Etxeandia dorretxea

Etxeandia dorretxea Ondarroan dagoen XVI. mendeko hiri-jauregia da.[1]

Etxeandia dorretxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaOndarroa
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea

    Kokapena

    Dorrea Erribera kalearen 30 zenbakian dago, Alde Zaharraren ertzean, Zubi Zaharretik metro gutxira.[2] Kale Handitik ere sarrera du (39 zenbakia).

    Ezaugarriak

    Eraikina harlangaitza eta harlandua erabiliz eraikia dago. Egitura sinplea du, oin karratukoa, eta jatorriz hiru solairu zituen. Argizuloen eta gezileihoen aztarnak ditu. Egitura oso eraldatua dago; elementurik zaharrenak eraikina konpontzeko lanetan aurkitu ziren, Erribera kalera ematen duen fatxadan[3]

    • Lehen solairuan (aintzinan beheko solairu izandakoa), argizuloak.
    • Bigarren solairuan, balkoi puntaduna; agian jatorriz atea zen, alde bietan gezileihoak baititu.
    • Hirugarren solairuan, leiho geminatu bat, eta beste bat puntaduna.[4]

    Hauen gainean solairu gehiago eraiki izan dira: laugarrena (jatorrizko ganbararen mailan) eta haren gainean bostgarrena, seigarrena eta ganbara bat.

    Eraikina mendiaren malda piko batean eraikia dago, beraz altuera desberdintasun handia du fatxaden artean: Erribera kaletik beheko solairua eta sei pisu ikusten dira; Kale Handitik bi bakarrik. Kale bien arteko desnibela gainditzeko eskaileradun pasabidea dago, nondik 1. 2. 3. eta 4. solairuetarako sarbideak dauden. Beheko solairura (Apallu taberna) Erribera kaletik sartzen da; eta Kale Handitik 5. 6. eta ganbarara.

    Beste datuak

    • 1541ko erroldan, Erribera kalean etxearen aipua agertzen da.[5]
    • Berrikuntza lanetan, bigarrengo solairuko horma batean morteroa[6] kentzean hormako zulo bat agertu zen, aintzinako txirula batekin.[7]

    Argazki galeria

    Erreferentziak

    1. «Ondarroa» c2.nekar.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
    2. «Etxeandia, Torre de» https://www.castillosdeespaña.es (Noiz kontsultatua: 2019ko abuztuaren 23a).
    3. «Ondarroa» www.lekitxo.info (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
    4. González Gato, J. Aitor.. ([1995]). Guía de las torres de Vizcaya. J.A. González Gato ISBN 8460544192. PMC 431837237. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
    5. Zubikarai, Augustin, (1914-2004). Ondarroa : kondaira 1900-arte. [Flash Composition] ISBN 8488464029. PMC 863220864. (Noiz kontsultatua: 2019-09-25).
    6. «mortero | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-25).
    7. Mari Tere Etxebarria Arantzamendi, bertan bizi izandakoaren lekukotasuna.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.