Espainiako Kode Zibila
Espainiako Kode Zibila, 1889an promulgatua, zuzenbide zibilaren oinarria batzen duen arau juridikoa da, Espainia osoan indarrean dagoena. Gainera, zenbait eskualdetan, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoan adibidez, zuzenbide zibil foralak ere indarrean daude.
Espainiako Kode Zibila | |
---|---|
Jatorria | |
Ezaugarriak | |
Historia
Zuzenbide Zibilaren definizio zehatz bat ematea, ez da oso erraza, izan ere definizio bat baino gehiago daude eta. Denbora aurrera joan ahala, zuzenbide zibilaren esanahia aldatzen joan da maiz ikusi izan dugun moduan. Izan ere, jatorria, Erromako garaietan izan zuen. Ius civile delakoa jatorri indartsuena. Ius civile hau, herriaren zuzenbidea zen, eta bi zatitan banatzen zen, pribatua eta publikoa. Zuzenbide mota hau, oso tradizionala zen, baina denborarekin beste arau batzuk sortu ziren, orduko egoerari egokitutakoak, eta hauek multzo autonomoa sortu zuten, ius honorarium. Atzerritarrentzat ordea, beste zuzenbide mota bat bereizten zen, ius gentium delakoa.
Guzti honen ondorioz, konpilazio lan bat egin beharra izan zuten, erromatarren zuzenbide guztiak bertan biltzeko, eta Corpus Iuris Civilis izena eman zitzaion.
Erromatar zuzenbidearekin batera, zuzenbide kanonikoak ere eragin izugarria izan zuen. Espainian, erromatar zuzenbidea, ez zen leku guztietan berdin zabaldu, izan ere, konkista zatikatua izan zen, Bisigodoen eskutik. XVI. mendean, bateratze prozesuaren alderantzizko joera sortu zen, eta honek eramango du, estatu bakoitzean zuzenbide erkidea bereiztea. Antolamendu juridiko propioak hasi ziren pixkanaka Zuzenbide Erkidearen lekua betetzen, eta Estatuaren indartze prozesuak zuzenbide zibilaren edukietan eragiten dute. Ondorengo mendeetan, kodegintza izan zen faktore garrantzizkoena (XVIII. mendea).
Ikuspuntu sustantibo batetik begiratzen badugu, pertsona indibiduo bat da. Arau juridiko guztiak pertsonei zuzenduta daude, helburu nagusia pertsonen arteko bizikidetasuna arautzea dutelarik. Badakigu, zuzenbide zibilaren ardatz nagusia komunitate sozial bateko kide diren pertsonak direla, eta ondorioz, gizakien arteko bizikidetzak sortzen dituen harreman juridikoak.
Espainiako ordenamendu zibila
Espainiako ordenamendu zibila sistema plurilegislatibo bat da, non ordenamendu juridiko desberdinak aurki ditzakegun: Zuzenbide Zibil orokorra edo komuna, eta Zuzenbide Zibil Autonomikoa, zeinetan batzuk Zuzenbide Forala jasotzeaz arduratzen diren. Beraz, Konstituzioak, Zuzenbide zibil forala organizazio politikoaren ezaugarri juridiko bezala jasotzen du, gai hau arazo gisa planteatzen duen edozein ikuspuntu Konstituzioaren aurkakotzat joz
Espainiako Kode Zibila, berandu egin zen, (Lehen proiektua 1836. urtean aurkeztu zen) azkena izan zen aldarrikatzen. Izan ere, hainbaten ustez, kode zibilaren sorrera arazo forala izango zen. Izan ere, Estatu konstituzionalak, foru eskubideak egotea ezin zezakeen onartu. Ondorioz, eztabaida politikoa sortu zen, konstituzio sistema, foru arauak ezin zituen benetako legetzat hartu zen. Eta honen ondoren, lau konstituziok monarkia guztirako kode bakar bat izateko beharra aldarrikatu zuten, beraz, ordena berria sortu beharko zen. Ondorioz, eta lehen aipatu moduan, lehen proiektua, 1836. Urtean egin zuten, eta gorteetan ez zuen inongo eztabaidarik piztu. Geroago, hasi ziren berregin eta egokitze prozesuaz mintzatzen, eta alde batera utzi zuten desegitea.
Geroago, Florencio Gartzia Goiena delakoak, beste proiektu bat proposatu zuen 1851an. Garbi zegoen, zenbait gai luze gabe arautzea beharrezkoa zela, eta ondorioz, zenbait lege berezi, herrialde osoan aplikatuko zirenak, egiteari ekin zioten.
Legegintza aldatu zenean, Alonso Martinez ministroak lortu zuen kode zibilaren Oinarrien Legea gorteek onartzea. Handik gutxira, (1880) Alvarez Bugallalek, dekretu bat eman zuen Batzorde kodegilean hauek sartuz: Aragoi, Katalunia, Balearrak, Galizia, Nafarroa, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoako legelariak. Handik bost urtetara, Silvelak, Oinarrien Legearen bigarren proiektua aurkeztu zuen, foruen auziari zegokienean eskuzabalago jokatuz. Hau, gorteen onarpenaren ondorioz, 1888ko maiatzaren 11ko Oinarrien Lege bihurtu zen.
Espainiako 1931ko konstituzioak Zuzenbidearen iturrien arloan erabateko aldaketa ekarri zuen: Autonomia Estatutua eman zitzaien lurralde guztiei legegintzarako gaitasuna onartu zitzaienean. Bertan onartu egiten zitzaien eskualdeetako parlamentuei legeria zibilaren gaineko eskumenak, Estatuari egindako zenbat erreserba kenduta. Hau autonomia batzuek izango dute soilik.
Eranskinen sistema konpilazioez ordezkatzea lortu zuten. Kode Zibilari egin beharreko eranskinak ez eta eskualde bakoitzak argitara emango zituen konpilazio independenteak egin ziren. Lurralde bakoitzak bere legeak bildu zituen.
Lehenak bukatzen, Araba eta Bizkaia izan ziren, hauek egin zuten lanik motzena. Ondoren, Katalunia, Balearrak, Galizia, eta Aragoiko aldaketak etorri ziren. Eta Nafarroak hamalau urte behar izan zituen lan dena bukatzeko, lanean sartu nahi zituzten helburu eta nahiengatik. Hauek lege bereziak egin zituzten, izan ere gehiago nahi zuten. Nafarroako konpilazioak ez du artikulurik, legeak ditu.
Gaur egun
Gaur egun indarrean dagoen Konstituzioak (1978ko konstituzioa) eragin handia izan du Kode zibilaren arau askotan. Adibidez , zuzenbide zibil autonomikoetan.
Eragin hori, bi modutara bereizten da. Batetik, arau-hierarkiaren printzipioaren arabera, Konstituzioa dela ara gorena, eta ondorioz, edozein kode interpretatzerako orduan, beti izan beharko dela kontutan Konstituzioak dioena. Eta bestetik, Konstituzioaren eragina handia izan dela baita ere, Kode Zibila egokitzeko egin diren hainbat erreforma legeetan. Horien lehentasuna, familia, berdintasuna, pertsona eta oinordetza gobernatzen duten arauak dute.
Espainiako Konstituzioak, herrien kultura, tradizio eta instituzioak babesteaz arduratzen den heinean, Autonomia Erkidegoei beren zuzenbide zibila egiteko konpetentzia aitortzen die. Espainia penintsularrean, zuzenbide zibil autonomikoa duten lurraldeak honako hauek dira: Galizia, Asturias, lau foru lurraldeak (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa), Aragoi, Katalunia, Balentzia eta Balearrak. Artikulu hauetan daude araututa zuzenbide zibil autonomikoak, Espainiako Konstituzioan(149.1.8 art.);, Kode Zibilean(13 art.), eta hemengo kasuan, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoen araudian (10.5 art.)dago jasota. Esan beharra dago, Espainiako Konstituzioak, Erkidegoen araudi hau onartzen duela, hau da, arauketa berezi hau.
EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa
Euskal Herri penintsularreko ordenamendu politikoan jartzen badugu arreta, bere barnean bi Komunitate autonomiko aurkitzen direla ohartuko ginateke: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Gorte Konstituziogileek emandako 3/1979 Lege Organikoa oinarri hartuta sortu zen. Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa (azken honek Konstituzioan ezarrita dagoen prozedimendu berezia jarraitu behar du horretarako) dira bertako kide izateko eskubidea duten probintziak. Nafarroari dagokionez kontua desberdina da. 13/1982 Lege Organikoa da Foru Erkidego izateko ahalmena eta autonomia ematen diona lurralde historikoari.