Etaiu
Etaiu[3] ([eta.iu]) Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat da, Egaibar eskualdekoa, Lizarrako merindadekoa. Itsas mailatik 623 metro gorago dago, eta 79 biztanle zituen 2014. urteko erroldaren arabera.
Etaiu | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||||||||||
| |||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||||||||||
Merindadea | Lizarra | ||||||||||
Eskualdea | Lizarrerria | ||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Nafarroa | ||||||||||
Izen ofiziala | Etayo | ||||||||||
Alkatea | Laura Alegria Sos | ||||||||||
Posta kodea | 31280 | ||||||||||
INE kodea | 31099 | ||||||||||
Herritarra | etaiuar, Etaiuko | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°37′00″N 2°09′14″W | ||||||||||
Azalera | 13,02 km² | ||||||||||
Garaiera | 623 metro | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 68 (2023: 3) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 5,07 biztanle/km² | ||||||||||
Zahartzea[1] | % 37,4 | ||||||||||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 0 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera[1] | % 0 (2011) | ||||||||||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||||||||||
Langabezia[1] | % 4,69 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1][2] | % 6,50 (2018: %2,24) |
Geografia
Inguru naturala eta kokapena
Etaiu Lizarrako merindadearen mendebaldean dago. Herrira iristeko, Urbiolan hasita, Antzinerako bidea hartu eta Olexuara iristean Etaiurako herri-errepidea hartu behar da.
Udalerriak Legariako eta Okoko udalerriekin egiten du muga iparraldean; Olexoarekin eta Villamayor de Monjardinekin ekialdean; Los Arcosekin hegoaldean; eta Piedramillerarekin eta Sorladarekin mendebaldean.
Haren mugen barruan beste herrixka bat dago, Leartza, 1842ko erroldan udalerri independente zena.
Klima eta landaredia
Etaiuko klima mediterraneo-kontinental motakoa da. Urteko batez besteko tenperaturak 8 eta 11 gradukoak, eta prezipitazioak 500 eta 800mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 80 dira herrigunean, eta 100 edo gehiago udalerriko gunerik menditsuenetan. Euriteak udazken eta udaberri garaian izaten dira ugarien. Neguak nahiko hotzak izan ohi dira, eta uda garaian bi hilabete lehor daude.
Jatorrizko landareditik 70 hektarea arte baino ez dira gordetzen. Horrez gain, beti azalera txikia izan duten ameztiak galtzeko zorian daude, nekazaritzarako erabilitako lurren azalera handituz joan den heinean. XIX. mendetik aurrera birlandaturiko pinu lariziarrak eta pinu beltzak 19 hektarea hartzen dituzte.
Demografia
Etaiuko biztanleria |
---|
Datu-iturria: www.ine.es |
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko sei etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %7,14 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
Politika
Udal hauteskundeak
2007an Nafarroako Herriaren Batasuna alderdi politikoko Antonio Tomas Sanz de Azedo Lizarraga aukeratu zuten alkate. Baliogabeko boto bakarra izan zen (emandako guztien %1,16) eta boto zuriak bi (%2,35). Abstentzioa %9,47koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Aukeratua? |
Antonio Tomas Sanz de Azedo Lizarraga (UPN) | 47 | Bai |
Juan Miguel Salinas Maeztu (CIE) | 36 | Ez |
2011n bi zerrenda hauek aurkeztu ziren: Candidatura Popular de Etayo (CPE; 2 zinegotzi, tartean alkate bihurtutako Felipe Landa Azedo) eta Agrupación Independiente de Etayo (1). CPE UPNren ingurukoa; alderdiak bere izenean zerrendarik ez aurkeztea erabaki zuen, aurreko alkatea etorkinen botoarekin iruzurretan aritzeagatik inputatu zutelako[4].
Alkateak
1999-2003 | Juan Miguel Salinas Maeztu | San Cristóbal |
2003-2007 | Juan Miguel Salinas Maeztu | San Cristóbal |
2007-2011 | Antonio Tomás Sanz de Azedo Lizarraga | UPN |
2011-2015 | Felipe Landa Azedo | CPE |
2015-2019 | Jenaro Pascual Desojo | CIE |
2019-? | Laura Alegria Sos | CIE |
Udaletxea
Udalerriko punturik altuenean dago, elizaren ondoan. Hare harri gorriz egina dago (inguruko lurretan materialik ugariena) eta margotutako hormak eta arkudun ataria nabarmentzen dira. Elizarekin batera plazatxo txiki bat osatzen du, Andre Maria izenekoa. Udala alkateak eta lau zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Andre Mariaren plaza, 1
Zerbitzuak
Antzin-Ameskoako Zerbitzu Sozialen Mankomunitatea zaborra biltzeaz, ura hornitzeaz eta bestelako zerbitzuez arduratzen da Etaiun eta eskualdeko beste hainbat herritan.
Ondasun nabarmenak
Jasokundeko Andre Mariaren eliza
Jasokundeko Andre Mariaren eliza jatorriz Erdi Aroko eraikina den arren, gaur egungo eliza estilo barrokoan eraikia da. Gurutze latindar oinarridun eliza da.
Kristobal Deunaren baseliza
Herritik gertu dagoen Kristobal Deunaren baseliza aipatzekoa da. Eraikina hau izen bereko mendixkaren gainean dago. Apirileko azken igandean, bertan erromeria ospatzen ohi da.
Herriko etxeak
Arkitektura erlijiosoaz gain, herrian XVI. mendeko eta XVIII. mendeko etxe ugari dago, harlanduz eginikoak, fatxadan alabastrozko armarriak ageri dituztenak.
Leartzako jaurerria
Leartzako jaurerrian San Andres eliza dago, erromaniko estilokoa eta 1200. urtean eraikia. Iparraldean atari neoklasikoa du, sarbidea babesteko balio duena, XIII. mendean eraikia.
Jaiak eta ospakizunak
Herriko jaiak abuztuaren 14tik 16ra ospatzen dira, Andre Mariaren Jasokundearen omenez.
Etaiuar ospetsuak
- Honorato Pla Landa (1905-1957) irakasle eta sindikalista.
- Gregorio Monreal (1942-) politikari eta legelaria.
- Nicanor Ursua (1947-) irakasle eta filosofian doktorea.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
- Euskaltzaindiaren 155. araua: Nafarroako udal izendegia.
- ELECCIONES 22-M NAVARRA UPN esconde sus siglas en las listas con los candidatos más polémicos, Diario de Noticias, 2011ko maiatzaren 13a.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Etaiuko Udalako webgunea.
- Herriaren urrutiko ikuspegia NA-7400 errepidetik, Google Street View-n.