Estrie
L'Estrie Quebeceko eskualde administratiboa da. 05 kodea erabiltzen da eskualde hau identifikatzeko. Hiri nagusia Sherbrooke da.
Estrie | |
---|---|
Kanada | |
Administrazioa | |
Estatu burujabe | Kanada |
Probintzia | Quebec |
Hiriburua | Sherbrooke (Quebec) |
Zatiketa | |
Geografia | |
Koordenatuak | 45°28′54″N 71°40′05″W |
Azalera | 12.855,9 km² |
Mugakideak | Centre-du-Québec, Montérégie eta Chaudière-Appalaches |
Demografia | |
Biztanleria | 499.197 (2021eko uztailaren 1a) 161.496 (2021) |
Dentsitatea | 38,83 bizt/km² |
estrie.gouv.qc.ca |
Frantses eta britainiarren kolonizazioaren topagune izateak nortasun berezia ematen dio eskualde honi.
Geografia
Montrealetik pare bat ordutara ekialderantz eta Quebeceko hiriburura ipar-ekialderantz bide apur bat luzeago dagoelarik, eskualde hau AEBekiko mugan dago. Quebeceko beste batzuekin konparatuta gizakiak eginiko lanak eragin handiagoa sortu du, nahiz eta oraindik ere espazio natural ugari egon.
Han-hemen Monteregiar muinoak (collines montérégiennes) nabarmentzen dira paisaian, haien artean mendilerroko altuena den Mont Mégantic (1.105 m). Mendi honek, beste muinoengandik aldenduta, Apalatxe mendilerro luzearekiko lotura egiten du.
Lur eremu osoa San Laurendi ibaiaren arroan dago, ibaiadar batzuen bidez; nagusia Saint-François da eta ekialdean Chaudière ere nabarmentzen da.
Mugakideak
- Quebeceko eskualde administratibo mugakideak:
- Montérégie mendebaldean.
- Centre-du-Québec ipar-mendebaldean.
- Chaudière-Appalaches ipar-ekialdean.
- AEBetako estatu mugakideak, mendebaldetik ekialdera:
Estrieko zenbait herri (Beebe Plain edo Stanstead, Quebec-Vermont mugan) AEBekiko mugak banatuta daude.
Historia
Egungo eskualdea algonkin familiako abenaki herriaren lurrak izan ziren garai batean.
1792an Britainiar Inperioak lur eremua zatikatu eta kantonamendutan banatu zuten; izen guztiak Britainiar uharteetatik hartu zituzten; gaur egungo toponimian eragin handia izan duen izendapen-prozesua izan zen. Eastern Townships (township: "kantonamendu", fr. canton) jaio ziren; kolonizatzeko erraztasunak eskainiz lehen AEBetako independentziaren harira zokoratuta geratu ziren Erresuma Batuaren aldeko leialistak (beraz, etorkin "amerikarrak", Europatikoak baino) eta 1840tik aurrera kontinente zaharretik heldutako ingeles, eskoziar eta irlandarrak abiatu ziren eskualde honetara bizi izatera. Garai horietan Boston edo Portlandekiko harremanak Montreal edo Quebec Hiriarekikoak baino arinagoak ziren.
Aldi berean 1812tik frantses jatorriko kolonoak etortzen hasi ziren; 1850-1860rako bere presentzia dagoeneko nahiko handia zen. Saint Lawrence and Atlantique trenbideak Auburn (Maine eta eskualdean dagoen Richmond lotu zituen eta 1854an Charnyraino (Quebec Hiriaren ingurumarian) heldu zen; horrek eta beste trenbide zein errepide batzuek kolonizazioa areagotu zuten.
Demografia
- Biztanleria: 307.389 (2009)
- Azalera: 10.195 km²
- Dentsitatea: 29,2 bizt./km²
- Jaiotza-tasa: ‰ 10,3 (2006)
- Heriotza-tasa: ‰ 7,6 (2006)[1]
Hizkuntzak
Bere historiagatik Estrie Quebecen barruan gutxiengo ingeles hiztun handienetakoa duten eskualdeen artean dago. Hala ere, 2006an % 8,7 ziren, azken hamarkadetan ehunekoak behera egin du eta gehiengo zabala (% 88,7, Quebeceko batez bestekotik gora) frantses hiztuna da[2].
Zenbait MRCtan frantses hiztunen gehiengoa are handiagoa da (Les Sources % 96,8, Le Granit 94,9) eta ingeles-hiztunen ehunekorik handiena duen MRCa Memphrémagog (% 17,4) da[3]. Herri batzuetan gehiengo ingeles-hiztuna ere dago[4].
Jatorriko herriak
Historikoki abenaki herriaren Ndakinna[5] ("gure lurra" abenakieraz) lurraren barruan bazegoen ere, egun ia ez dago herrikiderik Estrien; Quebecen herri horrek dituen "indiar erreserba" bakarrak Centre-du-Québecen daude.
Banaketa administratiboa
Eskualdeak 6 "Eskualdeko konderriko udalerri" (MRC) ditu eta bere baliokidea den beste bat, Sherbrooke; 89 udalerri ditu. MRCak, baliokideak eta beren hiriburuak:
- Sherbrooke: 2002ko fusioen ostean udalerri bakarrak osatua.
- Coaticook: Coaticook.
- Le Granit: Lac-Mégantic.
- Le Haut-Saint-François: Cookshire-Eaton.
- Les Sources: Asbestos.
- Le Val-Saint-François: Richmond.
- Memphrémagog: Magog.
Estrie vs. Cantons-de-l'Est
Estrie 1981etik eskualdea izendatzeko ofiziala den toponimoa da; est ("ekialde") hitzetik eratorria, Cantons-de-l'Est baino egokiagotzat jo zuten, azken hau ingelesezko Eastern Townships izendapenaren itzulpen literala delakoan. Estrie Maurice O'Breadyk 1946an sortutako neotoponimoa da[6].
Gaurko eskualde administratiboen banaketan Cantons-de-l'Est historikoaren lurraldetzat jo daitezkeenak lautan banatuta geratu dira[7]; Estrie osoaz gain hauexek dira:
- Montérégie: Acton, La Haute-Yamaska eta Brome-Missisquoi MRC osoak, Le Haut-Richelieu eta Rouvilleko zatiak.
- Chaudière-Appalaches: Les Appalaches MRC osoa, Beauce-Sartiganeko zatiak.
- Centre-du-Québec: L'Erable, Arthabaska eta Drummond MRCak.
Cantons-de-l'Est turistikoa
Egungo Estrierekin lotura handiak eta ezaugarri antzekoak dituztelako, administratiboki Montérégien badaude ere beste bi MRC Cantons-de-l'Est eskualde turistikoan sartuta daude:
- Brome-Missisquoi: Cowansville.
- La Haute-Yamaska: Granby.
Bibliografia
- Jean-Pierre Kesterman: Histoire des Cantons de l'Est, Quebec Hiria, IQRC, 1998.
- Jean-Pierre Kesterman: Aborder l'histoire des Cantons-de-l'Est, Sherbrooke, GGC, 2007. ISBN 978-2-89444-220-3.
Erreferentziak
- Iturria: Quebeceko estatistika institutua.
- Statistique Canada.
- Coup d'oeil sur l'Estrie Emploi Québec Estrie webgunean.
- Townshippers eskualdeko ingeles hiztunen webgunea.
- Ndakinna.org.
- Estrie Quebeceko toponimia batzordearen webgunean.
- Évolution de la situation démographique des communautés anglophones dans les Cantons-de-l’Est. Ingelesez hemen.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Estrieko ataria.
- (Frantsesez) Estrie Quebeceko estatistika institutuan.
- (Frantsesez) CRÉ Conférence régionale des élu(e)s eskualdeko hautetsien konferentzia.
- (Frantsesez) Cantons-de-l'Est; informazio turistikoa. Eskualde turistiko honetako mugak ez dira eskualde administratibokoak.