Eskinko hiruhatz

Eskinko hiruhatza (Chalcides striatus) Scincidae familiako narrastia da. Oso hanka txikiak ditu (milimetro batzuk), duen luzeraren aldean (35 zentimetro). Brontze edo zilar kolorekoa da, eta zerrenda meheak, marroiak eta zuriak izaten ditu gorputzean zehar. Leku eta giro beroak ditu gogoko. Europako hegoaldean bizi da.[1]

Eskinko hiruhatz
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaScincidae
GeneroaChalcides
Espeziea Chalcides striatus
(Cuvier, 1829)
Banaketa mapa
Eguneko zikloaeguneko

Deskribapena

Eskinko hiruhatzaren besoak

Lehen begiradan ziraunaren antzeko narrasti luzeska da eskinko hiruhatza, guztira gehienez 40 zentimetroko luzera izan dezakeena. Animalia honen ezaugarririk bereizgarriena oso soinadar laburrak izatea da (hauek milimetro gutxiko luzera baitute) eta, izenak dioenez, soinadar bakoitzean atzazalez hornitutako hiruna hatz mehe ditu.[2]

Hain soinadar laburrak izanik ere, eskinko hiruhatzak jauzi egiteko ahalmena, eta irrist ibilera azkarra du. Dabilenean hankarik ia ezertarako ere erabiltzen ez duen arren, espezie liraina da oso, eta soin-enborra alde batera eta bestera higituz, eta lurzoruko zimur edo koskor oro euskarritzat hartuz, uhinen bidez azkar higitzen da, suge eta ziraunek egiten duten legez. Higidura eredu hau eta soinadarren laburtasuna kontuan hartuz, ez da harritzekoa jendeak sarritan sugetzat hartu izana, baina, gertuxeagotik begiratuz gero, betazalak dituela ohar gintezke, eta ezaugarri horrek eskinkoen lazertidoekiko hurbiltasuna adierazten digu eta, era berean, sugeengandik bereizten du.[2]

Bestalde, eskinko hiruhatzak ezkata leun txiki eta distiratsuz jantzia du soina bizkar-aldean, eta sabelaldean ezkata handiagoak ditu. Gainera, eta koloreari dagokionez gris horiska, arre argia edota oliba arreska izaten du bizkarrean eta saihets-aldean, soin osoan zehar luzetarako 9-11 lerro argixeago dituelarik. Sabelaldea ordea, gris argia edo zuriska izan ohi du.[2]

Banaketa

Mediterranear espeziea dugu, eta Europako mendebaldean —Italian, Frantziako hegoaldean, Sardinian, Kortsikan, eta Iberiar penintsulan—, eta Afrikako iparraldean bizi da. Euskal Herriari dagokionez, berriz, Araba eta Nafarroa Garaiko eskualde mediterraneoetan populazio ugari eta hedatuak daude. Bizkaiko kostaldean ere eremu estu bateko biztanlea da, ingurune-baldintza epel eta egokien arrimuan, baina bertako populazioak urri dira antza, eta horrek nolabaiteko ahaleginik eskatzen du kontserbazioa bermatzeko.[2]

Habitata

Animalia honek hautatzen dituen bizilekuak beti ere altitude baxu edo ertainetan kokatzen dira, itsas mailatik hasi eta 1.000 metro ingururaino. Eskinkoak nekazaritza-alorrak eta larreak ditu gogokoen, eta eskualde mediterraneoan lugorri eta beste zenbait habitatetan ere maiz aurki daiteke. Kostaldean, berriz, txilardi eta otadiak maite ditu, eta sarritan hauen eta larreen arteko mugetan topatzen da.[2]

Bizimodua

Eskinko hiruhatza

Gure eskualdean bizi diren narrasti gehienek bezala, eskinko hiruhatza ere eguneko animalia eta lehortarra da. Goizean, eta lehen argiek lurra zertxobait epeldua dutenean, bere babeslekutik irten eta eguzkitan jarri ohi da gozo-gozo. Soin-tenperatura egokia lortu duenean, bazka bilatzeari ekingo dio buru-belarri. Baina harrapakaria den arren, eskinkoak ez du inolako oldarkortasunik ageri, eta etsaitzat hartzen duen edozeren aurrean ihes egiten du ziztu bizian.[2]

Elikadura

Intsektujale amorratua da. Batez ere koleopteroak, araknidoak, lepidoptero-larbak, isopodoak, ortopteroak, dipteroak, eta abar harrapatzen ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Eskinkoaren araldia udaberrian hasten da, eta sasoi horretan borroka latzak izaten dira arren artean, emeak estaltzeko lehia bortitzean murgilduz. Gainerako eskinko askotan gertatzen den modura, eskinko hiruhatza ere obobibiparoa da eta, ondorioz, emea 4-15 kumez erdituko da udako azken asteetan. Jaioberriek 7 zentimetroko luzera besterik ez dute izaten, baina munduratu orduko beren bideari ekin beharko diote bizitzaren erronkari eutsiz. Eta presaka ibili beharko dute gainera, ehizakia frango harrapatu eta indarrak metatu nahi badituzte. Izan ere eskinkoarentzat neguko letargia azkar hasten baita, eta apirila arte iraungo du; gure latitudean bizi diren narrastietan luzeena da.[2]

Erreferentziak

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Aihartza, Joxerra. Eskinko hiruhatza, ia hankarik ez duen saurioa. Elhuyar aldizkaria, 1993/05/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-22).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.