Eski-jauzi
Eski-jauzia jauzi-tranpolina erabiliz eski gainean egiten den jauzia da, eski nordikoaren modalitate bat dena. Puntu kritikoa edo K puntua muturretik 120 metroko distantziara du tranpolinak, gehienez. Jauziak bi osagai konbinatu behar ditu: luzera ahalik eta handiena, batetik, eta exekuzio tekniko ahalik eta onena, bestetik.[1] 1924az geroztik, Neguko Olinpiar Jokoetako modalitatea da.
Lehiaketak
Jauzi-arrapalaren eta parte hartzaileen arabera, proba ezberdinak aurki ditzakegu modalitate honen baitan: banakako proba 90 metroko arrapalarekin, banakako proba 120 metroko arrapalarekin eta taldekako proba 120 metroko arrapalarekin; azken honetan, taldeak lau kidek osatuko dituzte. Azken marka jartzeko kide bakoitzak bi jauzi egingo ditu, bai banaka eta baita taldeka ere, eta epaileek luzeraren jauzia eta kirolarien estiloa hartuko dituzte kontuan azken puntuazioa edo marka ezartzeko. Ondoren jauzi guztien batura egingo da eta kirolari edo taldearen marka ezarriko du batura honek.[2]
Teknika
Teknika zaila eta zehatza du modalitate honek, ahalik eta urrunen iristeko posizio aerodinamikoa mantentzera behartuta egoteaz gain, ezinbestekoa baita modu seguruan lurreratzea. Lurreratzean eginiko edozein akatsek marka murriztea gutxi ez eta 4-6 metroko altueran eta lortzen dituzten abiadurak lortuta, edozein istripuk ondorio latzak izan ditzake kirolariarengan.[2]
Materiala
Parte-hartzaileak derrigortuta daude kaskoa eta eskiatzeko jantzia eramatera, azken hau, gorputzaren formara egokituko dena eta aireari iragazkortasuna emango diona. Botak, orkatilak baino gorago heltzera iritsiko zaizkie, baina orkatila flexionatu ahal izateko adinako askatasuna eman behar diete. Eskiak, kirolarien altueraren %145eko luzera izan dezakete gehienez, eta 95-105 zentimetro arteko zabalera. Kirolarien Gorputz Masa Indizea 21ekoa izango da gutxienez hegaldia egonkorra izan dadin. Hori baino txikiagoa balu norbaitek, arriskua dela eta, aerodinamika gutxituko dioten eski motzagoekin jauzi egitera zigortuko dute.
Eskiek ezingo dute asimetrikoak izan, eta aerodinamika hobetzeko eta egonkortasuna hobetzeko edozein estalki erabiltzea debekatuko zaie.[2]
Historia
Neguko kirol gehienak bezala, herrialde nordikoetan du jatorria eski-jauziak. Herrialde hauetan izan ohi dituzten negu luze eta elurtsuek sortutako beharrei erantzuteko hasi ziren antzina elur nahiz izotzetan irristatzeko teknikak eta materiala garatzen, eta gaur egungo neguko kirol modalitate gehienak honen ondorengotzat hartu ditzakegu.
Denboraren joanak eta batik bat Neguko Olinpiar Jokoetan sartu izanak teknologiaren garapena bultzatu du material egokiena eta teknika efizienteena aurkitzera bidean. Gaur egun, kirolari askok dihardute haize-tuneletan lanean, ahalik eta posizio aerodinamikoena aurkitzen ahaleginduz, haizearen marruskadura murrizteak ekarri diezaieken hegaldi luzeenaren bila. Jantziei dagokienez ere, oso teknologia garatua dute eta goi-mailako selekzio guztiek dihardute aireari ahalik eta erresistentzia txikiena egingo dioten ekipamenduekin lehiatuz eta hobeak nola sortu ikertuz.
Joko Olinpikoetan Frantziako Chamonix hirian ospatutako 1924ko Jokoetan sartu zen lehen aldiz, 80 metrotako arrapalarekin garai hartan. Jauzi egileek 1972tik dihardute 90 eta eta 120 metroko arrapaletan, urte horretan ezarri baitzituen neurri estandar hauek Neguko Kirolen Federazio Internazionalak. Taldekako jauzia 1988an agertu zen lehen aldiz.
Emakumeei dagokienez, 1970eko hamarkadan hasi ziren eski-jauzian lehiatzen, nahiz eta azken urte hauek arte ez diren lehiatu Lehen Mundu Kopa (2011-2012) eta Olinpiar Jokoetan (2014).
Errendimendu-maila kontuan hartzen badugu, azken urteotan Polonia, Norvegia, Alemania nahiz Japonia dira modalitate honetan punta-puntan dabiltzan herrialdeak.[3]
Eski-jauzia Euskal Herrian
Euskal Herrian eskiatzera joaten direnak asko izanik ere eta Neguko Kirolen Euskal Federazioa egonda ere, federazioak ez du bere gain hartzen modalitate hau eta ez gaur egun ez dago modalitate honetan aritzen den euskal kirolari ezagunik.
Jauzi historikoak
Emakumezkoak
Lehendabiziko jauzia | Data | Eskiatzailea | Herrialdea | Muinoa | Lekua | Metro | Yarda | Oin |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Historian | 1897 | Ragna Pettersen | Norvegia | Nydalsbakken | Aker, Norvegia | 12.0 | 13.1 | 39 |
50 metro baino gehiago | 1932 | Johanne Kolstad | Norvegia | Gråkallbakken | Trondheim, Norvegia | 62.0 | 67.8 | 203 |
100 metro baino gehiago | 1981-3-29 | Tiina Lehtola | Finlandia | Rukatunturi | Kuusamo, Finlandia | 110.0 | 120.3 | 361 |
150 metro baino gehiago | 1994-2-5 | Eva Ganster | Austria | Kulm | Tauplitz/Bad Mitterndorf, Austria | 161.0 | 176.1 | 528 |
200 metro baino gehiago | 2003-1-29 | Daniela Iraschko | Austria | Kulm | Tauplitz/Bad Mitterndorf, Austria | 200.0 | 218.7 | 656 |
Gizonezkoak
Lehendabiziko jauzia | Data | Eskiatzailea | Herrialdea | Muinoa | Lekua | Metro | Yarda | Oin |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Historian | 1808ko azaroa | Olaf Rye | Norvegia Danimarka | Eidsberg church | Eidsberg, Norvegia | 9.5 | 10.4 | 31 |
50 metro baino gehiago | 1913-2-16 | Ragnar Omtvedt | Ameriketako Estatu Batuak | Wolverine Hill | Ironwood, Estatu Batuak | 51.5 | 56.3 | 169 |
100 metro baino gehiago | 1936-3-15 | Josef Bradl | Austria | Bloudkova velikanka | Planica, Jugoslaviako Erresuma | 101.5 | 111.0 | 333 |
150 metro baino gehiago | 1967-2-11 | Lars Grini | Norvegia | Heini-Klopfer-Skiflugschanze | Oberstdorf, Mendebaldeko Alemania | 150.0 | 164.0 | 492 |
200 metro baino gehiago | 1994-3-17 | Toni Nieminen | Finlandia | Velikanka bratov Gorišek | Planica, Eslovenia | 203.0 | 222.0 | 666 |
250 metro baino gehiago | 2015-2-14 | Peter Prevc | Eslovenia | Vikersundbakken | Vikersund, Norvegia | 250.0 | 273.4 | 820 |
Erreferentziak
- Euskaltermen definizioa, 2016ko Neguko kirolak Hiztegitik aterata
- (Gaztelaniaz) «Deportes Olímpicos Pyeongchang 2018: Saltos de esquí: reglas, historia y modalidades olímpicas - Marca.com» Marca.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-24).
- https://www.pyeongchang2018.com/en/game-time/results/OWG2018/en/ski-jumping/detailed-medal-standings-.htm%5B%5D