Estetizismo
Estetizismoa, Ingalaterran, XIX. mendearen amaieran sorturiko mugimendu artistikoa da. Edertasunarekiko pasioan oinarritzen da, "artea arteagatik". Filosofia espiritual batean oinarrituriko korrontea da estetizismoa, Immanuel Kanten filosofian hain zuzen ere; honen arabera arau estetikoak moralitatetik, plazeretik edota erabilgarritasunetik aldendu behar dira. Estetizismoaren arabera artea edertasuna goraipatzeko erabili behar da, edozein gai sozialaren gainetik dagoen zerbait da. Frantzian garaturiko dekadentismoaren eta sinbolismoaren eraginak jasan zituen. Mugimenduaren izaerak filosofia utilitaristaren aurka eta industrializazioak ekarritako estetika itsusiaren eta materialismoaren aurka azaldu zen. Estetizismoak edertasunaren kontzepzio superfiziala defendatzen du, estetikaren inguruko hausnarketen gainetik dagoena.
Sorrera eta garapena
Modernismoaren aurrekaritzat har genezakeen mugimendua, XIX. mendearen amaieran naturalismoaren kontrako korronte bezala agertu zen, William Morrisek arte kontzeptu berri bat proposatu zuenean: denontzat izango zen artea eta edonon aurkituko zena, industrializazioaren korrontearen inbasioa saihestuz. Ideia utopiko honen inguruan beste hainbat mugimendu garatu ziren estetizismoarekin batera, sinbolismoa adibidez. Korronte hauek ateak irekiko zizkioten Art Nouveau korronteari. XIX. mendearen amaieraren ezinegonetik ihes egiteko ahalerak izan ziren estetizismoa, dekadentismoa eta sinbolismoa. Eguneroko errealitatetik ihes egin nahi zuten korronte hauek edertasuna gurtzeko interesa partekatzen zuten. Hala ere, mugimendu hauen artean desberdintasun nabarmenak zeuden, ad. estetizismoaren "artea arteagatik" dekadentismoaren izaeraren aurka jotzen zuen bortizki.
Ezaugarriak
Tematika figuratiboen aldetik, gotikoaren aspektu naturalistak erabili zituen estetizismoak: elementu naturalak (landareak gehien bat) era uhintsu batean plasmatzen adibidez, helburua edertasuna gurtzea zelarik. 80'. hamarkadan korronte estetizistak sintetizatu ziren, tematika begetala konposizioen oinarritzat hartuta ia beti. Alde intelektualaren ikuspegitik, estetizismoa filosofia espiritual bat zen bere oinarrian. Edertasunaren gorespena orduko sozietatearen arrunkeriaren aurka azaldu behar zen, aspektu eta diziplina guztietan. Literatura izango zen ideia honen bozeramailea Europan zehar, Walter Paterren lanekin kontsolidatu zena. Saiogilearen Mario epikureoa obran argi geratzen dira estetizismoaren helburu eta nahiak: bizitza era intentsoan bizi behar dela, edertasuna idealtzat jarraituz. Ikuspegi hauek, errenazimenduaren inguruko hausnarketa eta azterketekin batera, izango ziren orduko idazleen eredu, (Oscar Wilde adibidez). Orokorrean Paterren lanek gazteria ingelesaren estilo bohemioa bizi-filosofia batean bilakatu zuten. Mugimenduaren amaiera 1895an, Oscar Wilderen aurkako epaiketa gertatzean ailegatu zen.
Mugimenduaren hainbat autore
· Oscar Wilde idazlea. · Aubrey Beardsley margolari eta ilustratzailea. · Mary Lizzie Macomber margolaria. · James McNeill Whistler margolaria. · Dante Gabriel Rossetti idazle, ilustratzaile eta margolaria. · Edward Coley Burne-Jones margolari eta diseinatzailea.