Estepan Aldamiz-Etxebarria

Estepan Aldamiz-Etxebarria Leizaola (Caracas, Venezuela, 1956[1][2]) euskal kazetari eta telebistako aurkezlea da. Euskal Telebistaren sortzaileetako bat izan zen, eta 36 urteko lana gauzatu zuen etxe horretan, 2018ko abenduan erretiroa hartu zuen arte.

Estepan Aldamiz-Etxebarria
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEstepan Aldamiz-Etxebarria Leizaola Koskorratza Azpiazu Sánchez
JaiotzaCaracas, 1956 (67/68 urte)
Herrialdea Gipuzkoa
Familia
Familia
Hezkuntza
HeziketaSanto Tomas Lizeoa
Madrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria
Enplegatzailea(k)EITB

Familia, bizitza eta ikasketak

Amona Maria Azpiazu zuen, eta aitona Ricardo Leizaola Sánchez,[3] editore eta inprimatzaile donostiarra, Argia astekariaren eta El Día egunkariaren bultzatzaile nagusietako bat. Jesus Maria Leizaola lehendakariaren anaia zen; Espainiako Gerra Zibila zela eta, 1940an Venezuelara erbesteratu zen eta Caracaseko Euskal Etxe sortu.[4] Bikoteak 9 seme-alaba izan zituzten, tartean Estepanen ama Itziar. Lehenengo Ricardo erbesteratu zen, Maria eta seme-alabak Ipar Euskal Herrian bizi izan baitziren, 1945ean familia osoa Venezuelara lekualdatu zen arte.[5]

Gurasoek, Itziar Leizaola Azpiazu donostiarrak eta Jon Aldamiz-Etxebarria Koskorratza lekeitarrak, Caracaseko Euskal Etxean ezagutu zuten elkar. Aitaren aldeko osaba Joseba Aldamiz-Etxebarria misiolari eta abiadorea izan zen. Amaren aldeko osaba-izebak zituen Xabier Leizaola (Deiako administrazio-kontseiluko buru izandakoa), Joseba Leizaola (Eusko Legebiltzarreko mahaiburu izandakoa), Ana Belen Leizaola eta Maite Leizaola,[6] Emakume Abertzale Batzako buru, Caracaseko Euskal Etxeko ikastolaren bultzatzaile zein Radio Euzkadi irrati klandestinoaren kolaboratzaile izandakoa Venezuelatik emititzen zen garaian. Karmele Leizaola kazetaria ere izeba du, diseinuaren arloan aritua besteak beste El Nacional egunkarian, 1990ean Venezuelako Kazetaritza Sari Nazionala jaso zuena. Karmeleren  semea Eneko Las Heras margolari eta karikaturagilea du lehengusu.

Estepan, Venezuelan jaioa, 5 neba-arrebetan nagusia da. Venezuelan bizi izan zen ia 5 urtez, 1960ko hamarkadan familia Donostiara bizitzera joan zen arte. Bost urterekin Karmele Esnalen ikastolan sartu zen, Artzain Onaren plazan. Gerora, Donostiako Santo Tomas lizeoan ikasi zuen. Ikastoletako lehen ikasle belaunaldietakoa izan zen, oraindik ere egoera klandestinoan zeudelarik. Ikastolan Xabier Zaldua ETBko kazetaria izan zuen lagun.[7]

Eskolak amaitu ondoren, kazetari izan nahi zuela erabaki zuen, eta Nafarroako Unibertsitateko kazetaritza fakultatean sartzeko saiakera egin zuen. Ez zuen azterketa gainditu, eta beraz Madrilera joan zen kazetaritza ikastera, Madrilgo Complutense Unibertsitatean.

Bizkaian bizi da, Mungialdea eskualdean, eta euskara batuaz gain, bizkaieraz zein gipuzkeraz mintzatzeko gai da, baita nolabaiteko lapurteraz ere.[8] Euskara du lehen hizkuntza, eta ondo moldatzen da gaztelaniaz zein frantsesez.

Ibilbide profesionala

Unibertsitateko ikasketak bukatu zituela, kazetaritza bihurtu zuen bere ogibide. Lehen artikuluak Zeruko Argia astekarian eta Deia egunkarian idatzi zituen. Bost urtez aritu zen Deiako erredakzioan lanean.[9]

Deian lanean zebilela, Luis Aranberri Amatiñoren deia jaso zuen,[10] Euskal Telebista (ETB) sortzeko asmoen berri emanez eta berau sortuko zuen lantaldeko kide izan zedin proposatuz.[11] Era horretan, ETB-ren sorkuntza prestatu zuen kazetari-taldean sartu zen. 7 kazetariz eta 24 teknikariz osaturiko taldea Hanburgora joan zen 1982ko urrian, ETBren proiektua martxan jartzeko beharrezko prestakuntza teknikoa jasotzera Studio Hamburg enpresaren aholkularitzapean. ETBren lehen emisioa 1982ko abenduaren 31n gauzatu zen.

Hasieratik izan zen Euskal Telebistako aurpegi. Aitzindaria izan zen eta denetariko programak gidatu zituen, besteak beste Hemen eta munduan erreportaje-saioa (Aintzane Bolinagarekin batera), Firin Faran ETBko lehen tertulia, Bertatik bertara, Bakarrik edo iluntzeko saioa 11 urtez, eta albistegiak edota hauteskunde-gauetako saio bereziak.

Urte askotan zehar EITBko albiste-zerbitzuetako editore gisa aritu zen lanean.[7] Telebistako haren azken lana Egun on Euskadi aurkeztea izan zen, ETB1-eko goizeko albistegia eta elkarrizketa-saioa, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 11:00etara. 2013ko apirilaren 8an estreinatu zuen saioa, eta 2018ko abenduaren 21ean hartu zuen erretiroa,[12] EITBn 36 urteko ibilbidearen ondoren,[13] erredakzioko lankideez inguratuta eman zuen agurra.[14]

Ideologia eta bizitza pertsonala

Euskadi Europan nazio gisa ofizialki aitortzearen aldekoa da, beraz independentista, baina diskurtso xenofobo edo atzerakoiak ez dituela gustuko adierazi du. Alegia, independente izatea eskubide gisa ikusten du, herri gisa euskaldunek erabaki dezaketena, euskaldunen gehiengoa espainiarrekin gustura egongo litzatekeela ukatzeko beharrik gabe.

Homosexuala da, nahiz eta berak ez dituen etiketak gustuko, eta nahiago duen sexuala dela esatea. Garai batean bere harremanak eta gustuak ezkutatu behar izan zituen. Franco hil osteko iraultza sexualean bere adinean armairua haustea ez zela hain erraza adierazi du, baita inoiz bere gustuengatik baztertua sentitu dela ere. Alderdi horri dagokionez Euskal Herrian lorpen izugarriak egin direla uste du.

Egunerokotasunean jendeak balizko gauza finkoetara heltzeko duen erak harritzen du, “betiko omen” diren gauza horiek, erlijio bat edo Espainiako batasuna, beste inor zapaltzeko erabiliz.[15]

Erreferentziak

  1. Ez du bere adinaren edota jaiotze-dataren berri eman. Emandako elkarrizketetan bi datu aipatu ditu, bere gutxi gorabeherako adinaren berri eman diezaguketenak: 1960an eraman zutela Venezuelatik Euskal Herrira, 4 urte zituela; eta 1982an, ETBren hastapenetan, 25 urte zituela.
  2. UK Uribe Kostako aldizkaria, 237 zkia, 54 hor.
  3. «LEIZAOLA SÁNCHEZ, Ricardo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  4. «RICARDO LEIZAOLA, AQUEL EDITOR VASCO» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  5. (Gaztelaniaz) «Maite, el ancla donostiarra exiliada en Venezuela. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  6. «MAITE LEIZAOLA Y SU GRAN OBRA, LA IKASTOLA DEL CENTRO VASCO DE CARACAS» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  7. «‘Euskal Telebista egin nahi zutela esan zidatenean ezinezkotzat jo nuen’» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  8. «Estepan Aldamiz-Etxebarria:» bizkaiairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  9. «36 urteko ibilbide oparoa izan du Estepan Aldamiz-Etxebarriak ETBn» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  10. Jainaga Larrinaga, Zihar. (2019-01-06). ««Topiko bat da telebista kontrolatuta dagoela»» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  11. «Estepan Aldamiz-Etxebarria: Telebista publiko bizia egin behar dugu» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  12. «Bideoa: Martin Aranburu (Artur Masen aholkularia). Egun On Euskadi | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  13. «Estepan Aldamiz-Etxebarria: 'Digeritu ezinik nabil gaur gertatu den guztia'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  14. «Lankidez inguratuta eta txalo artean esan du agur Aldamiz-Etxebarriak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
  15. (Gaztelaniaz) Estepan Aldamiz [eusk – cast | Blue. ] (Noiz kontsultatua: 2018-12-23).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.