Eskubide
Eskubideak gizakien askatasuna bermatzeko printzipio juridiko, sozial eta etikoak dira. Eskubideak funtsezko arau normatiboak dira, zeinek adierazten duten gizakiek zer duten baimenduta edo zer zor zaien.[1] Eskubideek halabeharrezko garrantzia dute zenbait diziplinatan, hala nola, zuzenbidean eta etikan.
Eskubideak ezinbestekoak dira edozein zibilizaziorentzat eta gatazka sozialen historia hauek definitzeko eta birdefinitzeko saiakerekin lotzen da. Stanford Encyclopedia of Philosophy-ren arabera, "eskubideek egituratzen dituzte gobernuen forma, legeen edukia eta moralaren forma gaur egun hautematen diren moduan".
Eskubideez hitz egiten denean gaur egun, oro har Giza Eskubideez hitz egiten da. Giza eskubideak 1948. urtean Nazio Batuen Erakundearen asanbladak Parisen onartu zituen. Giza Eskubideak pertsona orok ditu genero, arraza, erlijio eta antzeko ezaugarriak inporta gabe. Pribilegio batzuk ematen dizkiote pertsona orori zeinak besterenezinak diren. 1948ko Giza Eskubideen aldarrikapenak 30. artikulutan jasotzen ditu pribilegiook. Aipagarriak dira aldarrikapen honen inspirazio izan ziren bi aurrekari: 1789ko Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen aldarrikapena eta Estatu Batuetako eskubideen karta.
Eskubideen inguruko zenbait auzi
Eskubideen esanahiaren inguruko eztabaida nabaria izan da. Pentsalari askok eskubideen definizio ezberdin eta askotan kontraesankorrak eman dituzte.
Eskubide naturalak
Eskubide naturalak ez dira artifizialak, hau da, gizakia ez da haien sorkuntzan parte hartu duen subjektua, giza izaeratik edo jainko baten ediktuetatik eratorritako eskubideak dira. Unibertsalak dira; hau da, pertsona guztiei aplikatzen zaizkie, eta ez dira inolako gizarte zehatz bateko legeetatik eratortzen. Nahitaez existitzen dira, gizabanako bakoitzaren barnean, eta ezin dira baztertu edo alienatu. Gizakien berezko balioa eta duintasuna babesten dute lege juridikoen gainetik, eta azken horiek eskubide naturalean egon behar dute oinarritua iusnaturalismoa-ren arabera.[2] Eskubide naturalak defendatu dituen eskolari "iusnaturalismo" deitzen zaio, eta, gehienetan eskubide hauen jatorria jainkotik datorrela argudiatu den arren, badaude eskubide naturalak arrazoiaren fruitu direla argudiatu dutenak.[3] Adibidez, gizakiak bizitzarako eskubide naturala duela argudiatu da. Eskubide moral edo subjektibo deitzen zaie, eta legeetan jasota izaten direnean objektibo bilakatzen dira.
Eskubide juridikoak
Gizarte baten ohituretan, legeetan, estatutuetan edo legebiltzarren ekintzetan oinarritzen dira. Konbentziozko legeak direnez, lurralde bakoitzean ezberdinak izango dira legeek gizabanakoari egozten dizkioten eskubideak. Konbentziozkoa izanik, herrialde bakoitzak bere eskubide juridikoak ditu, beraz, eskubide hauek Estatua dute iturburu. Legezko eskubide baten adibidea herritarren botoa emateko eskubidea da. Herritartasuna, bera, lege-eskubideak izateko oinarritzat hartu ohi da, eta "eskubideak izateko eskubidea" bezala definitu izan da. Lege-eskubideak “eskubide zibilak” edo “estatutu-eskubideak” deitzen dira batzuetan eta kulturalki eta politikoki erlatiboak dira, esanahia izateko gizarte-testuinguru zehatz baten araberakoak baitira.
Nolanahi ere, bi eskubide motek gizabanakoaren duintasuna eta askatasuna bermatzea dute helburu. Modernitatean Eskubide naturala terminoa erabili ordez, lege-aurretiko eskubide terminoa erabiltzea ohikoagoa da, kutsu erlijiosoa alde batera uzteko eta gizakiak berezko eskubideak dituela defendatzeko.[4] Bestalde, Jeremy Bentham utilitaristak legeak ematen ez dituen eskubideen existentzia ukatu zuen; beretzat eskubide legalak ziren baliozko bakarrak. Aldiz, Tomas Akinokoak eskubide legalen defentsa egin zuen, baina bere ustez eskubide legalek ez zuten baliorik eskubide naturaletan oinarriturik ez bazeuden.
Erreklamazio eskubideak
Adierazten du pertsona batek eskubidea duen pertsonarekiko duen betebeharra. Kasu honetan eskubidea duen pertsonak erreklamatu dezake berarekiko zeregin bat, adibidez, zerbait ematea edo egitea, edo zerbait ez egitea.[5] Logikoki adierazita itxura hau du eskubide mota honek: “A pertsonak B pertsonari zerbait erreklamatu diezaioke B pertsonak A pertsonarekiko betebeharra badu”. Erreklamazio eskubideak besteekiko betebehar bat egozten dio pertsona orori. Betebeharrak, lehen esan bezala pertsona batekiko ekitea edo ez ekitea dakar. Adibidez, jurisdikzio anitzek auzi hauen inguruan erreklamazio eskubidea dagoela onartzen dute: Bizitza, askatasuna eta jabetza pribatua. Eskubide honek jasotzen du norberaren jabetzakoak diren objektu edo eskubideak ezin dituela jabea ez den beste inork lapurtu edo suntsitu. Erreklamazio eskubidea segurtasunerako eskubidea ere bada.
Pribilegioak
Eskubide mota hauei “pribilegio” ere deitzen zaie. Eskubidea duen gizabanakoak zerbait egiteko edo ez egiteko askatasuna jasotzen dute eskubide mota hauek. Ez dago inorekiko zerbait egiteko edo ez egiteko betebeharrik, halaber, inor ez dago behartuta pertsona horren eskubidea bermatzera. Logikoki adierazia proposizioak itxura hau du: “A pertsonak zerbait egiteko pribilegioa du A pertsona ez badago hori egitera edo ez egitera behartua”. Norbaitek adierazpen askatasuna aldarrikatzen duenean, esan nahi duena da ez dagoela legerik hori egitea debekatzen duenik. Berarekiko inork ez duenez obligaziorik, inor ez dago behartuta hura entzutera.
Askatasun- eta erreklamazio-eskubideak, bata bestearen alderantzizkoak dira: Pertsona batek zerbait egiteko eskubidea du baldin eta bakarrik baldin ez badago beste pertsona bat zeinen erreklamazio eskubideak ekintza gauzatzea ukatzen dion.
Eskubide positiboak eta negatiboak
Halaber, eskubideak beste bi kategoriatan bana daitezke: zentzu positiboan eta negatiboan. Eskubide positiboak zerbait egiteko baimena da, edo besteengandik zerbait jasotzeko eskubidea barnebiltzen du. Bestalde, eskubide negatiboek pertsona baimentzen edo behartzen dute zerbait ez egitera. Espainian adibidez, pertsonek bozkatzeko eskubide positiboa dute, baina, era berean arriskurik gabe ez bozkatzeko eskubidea ere badute. Bozketa aginduzkoa den herrialdeetan herritarrek ez dute ez bozkatzeko eskubide negatiboa.
Eskubide positiboak nahieran ekiteko eskubideak dira, ongizate-eskubidea hemen sartuko litzateke.
Eskubide negatiboak zerbait ez egiteko eskubideak edo ez ekiteko eskubideak dira. Batzuen aburuz, kanpo-interferentziak ez izateko eskubidea hemen sartzen da.
Eskubide indibidualak eta talde-eskubideak
Oro har, eskubideak gizabanakoei egozten zaizkien printzipioak dira. Izan ere, 1948ko Giza Eskubideen aldarrikapena eta 1789ko Gizonaren eta herritarraren Eskubideen adierazpena autoritateek indibiduoen gainean izan zezaketen boterea mugatzeko intentzioarekin idatzi ziren.[6] Ayn Rand filosofoak ere aldarrikatu zuen eskubideak pertsonarenak eta ez kolektiboarenak izan behar zutela. Aldiz, beste batzuek argudiatu dute egoera berezietan taldearen eskubideak kontuan hartzea beharrezkoa dela.
Eskubide Indibidualak
Norbanakoak dituen eskubideak dira. Edozein pertsonak gizaki izateagatik baditu eta alienaezinak dira.
Talde-eskubideak
Batzuetan argudiatu da taldeko eskubideak existitzen direla, kasu batzuetan taldea bera entitate moduan ulertu behar delako, ez indibiduoen batura hutsa bezala. Hau da, argudiatzen da, kasu batzuetan beti ere, taldeak nolabaiteko indibiduo bat osatzen duela, zeinak eskubideak izan beharko lituzkeen. Esaterako, gerran dagoen soldadu pelotoi batean gizabanakoak taldearen hobebeharrez bere burua sakrifikatzeko prest daudela esaten da. Horrelako kasuetan gizabanakoaren gainetik taldea dago. Beste zentzu batean ulertuta, batzuetan indibiduoek beren eskubide indibidualak areagotu ditzakete talde bateko kide izateagatik. Adibidez, lan-sindikatuetako kide liberatuek beste langileek baino eskubide gehiago izan ditzakete: beraiek ezin daitezke kaleratuak izan.
Austriar Eskola ekonomikoak aldarrikatzen du gizabanakoa dela pentsatzen eta sentitzen duena, ez taldea; gizabanakoak jokatzen duenean talde bateko kide izan edo, berak ez ekiten du. Beraz, eskola honen arabera, gizartea ikertu beharko litzateke gizabanakotik hasita. Metodo honi Indibidualismo metodologiko deritzo eta ekonomialariak honetaz baliatzen dira norbanakoaren eskubideak justifikatzeko.
Bestalde, argudiatu da gizabanakoaren eskubideak aldarrikatu behar direla ezer baino lehen gizartea osoaren askatasuna bermatzeko. Taldeari eskubideak egotziz gero, tirania justifikatzea posible litzateke. Adibidez, 1933an Nazioen Ligan judu batek kexa jarri zuen Alemaniaren aurka, Joseph Goebbels germaniar ordezkariak argudiatu baitzuen Alemania nazio subiraua zela eta pertsona horren iritziak ez zuela axola.[4]
Eskubideen justifikazioak
Giza eskubideak justifikatu behar direnean bi jarrera nabarmentzen dira beste guztien gainetik. Ikuspuntu hauek saiatzen dira ezartzen zein diren gizakiei dagozkien eskubideak eta zergatik defendatu behar diren. Ikuspuntuek bi korronte etiko nagusiak irudikatzen dituzte: ikuspegi deontologikoak eta kontsekuentzialistak. Iritzi deontologikoek, “estatus-teoriak” ere izendatuak, aldarrikatzen dute gizakiak ezaugarri batzuk dituela, duintasuna besteak beste, zeintzuek errespetagarria egiten duten eta bere eskubideen defentsa beharrezko bilakatzen duten. Teoria kontsekuentzialistek defendatzen dute eskubideen defentsak onurak dakarzkiela gizakiei, eta, ondorioz haien aldarrikapena zilegia eta beharrezkoa dela. [1]
Quinn-en aburuz, gizakiak ezaugarri batzuk ditu beste banakoengandik aitorpenak merezi dutenak. Aitorpen hori eskubideak onartzean azaldu liteke. Iritzi honek John Stuart Mill filosofoaren argudioarekin talka egiten du. Filosofo ingeles horrek uste du eskubideak gizarteak indibiduoari aitortu behar dizkion pribilegioak direla, aitorpen hori denok onartuz gero banakoak onura handia jasoko luke.
Hirugarren teoria batek, “kontraktualismoa” deiturikoak, aldarrikatzen du eskubideak dituzten eta erabiliko dituzten agenteen artean adostuak izan behar dutela.
Estatusean oinarritutako eskubideak
Estatusean oinarritutako eskubideak defendatzen dituztenak eskubide naturalen teoriaren jarraitzaileak dira. Eskubide naturalak defendatzen dituztenek gizakia errespetagarri egiten duten berezko atributu batzuk daudela aldarrikatzen dute; atributu horien ondorioz norbanakoaren eskubideen defentsa zilegi dela defendatzen dute.
Ideia honen barnean hainbat teoria ezberdin daude, atributu horiek zeintzuk diren bat ez datozenak. Oro har, erlijiosoak ez diren doktrinak honako ezaugarriak proposatzen dituzte errespetuaren merezidun: gogo-askatasuna, arrazoimena eta autonomia. Eskubideen defentsa deontologikoa egiten dutenek esaten dute ezaugarri horiek gizakia izaki duin egiten dutela. Ildo horretatik, aldarrikapen hau egiten dutenek diote euren teoriak oinarri sendoagoak dituela kontsekuentzialismoak baino, izan ere, azken hau kalkulu-moralaren mende dago eta egoera ezberdinen menpe. Aldiz, estatus-eskubideak mugiezinak dira, beraz, zirkunstantzia polemiko ezberdinei ihes egin dakieke mugiezintasun horretatik.
Estatusaren teoriak duen arazoa da ezin duela azaldu zergatik eman behar zaizkion pertsona orori eskubideak eta zergatik duten balioa zirkunstantzia guztietan.
Ondorioetan oinarritutako eskubideak
Teoria kontsekuentzialisten eskubideen ikuspegia onurarena da. Haien ustez, eskubideak aldarrikatzea zilegi da zoriontasuna maximizatzen dutelako. Teoria hau John Stuart Millek defendatu zuen bere teoria moral Utilitaristari jarraiki. Eskubideak defendatzeko utilitarismo mota arauarena da. Arauaren utilitarismoak, ekintzaren utilitarismoak ez bezala, zorionaren maximizazioaren kalkulua ez du ekintza partikularren arabera neurtzen; aldiz, utilitarismo mota honek zoriona maximizatzen duten arauak ezartzen ditu, eta horiei jarraitu behar zaie plazer handiena lortzeko.
Hala ere, utilitarismoa erabiltzeak eskubideak justifikatzeko, albo batera utz dezake justizia. Adibidez, pertsona errugabe baten gaineko salaketak zoriona maximizatuko balu (edo zorigaitza minimizatu), utilitarista behartuta legoke pertsona errugabea salatzera ongizate komunaren alde. Hor argi eta garbi pertsona salatuaren eskubideen urraketa legoke: Beraz, eskubidea dugu pertsona horren eskubideak urratzeko?
Beste teoria kontsekuentzialista batzuek proposamen interesgarriak egin dituzte. Berdinzaletasunaren teoriaren helburua eskubideek ematen dituzten abantailak modu berdintsuan banatzea da. Bestalde, lehentasunezko teoriak aldarrikatuko du.
Kontraktualismoa
Teoria honen arabera, eskubideak ez dira gizabanakoaren ezaugarrien fruitua, ezta eragin ditzaketen ondorioen araberakoa. Eskubideek intesubjektibitatean oinarrituak egon behar dutela aldarrikatzen da, hau da, eskubideen titular izango diren gizakien artean bizikidetza sustatzeko egiten den akordio batean. Teoria honen justifikazioa subjektuen arteko “kontratua” da. Kontratua zilegi izateko sinatzaile guztiak berdintasun puntu batetik ekin behar diote paktuari. John Rawls filosofoaren Justiziaren teoria bat obrako proposamena bide honetatik doa.[7]
Teoria horien baitan, eskubideak definitzeko orduan gizabanakoen nahiek balio dute. Norbanakoei desiragarriak zaizkien printzipioak onartzen dira denentzat kontuan har daitezen. Adibidez, Rawls-en teorian, hiritarraren eginbeharra jabetza pribatuari dagokionez, bakoitzaren independentzia eta bere buruarekiko errespetua bermatuko dituen hornikuntza minimoa bermatzea da. Scanlon-ek dio gizabanakoek oinarrizko eskubideak azpimarratzeko arrazoiak dituztela, beren bizitzak babesteko eta kontrolatzeko modu garrantzitsuak ematen dizkietelako. [1]
Eskubideen belaunaldiak
Oro har eskubideez edo giza eskubideez hitz egiten denean hiru belaunalditan zatikatzen dira eskubideak. Karel Vasak txekiar legelariak egin zuen eskubideen belaunaldien bereizketa lehenengoz 1979an. Hiru belaunaldietako bakoitzak eskubide mota ezberdinak jasotzen ditu bere baitan. Belaunaldi bakoitzak bere lekua du Iraultza Frantseseko esaldi famatuan: Askatasuna, berdintasuna eta Senidetasuna. Lehenengo bi belaunaldietako eskubideak orokorrean nazio bakoitzeko konstituzioetan jasotzen dira, hirugarren belaunaldikoak aldiz, nazioarteko itunek biltzen dituzte.[8]
Eskubideen lehenengo belaunaldia (Askatasuna)
Belaunaldi honetako eskubideak eskubide zibil eta politikoak dira. Eskubide hauek gizabanakoen askatasuna aldarrikatzen dute botere orohartzaile baten aurrean, estatuaren aurrean adibidez. Era berean, hiritarren bizitza publikoan parte hartzea bermatzen du askatasun osoz. XVII. eta XVIII. mendeetako tradizio liberalaren oinordeko dira eskubide hauek, monarkia absolutuen aurrean aldarrikatu ziren lehenengoz; John Locke printzipio hauen defendatzaile famatuenetakoa da. 1789ko Gizonaren eta Hiritarraren eskubideen aldarrikapenak eta Estatu Batuetako eskubideen kartak jasotzen dituzten eskubideak izaera honetakoak dira. Oro har, herrialde bat demokrazia liberaltzat hartzen da lehen belaunaldiko eskubideak betetzen baditu herritarrekiko.
Pertsonenganako diskriminazioa saihestea da beren helburuetako bat. Arraza, sexu, erlijio, sexu-orientazio, desgaitasun edo jatorriarengatik bereizkeriaz tratatzea debekatzen dute. Belaunaldi hau bi azpikategoriatan banatu daiteke: Lehenik, segurtasun fisiko eta zibila, zeinak tortura, esklabutza edo tratamendu ankerra debekatzen duen. Bigarrenik, askatasun zibilak baimentzen du gizabanakoaren parte-hartzea bizitza publikoko auzietan eta erlijio-, gogo- eta iritzi-askatasuna defendatzen ditu besteak beste.[9] [10]
1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak eskubide mota hauek jasotzen ditu gehienbat: 30 artikuluetatik lehenengo 21ak eskubide zibil eta politikoei dagozkie.
Eskubideen bigarren belaunaldia (Berdintasuna)
Bigarren belaunaldiko eskubideak ekonomikoak, sozialak eta kulturalak dira. Tradizio sozialistaren aldarriak jasotzen ditu; XIX. mendean zehar gertatutako langile borrokaren eta borroka sindikalaren eskakizunak betetzea dute helburu eskubideok. Lehenengo belaunaldiko eskubideek askatasuna bermatzea bazuten helburu, hauek bizi-egoera duin bat bermatu nahi dute.
1948ko aldarrikapena idatzi zenean herrialde kapitalistek zalantzati onartu zituzten eskubide hauek “kutsu sozialista” izan zezaketela argudiatuz, hala ere, Sobietar Batasunak herrialde komunistekin batera eskubide hauek mahai gainean jartzea lortu zuen. Aldarrikapenaren ostean hainbat itun sinatu zituzten herrialdeek eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatzeko konpromisoa hartuz, Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen nazioarteko ituna besteak beste. Bertan herrialde sinatzaileak konprometitzen dira eskubideok bermatzera edo haien alde ekitera.
Bigarren belaunaldiko eskubideak ardura ezberdin bat jartzen dute estatuaren gain. Lehen belaunaldiko eskubideek betebehar negatibo bate jartzen dute bere gain, hau da, zer ez den egin behar agintzen diote, estatuari agintzen diote ez oztopatzeko gizabanakoa, adibidez, ez diskriminatu edo ez ezarri gobernu autokratikorik. Aldiz, eskubide ekonomikoek estatuaren eskuartze positiboa edo aktiboa eskatzen dute: zer edo zer egin gizabanakoen eskubide hauek bete daitezen.[8]
Etxebizitza izateko eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, langabezia prestaziorako eskubidea edo aisialdirako eskubidea dira besteak beste bigarren belaunaldiko eskubide gisa ulertzen direnak.
1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko azken 9 artikuluak eskubide hauei dagozkie.
Eskubideen hirugarren belaunaldia (Senidetasuna)
Bakean bizitzeko eskubidea, ingurunea garbi batean bizitzeko eskubidea, garapenerako eskubidea, komunikaziorako eskubidea, giza ondarearen babeserako eskubidea...
Hirugarren belaunaldiko eskubideak Elkartasun Eskubideak ere deituak XX. mendean agertutako hainbat aldarrikapenen ondorio dira. Askotan indibidualak ez diren eskubideak jasotzen dituzte beren baitan; autore askok defendatu dute eskubideok indibidualak eta taldekoak direla, izan ere, bakerako eskubidea adibidez, ezin da norbanakoarena bakarrik izan, edo ingurune garbi batean bizitzeko eskubidea ere ezin da indibiduoarena bakarrik izan. Belaunaldi honen kritikariek hor jo dute gogor, eskubideak banakoarenak bakarrik izan behar direla argudiatuz. Kritika hauei erantzunez, hirugarren belaunaldiko eskubideen babesleek argudiatu dute indibidualismoa gainditu behar dutela eskubideek munduak kolektiboki aurka egin behar dizkion arazoei aurre egiteko, haien ustez, aldaketa klimatikoa ezin borrokatu daiteke indibidualki bakarrik.
Kolektibismoaren aurkako kritikak izan dira entzunenak arlo honetan, baina baita aurreko belaunaldietako eskubideekin sor daitekeen talka. Lehenengo bi belaunaldietako eskubideek gizabanakoaren defentsa egiten dute, inork ere indibiduoarengan esku-hartzea saihestea dute helburu. Aldiz, garapenerako eskubideak esaterako, haren izenean diktadura gogorrenak justifika ditzake.[11]
Eskubideen kritika
Eskubideen doktrinak kritika latzak jaso ditu hainbat ikuspegitik, hala ere, Giza Eskubideen doktrina izan da gehien salatu dena. Oro har, eskubideen aurkako aldarriak bi puntu salatzea du helburu: Batetik, eskubideen esentzia salatu nahi da, kritika hauek salatzen dute eskubideak (edo eskubide batzuk) insubstantzialak direla edo justifikaziorik gabekoak. Puntu honetan sar daitezke Benthamen eskubide naturalei kritika, edo giza eskubideei egiten zaien kritika erlatibista edo antiunibertsalista. Bigarrenik, eskubideen lengoaiari egiten zaio eraso. Hemen salatzen da eskubideez gehiegi hitz egiten dela.
Eskubideen doktrinari kritika
Karl Marx alemaniar pentsalariak eskubideen aldarrikapen Frantsesari eta Amerikarrari egindako kritika da ezagunenetakoa. Marxen ustez, aldarrikapen horiek gizakiari egozten dizkioten eskubideek gizakiaren ikusmolde desegoki bat dute. Gizakia besteengandik bereizitako animalia gisa ikusten dutela salatzen du, beti besteekin gatazkan egongo den izaki gisa azaltzen dutela kritikatzen du. Iraultza Frantseseko goiburua den Askatasun-Berdintasun-Anaitasun leloa kritikatu zuen
Marxen aburuz isolatzaileak eta antisozialak direla argudiatzeko jabetza izateko eskubidearen aurka jotzen du adibide gisa. Lehenik, eskubide hori besteak urrunduta mantentzeko eskubidea dela dio, hesi juridikoa balitz bezala. Bigarrenik, eskubide horrek jabea baimentzen du bere jabetza nahieran transferitzeko pertsona txiroen beharrak kontuan hartu gabe. Bestalde, Marxek askatasunaren eskubidearen ikusmoldearen aurka egiten du: bere ustez, askatasunerako eskubideak gizakia berekoi bihurtzen du; norberak nahieran jokatzea betiere inor mindu gabe ez da Marxentzat irtenbidea, horrek askatasunaren ikuspegi egoista iraunaraztea ekarriko baitu eta. Gero berdintasunerako eskubidea ere salatu zuen, bere esanetan berdintasuna estatu liberaletan berdintasun formala besterik ez da, formalki bermatua izan arren beti egongo dira ezberdintasun ekonomiko eta politiko sakonak.
Indibidualismoaren kritikaren aurrean autore batzuek defendatu dute eskubideen aldarrikapen indibiduala ez dela ekintza berekoia. Izan ere, eskubideak defendatzeak esan nahi du pertsona ororen eskubideak defendatzen direla, gizarte orotako kide guztienak. Eskubidedun agenteen arteko errekonozimenduak ikuspegi indibidualista baztertzen du.[4]
Eskubideei egin zaien beste kritika famatuetako batek Giza Eskubideen aurka jo du batez ere; haiek salatu dituen ikuspegi famatuenari “erlatibismo morala” deritzo. Erlatibista moralek Giza Eskubideek duten asmo unibertsalista salatzea dute helburu. Giza Eskubideen aldarrikapenean erreibindikatzen da bertako eskubideak munduko herrialde guztietan aplikatu behar direla salbuespenik gabe. Hori da hain zuzen ere erlatibistek salatzen dutena, ez dagoela lege moral unibertsalik eskubideak zilegiztatuko dituena mundu osoan eta aldarrikapenak kutsu mendebaldar eta inperialista handia duela.
Erlatibistek morala fenomeno soziala bailitzan ulertzen dute, horregatik, gizarte ezberdinek moral ezberdinak garatzen dituztenez ez dago mundu osoan aplikagarria den etika bat egiaztatu dezakeen ezer, are gutxiago eskubideen aldarrikapen unibertsal bat. Halaber, fenomeno sozial gisa uste dute moralitateak ezin direla kritikatu hauek duten izaera lokalagatik, erlatibista erradikalenek pentsatzen dute moralitate bat kritikatu dezaketen bakarrak bertan hazi eta bizi direnak direla; gainera, kritika ez datza aldaketan, baizik eta moralitatea desbideratu ezkero bertara itzultzean. James Rachels filosofoak salatzen du erlatibismoa aldaketa saihesteko tresna ikaragarria dela. [12]
Erlatibismoaren aurrean beste hainbat kritika azaldu dira; adibidez, estatu edo gobernu errepresiboen onarpena: onartu behar al genuke Alemania nazian juduak tratatzeko zuten joera?. Erlatibismoa eta inperialismoaren arteko hirugarren bidea jorratu dutenak pluralistak izan dira. Pluralismoak defendatzen du izan daitezkeela jokamolde ezberdinak, nork bereak zoriontsu izan dadin. Baina, teoria honek marra gorri batzuk ezarri behar direla ere argudiatzen du; pertsona orok jarrera batzuk partekatu behar ditu gizartea bizikidetzan bizi dadin. Pluralismoa minimoen etikarekin dago lotuta, zeinak defendatzen duen bizitza publikoan jarrera komun eta onargarri batzuk izan behar ditugun bizitza pribatu zoriontsua izateko . Beraz, giza eskubideen defendatzaileek asmo unibertsalistarekin jarraitzen dute, eta, haien ustez Giza Eskubideak izango lirateke beharrezko minimo horiek bizikidetza erraz bati ekiteko.
Eskubideen lengoaiari kritika
Eskubideak erasotzeko beste bide bat haien hizkuntza kritikatzea da, haietaz hitz egiteko dugun modua, alegia. Glendonek salatzen du eskubideez behin eta berriz hitz egiteak gizartearen aurrerapena galarazten duela. Bere ustez, eskubideez mintzatzeak espektatiba sinesgaitzak ezartzen ditu eta gizartean gerta litekeen dialogoa eragozten du, kontuan hartu gabe dialogo horrekin lor zitezkeen puntu komunak.
Glendonen ustez, arriskutsua izan daiteke eztabaidetan eskubideak erabiltzea argudiatzeko. Bere aburuz solaskideek eskubideak aldaezintzat jo ditzakete eta eztabaida bertan bukatu hitz egiten jarraitu ordez, eskubideak argudio gabe geratutakoan erabiltzeko tresna bilakatu direla esaten du. [1]
Erreferentziak
- Wenar, Leif. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Rights» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- Finnis, John. (2007-02-05). Natural Law Theories. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Gaztelaniaz) Kelsen, Hans. (1958). Teoría general del derecho y del estado. UNAM ISBN 978-968-5805-41-4. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- Marina, José Antonio. (2000). La lucha por la dignidad : teoría de la felicidad política. Editorial Anagrama ISBN 84-339-6145-4. PMC 45619520. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Ingelesez) «Human Rights | Internet Encyclopedia of Philosophy» iep.utm.edu (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- Marina, José Antonio. (2000). La lucha por la dignidad : teoría de la felicidad política. Editorial Anagrama ISBN 84-339-6145-4. PMC 45619520. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- Arrieta Urtizberea, Agustín. (D.L. 2015). Filosofiarako sarrera bat. Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 84-9082-285-9. PMC 1010849900. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- «The Generations of Human Rights – UAB Institute for Human Rights Blog» sites.uab.edu (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- «Types and Generations of Human Rights» faculty.chass.ncsu.edu (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- (Ingelesez) Domaradzki, Spasimir; Khvostova, Margaryta; Pupovac, David. (2019-12-01). «Karel Vasak’s Generations of Rights and the Contemporary Human Rights Discourse» Human Rights Review 20 (4): 423–443. doi: . ISSN 1874-6306. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- «18. Los Derechos Humanos de solidaridad - Derecho UNED» http (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).
- Rachels, James. (2007). Introducción a la filosofía moral. Fondo de Cultura Económica ISBN 978-968-16-7906-4. PMC 128557887. (Noiz kontsultatua: 2022-05-29).