Etxeberriko karbia

Etxeberriko karbia Gamere-Zihiga herriko Kanpañaga auzoan dago, Zuberoan[1]. Bertan XX mende hasieratik ikerketa zientifikoak egin dira, eta 1950ko hamarkadan labar-arte multzo garrantzitsua aurkitu zen. Bibliografian bere izena hainbat aldaerarekin aurkitu dezakegu: Compagnaga, Campagnaga, Kanpañana, Etcheverry, Etcheberri, Echeverri...

Artikulu hau Zuberoako leizeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxeberri (argipena)».
Etxeberriko karbia
Map
Kokapena
Koordenatuak43°7′41″N 0°56′25″W
Ezaugarriak
Garaiera760
Sakonera200 m
Bisitagarriaez
Margoakbai
Aztarnakbai

Kokapen geografikoa

Etxeberriko karbia 440 metrotako garaieran dago, Arbailetako ekialdean. Kareharri urgoniarrez osatutako zirku baten mendebaldeko isurialdean.

Arbailetako mendi multzoa, 20 km luze eta 6 km zabal ingurukoa, Pirinio mendi katearen mendebaldeko muturrean kokatua dago, kostatik 50 bat kilometrotara. Bere gailur nagusiak Behorlegi, Hauskoa, Bohorkortia, Etxekortia, Zaboze, Beltxu eta Belhi gainak dira, 1100 m ingurukoak, eta karstaren ezaugarriak ditu.[2]

Kobazuloaren deskribapena

Etxeberriko karbia diaklasa baten fabore irekitako kobazuloa da, 200 bat metrotakoa, I-H norabidean. Garapena nagusiki horizontala bada ere, sabaitik eroritako bloke handiz betetako gela pasatu ostean, zenbait resalte eta putzu gainditu beharra dago; pausu estuak ere badaude, eta gorabehera klimatikoen arabera, baita hiru laku txiki ere. 150 bat metrotara aztarna arkeologikoen gunea hasten da, Pinturen Gelarekin; aurrera jarraituz, putzu bat dago, eta haren inguruan labar-artedun gune gehiago (Estuasuna, Arrakala eta Erlaitza); putzutik jeitsiz beheko maila batera ailegatu daiteke, non 30 bat metrotako azken galeria aurkitzen den.[2]

Ikerketen historia

Emil Racovitza.
Emil Racovitza.

Etxeberriko karbia Gamere-Zihiga inguruan betidanik ezaguna izan arren, lehen erreferentzia zientifikoa 1907koa da. XX gizaldi hasieratik, Emil Racovitza eta René Jeannel bioespeleologoak fauna laginak hartzen ari ziren Arbailetako hainbat haitzulotan; 1907ko urtarrilean Etxeberri bisitatu zuten,[3] eta 1908an ere itzuli ziren.[4] Espedizio hauetan lakuetaraino barneratu ziren, eta besteak beste Etxeberrin Speonomus alexinae bizi zela egiaztatu zuten.[5]

Hurrengo erreferentzia Jose Miguel Barandiaranena da. Espainiako Gerra Zibilaren eraginez, urte batzuetan Iparraldean bizi izan zen, arkeologia eta etnografia ikerlanak eginez. 1937ko maiatzean, Baxenabarren eta Zuberoan ibili zen, eta Alozen Jauregiberri medikuak Gamere-Zihigako kobazuloen berri eman zion; horrela ezagutu eta bisitatu zituen Otsibar, Etxeberri eta Laminen Ziluak; halere ez zuen aztarnategi arkeologikorik identifikatu.[6]

1938an beste inkursio baten berri dugu. André Reymond, Pariseko Historia Naturaleko Museoko entomologista eta Jeannelen kolaboratzailea, irailean Zuberoara joan zen zenbait laguntzaile gazterekin: Labeyrie anaiak, Schlumberger, Lepesne, Lefebvre eta Leston.[4] [3] Laginketa bioespeleologikoan aritu ziren, eta baita esplorazioan ere: Georges Schlumbergerrek eta Jacques Labeyriek lakuen osteko katazuloa handitzen jardun zuten bi egunez; gero laurak sektore berrira sartu ziren, hura putzuraino esploratuz.[4] Labeyriek idazten duenez bisonte txiki bat ere ikusi zuten, baina ez zioten garrantzirik eman.[7] Galeria berrien aurkikuntzak bisitariak erakarri zituen eta hurrengo urteetan kobazuloak degradazio handia jasan zuen: espeleotemen suntsiketa, hormak zikintzea eta oraindik identifikatu gabeak ziren artelanak  hondatzea.[4]

Labar-artearen identifikazioa 1950ean etorri zen. Urte honen hasieran Bouillon, Capdevielle, Dupuis eta Rekalt espeleologoak galeria berriak aurkituak zituzten beheko mailan. Maiatzaren 1-ean espedizioa muntatu zen galeria berri hauek esploratzeko: Oloroetik eta Paubetik lagun gehiago etorri ziren (Duchemin, Landau, Liquet, Réberel eta Laplace-Jauretxe) eta Michel Bouillon eta Pierre Boucher zuberotarrek gidari lanak egin zituzten.[4] Galeria berriak esploratu ostean kanporantz zihoazten, Boucher azkena zela; honek zaldi txiki gorri bati erreparatu zion (gaur egun Pinturen Gela bezala ezagutzen den lekuan). Hobeto begiratzen hasi zirenean, gelan pintura asko zeudela konturatu ziren.[8]

Maiatzaren 5ean, labar-artea babesteko, katazuloan itxitura bat instalatu zuten.[9] Maiatzaren 7ean Jose Miguel Barandiaran bertaratu zen, eta horrela jaso zuen bere egutegian: “Zortzietan irten degu, sail aundian, Game-Cihi’runtz, Etxeberriko-karbira’t. An bildu gera Société Meridionale de Spéologie et de Préhistoire (Section des Pyrénées Occidentales) deritzaion elkargoko ogei bat lagun (artean Barandiaran sozietate honetako zuzendaria[6] eta Frantziako Prehistoria Elkarteko ordezkaria baitzen[10]). Sartu gera sailka: lenengo zuzendariok, gero besteak. Eun da berrogei bat m sarreratik, leku estu eta malkarretan zear juan, gora ta berako malkor gaiztoetan ibiliaz, iritxi gera zelaitxo batera (10 m luze eta 2,5 zabal): ango ormaetan daude irudi batzuek margoz egiñak (buztiñez, manganesoz? eta okrez). Iru zaldi, bi bisonte eta beste irudi gandutuak. Goizeko bederatzietan sartu eta arratsaldeko lauetan atera gera lenengoak, Laplace-Jauretxe, Boucher, Bassier, Boulet, Reberet, etc an zeuden. Bidean jakin ditut ipui batzuek. Azken aldian lagun batzuek, leize berean, urrutixeago beste zaldi eta bisonte iduri batzuek agertu dituzte. Gero Cihigi’ra jetxi eta Etxeberri’n arratsaldekoa egin degu eta andik gauera jetxi gera eta gaueko amarretan Maule’ra abiatu”.[6] Ikustaldi honetan, Jean Marie Rekalt gameretarrak Arrakalan pintura gehiago aurkitu zituen. Maiatzaren 15ean, lurraldeko arkeologia arduraduna (M. Meroc) etorri zen, aztarnategia ofizialki katalogatzera.[4]

Aztarnategia ikertzeaz eta babesteaz, Georges Laplace-Jauretxe arduratu zen. Bouillon eta Boucherrekin batera, departamenduko espeleologoen artean Arrakalatik gehiago ez pasatzeko eskaria zabaldu zuten, putzua zuzenean jeistea gomendatuz. Halere, kontrolik gabeko bisitek ez zuten etenik izan, ezta haiek eragindako kalteek ere: Jacques Labeyriek 1950ko abuztuan bertaratu zen Marcel Loubens, Max Cosyns eta Robert Levirekin (San Martin Harrian esplorazioan ari ziren espeleologoak); pintura gehiago aurkitu zituzten, Laplace-Jauretxeri jakinaraziz;[7] baina Labeyrie kobazuloak 1938tik izandako degradazioaren berri ere jaso zuen.[9]

1951eko urtarrilean kolaboratzaile batek harrizko tresna bat aurkitu zuen Arrakalako irudien gaineko Erlaitzean. Abuztuan, Escoubet ikasleak lagunduta, Laplacek 15 eguneko kanpaldia egin zuen labar-artea kopiatuz; hurrengo beste saio baten irudiak argazkitan jaso zituen.[4] Uda horretan, 1938an irekitako katazuloan, Laplacek gubila eta okre harkatza aurkitu zituen; honekin ondorioztatu zuen artistak bertatik sartu zirela, espeleotemek katazuloa itxi aurretik. Hurrengo urtean, 2. eta 3. lakuen artean, Boucherrek sutegi baten arrastoak aurkitu zuen kendutako estalagmita baten lekuan. [9]

70 hamarkadan aurkikuntza berriak etorriko ziren ikerlari bearnesen eskutik: 1976ean, Jean Pierre Bessonek (Paubeko Société de Spéléologie et Préhistoire des Pyrénées Occidentales, SSPPO) Pinturen Gelan silexezko gubila aurkitu zuen. 1978an, Eric de Valicourtek (SSPPO) hatz markak aurkitu zituen Arrakalako irudien gaineko aldean. 1979ko martxoaren 4ean Michel Laugak (Groupe Spéléologique Gaves) zaldi berri bat aurkitu zuen Pinturen Galan, 5 metrotako altueran. Urte bereko udan, sarrerako obrak utzitako hondakinen artean, Valicourtek eta Laugak zeramika zatiak aurkitu zituzten, eta Boucherri eman zizkioten.[9]


1987an, Patrick Pailletek labar-artearen ikerketa berria abiatu zuen, ordura arte aurkitutakoaren bilana eginez   (ikus « Arkeologia » atala). 90 hamarkadan, Pierre Boucherrek Etxeberriko zarradura zaintzearen eta bisitari/ikerlariei laguntzearen ardura utzi zien Panpell Blasquiz eta A. Queudray espeleologoei (Basabürüko Lezentzat taldekoak). 1993an, Dominique Ebrardek (Ikerzaleak taldea) grabatu eta pintura aztarna gehiago identifikatu zituen; gainera, Blasquizek lagunduta, 1994ean, zundaketa arkeologikoa egin zuen sarreran, 1979ko obretan agertutako aztarnen lekuan: III/IV mendeko hilobia identifikatu zuten.[11] 2001eko irailaren 26ean, “Comité Departamental de Spéléologie 64” erakundea (CDS64) Service Régional de l'Archéologie-rentzat (SRA) bisita antolatzen zebilen, eta Ebrardek okre orbain zabala aurkitu zuen 1979ko zaldiaren atzean.[9]

Punta iskinduna, Etxeberrin aurkitutakoaren antzekoa.
Punta iskinduna, Etxeberrin aurkitutakoaren antzekoa.

2007an, Diego Garate arkeologoaren taldeak Arbailletako labar-artearen errebisioa abiatu zuen (Etxeberri, Zihinkola eta Xaxixiloaga karbeetan); urte horretan, proiektuan zeuden espeleologoek (G.S. Gaves) Etxeberri sokaz instalatu zuten, arkeologoen segurtasunerako eta aztarnategia babesteko.[12] Arkeologoen lana 2008an hasi zen: arte ezaguna dokumentatzea, berria prospektatzea eta pigmentuak eta beste aztarnak analizatzea. Urte horretan Pinturen Gelaren zoruan okrea eta silexa aurkitu zuten, lurrazalean. CDS64koek, berriz (Lauga, Joël Danflous eta Michel eta Marie Claude Douat) karbearen topografia egin zuten. 2009an, S. Petrognanik harrizko artefaktu bat aurkitu zuen Erlaitzean (punta iskinduna). 2010ean, 2008ko silexa eta okrea aurkitutako lekuan, zundaketa arkeologikoa egin zuten: lau aztarna litiko, lau okre zati, erretako sei hezur txiki eta lapa zati bat agertu ziren. Hezurrotan eginiko radiokarbono frogek Madelein erdiko kronologia eman zuten (duela 13370-13770 urte artean); lapak, berriz, Madelein hasierakoa (duela 16570 urte; kronologia hau 2009an Erlaitzean aurkitutako artefaktuaren tipologiarekin bateragarria zelarik). Urte honetan amaitu zuten kobazulo barruko lana.[2]

Kontserbazioaren arazoa

Gamere.
Gamere.

1938ko desobstrukzioaren ostean bisitak ugaritu baziren ere,[4] 1950ko labar-artearen aurkikuntzaren ostean Etxeberriko karbearen dejenerazioa asko bizkortu zen:[9]

  • Katazuloan ezarritako zarradura behin eta berriro hautsia agertzen zen; arduradunek gutxienez 10 bider konpondu behar izan zuten.
  • 1966an, Pinturen Gelan azetilenoz eginiko graffitiak agertu ziren ; Boucherrek garbitu zituen.
  • 1967an, labar-artearen degradazio larriaren aurrean, Laplace-Jauretxek txostena egin zuen, Atharratzeko polizia-etxean salaketa jarriz. Jendarmeak auzoan galdezka ibili ziren, Boucherrek lagunduta, baina ezin izan zuten ezer argitu: jende gehiegik bisitatzen zuen karbea.
  • Hondamenak etenik ez zuenez, 1979an, Dordoñako Dauvergne enpresak kobazuloan zarradura handia instalatu zuen, kontserbazio erakundeen enkarguz.
  • 1987an, Paillet, Boucher eta B. Labordek zarradura hautsita aurkitu zuten. Kontserbazio agintariekin adostuta, konponketa Moulinier artisau xiberotarrak egin zuen, Boucher eta H. Herardek lagunduta. Uztailean Boucher, Laborde eta Paillet bisitariek karbean utzitako hondakinak garbitzen aritu ziren.
  • 1992ko ekainean, Blasquiz eta Queudray zaindari berriek zarradura azpitik zulatuta aurkitu zuten.
  • 1993an, Ebrardek eta Blasquizek eginiko ikustaldian, Arrakalako bisontea zikinduta aurkitu zuten, bertatik oposizioan jeisten zen jendeak botekin zapaldua. Boucherrek eta P. P. Dalgalarrondok Gamere-Zihigako alkatearekin eta Claverie karbearen jabearekin babes obra berria adostu zuten. 1994ean karbearen sarrera hormigoiz hartu zuten lur jabeek eta SSPPO eta Ikerzaleak taldeetako kideek.

Arkeologia

Ikerketan agertu diren datuaren arabera, Etxeberriko karbia ez zen bizilekua izan: sarrera hilobi bezala erabili izanaren arrastoak daude;[11] labar-arte gunera ailegatzea, berriz, zaila da eta horrek erabilera errituala izan zela adierazten du, gizaki talde txiki bati erreserbatua.[2]

Labar-artea

Laplace-Jauretxek 38 irudi deskribatu zituen koba osoan: txirla itxurako bat, hamar zaldi, bisonte bi, basa-ahuntz bi, puntuak eta lerroak. 1989an eginiko errebisio bibliografikoan, berriz, Pailletek 68 irudiren erreferentziak kontatu zituen; baina hauetatik asko desagertuak daude, bai bisitek oharkabean ezabatuak, baita apropos ere: adibidez Pinturen Gelako bisonte handi baten gainean graffitiak pintatu ziren,[13] eta Arrakalako 18 artelanetatik 16 hondatuak daude.[9]

Etxeberriko karbeko labar-artea kobazuloaren gune desberdinetan aurkitzen da:[2]

  • Pinturen Gela: labar-arte ale gehienak (erdia baino gehiago) hemen katalogatu dira: horma bietan tamaina handiko zaldiak, bisonte bat eta basa-ahuntz bat daude; eskuineko horman, beherago, gorri-beltzean pintatutako irudi txikiagoak ere badaude. Gela honen amaieran, puntu bat, orbain handiago bat eta zaldi bat daude.
  • Erlaitza: lurzoruan, buztinean grabatutako zaldi baten irudia dago; bisitarien ibilbidetik aparte dagoenez, bere kontserbazio egoera ona da.
  • Arrakala: 50 zm inguruko pasabidea da, eta bere estuasunak zail bihurtzen du irudien ikuspegi orokorra hartzea. Hor aurkitu dira: hatz markak;[9] zaldi beltzen eta grabatuen lerroa; bisonte beltz bat; zeinu gorri bat; eta determinatu ezinezko hainbat pintura. Kontrolik gabeko bisitariek arrakala hau putzuan behera jeisteko erabili izan dutenez, irudi asko oso hondatuak daude haien gorputzen eta boten igurtziaren eraginez

Kronologia

André Leroi-Gourhan (erdian), 1966ean Euskal Herrira eginiko bisitaldian.
André Leroi-Gourhan (erdian), 1966ean Euskal Herrira eginiko bisitaldian.

Etxeberriko karbeko labar-artea “santutegi sakon” motakoa da, kobazuloaren sarreratik aparte dagoena alegia, bertara ailegatzeko zailak diren guneetan apropos kokatua; Leroi-Gourhanen arabera,[14] santutegi mota hauek Madelein Erdikoak izaten dira, eta irudien ezaugarri estilistikoak datu honekin bat datoz. Garateren taldeak Pinturen Gelako materialetan eginiko radiokarbono froga gehienek kronologia nagusi hau berretsi dute (duela 13370-13770 artekoa); halere, zenbait datu solte (Pinturen Gelako lapa eta Erlaitzeko harrizko tresna) 3000 urte lehenago ere erabileraren bat egon zela adierazten dute.

Ez dirudi irudi guztiak batera egin zirenik: buztinez egindako handienak, okrez eta beltzez egindako txikiagoak baino berantiarragoak izan daitezke. Edonola ere, santutegiaren erabilera aldia erlatiboki laburra izan zela dirudi (milurteetako eskalan).[2]

Bibliografia

  • ANONIMO. 1950. Etxeberri’ko karbia (La Cueva de Echeverri). Descubrimiento de pinturas prehistóricas. Munibe 2(2):113-114. Donostia.
  • BOUILLON, Michel. 1952. Exploration de la partie terminale d’Etxeberri’ko karbia. Eusko-Jakintza: revue des études basques = revista de estudios vascos Bayonne 6:130-131.
  • EBRARD, Dominique. 1995. Etxeberriko karbia à Camou-Cihigue (64). Sondage diagnostic. Bilan scientifique 1994. DRAC-SRA Aquitaine p:107.
  • GARATE, Diego. BOURRILLON, Raphaëlle. 2009. Etxeberri-Sasiziloaga-Sinhikole: révisions et nouvelles recherches, p:200-202. SRA Aquitaine.
  • GARATE, Diego. BOURRILLON, Raphaëlle. RIOS-GARAIZAR, Joseba. 2012. La grotte ornée paléolithique d’Etxeberri (Camou-Cihigue, Pyrénées-Atlantiques): datation du contexte archéologique de la “salle des peintures”. Bull. Soc. Preh. Fran. 109(4):637-650.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. BOUCHER, Pierre. LAUGA, Michel. VALICOURT, Eric. 1984. Grotte Etxeberri. p:268-271. In: L’Art des Cavernes. Atlas des grottes ornées paléolothiques françaises. Ministére de la Culture, Imprimerie Nationale, Paris.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1949. Etxeberri’ko karbia (La grotte d’Etcheberry) : découverte de peintures préhistoriques. Eusko-Jakintza III(4-5-6):492.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1949. Etxeberri’ko-karbia = La grotte d’Etcheberry. Ikuska 3(2/6):92. Sara.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1952. Les grottes ornées d’Etxeberri’ko karbia (Camou-Cihigue) et Sasiziloaga (Suhare). Gallia X:93-95.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1952. Les grottes ornées des Arbailles. Bulletin de la Société des Sciences Lettres et Arts de Pau 13:77-78.
  • LAPLACE-JAURETCHE, Georges. 1952. Les Grottes ornées des Arbailles. Eusko-Jakintza 6:132-153. Baiona.
  • LEROI-GOURHAN, André. 1965. Préhistoire de l’art occidental. Éditions d’art Lucien Mazenod, Paris.
  • LEROI-GOURHAN, André. 1984. L’Art des Cavernes. Atlas des grottes ornées paléolithiques françaises. “Atlas archéologiques de la France” bilduma. Ministère de la Culture. Paris.
  • REYMOND, André. 1952. Etxeberri’ko karbia. Eusko-Jakintza : revue des études basques = revista de estudios vascos Bayonne 6:125-129.
  • RIOS-GARAIZAR, J. PERALES, R. BOURRILLON, J. JIMÉNEZ-MENA, J. GARETE, D. MEDINA-ALCAIDE, M.A. 2015. Parietal artistic expression and discreet archeological data inside the paleolithic caves: use-wear analysis from Nerja and Etxeberri lithic assemblages. IFRAO2015/ARKEOS, 37:489-494.
  • RIVIERE. 1952. Etxeberri’ko Karbia. Eusko Jakintza VI.
  • SIEVEKING, A. & G. 1962. The Caves of France and Northern Spain. Londres.

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko historiaurrea, Etxeberriko Karbia
  2. GARATE, Diego. BOURRILLON, Raphaëlle. RIOS-GARAIZAR, Joseba.. (2012). «La grotte ornée paléolithique d’Etxeberri (Camou-Cihigue, Pyrénées-Atlantiques): datation du contexte archéologique de la “salle des peintures”.» Bull. Soc. Preh. Fran. (Paris) 109 (4): 637-650. (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 13a).
  3. Euskal Espeleologoen Elkargoa. (1980). Espeleología en el País Vasco.. Auñamendi, 378 or..
  4. Laplace-Jauretche, Georges. (1952). «Les Grottes ornées des Arbailles.» Eusko-Jakintza (Baiona) 6: 132-153..
  5. Jeannel, René. (1911). «Biospeologica XIX. Revision des Bathysciinae (Coleopteres silphides). Morphologie, distribution géographique, systématique.» Archives de Zoologie Expérimentale et Générale (Paris) 5 (VII): 353-354..
  6. Barandiaran Aierbe, Jose Miguel. (2009). «Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental.» Colección Sara (Ataun) 8.
  7. Labeyrie, Jacques. (2012). Les découvreurs du Gouffre de la Pierre Saint-Martin.. Paube: Cairn.
  8. EBRARD, D. DALGALARRONDO, P.P. SENTUCQ, R.. (2013). «L’archéologue. Pierre Boucher (1909-1997). In: AUTORE ASKO. 2013. 50 ans d’archéologie en Soule. Hommage à Pierre Boucher (1909-1997).» Ikerzaleak (Maule) 7.
  9. EBRARD, Dominique.. (2013). «Les grottes ornées du massif des Arbailles, un patrimoine fragile et difficile à protéger. In: AUTORE ASKO. 2013. 50 ans d’archéologie en Soule. Hommage à Pierre Boucher (1909-1997).» Ikerzaleak (Maule) 7: 78-89..
  10. ANONIMOA. (1950). «Etxeberri'ko karbia (La Cueva de Echeverri). Descubrimiento de pinturas prehistóricas.» Munibe (Donostia) 2 (2): 113-114..
  11. EBRARD, Dominique.. (2013). «Les grottes sépulcrales de Soule. In: AUTORE ASKO. 2013. 50 ans d’archéologie en Soule. Hommage à Pierre Boucher (1909-1997).» Ikerzaleak (Maule) 7: 146-155..
  12. Centre de Recherche et d'Etudes pour l'Art Préhistorique Emile Cartailhac. [http://www.creap.fr/Arbailles.htm «Les grottes ornées du massif des Arbailles (Pyrénées-Atlantiques) : Etxeberri, Sinhikole et Sasiziloaga»] http://www.creap.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 14a).
  13. Paillet, Patrick. (1989). «La galerie aux peintures d’Etcheberri’ko Karbia» L’Anthropologie (93): 493-512..
  14. Leroi-Gourhan, André. (1971). La Préhistoire de l’art occidental. Mazenod, 550 or..

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.