Iraizketa
Iraizketa edo eskrezioa substantzia toxikoak eta metabolismoaren hondakinak (iraizkinak) izaki bizien barne ingurunetik kanpora igarotzea ahalbidetzen duen prozesu multzoa da. Ornodunetan iraitz-aparatuak iraizkin horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten ditu, baina iraizketa prozesuan, izerdi guruinek, birikek eta gibelak ere parte hartzen dute.
Metabolismoaren ondorioz sortzen diren molekulen artean, karbono dioxidoa (CO2) (gluzidoen katabolismoan sortua) eta urea, azido urikoa eta amoniakoa (proteinen katabolismoan sortuak) aipagarrienak dira. Molekula horietako batzuk, gainera, oso toxikoak dira. Giltzurrunek eta iraitz-aparatuak, oro har, iraizkin horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten dituzte gernuaren bidez. Baina, horretaz gain, onuragarriak diren baina kontzentrazio handian dauden beste substantzia batzuk ere (esaterako, soberako ura eta gatza) kanporatzen dituzte. Iraitz-aparatuaren zeregin nagusia, laburbilduz, barne-ingurunea garbitzea da.
Iraizkinak
- Karbono dioxidoa metabolismo zelularrean sortzen da, glukosaren katabolismoaren ondorioz. Molekula hori odolaren bitartez eta zirkulazio aparatuaren bitartez biriketara iristen da. Bertan, arnasaren bidez, kanporatu egiten da.
- Konposatu nitrogenatuak proteinen katabolismoan sortzen dira eta, odola eta zirkulazio aparatuaren bidez giltzurrunetara iristen dira. Bertan xurgatzen dira eta urarekin batera kanporatzen dira gernuarekin (giltzurrunetan odola garbitzen baita)
- Amoniakoa da proteinen katabolismoaren hondarra animalia amoniotelikoengan (ornogabe urtarrak, arrain osteiktioak, anfibioen larbak). Oso gai pozoitsua da animalientzat eta erraz disolbatzen da uretan eta erraz barreiatzen ur disoluzio batean edo mintzetan zehar. Tasun horiek direla eta, nitrogenoaren metabolismoaren azken buruko gai primario gisa iraizten denean, ur kopuru handiekin batera kanporatzen da, alegia baliabide hidrikoari dagokionez mugarik ez duten uretako animalietan.
- Azido urikoa animalia urikotelikoek (hegazti, narrasti eta intsektuek) kanporatzen dituzten proteinen katabolismoaren hondakina da. Azido urikoa ez da ia pozoitsua, eta ez da erraz disolbatzen; hori dela eta, lehorreko animalietan agertu ohi da katabolito hori, adibidez intsektuetan, narrastietan, hegaztietan, gasteropodo batzuetan, etab. Animalia horiek bizitzan aldiren bat igarotzen dute, urarekin inolako harremanik gabe. Azido urikoa gai gotor gisa iraitz daitekeen nitrogenoaren iraizkin bakarretakoa da eta, horri esker, ez da ur galerarik gertatzen gai hori iraiztean; hauxe da basamortuetako animaliek baliatzen duten iraizketa sistema.
- Urea animalia ureotelikoek proteinen katabolismoaren ondorioz sortzen duten molekula da (gibelean sortzen da, amoniakotik abiatuta), gernuaren bidez kanporatzen dutena. Urea ez da amoniakoa bezain pozoitsua; hura baino are errazago disolbatzen da eta ez da hain erraz barreiatzen. Lehorrean bizi diren animaliak dira era honetakoak (ugaztunak, anfibioak), nahiz eta ur ingurunearekin harreman estua izan (anfibioek, esaterako) edo ingurune horretan igaro enbrioi aldia. Elasmobrankioak (marrazoak, arraia) dira talde horretakoak. Haien ezaugarri nagusiak hauexek dira: odolean urea kontentrazio handia (uremia), osmoerregulazioarekin zerikusia duena, eta trimetilamina oxido kopuru handia izatea. Lozorro aldiak bizi izaten dituzten animalia birikadunak ere aldi horretan urotelikoak dira, eta amoniotelikoak, aktibo diren aldian.
Iraizketan parte hartzen duten organoak
Ugaztunek hainbat organoren bitartez egiten dute iraizpena:
- Izerdi guruinak: izerdiarekin hondakin metabolikoen % 10 kanporatzen dute.
- Birikak: arnasketa zelularrean sortutako CO2 kanporatzen dute.
- Gibela: behazunarekin ateratzen ditu hainbat hondakin toxiko.
- Giltzurrunak: iraitz sistemaren organo nagusiak dira. Odola garbitzen dute, horren hondakin toxikoen iragazketa hautakorra eginez.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/9/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.