Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioa
Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioa Espainiaren ordezkaria da errugbi txapelketa ofizialetan. 1989ko maiatzaren 2an jokatu zuen lehenbiziko partida, Frantziaren aurka, eta 0-28 galdu. 2000tik 2006ra Sei Nazioen Txapelketan parte hartu zuen, baina Italiak ordezkatu zuen 2007tik aitzina, gizonezkoen txapelketaren antzirudiko.
Espainiako emakumezkoen errugbi selekzioa | |||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Izengoitia | Las Leonas | ||||||||||||||||||||||||||
Elkartea | Espainiako Errugbi Federazioa | ||||||||||||||||||||||||||
Hautatzailea | José Antonio Barrio | ||||||||||||||||||||||||||
Kapitaina | Aroa González | ||||||||||||||||||||||||||
Partida gehien | Aroa González (74) | ||||||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||||||
Lehenbiziko partida | |||||||||||||||||||||||||||
Espainia 0-28 Frantzia 1989ko maiatzak 2 | |||||||||||||||||||||||||||
Garaipenik handiena | |||||||||||||||||||||||||||
Espainia 119-0 Finlandia Coruña, 2011ko apirilak 30 | |||||||||||||||||||||||||||
Porrotik handiena | |||||||||||||||||||||||||||
Espainia 0-97 Frantzia Guadalajara, 2017ko azaroak 11 | |||||||||||||||||||||||||||
Emakumeen Munduko Errugbi Kopa | |||||||||||||||||||||||||||
Parte hartzeak | 5 (aurrenekoa 1991n) | ||||||||||||||||||||||||||
Posturik onena | 6.a 1991n |
Historia
Espainiako emakumezkoen errugbiari buruzko lehenbiziko aipamenak 1913koak dira; garai hartan, ezkutuan jokatzen zuten Madrilgo ikastetxe batzuetan, gaizki ikusirik baitzegoen neskak kirol gogor horretan aritzea. Dokumentatutako lehenbiziko partida, berriz, 1971ko martxoaren 14an jokatu zen, Avilésen, Llaranesko María Milagrosa ikastetxeko bi talderen artean.[1]
1970eko hamarkadaren hasieran, neska batzuk Madrilgo Arkitektura Eskolako zelaietan entrenatzen hasi ziren. 20 inguru izatera iritsi ziren, eta astean bitan elkartzen ziren entrenamendu saioak egiteko. Madrilgo talde bakarra baitzen, haien artean jokatzen zituzten partidak. Hamarkadaren amaieran, berriz, Gorpuz-heziketako ikasle talde batek Jose Antonio Sancharekin, Bartzelonako INEFCeko errugbi irakaslearekin, entrenatzea erabaki zuen; Kataluniako Federazioak, ordea, 1983ra arte ez zituen onartu. INEF eta BUC taldeek jokatu zuten emakumeen arteko lehenbiziko partida Bartzelonan.[2]
1980ko hamarkadan, gero eta talde gehiago eratu ziren, Bartzelonan eta Madrilen hasieran, eta Hego Euskal Herrian, Valentzian eta Andaluzian geroago. 1991n, 27 talde aritu ziren eskualdeko lehiaketetan. Espainiako selekzioak 1989ko maiatzaren 2an jokatu zuen bere lehenbiziko partida, Frantziaren kontra. 1991n, gonbidatua izan zen Cardiffeko Munduko Errugbi Kopan parte hartzera eta, ezustean, seigarren postua lortu zuen, Estatu Batuen, Ingalaterraren, Frantziaren, Zelanda Berriaren eta Kanadaren atzetik.[3]
1994an, aurrekontu arazoak zirela eta, ezin izan zuen parte hartu Eskoziako Munduko Errugbi Kopan; hala ere, Europako talde nagusietako bat izaten jarraitu zuen. 1995ean, Europako Errugbi Kopako ustekabeko irabazlea izan zen, finalean Frantziari 21 eta 6 irabazita.[4] 1997ko urtarrilean, bira egin zuen Ingalaterran zehar eta, partida amaitzeko 10 minutu falta ziren arte, irabazten joan zen Ingalaterraren, munduko txapeldunaren, aurka.
1998an, 7. postua lortu zuen Herbehereetako Munduko Errugbi Kopan. 1999an, berriro iritsi zen Europako Kopako finalera, Galesi (14-8) eta Eskoziari (11-9) irabazi ostean; finaleko partidan 13 eta 5 galdu zuen Frantziaren aurka. 2002an, Bartzelonan jokatutako Munduko Kopan 8. postuan amaitu zuen.
2000tik 2006ra, Bost eta Sei Nazioetako Txapelketako kide izan zen; hiru aldiz hirugarren sailkatu zen, eta jokatutako 33 partidetatik 10 irabazi zituen. Hala ere, 2007an Italiak ordezkatu zuen, Sei Nazioen Batzordeak emakumezkoen txapelketa gizonezkoenarekin bat egin nahi zuelako. Horrek izugarri murriztu zituen Espainiak maila goreneko errugbian jokatzeko zituen aukerak.
Palmaresa
Munduko Errugbi Kopa
Urtea | Antolatzailea | Postua |
---|---|---|
1991 | Gales | 6.a |
1994 | Eskozia | ez sailkatua |
1998 | Herbehereak | 8.a |
2002 | Espainia | 8.a |
2006 | Kanada | 9.a |
2010 | Ingalaterra | ez sailkatua |
2014 | Frantzia | 9.a |
2017 | Irlanda | 9.a |
2021 | Zeelanda Berria | ez |
Sei Nazioen Txapelketa
Urtea | Postua |
---|---|
2000 | 3.a |
2001 | 3.a (2.a-rekin berdinduta) |
2002 | 4.a |
2003 | 6.a |
2004 | 3.a |
2005 | 4.a |
2006 | 6.a |
Europako Errugbi Kopa
- Txapelduna (9): 1995, 2003, 2010, 2013, 2016, 2018, 2019, 2020, 2022
- Txapeldunordea (5): 1996, 1999, 2000, 2001, 2011
Euskal jokalariak
Espainiako selekzioarekin partida gehien jokatu dituzten euskal jokalariak honako hauek dira:
- Ines Etxegibel (1.a): 64 partida
- Isabel Rodriguez (4.a): 56 partida
- Nerea Otxoa (5.a): 49 partida
- Karitte Alegria (9.a): 43 partida
- Olatz Fernández de Arroyabe (10.a): 42 partida
Erreferentziak
- Rendueles, Alberto. El primer partido de rugby femenino en España. El Comercio, 2021eko apirilak 10, elcomercio.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-13).
- Las chicas son guerreras. diarium.usal.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-13).
- Casillas, Cristina. Las 'Leonas', reinas de Europa desde sus inicios. Marca, 2017ko abuztuak 4, marca.com (Noiz kontsultatua: 2022-9-13).
- España, campeona europea de rugby femenino. El Pais, 1995eko apirilak 17, elpais.com (Noiz kontsultatua: 2022-9-13).