Espeka-ardatz
Espeka-ardatza mekanismo ezberdinak modu errepikakorretan aktibatzeko (esate baterako balbulak ) erabiltzen den mekanismoa da, ardatz batez eta bertan jarritako tamaina eta forma ezberdinetako espekez osatuta dagoena. Hau da, programatzaile mekaniko izenaz ezagutzen den tenporizadore mekaniko zikliko bat osatzen du.
Motor batean sarrera- eta ihes-balbulen irekitzea eta ixtea kontrolatzen ditu. Balbulak beraien asentuengandik desplazatzeko, espeka-serie bat erabiltzen da, motorrak duen balbula-kopuru berdinekoa. Espeka horiek ardatz batean daude mekanizatuta, dagokien desfase-angeluarekin, zilindro ezberdinak funtzionamendu-ordenaren arabera irekitzeko.
Deskripzioa
Espeka-ardatza elementu ezberdinez osatutako ardatz batean datza. Elementu horien artean aurretik aipatutako espekak daude (egozkailuetan jarduten duten atal lerromakurrak, ardatzean eginda daudenak). Espekez gain, espeka-ardatzak mekanizatutako hainbat euskarri-erro ditu (transmititutako esfortzuaren arabera erroen kopurua aldatzen da), eta horien inguruan biratzen du. Ardatzaren gainean, batez ere motor zaharretan, erregai-ponparen eragintzarako espeka eszentriko bat dago kokatuta eta, gasolinako motorretan, pizketa-banagailuaren mandorako arraste-pinoia, espeka-ardatza gasen sarrera eta irteera balbulen bidez kontrolatzeko erabiltzen den mekanismoa baita.
Ardatzak, marruskadurazko kojineteen edo kulataren materialaren gainean zuzenean egindako euskarri-zuloen barnean biratzen du. Euskarri bakoitzera heltzen diren konduktuen bidez egindako lubrifikazio-zirkuituaren bitartez dago lubrifikatuta. Espeka-ardatzak burdinurtu edo altzairu forjatuzko pieza batean egiten dira, eta bihurdurarekiko eta higadurarekiko erresistentzia handia izan behar dutenez, tenplatze-tratamendu bat ematen zaie. Espeka-ardatzaren higadurak distribuzio-diagraman aldaketa bat eragin dezake, eta honela motorraren etekina gutxitu.
Aplikazioa
Espeka-ardatzek era guztietako aplikazioak dituzte; errotetan, ehundegietan, ur-banaketako sistematan edo mailu hidraulikoetan erabiltzen dira. Hala ere, bere aplikazio garatuena barne-errekuntzako motor alternatiboarekin erlazionatuta dago. Bertan, balbulen irekitze- eta ixte-ibilbideak erregulatu eta irekitze-fasearen iraupena erregulatzeaz arduratzen da, gasen sarrera- eta irteera- faseetan zilindroetan kargaren berritzea baimenduz.
Galdaketaren (casting iron), forjaketaren, edo mihiztatutako ardatzen bidez fabrikatzen dira, austenperizazio edo zementazio moduko gainazaleko tratamendu termikoak ematen zaizkie (ardatzaren gainazala gogortzen dutenak) eta, ondoren, mekanizatu egiten dira, amaierako akabera eta beharrezko zehaztasuna lortzeko.
Espeka-ardatzaren kokapena eta balbulen banaketa zilindroan
Banaketa-sistemak espeka-ardatzaren kokapenaren arabera sailkatu daitezke. 1980ko hamarkadara arte motorrek motor-blokean kokatutako espeka-ardatzen konfigurazioa zuten. Gaur egun, ia motor guztiek zilindroaren tapan muntatutako espeka-ardatza dute. Balbulak zilindroarekiko kokapen ezberdinetan egon daitezke, baina bi nagusi daude: albokoa eta kulatakoa.
- SV sistema: “alboko balbuladuna” ere izendatua. Sistema honetan balbula zilindroarekiko alboko posizioan kokatzen da, hau da, blokean kokatuta dago. Balbula honen agintea motor-blokean kokatutako espeka-ardatzarekin burutzen da. Banaketa-sistema hau aspalditik ez da erabiltzen bi eragozpen nagusi dituelako: konpresio-ganbera handiagoa izatera derrigortzen du eta balbulen buruaren tamaina mugatzen du dagoen leku faltagatik.
- OHV sistema: espeka-ardatza motor-blokean izateagatik ( normalean beheko sektorean) eta balbulak kulata-forman jarrita edukitzeagatik bereizten da. Sistema honetan birabarkitik espeka-ardatzerako mugimenduaren transmisioa zuzenean bi pinoirekin egiten da edo hirugarren pinoi baten interpolazioarekin; luzera txikiko kate baten bidez ere egin daiteke. Sistema honen abantaila bat da birabarkiaren eta kamoi-ardatzen arteko transmisioak behar duen mantentze-lana nulua edo kilometro askotatik behinekoa izatea. Desabantaila espeka-ardatzaren eta balbulen arteko distantzia orekatzeko sistemak dituen osagarri kantitatean datza. Eragozpen honek batez ere motorraren erreboluzio altuetan du eragina, eta motor hauek lortu ditzaketen bira kopurua baldintzatzen dute. Tenperaturak eragin handia du sistema honetan, taken arteko lasaiera handi bat beharrezkoa eginez.
- OHC sistema: Espeka-ardatza kulatan izateagatik bereizten da balbulak bezalaxe. Sistemarik erabiliena da gaur egun ibilgailu guztietan.Honen abantaila da espeka-ardatzaren eta balbulen arteko elementu kopurua asko murrizten dela, eta honela balbulen irekitze-ixtea zehatzagoa da. Honek motorrek bira kopuru handiagoa lortu ahal izatea dakar. Duen desabantaila birabarkiaren mugimendu-transmisioa trabatzean dago, luzera handiagoko uhal edo kateak behar direlako, denborarekin gehiago higatzen baitira, eta mantenu handiagoa behar baitute. Sistema hau orokorrean garestiagoa eta konplexuagoa da baina eraginkorragoa da eta errendimendu handiagoa lortzen da motorrean.
OHC sistemaren barruan bi aldaki daude:
- SOHC: Sarrera- eta irteera-balbulak eragiten dituen espeka-ardatz bakar batez osatua dago.
- DOHC: Bi espeka-ardatzez osatua dago, batak sarrera-balbulei eta besteak irteera-balbulei eragiten dielarik.