Joan Stobikoa

Joan Stobikoa[1] (grekeraz Ἰωάννης ὁ Στοβαῖος, K. o. V. mendea[2]) antzinako idazle eta doxografoa izan zen. Izena Mazedoniako Stobi hirikoa izatetik datorkio[3]. Horretaz gain, ez dakigu ezer bere bizitzari edo gorabeherei buruz. Lau liburutako antologia bat idazteagatik da ezaguna, antzinako egileen, poeten zein prosazko idazleen, pasarteak bilduz[4]. Gerora, antologia horren liburuak bi zatitan banatu ziren, Eglogak (’Eκλογαί) eta Antologia (Ἀνθολόγιον) izenarekin ezagunak[2].

Joan Stobikoa
Bizitza
JaiotzaStobi, V. mendea
Herrialdea Bizantziar Inperioa
HeriotzaV. mendea ( urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta editorea
Lan nabarmenak

Antologia

Joan Stobikoaren Antologia V. mendeko punturen batean idatzi zen. Liburuaren hitzaurrea galduta dago, baina, zorionez, IX. mendeko jakintsu eta patriarka Foziok lanaren kopia oso bat zuen bere liburutegian, eta bere Bibliotheca edo Myriobiblos ("Ehun mila liburu") katalogoan bere anaierantzako iruzkindutako 279 liburuetako bat da hura[5]. Fozioren iruzkin horri esker, liburuaren jatorrizko izenburua ezagutzen dugu, eta hari esker ere badakigu liburua Joanen seme Septimiori eskainia zegoela, eta hari zuzendutako hitzaurrean memoria eta irakurketarako talentu eskasa zuenez ikasketekin laguntzeko irakaspen eta pasarte ezagunak bildu zituela omen zioen Joanek[6], ondorengo pasartean ikus daitekeen moduan:

« Ἀνεγνώσθη Ἰωάννου Στοβαίου ἐκλογῶν ἀποφθεγμάτων ὑποτηκῶν βιβλία τέσσαρα ἐν τεύχεσι δυσί. προσφωνεῖ δὲ ταῦτα, δι' ὅν καὶ τὴν συνάθροισιν φιλοπονῆσαι λέγει, Σεπτιμίω ἰδίῳ υἱῷ. ἡ δὲ συναγωγὴ αὑτῷ ἔκ τε ποιητῶν καὶ ῥητόρων καὶ τῶν κατὰ τὰς πολιτείας λαμπρῶς βεβιωκότων ἐγένετο, ὣν, ὡς καὶ αὐτός φησι, τῶν μὲν τας ἑκλογὰς τῶν δὲ τὰ ἀποφθέγματα καὶ τινων ὑποθήκας συλλεξάμενος, ἐπὶ τῷ ῥυθμίσαι καὶ βελτιῶσαι τῷ παιδί τὴν φύσιν, ἀμαυρότερον ἔχουσαν, πρὸς τὴν τῶν ἀνγνωσμάτων μνήμην στείλειεν.

Irakurriak Joan Stobikoaren Pasarteen, Sententzien eta Irakaspenen lau liburu bi bolumenenetan. Liburua bere semeari eskainita dago, eta harentzako egin duela dio. Bilduma idazleen, erretoreen eta politikari ospetsuen esanekin osatuta dago, eta, berak dioen legez, batzuen pasarteak eta besteen sententzia eta irakaspenak bildu ditu, semeak irakurritakoak gogoratzeko duen talentu eskasa entrenatu eta hobetzeko.

 »

—Fozio[oh 1]

Parisinus Graecus 2129 eskuizkribuaren lehen orrialdea.

Fozioren deskribapenari eskeri, Antologia semearen hezkuntzarako idatzitako ezagutza orokorreko eskuliburu bat dela dakigu[7]. Stobikoak 500 egile ingururen pasarteak eta esanak biltzen ditu bere antologian, eta bilduriko pasarteekin testu berri eta koherente bat osatzen du, Antzinako Greziako literaturaren, ohituren eta filosofiaren erretratu zabala osatuz. Pasarteak antzinako literaturako esparru guztietakoak dira, eta epika, lirika, tragedia, medikuntza, historia eta filosofiaren arloko egileak zitatzen ditu, ezagunak eta ezezagunak[7]. Joan Stobikoaren Antologia iturri oso garrantzitsua da antzinako literaturaren ezagutzarako, hainbat egileren izenak eta lanak obra honen bitartez bakarrik gorde baitira. Adibidez, Aesara Lukaniakoa emakumezko filosofo pitagorikoaren esistentziaren berri Antologiaren bitartez bakarrik dakigu, Stobikoak egile horren Giza naturari buruz lanaren hainbat pasarte zitatzen baititu[8].

Transmisioa

Joan Stobikoaren lana hiru eskuizkribu nagusitan iritsi zaigu: F, Napolikoa, XIV. mendekoa, (Neapolitanus III D 15), P, Parisko Liburutegi Nazionalean gordea, XV. mendekoa, (Parisinus graecus 2129) eta L, Florentziakoa, XIV. mendekoa (Laurentianus Pluteus 8.22)[9]. Lehenengo biak Antologiaren kopiak dira. Hirugarrenak, aldiz, hainbat antologia biltzen ditu, tartean Stobikoarena. Antologiaren testuaren azken edizio modernoa Curt Wachsmuth filologo alemaniarrak egin zuen 1884 urtean[10].

Oharrak

  1. Myriobiblos 167

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (2015). 179.- Bizantziar Inperioko pertsona-izenak. , 6 or..
  2. The Oxford Classical Dictionary. , 862 or..
  3. Smith, William. (1873). A Dictionary of Greek and Roman biography and mythology. , 805 or..
  4. Kazhdan, Alexander. (1991). The Oxford Dictionary of Byzantium. , 567 or..
  5. (Frantsesez) Henry, René. (1960). Photius. Bibliothéque. Tome II. Codices 84-185.. , 149-152 or..
  6. Fozio. Myriobiblos (Ehun mila liburu). , 167. kodizea. or..
  7. (Ingelesez) Stobaios. Preliminary Research and Translation.. .
  8. Plant, Ian. (2004). Women Writers of Ancient Greece and Rome An Anthology. , 81 or..
  9. Maansfeld, Jaap. (2018). Aëtiana IV. , 157 or..
  10. Wachsmuth, Curt. (1884). Ioannis Stobaei Anthologii libri duo priores qui inscribi solent Eclogae physciae et ethicae.. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.