundeko Juan Jose Etxabek zuzendutako komando batek bahitu zuen, 59 urte zituela, Donostian (Gipuzkoa), 1970eko abenduaren 1ean, Burgosko prozesua nazioartekotzeko asmoz. Komandoak bere etxeko garajean itxaron zion eta, metraileta puntan, bere autoan sartzera behartu zuen. Autoan Ipar Euskal Herrira eraman zuten.[1]
Bere itxialdian elkarrizketa bat izan zuen Sud Ouest Maingot-eko kazetariarekin. ETAk bahitu zuen lehen pertsona izan zen, eta 24an askatu zuten, aita Piarres Larzabalen (Anai Artea) eta Alemaniako bigarren kateko bi kazetariren gestioei esker.[2]
Zuberoako Montorin izan zuten bahitua, Zuberoan. Bahitua apaiz etxean gorde zuen (gaur Udaletxea den eraikinean), Pierre Legarto apaizaren laguntzarekin. Etxabek proposamena egin zion Beihli: ihes egiten saiatzen ez bazen, nahi zuen guztia ekarriko zietela (janaria, telebista, egunkariak...) eta eguberri egunerako etxean izango zela. Horrela egin zuten, eta zerbeza kaxa oso bat edaten omen zuen egunero. Halere, gabonetako gau batean, Beihlek zaintzaileak erdi lo ikusi zituen telebistaren aurrean, eta etxetik ihes egin zuen.[3]
Gau hartan, urde hiltzea zela eta, festa giroa zegoen Montorin: kaleak eta bi ostatuak jendez beteak. Haietako batean sartu zen Beihl, dutxatu gabe eta beroki azpian pijama zeramala. Jendea begira geratu zitzaion, eta oihuka hasi zen: "Lagundu mesedez! Alemaniako kontsula naiz!". Hasieran, herritarrek bere itxura ikusita (pijaman eta mintzaira ulergaitzean), ez zioten sinetsi, burutik ongi ez zegoelakoan. Harekin hizketan, "Jardinean bi palmondo" zituen etxe batetik atera zela ulertu zioten; Montorin horrelako etxe bat baino gehiago zegoenez, Beihl auto batera igo eta buelta bat eman zuten, ea etxea ezagutzen zuten.[3] Ezagutu zutenean, herritarrak apezaren etxea zela konturatu ziren; gertatzen ari zena sumatuz (bahiketaren albistea komunikabideetan bolo-bolo ari baitzen), aita Legartori atea jo zioten, kotxean nor zuten azalduz; presoa itzuli zioten, "ezer ez zitzaiola gertatuko" adostu eta gero.[4]
Abenduaren 25ean, Eugen Beihl aske azaldu zen Wiesbadenn. 25 egun egon zen bahituta. Burgosko Prozesuaren epaia atera aurretik Beihl askatzeak presio handiagoa jarri zuen erregimen frankistaren gain eta jende askoren begietara ETA-k eskuzabal jokatu zuen.[5][6]
Askatua izan ostean, Beihlek Alemaniako Telebistan elkarrizketa bat eman zuen,[7] ongi tratatua izan zela esanez, eta Donostiara itzuli zen[8] kontsul lanarekin jarraitzeko.[9]
Erreferentziak
- https://www.lavozdegalicia.es/noticia/espana/2000/11/30/treinta-anos-poder-eta/0003_313371.htm
- https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/beihl-shaeffer-eugen/ar-25745/
- Martínez, Josu, 1986-. (2014). Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak. (2. arg. argitaraldia) Elkar ISBN 9788490272428. PMC 902999558. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
- «Izena aldatuz izana ahaztu» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
- https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/eugen-beihl-ohorezko-kontsul-alemaniarra-aske-azaldu-zen-wiesbaden-eta-v-k-bahituta-izan-ostean
- https://www.march.es/es/coleccion/archivo-linz-transicion-espanola/ficha/consul-aleman-san-sebastian-eugene-beihl-fue-liberado-ayer-por-sus-secuestradores--linz%3AR-67911
- «ABC (Madrid) - 26/12/1970, p. 29 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
- «Artículo: Beihl, liberado - Madrid - 26/12/1970 - Archivo Linz de la Transición española • Fundación Juan March» linz.march.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1981-12-06). «Los tres 'incidentes" del cónsul Eugene Beihl» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-05-29).
Ikus, gainera
- Burgosko prozesua
- «Basabürüan Montori» abestia