Eugène Goienetxe

Eugène Marie Gaston Pie Joachim Goienetxe Farnie (Uztaritze, 1915eko ekainaren 15a - ibidem, 1989ko urtarrilaren 11) Lapurdiko historialaria izan zen.

Eugène Goienetxe
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEugène Marie Gaston Pie Joachim Goyheneche
JaiotzaUztaritze, 1915eko ekainaren 15a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaUztaritze, 1989ko urtarrilaren 11 (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaBordeleko Unibertsitatea
TesiaBayonne et la région bayonnaise, du XIIe au XVe siècle (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria eta artxibozaina
Enplegatzailea(k)Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaEusko Ikaskuntza
Euskaltzaleen Biltzarra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Biografia

Letretako eta historiako ikasketak Baionan, Jean-Pierre Urrikarriet izan zuen filosofia irakasle izanik, euskal kultura eta historiaren grina piztu ziona. Baionan, Aitzol apaiz eta aktibista euskaltzalea ezagutu zuen, baita EAJrekin harremanetan hasi ere. Parisen jarraitu zituen ikasketak 1932an.[1]

Euzko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen hamazazpi urterekin. Euskal ikasle-talde bat antolatu zuen Lapurdin 1933an, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen zerbitzuan jarri Hego Euskal Herrian, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean. Orduan, frantseserako itzultzaile eta dibulgazio lanetan aritu zen Frantzian euskal gaiak haizatzen eta Euskal Jaurlaritzarentzat, hala nola alemanen 1936ko Gernikako bonbardaketa salatzen.[1]

1938an, League International des Amis de Basques sortu zen, eta bertan Eusko Jaurlaritzarentzat aritu zen harreman lanetan, Paris egoitza harturik. 1938an, historian lizentziatu zen. Aintzina Ipar Euskal Herriko talde abertzalean hasi zen. Frantses armadak 1940an gerrara mobilizatu zuen, baina disenteriak jota etxera itzultzeko baimena jaso zuen, Uztaritzera.[1]

Bigarren Mundu Gerraren garaian, Karl Gudall europar hizkuntzen adituarekin harremanak izan zituen Ipar Euskal Herrian, eta hark Ernst Best buruzagi naziarekin harremanetan jarri zuen, une horretan Frantzia okupatuko errepresioaren buru zena. Haren bitartez, elkarrizketak hasi ziren EAJ eta arduradun naziekin, euskaldunen Frantziako egoera goxatzeko eta ihes egindako Hego Euskal Herriko euskaldunak babesteko asmoz.[1]

1944an, Frantzian gerra amaitu ondoren, kartzelan sartu zuten, nazien laguntzaile izan zelakoan. Espetxean 37 hilabetez egon ondoren, politika utzi eta historia-ikerketetan hasi zen. 1949an bere ikasketako tesia (Bayonne et la région bayonnaise du XII au XV siècle, 1949; Baiona eta Baionaldea XII. eta XV. mendeetan) aurkeztu zuen.

1949tik 1960ra Ipar Euskal Herritik kanpo egon eta gero, Notre tèrre basque (1961, Gure euskal lurra) izeneko historia-liburua aurkeztu zuen, eskoletarako testu gisa. 1966an doktoretza-tesia aurkeztu zuen, Bordeleko Unibertsitatean (L'onomastique du Nord du Pays Basque au Moyen Âge, Ipar Euskal Herriko onomastika Erdi Aroan) eta Euskal Historiako Katedra jaso zuen, 1968an, Paueko Unibertsitatean. 1979. urtean eman zuen argitara Le Pays Basque (Euskal Herria), Ipar Euskal Herriko eta, oro har, Euskal Herri osoko historia ezagutzeko obra handia.

Idazle emankorra izan zen eta Gure Herria, BS-LAB, Yakintza eta Herria aldizkarietan eman zituen argitara artikulu aipagarrienak. Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen 1982. urtean, eta Eusko Ikaskuntzako ohorezko kide izan zen luzaroan. Ezbairik gabe, Euskal Herriko historialari handienetako bat izan zen.

Erreferentziak

  1. Galparsoro, Etxahun. Hemen gertatu zen: Eugène Goyheneche. Naiz Irratia.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.