Etruriar satitsu
Etruriar satitsua (Suncus etruscus) ugaztuna da, soricidaeen familiakoa[1].
Etruriar satitsu | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Eulipotyphla |
Familia | Soricidae |
Generoa | Suncus |
Espeziea | Suncus etruscus (Savi, 1822)
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 29 egun |
Habitat | Sastrakadi |
Batez besteko 1,8 gramoko pisua izanik, ugaztunik txikiena da[2][3][4].
Munduko ugaztunik txikienetariko bat da, eta, dudarik gabe, Euskal Herrian aurki dezakegun txikiena eta arinena. Europan ingurune mediterraneoan aurki daiteke, baina espezie honen banaketa Asia hego-ekialdeko uharteetaraino iristen da. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan bizi da, eta gainerako satitsuak baino ingurune lehorragoetan bizitzeko gai da.
Deskribapena
Europako ugaztunik txikiena eta arinena da. Gorputzaren luzera 3-5 cm-koa da, eta buztanarena 2-3 cm-koa. Pisua, aldiz, 1-3 gramokoa izan ohi da. Bi sexuetako animalien tamaina eta pisua antzekoa izan ohi da. Morfologia orokorra gainerako satitsuenaren oso antzekoa izan arren, gorputzarekin konparatuta buruak duen tamaina handiak ezaugarritzen du. Belarri handi eta nabarmenak ditu, eta begi txikiak. Atzeko hankak aurrekoak baino txikiagoak izan ohi dira. Kolorazio gris-arrea izan ohi du, eta sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa izan ohi da. Emeek hiru ugatz-pare dituzte iztaietan.
Banaketa
Ingurune epeletara eta lehorretara mugaturiko espeziea da, eta izaera hori bere banaketan islatzen da. Espeziea Europa mendebaldetik Asia hego-ekialdeko uharteetaraino (Borneon ezagutzen da) hedatzen da. Europan arro mediterraneoan aurki daiteke, eta gauza bera gertatzen da iparraldeko Afrikan ere. Populazio isolatuak ditu Kaspiar itsasoaren inguruan, Persiar golkoan eta Itsaso Gorriaren hegoaldean, eta baita Indian, Myanmarren, Tailandian eta Indonesian ere.
Euskal Herrian isurialde mediterraneoan aurki daiteke.
Habitata
Ingurune mediterraneoko habitat gehienetan aurki daitekeen espeziea da. Ingurune irekiak hobesten ditu, eta ohikoa da olibondo-landaketetan, mahastietan eta laborantza sailetan. Baso itxirik osatzen ez duten artadi, artelazti eta pinudietan ere aurki daiteke. Ingurune horietan landaredia asko dagoen lekuko harrien azpian eta harrizko hesietako zuloetan gorde ohi da. 1000 metrotik beherako eremuetan bakarrik aurkitu izan da Iberiar penintsulan, baina erdialdeko Asian 3000 metroko altueraraino aurkitu izan da[5].
Elikadura
Funtsean espezie karniboroa da, eta askotariko ornogabeez elikatzen da, kitinizazio maila handia dutenak (kakalardo asko) salbu. Intsektuen larbez eta zizareez gain, igel eta sugandila gazte txikiak ere irensten ditu[5]. Espezie bereko animalien arteko kanibalismo-portaerak ere deskribatu dira. Landarerik irensten ez duen arren, olibak mastekatzen ikusi izan dira animaliok, ziurrenik horien olioa zurrupatzeko[6].
Ugalketa eta ontogenia
Ugal sasoia udaberri hasieratik udazkenera bitartean hedatzen da. Ernaldiak hilabete inguru irauten du, eta 2-5 kume izaten dituzte emeek kumaldiko. Emeak urtean hiru kumaldi izatera iritsi daitezke[5]. Kumeak altrizialak izan ohi dira, ilerik gabeak, eta 0,25 gramo inguru pisatu ohi dute. Lau egunera hasten zaie ilea hazten, eta bi asteren buruan ikusmena garatu eta helduen antzeko itxura eskuratzen dute. Emeak dira kumeen kargu egiten direnak, eta ordelekutik elikagai bila joateko soilik irteten dira. Bi aste pasatxorekin irteten dira kumeak lehen aldiz gordelekutik, eta amaren atzetik mugitzen dira aurrekoaren buztanari helduta, Crocidura generoko espezieekin (adb. Crocidura russula) gertatzen den moduan. Heldutasun sexuala lortzeko urte oso bat behar dute animalia hauek[6].
Bizimodua
Orokorrean gainerako satitsuak baino espezie sozialagoa da, nahiz eta espeziekideekiko jarrera ugal sasoiaren eta elikagai eskuragarritasunaren arabera aldatzen den[6]. Ugal sasoian jarrera otzanagoa izan ohi dute garai horretatik at baino, eta ugal sasoitik at bakartiagoak izan ohi dira. Egunean zeharreko aktibitate polifasikoa izan ohi du espezie honek, baina aktiboagoa izan ohi da gauean.
Tasa metaboliko oso altua duen espeziea da, eta beren tamaina beste edo halako bi elikagai irentsi ohi dute egunerako. Dena den, baldintzak eskasten direnean –eguraldi txarra edo elikagai gabezia- torpor egoeran sartzeko gai da, bere gorputz-tenperatura 12 º-ra jaitsita aktibitate metabolikoa jaitsiz[7]. Torpor egoeratik gorputz-baldintza normaletara itzultzeko jardueran bihotz taupadak minutuko 1000 taupada baino gehiagora azeleratzen zaizkio, ugaztunen artean ezagutzen den bihotz-erritmo altuenetariko bat lortuz[7].
Batez besteko bizi-luzetasuna 18 hilekoa da, nahiz eta gatibutzan bi urte pasako animaliak ezagutzen diren[5].
Espezieen arteko elkarrekintzak
Bere aktibitate gautarra dela eta, animalia harrapari gautarrak dira espezie honen harrapari nagusiak, hontz zuria (Tyto alba) eta hontz ertaina (Asio otus) kasu. Dena den, ez da espezie horien dietako harrapakin nagusia izaten (Palomo et al. 2007).
Gainerako satitsuetatik bereizteko ezaugarri nabarmenena, tamaina txikiagoa izateaz gain, belarrien tamaina erlatiboki handia da.
Kontserbazioa
Banaketa zabal izaera kosmopolita dela eta, ez da arriskuan dagoen espezietzat jotzen, eta IUCN erakundeak Least Concern (arrisku txikia) kategorian sailkaturik dauka[1].
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Aulagnier, S., Hutterer, R., Amori, G., Kryštufek, B., Yigit, N., Mitsain, G. & Muñoz, L.J.P. (2008). Suncus etruscus. in: IUCN Zerrenda Gorria..
- (Errusieraz) ours-nature.ru. Белозубка карликовая (Suncus etruscus). .
- Scholarpedia. Vibrissal touch in the Etruscan shrew. .
- Jürgens, Klaus D.. (2002). «Etruscan shrew muscle: the consequences of being small» The Journal of Experimental Biology 205 (Pt 15): 2161–2166. PMID 12110649..
- MacDonald, DW,; Barrett, P. (1993). Mammals of Europe. New Jersey: Princeton University Press.
- Palomo, JL,; Gisbert, J,; Blanco, C. (2007). Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Madril: MMA.
- Fons, R,; Sender, S,; Peters, T,; Jürgens, KD. (1997). «Rates of rewarming, heart and respiratory rates and their significance for oxygen transport during arousal from torpor in the smallest mammal, the Etruscan shrew Suncus etruscus» Journal of Experimental Biology (200): 1451–1458..