Etorkizun
Etorkizun edo geroa gauden momentuaz geroztik gertatzen den oro da. Denborarekin erlazio duen kontzeptua da. Gizakiak duen denboraren ikuspegi linealean etorkizuna oraindik gertatu ez diren ekintzek osatzen dute. Etorkizunaren aurkakoa iragana izango genuke, eta oraina bien arteko muga.
- Artikulu hau denborari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etorkizun (argipena)».
- Artikulu hau geroari edo etorkizunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gero (argipena)».
Fisikaren arabera ekintza baten etorkizuna ekintza horrek eragin ditzakeen espazio denborako gertakari guztiek osatzen dute. Mekanika klasikoarentzat etorkizunak ez du posizio espazialarekin zerikusirik koordenatu tenporalekin baizik, horrela, gertakari jakin batek baino koordenatu tenporal handiagoa duten puntuak gertakari horren etorkizuna lirateke.
Erlatibitate berezia
Erlatibitate bereziak dioenez espazio denborako gertakari baten etorkizuna gertakari horren eragina jasan dezaketen gertakariek osatzen dute, eta eragin hori argiaren abiaduran hedatzen da. Perturbazioak argiaren abiaduran edatzen direnez honek espazio denbora diagrama batean etorkizuna argi kono batera mugatzen du. A gertakaritik irten litezkeen argi izpiek hartzen dituzten puntu guztiek osatzen dute A gertakari horren etorkizuna.
Etorkizuna igartzen
Saiakera ugari egin ditu gizakiak etorkizuna aurreikusi eta hortik sor litezken arazoak saihesteko. Horretarako, hiru bide jorratu ditu:
- natura eta gizartean aurki daitezkeen prozesu eta fenomenoen erlijio eta mitoen bidezko azaltzea, profezien bitartez;
- natura eta gizartean aurki daitezkeen prozesu eta fenomenoen modeloak garatu, frogatu eta zuzenduz gertakarien ondorioak aurreikusten dituzten teoriak gauzatuz metodo zientifikoa erabiliz. Bide hau aztertzeaz arduratu da estatistika bereziki, denbora serieak aztertuz;
- inongo azalpenik gabe etorkizunaren iragarpena egitea. Iruzurlez beteriko mundu honetan psikologia eta abilidadea erabiliz etorkizuna igartzeko gai direlako inpresioa ematen duen kontakatilu ugari besteen kontura aberastu da. Gaurdaino ez da inor etorkizuna zehazki igartzeko gai izan dela frogatu.