Eskisto
Eskistoak gradu ertaineko arroka metamorfikoak dira. Xafla egiturazko mineralak (mika, hornblenda, klorita, talkoa eta grafitoa, besteak beste) nagusi dituztelako nabarmentzen dira. Askotan, kuartzoa izaten dute bihi luzatuetan, hainbesteko ugaritasunez non kuartzo eskistoa deritzon aldaera eratzen den. Definizioz eskisto baten kristalen %50a baino gehiago lauak eta luzekarak dira; askotan, foliazio fina dute, kuartzo eta feldespato xaflak tartekatuta.
Eskisto | |||
Arroka metamorfikoa | |||
---|---|---|---|
Mineral garrantzitsuak | Mika Talko Hornblenda Grafito Klorita Granate Turmalina Glaukofana |
Harri sedimentario buztintsuen metamorfismo prozesuz eratzen da eskistoa. Eskistoek arbelaren itxura dute (orriz eratuta baleude bezala), baina arbelak baino prozesu metamorfiko sakonagoa izan dutenez, mikazko laminatxoak bistan ageri dira paraleloan jarrita eta haiek distira ezaugarri bat ematen diote; hortik datorkio izena (schistos grekotik: «printzatua», «arrakalatua»). Zaila da arbelaren eta eskistoaren arteko muga ongi zehaztea, baina eskistoetan ez dira ageri fosilak, gai organikoen aztarnak grafito bihurturik egoten direlako.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.