Etsaiak
Etsaiak 1987an Lekeition sortu zen hardcore punk taldea da.
- Artikulu hau Euskal Herriko musika taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etsai (argipena)».
Etsaiak | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Lekeitio (Bizkaia) |
Musika mota | hardcore |
Urteak | 1987 - 2016 |
Taldekideak | |
Auo Toki Txapel Dann Jorge Paul | |
Informazio gehigarria | |
www.etsaiak.com | |
Ibilbidea
Lekeition (Bizkaia) sortu zen Etsaiak, 1987an. Azken hamarkadan Euskal Herrian izan den hardcore, punk eta trash talderik arrakastatsuenetakoa da. Erritmo azkar eta bortitzak eta hitz salatzaile eta aldarrikatzaileak landu ditu hogei urte hauetan, eta hasierako estilo eta izpirituarekiko fideltasun handia erakutsi du. Nolabait, 80ko hamarkadako taldeen punk filosofiaren ordezkaria izan zen 90eko hamarkadan, eta horri eusten dio gaur egun ere. Lauzpabost urteko geldialdiaren ostean, 2008an agertokietara itzuli zen, Apurtu arte izeneko diskoa aurkezteko zuela.
Hasierako taldetik Aitor Ibarra Auo (ahotsa) eta Paul Erdozia (bateria) baino ez dira gelditzen Etsaietan. Haiekin batera Jokin Erdoziak (baxua) eta Martin gitarristak osatu zuten taldea Lekeitioko gaztetxean, eta 1987ko abuztuaren 15ean eman zuten lehen kontzertua, gaztetxean bertan. Haatik, hurrengo urteetan aldaketa ugari izan ziren taldean, baina Iñigo Arrasate Iñigito eta Txarri gitarristak sartzearekin batera, sendotu egin zen Etsaiak. Gaztelaniaz eta euskaraz abesten zuen taldeak lehen urte haietan.
Lehen maketa 1991n grabatu zuten, Lorentzo Records estudioan (Berriz, Bizkaia). Grabazioa ordaintzeko dirurik ez zutenez, kamiseta batzuen truke erabili ahal izan zuten estudioa, bi egunez. Euskal Herrian autogestioaren bidez banatu zuen taldeak maketa, baina Espainian Madrilgo Potencial HC arduratu zen hura zabaltzeaz. Maketa hura CD formatuan berrargitaratu zuten urte batzuk geroago, zuzeneko beste kantu batzuekin batera, Amen izenarekin (Oihuka, 2003).
1992an, Jokin Erdoziak taldea utzi zuen, eta Josu Arrasate Artrofi-k hartu zuen haren lekua. Maketaren oihartzuna Esan Ozenki diskoetxeko arduradunengana heldu zen, eta lehen diskoa grabatzeko proposamena egin zioten taldeari. Maxi bat grabatzea zen hasierako asmoa, baina azkenean disko luzea bihurtu zen, bi zatitan grabatua. Beren kantuena bezalako abiadura bizia hartu zuen taldearen ibilbideak lehen diskoa kaleratu eta gero. Gaztetxe eta etxe okupatuetan hasi ziren jotzen, baina, kontzertuz kontzertu eta diskoz disko, milaka gaztek egin zuten bat taldearen doinu eta mezu bortitz eta zuzenekin. Gorakada horretan, izugarri bultzatu zituen Negu Gorriak taldeak, hainbat kontzertu hasteko gonbidatu baitzituen.
1990eko hamarkada oso emankorra izan zen taldearentzat. Presoak S.O.S. (Esan Ozenki, 1994), Gerra zikina (Esan Ozenki, 1995), Bakearen guda (Esan Ozenki, 1997) eta Askatasunaren taupada (Esan Ozenki, 1999) diskoak argitaratu zituen, eta Euskal Herriko jaialdi jendetsuenetan parte hartu zuen: Egin Txotx, Egunkariaren Jaia, Euskal Herria Zuzenean, Ibilaldia, Elkartasun Eguna... Tarte horretan, zenbait aldaketa jazo ziren taldekideen artean: Keu Agirretxea (gitarra), Mikel Arakistain (baxua), Afrika Bibang (ahotsa) eta Aritz Elordieta Toki (perkusioa) sartu ziren taldean, besteak beste. Halaber, Euskal Herrian ez ezik, Mexikon ere arrakasta handia lortu zuen 80ko hamarkadako euskal punk taldeen jarraitzaileen artean (La Polla Records, Eskorbuto, RIP...). Ondorioz, hiru alditan, 1993, 1995 eta 1999an, joan ziren Etsaiak Mexikora kontzertuak ematera. Kuban, Suitzan, Katalunian eta Frantzian ere aritu zen taldea. RIP taldearekin harreman berezia izan dute Etsaiek, eta haren izpirituaren ordezkotzat jo daiteke. "Antimilitar", "Lepoan hartu", "Mundo muerto", "Crimen de estado" eta Arrasateko taldearen beste zenbait kantu jo eta grabatu dituzte Etsaiek.
Gipuzkoan Oiartzungo Pagoa aretoan eta Lapurdin Kanboko Gazte Topagunean grabatuko zuzeneko disko batekin itxi zuen Etsaiak taldeak 90eko hamarkada zirraragarria. Hurrengo urtean, Kaos (Metak, 2001) argitaratu zuen, baina ondoren lan erritmoa moteldu egin zuen taldeak. Proiektu paraleloak martxan jartzeko baliatu zuten taldekideek geldialdia: Auok Pin Pan Pun Band sortu zuen, Paul Erdoziak Nok taldea, Iñigo Arrasatek Txapelpunk, eta Keu Agirretxeak Fjord eta UEK. Lehen maketa berrargitaratu ostean, 2003an, etenaldia egitea erabaki zuen taldeak. Hurrengo urteetan, une jakin batzuetan baino ez ziren elkartu, kontzertu bakan batzuk emateko, hala nola Gazte Topagunean eta Donostiako Aste Nagusian, baina 2007an berriz kantuak sortzeari ekin zioten, eta 2008an Apurtu arte (Baga Biga) kaleratu zuten, Etsaien azken diskoa. Aurretik, Keu Agirretxeak eta Mikel Arakistainek taldea utzi zuten, eta haien ordez Txusek hartu zuen gitarra, eta Artrofi taldera itzuli zen. Hasierako estilo eta jarrerari eutsi dio taldeak lan horretan, eta bide beretik segitzeko asmoa du.
Kronologia
1987 | 1988 | 1990 | 1991 | 1992 | 1994 | 1995 | 1996 | 1997 | 1998 | 1999 | 2000 | 2002 | 2007 | 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2015 | 2016 | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Auo | Auo | Auo | Auo | Auo | Auo | Auo | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jokin | Iosu | Atrofi | Dose | Mikel | Atrofi | Artrofi | Artrofi | Artrofi | Jorge | Jorge | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Iñigito | Iñigito | Iñigito | Iñigito | Iñigito | Iñigito | Iñigito | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Txarri | Keu | Txus | Txus | Txus | Txus | Dann | Dann | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Afrika | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Toki | Toki | Toki | Toki | Toki | Toki | toki | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Paulillo | Paulillo | Paulillo | Paulillo | Paulilo | Paulillo | Paulillo |
Ahotsa | Baxua | Gitarrak | 2. ahotsa | Bateria |
Taldekideak
- Auo: ahotsa
- Toki: 2. ahotsa
- Iñigito Txapelpunk: gitarra eta koruak
- Dann: gitarra eta koruak
- Jorge: baxua
- Paulillo: bateria eta koruak
Lehenagoko taldekideak
- Txarri: gitarra (Maketa, Etsaien etsaiak eta Presoak SOS diskoetan)
- Keu Agirretxea: gitarra (Gerra Zikina, Bakearen guda, Askatasun taupada, Zuzenean eta Kaos diskoetan)
- Txus Lozano: gitarra (Apurtu Arte diskoan)
- Jokin: baxua (taldea sortu zuen, eta maketaren grabazioa ere egin zuen). (†)
- Atrofi: baxua (Etsaien etsaiak eta Apurtu Arte diskoetan)
- Dose: baxua (Gerra Zikina diskoan)
- Mikel Arakistain: baxua (Bakearen guda, Askatasun taupada, Zuzenean eta Kaos diskoetan)
- Afrika Bibang: 2. ahotsa (Bakearen guda, Askatasun taupada, Zuzenean eta Kaos diskoetan)
Lanak
Diskoak
- Amen (1991, maketa, taldeak berak ekoitzia)
- Etsaien etsaiak (1992, (Esan Ozenki Records)
- Iraultza (1993, singlea, taldeak berak ekoitzia)
- Presoak SOS (1994, Esan Ozenki Records)
- Gerra zikina (1995, Esan Ozenki Records)
- Bakearen guda (1997, Esan Ozenki Records)
- Askatasun Taupada (1999, Esan Ozenki Records)
- Zuzenean '00[1] (2000, Esan Ozenki Records)
- Kaos[2] (2002, Metak)
- Amen[3] (2003, Oihuka)
- Apurtu arte[4] (2008, Baga-Biga)
Bildumak
- Enemigos del sistema (1995, Illy Jocker, Mexiko)
Bideoak
- Hamar urte Etsaiak (1996, Esan Ozenki Records)
- Luze metralla[5] (2001, Metak)
EtsaiakEroak
Azken itzulera amaitu ondoren Auo abeslariak punk talde berri bat osatu zuen musikari gazteekin eta EtsaiakEroak izena eman zion 2016an bertan bost abestitako diska bat kaleratu zuten Naufragoak izenekoa[6]. Urtero atera izan ditu diskoak baina aurreneko luzea 2019ko Antisozial izan zen.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Etsaiak» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- «Zuzenean» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- «Kaos» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- «Amen» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- «Apurtu arte» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- «Luzemetralla» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- (Gaztelaniaz) «EtsaiakEroak: «Muchas veces buscamos cruzar más fronteras»» Bizkaia - El Correo.com 2016-12-08 (Noiz kontsultatua: 2017-05-31).
- Naufragoak. (Noiz kontsultatua: 2017-05-31).
- Lur errebeldean. (Noiz kontsultatua: 2017-11-24).
- «Noiz arte? Hasta cuando?» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
- «Antisozial» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
Kanpo estekak
- Taldearen webgune ofiziala
- Twitter: etsaiakofiziala