Eskumuturreko erloju
Eskumuturreko erlojua edo montra eskumuturrean larruzko, metalezko edo material plastiko desberdineko uhal batekin lotuta eramaten den erlojua da.
Hasiera batean, eskumuturreko erlojuak ez ziren oso ohikoak gizonezkoentzat, poltsikoko erlojua nahiago zutelako, eta eskumuturrekoei muzin egiten zietelako, emakumezko bitxi baten antzekoak zirela uste zutelako.
Lehen eskumuturreko erlojuak XIX mendearen amaieran egin ziren. Kuartzozko erlojuak agertu arte, europarrek - bereziki Suitzakoak - eta Amerikako kontinentekoak erlojuak egiteko aurrea hartu zuten, baina harrezkero japoniarrak merkatu horretan lehenak izan dira.
Historia
Eskumuturreko erlojua abiazio-pilotuei esker sortu zen; hasieran, poltsikoko erloju bat hartzen zuten, eta, uhal baten bidez, hankan edo besoan lotzen zuten beti hegazkin-jantziaren gainean. Hegazkinek inolako tresnarik ez zuten garai hartan, pilotuek erlojuekin egiten zituzten kalkuluak oso garrantzitsuak ziren, hari esker norabideak, distantziak eta airean jarraitu ahal izateko geratzen zitzaizkien erregai-orduak kalkula baitzitzaketen. Hortik, erlojuak eramateko modu berri hori zabaldu egin zen, eta urteen poderioz aldatu egin dira tamainan eta diseinuan, gaur egun ezagutzen dugun formara arte.
Gaur egun, pilotu askok erlojuak nabigazio tresna gisa erabiltzen jarraitzen dute, osagarri gisa, gaur egungo hegazkinek dauzkaten instrumentu modernoez gain.