Nazio-estatu
Nazio-estatua[oh 1] estatuaren antolaketa modu bat da, posible diren guztien artean, nazio batek lurralde baten gainean eraikitzen duen antolaketa politiko bat, hain zuzen ere, bere izaera eta lurraldea defenditu ahal izateko.
Gehienetan kultura bat eta hizkuntza administratibo edo ofizial bakarra izaten du. Erlijioak ere markatu izan du zenbait kasutan nazio izaeraren pertzepzioa.
Kontzeptu eztabaidatua
Nazio-estatua nazioarekin nahasten bada ere, nazio-estatu gehienek nazio bat baino gehiago daukate euren mugen barnean. Izan ere, nazio bat besteei gailentzen zaie, nazio-estatu horren agintaritzan eta eliteetan nagusi izanez, eta gehienetan, gainontzeko nazioak gutxitzen saiatuz (bitarteko demokratikoekin edo ez). Ondorioz, nazioak aztertzen dituzten hainbat autorek, nazio-estatu kontzeptuaren izaera nahasgarria azpimarratzen dute, estatu gehienak nazio-estatuak ez diren heinean.
Zentzu honetan, nazio-estatuak oso gutxi lirateke. Esaterako, Portugal (uharteetako tentsio sezesionistak eta Miranda do Douroko zonaldearen izaera alde batera utzita), Albania (hegoaldeko greziar gutxiengoa eta bere aldarrikapen irredentistak ahaztuta) edo Japonia, adibide bakan modura.
Estatu ia guztiek, hortaz, aniztasun etniko eta nazional handia daukate, eta horrek zalantzan jartzen du nazio-estatu kontzeptuaren egokitasuna. Hegelek, nazio-estatua errepublika klasikoaren oinordekotzat jo ez ezik, Makiavelo goretsi zuen haren teorian nazio-estatuaren etorrera aurreratzeagatik.[1]
Historia
Nazio-estatuen sorrerak XVI. mendetik XVIII. arteko absolutismoaren nagusitzan du bere aurrekari zuzena. Dinastia handien eta erlijioen arteko gerrek, etengabeak eta suntsigarriak ez ezik, monarkiak dirurik gabe utzi zituzten. Utrechteko Bakearen garairako, Alpeez gorako monarkietan argi geratu zen bakea botere-gune desberdinen arteko nolabaiteko orekan oinarritu behar zela. Hori berrikuntza bat zen Aro Modernoko Europan eta, artean sendoak izanagatik, dinastia handien beheraldia iragarri zuen.[2] Alde horretatik, Ilustrazioaren garaian, 'herria'k zilegitasun iturritzat hartutako protagonismoarekin batera, nazio barruko politikak hasi ziren indarra hartzen.
Errepublikaren ideiak bidea ireki zion nazio-estatuari, Ilustrazioaren ideietan oinarrituz, Frantziako Iraultzan eta Ameriketako Hamahiru Kolonien independentzian gorpuztuta. Estatu Batuetako konstituzioak "We the people" hasten du bere bere testua, baina errepublika horren agintaritza iturri bihurtutako herria edo nazioa ez zen historia, tradizio edo hizkuntza komun batean oinarritzen, ordu arte bezala. Aldiz, lege bakar batek eratzen zuen nazioa, hitz hori kontzeptu berri batez hornituz. XIX. mendeko estatu liberalek aurreko erresuma absolutuen lurraldeak bereganatu zituzten eta, herriak eskuratutako lege bakar eta berdina aitzakia hartuta, hiritartasuna eta nazioa parekatu zituzten.
Nazioaren kontzeptu berrian, hizkuntza elementu definitzailea ez izan zen arren, estatu liberal berriek hizkuntza bakar bat besteen gainetik inposatzeko politikak diseinatu zituzten estatu proiektua aurrera ateratzeko. Frantziak hezurmamitu zuen ideia hori ongien, III. Errepublikan horretarako politika bereziki esplizituak aplikatuz. Herri-tradizioaren gainetik, konstituzioan adierazitako lege bakarraren inguruan komunitate berriak sortzeko gogo hori, Frantzian ez ezik, Ameriketako Estatu Batuetan, Venezuelan, edo Espainian errepikatu zen.
Oharrak
- Elhuyar eta Zehazki gaztelania-euskara hiztegiek, «estado» sarreran, «nazio-estatu» dakarte euskal ordaintzat. Hiztegi Batuak, berriz, estatu-nazio forma dakar, baina adibidetzat soilik (letra etzanez, eta ez letra lodiz); horrenbestez, ez da forma arautua, Hiztegi Batuko aipamen horrek ez du arau baten indarrik.