Espido Freire
María Laura Espido Freire (Bilbo, Bizkaia, 1974ko uztailaren 16a) idazlea, itzultzailea eta zutabegilea da. Gaztelaniaz idazten du. Espido Freire izenaz sinatzen ditu bere lanak.
Espido Freire | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1974ko uztailaren 16a (49 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea : English studies (en) |
Hizkuntzak | gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | saiakeragilea, idazlea, kazetaria eta itzultzailea |
Jasotako sariak | ikusi
|
espidofreire.com | |
Bizitza
Bilbon jaioa izan arren, Laudion (Araba) eman zuen bizitza Madrila joan zen arte. Galiziatik Euskal Herrira etorritakoak ditu gurasoak.
Literaturgintzan hasi aurretik, musikagintzan aritu zen, eta kantu-ikasketak egin zituen. Hala ere, oso gaztetan hasi zen idazten eta marrazkiak egiten. Hemezortzi urte zituela, karrera musikala alde batera utzi, eta Ingeles Filologia ikasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean.
Obra
Lehenengo nobela, Irlanda, 1998an argitaratu zuen, eta Frantziako liburu-saltzaileek atzerriko errebelazio-eleberriari ematen dioten Millepage saria jaso zuen. Donde siempre es octubre, bigarren nobela, 1999an argitaratu zuen. Urte bereko Melocotones Helados eleberriarekin, Planeta saria irabazi zuen (hogeita bost urte zituela). Eleberriak dira ere Diabulus in musica (2001), Nos espera la noche (2003, Donde siempre es octubre eleberriarekin hasitako trilogiaren bigarren partea) eta Soria Moria (2007, Sevillako Ateneo saria).
Lehenengo saiakera, Primer Amor, 2000n argitaratu zuen. Geroztik, beste lau idatzi ditu: Cuando comer es un infierno (2002), elikadura-nahasmenduei buruzkoa; Querida Jane, querida Charlotte (2004), Jane Austen eta Brontë ahizpen bizitza eta obrari buruzkoa; Mileuristas, la generación de los mil euros (2006), Espainiako egungo gaztediari buruzkoa; Mileuristas II, la generación de las mil emociones (2008), belaunaldi horretako gazteen harreman pertsonalei buruzkoa.
Eleberriak eta saiakera ez ezik, ipuin asko idatzi ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, El tiempo huye (2002), Cuentos malvados (2003) eta Juegos míos (2004).
Taldekako lanetan ere parte hartu izan du. 2000ko azaroan, esaterako, Nuevos Episodios Nacionales liburuan parte hartu zuen, beste hogeita lau idazlerekin batera; azken hogeita bost urte hauetako historiaren berrirakurketa izatea zuen helburu lan hark. Abenduan, Elkarriren Realidad y Esperanza liburuan ere esku hartu zuen, artegintzaren hainbat alorretako beste laurogeita hamabi sortzailerekin batera.
Unibertsitate-garaietatik, literatura-sorkuntzaren irakaskuntza interesatu zaio, eta horri buruzko eskolak eman ditu zenbait unibertsitatetan. Gainera, metodo pedagogiko bat asmatu, eta literatura-eskola bat zabaldu du Madrilen.
Espido Freireren eleberri guztiak hizkuntza askotara itzuli dira. Zutabegile gisa, El Pais, La Razon, El Mundo eta Público egunkarientzat idatzi du, besteak beste. Itzultzaile gisa ere lan egiten du, bai eta irratian —Onda Ceroko Julia en la onda saioan— eta telebistan —Noche sin tregua saioan— ere.
Eleberriak
- Irlanda (Bartzelona, Planeta argitaletxea, 1998). ISBN 84-08-02896-0.
- Donde siempre es octubre (Bartzelona, Seix Barral argitaletxea, 1999). ISBN 84-322-0769-1.
- Melocotones helados (Bartzelona, Planeta argitaletxea, 1999). ISBN 84-08-46415-9.
- Diabulus in Musica (Bartzelona, Planeta argitaletxea, 2001). ISBN 84-08-03833-8.
- Nos espera la noche (Madril, Alfaguara argitaletxea, 2003). ISBN 84-204-0018-1.
- La diosa del pubis azul (Bartzelona, Planeta argitaletxea, 2005). Raul del Pozorekin batera. ISBN 84-08-05906-8.
- Soria Moria (Sevilla, Algaida argitaletxea, 2007).
- Cartas de amor y desamor (451. argitaletxea, 2009).
- Hijos del fin del mundo (Imagineediciones argitaletxea, 2009).
- La flor del norte (Planeta argitaletxea, 2011).
- Quería volar (Madril, 2014) ISBN 978-84-34-41851-6.
- Para vos nací (Madril, 2015) ISBN 978-84-34-41926-1.
Kontakizunak
- El tiempo huye (NH Saria 2001).
- Cuentos malvados (Madril, Punto de Lectura, 2003). ISBN 84-663-1095-9.
- Juegos míos (Madril, Alfaguara argitaletxea, 2004). ISBN 84-204-0125-0.
- El tiempo huye (Madril, Miniletras, 2006). ISBN 84-96592-49-9.
- El trabajo os hará libres. Cuentos (Editorial Páginas de Espuma, 2008).
- Un zapato protagonista de cuento (Sacha London eta Espido Freire, 2009).
Gazteentzako literatura
Poesia
- Aland la blanca (Bartzelona, DeBolsillo, 2001). ISBN 84-8450-501-4.
Saiakera
- Primer amor (Madril, Temas de Hoy, 2000). ISBN 84-8460-049-1.
- Cuando comer es un infierno (Madril, El Pais-Aguilar, 2002. ISBN 84-03-09289-X.
- Querida Jane, querida Charlotte (Madrid, El Pais-Aguilar, 2004). ISBN 84-03-09371-3.
- Mileuristas: cuerpo, alma y mente de la generación de los 1000 euros (Bartzelona, Ariel argitaletxea, 2006). ISBN 84-344-4498-4.
- La generación de las mil emociones. Mileuristas II (Bartzelona, Ariel argitaletxea, 2008).
Itzulpenak
- Alexander Kenten Al mando de una corbeta (Bartzelona, Noray, 1999). ISBN 84-7486-106-3. Ingelesetik gaztelaniara.
- Alexander Kenten Misión en ultramar (Bartzelona, Noray, 2000). ISBN 84-7486-109-8. Ingelesetik gaztelaniara.
- Alexander Kenten Libertad de acción (Bartzelona, Noray, 2001). ISBN 84-7486-115-2. Ingelesetik gaztelaniara.
- Latitudes extremas: doce poetas chilenas y noruegas (Madrid, Tabla Rasa, 2003). Kirsti Baggethun Kristensen eta Tove Bakke itzultzaileekin batera. ISBN 84-933190-2-3. Norvegieratik gaztelaniara.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-01-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.