Entseiuak (Montaigne)

Entseiuak (frantsesez: Essais) Michel de Montaigne frantziar idazleak 1572-1590 bitartean idatzitako 107 saiakeren bilduma da. XVI. mendeko frantziar humanismoaren obrarik gorena da.

Entseiuak
Datuak
IdazleaMichel de Montaigne (1580)
Argitaratze-data1580
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaEssais
HizkuntzaFrantsesa
HerrialdeaFrantziako Erresuma
Euskaraz
IzenburuaEntseiuak I[1], Entseiuak II[2] eta Entseiuak III[3]
ItzultzaileaEduardo Gil Bera
Argitaratze-data1992, 1993 eta 1994
BildumaKlasikoak
Orrialdeak314, 462 eta 339
ISBN84-88303-51-3, ISBN 84-88303-62-9 eta ISBN 84-88303-70-X

Eszeptizismoa

Montaignerentzat bere garaia gezur, ustelkeria eta hipokresiazkoa zen, eta ez da harritzekoa, beraz, Essais-en abiapuntua ezezkotasuna, ukoa, izatea: itxurakerien arauaren eta egiarekiko lotura faltaren ukoa. Montaigneren eszeptizismoa, sarritan aipatu eta eztabaidatu izan dena, hasierako ezezkotasun horretatik sortua da, zalantzan jartzen baitu jakintza ororen aukera, eta ahultasun eta akatsen ume ikusten baitu gizakia, aldakortasunaren eta segurtasun eta gaitasun faltaren ume.

Eszeptizismo horixe adierazten du, lehen esan bezala, lanaren tituluak berak; lan honek ez baitu eskaintzen jakintza frogatua edo iritzi ziurra, aitzitik, esplorazio moduko bat, saioa, haztamua, adierazi nahi du. Montaignek inauguratu zuen saiakeraren generoa, eta berak asmatu zuen generoaren izena: hitz lauzko konposizio laburra, gai jakin bat modu aski informal eta pertsonalean lantzen duena. Tituluak, beraz, ez dio erreferentziarik egiten, ezin baitu, genero jakin bati, eta ez da lanaren barneko batasunaren eta egituraren adierazpena; aldiz, galdera egiteko jarrera intelektual bat da, gauzen balioztatze etengabea.

Montaigneren eszeptizismoak, nolanahi ere, ez du egiaren existentzia baztertzen; areago da egia gogoeta faltsu, finkatu gabe eta kanpokoetan kokatzearen kontrako defentsa. Eszeptismo horrek, egiaren desirarekin loturik, usadioz onartzen diren ideiak ukatzera eta orokortasunetan eta abstrakzioetan ez sinestera darama egilea. Era berean, eszeptizismoak seinalatzen dio segurua dirudien bide bakarra: fenomeno konkretuak eta, hasteko, bere gorputzaren eta arimaren oinarrizko fenomenoak. Horixe da, Montaigneren pertsona bera, bere akats guztiekin, egiaren bilaketa has daitekeen gune bakarra; horrexegatik, Montaignek, Entseiuak-en hasieratik bukaeraraino, etenik gabe dio behin eta berriz: «Neroni naiz neure liburuaren gaia».

Mintzagaiak

Montaigneren aburuz, norberak zaindu behar du bere askatasuna kanpoko eragileen aurrean, kanpotik ezarritako usadio eta iritzien aurrean. Baina, hala ere, norberaren kanpokoa iritsi beharra sinesten du Montaignek. Hain zuzen ere, bere idatzien bitartez, bizitza pribatuan eta bizitza publikoan egin zuen bezalaxe, beti agertu zuen gainerako jendeak eta egiteek osatzen duten munduarekin loturak eduki beharra.

Norberaren barrutik mundurako sartu-atera behar hori adierazteko, atzeko gelaren irudia erabili zuen: gizakiek badute aurreko gela bat, kalera begira dagoena, eta han aurkitzen ditu gainerako gizakiak eta aritzen da haiekin. Baina beti izan behar du bere leku pribatuen atzeko gelara erretiratzeko gai; hantxe sendotuko du bere askatasuna eta nortasun barnekoena, eta hantxe arituko da esperientziaren bitxikeriez hausnarrean. Babesleku hori eskura izanik beti, Montaignek besteekiko harremana bultzatzen du, sarritan ikas baitaitezke gauza baliagarriak haiengandik.

Horretarako, bidaia, irakurketa -historiako liburuak bereziki- eta adiskideekiko elkarrizketa gomendatzen ditu. Adiskide horiek, Montaignerentzat, gizonezkoak ziren nahitaez. Étienne de La Boétie adiskide minaren lekua ezin zuen inork hartu baina, hala ere, dio idazleak, izan daiteke interesgarria, eta merezi du, talentuko gizonekin jardutea. Emakumeekiko harremanei dagokienez, bere garaian ohikoa ez zen irekitasunaz mintzatu zen Montaigne. Nahasmendurik ez dakarren lotura bakarra, harentzat, ezkontza da, familiaren eta ondorengotzaren mendekoa baita. Maitasunak ordea, bere osagai afektibo eta erotikoekin, askatasuna galtzeko arriskua dakar. Sarritan esan izan da Montaigne misoginoa zela; baina onartzen zuen, gizonak eta emakumeak berdinak direla funtsean beren beldurretan, desiretan, eta beren benetako nortasuna aurkitzeko ahaleginean, eta usadioak eta ohitura zaharkituei lotzeko ohiturak ezartzen dituztela sexuen arteko itxurazko diferentziak; hortik aurrera, nolanahi ere, ez zuen egin.

Mundu Berriko biztanleengana ere zabaldu zuen Montaignek besteenganako jakin-mina, eta tolerantzia eta kultura erlatibotasunaren eredu izan zen horretan. Brasildik ekarritako hiru indiar ezagutu zituen, esploradore batek Frantziara eramanak, eta aurkitu omen zuen jende horrengan, beren izaerari buruzko leialtasunean eta duintasun kultural eta pertsonalean, edertasunaren zentzu bat, Mendebaldeko jendearena baino handiagoa; haiexek ziren Mundu Berriaren konkistan eta beren gerretan ondo asko erakutsi zuten bezala, benetako barbaroak .

Badirudi beti izan zela katoliko zintzoa, ez ordea suharra; ez zuen maite esperientzia espiritualaren ezagutza lortzeko giza ahalegina, errealitate bizi jakin bati ez bazegoen lotua; eta ez zuen espekulaziorik egin nahi izan gizakia baino harantzagoko gauzei buruz.

Forma eta estiloa

Entseiuak egilearen pentsamenduen bilduma dira, ez egitura artifizial batez aurkeztuak, baizik eta burura etortzen zitzaizkion modura antolatuak, behin eta berriz, idazten eta pentsatzen ari zela. Zenbateraino diren bereak argitzeko, bere umeak bailiran deskribatzen ditu, eta irudi harrigarri -ez gutxiespenezko- batez, «bere adimenaren gorotza» direla dio. Ohar eta eten ugariak, pentsamenduaren hariaren atzerakoak eta aurrerakoak, hiztegi mamitsu eta zehatza, dena da pentsamendu bizi eta berehalakoaren agerpidea. Testuan zehar ugariak dira antzinako egileengandik nahiz modernoengandik, baita herritik ere, hartutako pasadizoak, betiere errealitatearen analisia indartzeko helburua dutenak.

Eragina

Bere garaiko intelektual gehienek estoizismoaren agergarritzat ikusi zuten Montaigne. Horrela hasi zen luzaroan iraun duen nahasketa bat. Maxima filosofikoen antologia baten modura hartu izan dira Entseiuak, jakintza burutu baten bilduma balitz bezala, gizabanako baten pentsakera eta bizikizunen agergarria baino areago.

XVII. mendean, noblezia jantzi baten gidaritzapean, honnete homme-ren erretratuagatik miretsi zuten Montaigne: gizon ongi hezia, dotorea, gizartean nola jokatu ongi zekiena, ikusten zuten harengan eta haren obran. Aldi berean, hala ere, idazle erlijioso batzuek -Frantzisko Saleskoa, Blaise Pascal-, Montaigneren eszeptizismoa kristautasunaren kontrakotzat jo zuten, eta inmoraltzat salatu zuten bere buruarekiko ardura.

XVIII. mendean nagusi izaten jarraitu zuen Montaigneren irudi erlijioaren kontrakoak: Diderot eta Voltairek Argien Garaiko pentsamendu librearen aitzindaritzat hartu zuten. Jean Jacques Rousseaurentzat, ordea, bestelakoak ziren gauzak: harentzat oso liburu garrantzitsua zen Entseiuak eta, arrazoi osoz, autoerretratuaren maisu eta eredutzat hartu zuen Montaigne. Era horretan, Montaigneren ikusmolde berri bat inauguratu zuen Rousseauk: bere nortasunaren bila dabilen gizakia, bere nolakotasun sakonenaz ikararik gabe mintzatzeko gai dena.

XIX. mendean, ideia zaharrak guztiz desagertu gabe ere, gero eta hobeto ulertu zen Montaigneren lana; ez zen bakarrik ideien maisua, aitzitik, barrukoenaren, intimoarenaren idazlea ere bazen. Gustave Flaubertek bere lankidetzat zuen, eta eredu hartu zuten gero XX. mendeko frantses idazle modernoenek: André Gide, Michel Butor, Roland Barthes.

Euskaraz

Montaigneren Entseiuak Pentsamenduaren Klasikoak bilduman argitaratu ziren euskaraz, hiru liburukitan:

Erreferentziak

  1. Montaigne, Michel de. Entseiuak I. in: Klasikoak, 1992. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-01).
  2. Montaigne, Michel de. Entseiuak II. in: Klasikoak, 1993. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-01).
  3. Montaigne, Michel de. Entseiuak III. in: Klasikoak, 1994. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-01).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.