Eskoziako historia
Eskoziako historia Devensar glaziazioaren amaieran, duela 10.000 urte, hasi zen, lehen gizakiak egungo Eskoziara iristean. Harri Aroan, Brontze Aroan zein Burdin Aroan gizakiek jarraitu zuten bizitzen, aurkitutako tresneriak frogatzen duen bezala.
Historia idatzia, ordea, erromatarrak Britainiara iristean hasi zen. Egungo Gales eta Ingalaterra okupatu zituzten erromatarrek, Britainia probintzia zena. Hortik iparraldera, Caledonia deitzen zutena, haien mendetik kanpo geratu zen. Piktarrak edo piktoak ziren lurralde horren biztanleak, zeinen jatorria ezezaguna dugu oraindik ere.
Erdi Aroko Eskoziako historia Ingalaterraren kontrako gerrek markatu zuten. Independentzia mantentzearren, Europako hainbat botererekin lotura ekonomiko, kultural eta estrategikoak ere finkatu behar izan zituen. XVII. mendetik aurrera, Ingalaterrarekin monarka partekatuta, 1707an Batasuneko Ituna sinatu zen Britainia Handiko Erresuma sortzeko.
Ilustrazio eskoziar eta Industria Iraultzaren ostean, Eskozia Europako aitzindari intelektual eta ekonomiko bilakatu zen. Nolanahi ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Eskoziako ahalmen industrialak behera egin zuen era nabarmenean. Hurrengo urteetan, berriz, Ipar Itsasoko petrolioa eta gas naturala dela eta, arnasa hartu ahal izan du berriro Eskoziako ekonomiak. Azkenean, parlamentua berreskuratu du.
Historiaurrea
Eskoziak Paleolitiko aroan biztanlerik bazuen ez da ezagutzen, gaur egungo eremua estali izan zuten glaziazio ezberdinek Mesolitiko aroa baino lehenagoko gizakien arrasto guztiak ezabatu baitituzte. Orain dela 11.000 urte iritsitako lehendabiziko giza taldeak ehiztariak eta fruitu biltzaileak izango zirenaren susmoa badago, lehenengo glaziazioaren izotzak iparralderantz atzeratzen hasi ziren garaia.
Eskoziar lurraldean agertutako lehen gizakien kokalekuak orain dela 9.000 urte ingurukoak dira eta lehengo herriak berriz orain dela 6.000 urtekoak. Adibidez, aro honetakoa da Skara Braeko kokalekua, Orkada uharteetako uharte handienean, hau oso kontserbazio egoera onean dagoelarik, bai eta eskoziar uharte guztietan aurkitutako bizileku, ehorztoki eta Neolitiko aroko erritualen guneak. Denboraren igarotzeari biziraun dioten eraikin ugari hauen izatea eremu honetan zuhaitzik ez egotearekin zerikusia izan lezake, honek aitzineko biztanleei bertako harkaitzean bertan euren eraikinak sortzea erraztu zien.
Erromanizazioa
Eskoziari buruz idatzitako historia Britainia Handiaren erdi-hegoaldeko erromanizazioarekin bat da (gaur egungo Gales eta Ingalaterra), garai hartan Britainiako erromatar probintzia osatzen zuelarik. Erromatarrek Eskoziari Kaledonia ("Kaledonioen Lurra") deitu zioten, herrialdean zehar iparraldetik-hegoaldera eta ekialdetik-medebaldera hedatzen ziren pinu kaledonioez osatutako baso mugagabearengatik. Garai hartan eskoziar eskualdean kokatuta zegoen herri nagusia piktoa zen, dirudienez beren gorputzak margotzeko zuten ohiturarengatik honela deituak. Eskotoak, aldiz (Dál Riata ere deituak), irlandar jatorrikoak ziren, eta Eskoziaren mendebaldean kokatzen ziren. Hortaz, garai honetan zehar ongi ezberdindutako bi erresuma zeuden: Scotland, Eskoziaren mendebaldeko eskotoen erresuma, eta Alba, ekialdeko piktoen erresuma.
Eskoziaren erromanizazioa eten ugari izan zituen prozesua izan zen: K.a. 83. urtean, Cneo Julio Agricola jeneralak Mons Graupiuseko Gudan kaledoniak garaitu zituen,[1][2] gertaera honek Gask Ridge bezala ezagutzen den gotorlekuz osatutako kate bat eraikitzea zilegitu zuelarik, Highlandseko Failaren inguruan (dirudienez iparralderago barneratu gabe); halere handik gutxira, erromatarrak Southern Uplands ("Hegoaldeko Lautadak") eremura atzeratu ziren, hau da, Eskoziako gunerik hegoaldekoena, eta han eskualdeko tribuak kontrolatzeko asmoz Hadrianoren Harresia eraikitzeari ekin zioten.
Lerro honek erromatar okupazio garaian zehar Erromatar Inperioaren iparraldeko muga marratu zuen, nahiz eta oraindik iparralderago Antoninoren Harresia eraiki zen. Muga hau aldi laburretan zehar soilik defendatu ahal izan zen, hauetatik berandukoena 208 eta 210 urteen artean eman zen, Septimio Severo enperadorearen agintepean. Denera, Eskoziako eremu hauen erromatarren okupazioa 40 urte eskasetara ailegatu zen, halere, latindar eragina eremu hegoaldekoenean, batez ere bretoi jatorrizko tribuetan, oso iraunkorra izan zen.
Erdi Aroa
Piktoen Erresumak (VI. mendean egoitza Fortriuen zuelarik) Erdi Aroan berebiziko garapena jasan zuen, beharbada erromatar inperialismoari erantzun nahirik.[3] Biziraupen eta zabalkuntza borroka honen gertakari garrantzitsu bat Dunnichengo Guda (685) izan zen, honetan Bridei III.aren erregealdian (671–693) piktoek Northumbriako tribuak garaitu zituztelarik. Óengus I.aren (732–761) erregealdia ere piktoen erresumaren sendotze garaia izan zen.[4] Garai honetan eta betiere Beda Beneragarriaren esanetan, piktoen erresumak eskotoenerresumak Alexander I. Eskoziakoaren (1107–1124) erregealdian izan zuen neurri berbera edukiko zuen. Halere, X. menderako jadanik kultura gaeliko bat piktoen erresumataz nagusitua zen, honela Kenneth I.a Eskoziako (Kenneth MacAlpin edo Kenneth I.a) errege dinastiaren jatorri irlandarraren kondaira ezarriaz.[5]
Hurrengo mendeetan zehar bere Eskoziako ekialdeko jatorrizko eskualdetik ateraz, Forth fiordotik iparralderuntz eta Oykel ibaitik hegoalderuntz, piktoen erresumak iparraldeko eta hegoaldeko lurrak bere kontrolpera igarotzera lortu zuen. XIII. mendearen amaierarako Albako erregeek beren erresumari Eskoziako hego-ekialdeko eremu anglo-hiztuna bereganatzea lortu zuten, baita Galloway eta Caithnesseko eremuetaz nagusitzea ere; XIII. mendearen amaieran erresumak gaur egun Eskoziak duen lur hedadura izatera ailegatu zen. Halere, Behe Erdi Aroko XII. mendean zehar hasitako zenbait kultura eta ekonomia prozesuek Eskoziari oso bestelako ezaugarriak bereganatuarazi zizkion. Eraldaketa honen lehen bultzada David I.a Eskoziakoaren erregealdian eman zen, honek Iraultza Davidiarra izenez ezagutzen denari hasiera eman ziolarik.
Garai honetan Eskozian feudalismoa barneratzen da, gobernu moduak berrantolatu eta lehendabiziko hiri eta udalerri forudunak sortzen dira (burgh direlakoak). Erakunde hauek, nahiz frantziar eta anglo-frantziar zaldun eta elizgizonen inmigraketak "osmosi-kultural" antzeko prozesu bat erraztu zuten, honen bitartez Albako hegoaldeko eremuak eta kostaldekoak ingeles hiztunak bihurtu ziren, ordura arte konkistatutako hegoaldeko lur askoren antzera; gainontzeko erresumak aldiz bere gaelerar hizkuntza mantentzen zuelarik.[6]
1286ko Alexander III.a Eskoziakoaren heriotzak eta, luze gabe, bere biloba Margarita I.arenak apurtu egin zuten erregetzan egondako dinastiaren ondorengotza. Gertaera horien ondorioz, Eduardo I.a Ingalaterrakoak eskoziarren gaietan esku hartu zuen, eta errege horrek bere babespeko John de Ballioli eman zion eskoziarren tronua. Bi horien arteko erlazioa, baina, gaiztotu egin zen, eta Ingalaterrak konkista saiakera bat egin zuen, baina William Wallacek (Braveheart, euskaraz Bihotz Adoretsu) Eskoziako Independentzia Gerratetan atzera bota zituen ingelesak. Bere aldetik, Robertok, Carrickeko kondeak (Robert the Bruce), bere burua Roberto I.a izendatuta, Eskoziarren Errege aldarrikatu zuen. Roberto eta bere kide guztiak, baina, aita santuak eskumikatu zituen; bada, erregetzarako zilegitasuna lortzeko, Carriceko buruzagiak Elizjendearen Adierazpena (1309) eta Arbroatheko Aldarrikapena (1320) izan zituen lagun.
Eskoziak Ingalaterraren aurka burututako gerrak hainbat hamarkada iraun zituen, eta Robert the Bruce dinastiaren aldekoen (honen esanetan David I.a Eskoziakoaren ondorengoa omen zen) eta Ballioltarren aldekoen (Ingalaterrak lagundurik) arteko guda zibilak XIV. mendearen erdi arte iraun zuen. Nahiz eta garailea Bruce leinua izan, Dabid II.a Eskoziakoaren ondorengo baten faltak bere hiloba Roberto II.a tronura igo eta Stewarten dinastia bertan ezartzea zilegitu zuen.[7] Estuardotarrek Eskozia gainontzeko Erdi Aroan zehar agindu zuten, XIV. mendetik hasi, Pizkunde Aroa iragan eta Erreforma Protestantera arte doan oparotasun garaia. Hala eta guztiz, Ingalaterraren aurkako borrokaldia etengabeak ziren, bai eta Highlands edo "Lur Garaiak" eta Lowlands edo "Behe Lurren" arteko barne banaketak ere.[8]
Aro Modernoa
Eskoziar Historian Aro Modernoa Rough Wooing edo Gorteiatze Bortitzarekin (1544 - 1551) delakoarekin hasi zen, Maria I.a Stewart eta Edward VI. Ingalaterrakoaren eskontza bat behartzeko asmoz Ingalaterrak burututako noizbehinkako erasoaldi militarrak izan ziren, halere azkenean helburu hori ez zuen lortu. Bestalde, XVI. mendea Erreforma Protestatearen mendea da, Eskozian mugimendu honen burua John Knox izango da eta Ingalaterraren laguntza jasoko du.
1603an James VI.a Eskoziakoak Ingalaterrako tronua jarauntsi zuen eta James I.a Ingalaterrakoa bilakatu zen. Halere, "Protektoratua" izeneko aldi labur bat kontuan hartu gabe, Eskozia estatu independente bat izaten jarraitu zuen, nahiz eta Eliza gobernatzeko erari buruz Koroak eta Convenanter zirelakoek etengabeko liskar etengabeak izan. Iraultza Loriotsuaren ostean, James VII. Eskoziako errege katolikoa kanporatua izan zen eta William III.a Ingalaterrakoa eta bere emaztea zen Maria II.a jarri ziren Eskoziako errege-erregina gisan (1688), halere Eskoziak Ingalaterrako erregea ez zen beste errege protestante bat ezartzeko mehatsua burutu zuen.[9] 1707an, halere, Eskoziarekin merkataritza hartu-emanen behin-behineko itxieraren aldeko ingelesen mehatxuen ostean, Batasun Agiria (1707) sinatu zen, honenbestez Britainia Handiko Erresumaren jaiotza egiaztatu zen.
Nahiz eta bi erresuma hauen batasuna eman, Stewart Etxekoen defendatzaile edo aldekoek, jakobitarrak izenarekin ezagunak, eragin handia zuten Highlands eskualdean eta herrialdeko ipar-ekialdean ere, bereziki presbiteriarrak ez zirenen artean. Halere 1715 eta 1745 urteetan piztutako Matxinada jakobitarrek ez zuten lortu Hannover Etxea britainiar tronutik aldenduaraztea. Gainera aipatutako matxinada horien harira ingelesek aitzakia bikain gisa erabili zituzten Highlands eskualdeko biztanleen derrigorrezko lekualdatzea behartuarazteko, hauek ingeleraz Highland Clearances izendapenarekin ezagutzen direlarik. Une honetan bertan Eskoziako Klanen aintzineko gizarte gaelikoari behin-behineko amaiera eman zitzaion.
Aro Garaikidea
Ilustrazioa eta Iraultza Industrialaren ondorioz Eskozia Europako merkatal, kultura eta intelektual gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. XVII. mendearen amaieran Glasgow eta Edinburgh hiriak, batez ere, bizkor garatu ziren, eta XIX. mendean zehar Clyde ibaiko ibarretan industria pisuaren agertzearekin bat Glasgow "Britainiar Inperioko bigarren hiria" bilakatu zen, betiere Londonen atzetik. Egoera Lehen Mundu Gerrarekin txartu zen, honetan eskoziar kopuru izugarriak hil baitziren, batez ere Highlands edo Lur Garaietakoak, baina egoera hau are eta txarragoa bihurtu zen Bigarren Mundu Gerra ailegatzearekin bat, Eskoziaren egoera ekonomikoak sekulako gainbehera azkarra jasan baitzuen, honekin batera nazioarteko merkatuan lehiakorrak ziren eskoziar industria ugariren desagertzea eman zelarik.[10] Soilik XX. mendearen azken hamarkadak arte ez zuen herrialdeak nolabaiteko susperraldi ekonomiko eta kulturalik pairatuko, gehienbat finantzal eta sektore elektronikoaren berpizkundeari esker (Silicon Glen delakoa), bai eta Ipar itsasoko petrolio eta gasaren etekinei esker ere.[11] 1998an Erresuma Batuko Gobernuak burujabetza maila gorenakoak eman zizkion Eskoziari, Eskoziako Legebiltzarra berrezarriz eta sinbolikoki bazen ere Edinburghera Sconeko Harria itzuliaz.
2014ko urriaren 14an, Eskoziak independentziari buruzko erreferenduma galdu ostean kargu politikoak utziko zituela esan zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta Nicola Sturgeonek ordezkatuko zuen, Salmonden bigarrenak[12].
Azaroaren 13an jakin zenez, SNPk botoen %52 jasoko zuen 2015eko hauteskundeetan eta laboristek %23 baino ez zuten lortuko[13]. Azaroaren 19an, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro izendatu zuten[14].
Azaroaren 20an, Nicola Sturgeonek lehen ministro karguari zin egin zion[15]. Egun berean, David Cameronek Eskoziaren eskuduntzak handituko zituela esan zuen[16].
Azaroaren 22an, independentzia albo batera uzteko deia egin zion Londresek SNPri[17].
Azaroaren 26an, errentaren inguruko zerga Eskoziaren esku utziko zuela Erresuma Batuak zabaldu zen. Hori erabaki zuen eskumenen transferentzia adosteko osatu zen batzordeak[18]. SNPren ustez, neurriak Cameronek erreferendumean agindu zuenarekin alderatuz gero eskasak ziren[19].
Abenduaren 13an, Jim Murphy Eskoziako Alderdi Laboristako buru ezarri zuten. Gordon Brown laborista lehen ministro izan zenean, ministro izan zen. 2016ko hauteskudeetan, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistari irabazteko helburua zuen[20].
2015eko urtarrilaren 22an, Eskoziari eskumen gehiago emateko neurriak aurkeztu zituen Erresuma Batuak, tartean, askatasun handiagoa zergetan, baina Edinburgo ez zegoen gustora[21].
Erreferentziak
- Fraser, The Roman Conquest Of Scotland: The Battle Of Mons Graupius AD 84
- Churchill, A History of the English-Speaking Peoples, p. 9
- Peter Heather, "State Formation in Europe in the First Millennium A.D.", Barbara Crawford argitaletxea, Scotland in Dark Ages Europe, (Aberdeen, 1994), 47–63. orr.
- Ikus Alex Woolf, "The Verturian Hegemony: a mirror in the North", M. P. Brown & C. A. Farr argitaletxea, Mercia: an Anglo-Saxon Kingdom in Europe, (Leicester, 2001), 106–11. orr.
- Dauvit Broun, "Dunkeld and the origin of Scottish identity", Innes Review aldizkarian, 48 (1997), 112–124. orr., Dauvit Broun and Thomas Owen Clancy, Spes Scotorum: Hope of Scots, (1999), 95–111. orr.; Dauvit Broun, "Kenneth mac Alpin", M. Lynch, The Oxford Companion to Scottish History, (New York, 2001), 359. orr.; Sally Foster, Picts, Gaels and Scots: Early Historic Scotland, (Londres, 1996); Simon Taylor, "Place-names and the Early Church in Eastern Scotland", Barbara Crawford, Scotland in Dark Age Britain, (Aberdeen, 1996), 93–110. orr.; David N. Dumville, "St Cathróe of Metz and the Hagiography of Exoticism," John Carey, Irish Hagiography: Saints and Scholars, (Dublin, 2001), 172–176. orr.; Maire, Herbert, "Rí Érenn, Rí Alban, kingship and identity in the ninth and tenth centuries", Simon Taylor, Kings, Clerics and Chronicles in Scotland, 500–1297, (Dublin, 2000), 63–72. orr.
- Gai honi buruzko ikerketa sakon bakarra L. W. Sharpen honako hau da: The Expansion of the English Language in Scotland, (Cambridge University Ph.D. thesis, 1927), 102–325. orr.; zehatzago eta berriagoa den ikerketa Derick S. Thomsonen aurki genezake, Gaelic in Scotland, 1698–1981, (Edinburgh, 1984), 16–41. orr.; erakunde gaelikoen bilakaerari buruzko idazlanak egile ezberdinen arteko elkarlan hauetan topa genitzazke: G.W.S. Barrow, The Kingdom of the Scots, 2nd Edn, (Edinburgh, 2003) eta Scotland and Its Neighbours In the Middle Ages, (London, 1992); ikus gainera Dauvit "Broun, Anglo-French acculturation and the Irish element in Scottish Identity", Brendan Smith, Insular Responses to Medieval European Change, (Cambridge, 1999), 135–53. orr.; Wilson MacLeod, Divided Gaels: Gaelic Cultural Identities en Scotland and Ireland: c.1200–1650, (Oxford, 2004), eta Bòrd na Gàidhlig. Thomas Owen Clancy. Gaelic Scotland: a brief history. Sarrera data: 2007ko irailaren 21a.
- Garai haietako gertakariei buruz, ikus Alexander Grant, Independences and Nationhood: Scotland, 1306–1469, (Edinburgh, 1984), pp. 3–57; Michael Brown, The Wars of Scotland, 1214–1371, (Edinburgh, 2004), pp. 157–254; G. W. S. Barrow, Robert Bruce & the Community of the Realm of Scotland, 4th Edition, (Edinburgh, 2005)
- Ikus Alexander Grant, Independences and Nationhood: Scotland, 1306–1469, (Edinburgh, 1984) eta Jenny Wormald, Court, Kirk and Community, New Edition, (Edinburgh, 1991).
- TM Devine The Scottish Nation 1700-2007 ISBN 0-141-02769 P6 "...Stated that the Scots Parliament had the right to decide on Queen Anne's successor, and that England and Scotland could not have the same sovereign in the future unless the London Parliament granted Scots 'Free Communication of trade'..." ("Ana Erreginaren oinordekoa nor izango den hautatzeko Eskoziar Legebiltzarraren eskubidea baieztatzen dut, eta Ingalaterra eta Eskoziak etorkizunean subirano berbera izan ez dezatela izan, behinik-behin Eskoziarrei 'Salerosketa Askea' bermatzen ez bazaie...")
- Harvie, Christopher (1981) No Gods and Precious Few Heroes: Scotland 1914-80. London. Edward Arnold.
- Celtic Tiger Burns Brighter at Holyrood. Data=2008ko maiatzaren 6a. Egilea: Stewart, Heather. The Guardian
- «Nicola Sturgeon izango da Eskoziako lehen ministroa», Berria, 2014-10-15
- «%52», Berria, 2014-11-14
- «Eskoziako lehen ministro izendatu dute Sturgeon», Berria, 2014-11-20
- «Nicola Sturgeonek lehen ministro karguaren zina egin du», Berria, 2014-11-20
- «Eskoziaren ahalak handituko dituela esan du Cameronek», Berria, 2014-11-21
- «Independentzia alboratzeko deia Londresek SNPri», Berria, 2014-11-23
- «Errentaren gaineko zerga Eskoziaren esku utziko du Erresuma Batuak», Berria, 2014-11-27
- Samara Velte, «Erreferendumaren ordaina», Berria, 2014-11-28
- «Jim Murphy Eskoziako Alderdi Laboristako buru izendatu dute», EiTB, 2014-12-13
- Oihan Vitoria, «Promesak eta traizioak», Berria, 2015-01-23