Erwin Schrödinger
Erwin Rudolf Josef Alexander Schrödinger (Viena, Austria, 1887ko abuztuaren 12a - Viena, Austria, 1961eko urtarrilaren 4a) fisikaria izan zen. Mekanika kuantikoan egindako ekarpenengatik da ospetsua, bereziki Schrödingerren ekuazioarengatik. Ekuazio horrengatik Fisikako Nobel Saria jaso zuen 1933an. 1935ean, Schrödingerren katua izenaz ezaguna den esperimentua proposatu zuen.
Erwin Schrödinger | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Erwin Rudolf Josef Alexander Schrödinger |
Jaiotza | Viena, 1887ko abuztuaren 12a |
Herrialdea | Austria Austria-Hungariako Inperioa Alemania Hirugarren Reicha |
Bizilekua | Dublin Dublin Viena |
Heriotza | Viena, 1961eko urtarrilaren 4a (73 urte) |
Hobiratze lekua | Alpbach (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Familia | |
Aita | Rudolf Schrödinger |
Ezkontidea(k) | Annemarie Schrödinger (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Oxfordeko Unibertsitatea Vienako Unibertsitatea Akademisches Gymnasium (en) |
Tesi zuzendaria | Friedrich Hasenöhrl (en) Franz S. Exner |
Doktorego ikaslea(k) | Franz Zeilinger (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Friedrich Hasenöhrl (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | fisikaria, fisikari teorikoa, akademikoa, katedraduna, saiakeragilea eta matematikaria |
Parte-hartzailea
| |
Enplegatzailea(k) | Vienako Unibertsitatea Wrocławeko Unibertsitatea Berlingo Humboldt Unibertsitatea Oxfordeko Unibertsitatea Ganteko Unibertsitatea Frederiko Gilen Unibertsitatea Zuricheko Unibertsitatea Grazko Unibertsitatea Stuttgarteko Unibertsitatea Jenako Unibertsitatea Dublin Institute for Advanced Studies (en) |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Royal Society Alemaniako Zientzien Akademia Berlinen Zientzien Bavariar Akademia Sobietar Batasuneko Zientzien Akademia Zientzien Pontifize-Akademia Austriako Zientzien Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Zientzien Errusiar Akademia Prusiako Zientzien Akademia XL izeneko Zientzien Akademia Nazionala |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Bizitza
Schrödinger familia aberats bateko semea zen. Tutore pribatu batek eta aitak hezi zuten, Vienako Unibertsitatera joan aurretik. 1910ean eskuratu zuen doktoretza, eta ondoren unibertsitatean hasi zen lanean.
Lehen Mundu Gerran, artilleriako ofizial izan zen gotorleku urrun batean, eta fisika irakurtzen aritzen zen han.
1920tik aurrera, aldi laburrak eman zituen Jenan, Stuttgarten, Breslaun eta Zurichen ikasten. Lanean hasita, artikulu sail bat argitaratu zuen 1926an, uhin mekanikaren fundatzaile izan zirenak. Horren ondorioz, Max Plancken lekua hartu zuen Fisika Teorikoko irakasle postuan Berlinen (1927), baina nahiago izan zuen lanpostu hori utzi Hitlerrek aginpidea hartu zuenean, 1933an. Oxforda joan zen, baina, aberri minez, Graza itzuli zen 1936an.
Alemanak Austrian sartu zirenean (1938), heriotzaren mehatxupean, ihes egin behar izan zuen; Dublinen hartu zituen bizilekua eta lanpostua, Éamon de Valera irlandar lehen ministroak, oso matematikazalea baitzen, Schrödingerrentzat sortu zuen Ikasketa Aurreratuetako Institutuan. Eiren hamazazpi urte zorionez beteak eman ondoren, Vienako Unibertsitatera joan zen irakasle, uko egin baitzion hara itzultzeari, harik eta sobietarrek alde egin arte. Baina iritsi eta berehala gaixotu zen, eta ez zen inoiz erabat sendatu.
Fisikako lanak
Schrödinger 1924an argitaratutako Louis de Broglieren ideien ondorioak lantzen hasi zen. Broglieren ideia horien arabera, partikula orok badu uhin bat berari lotua, eta partikula eta uhin izate bikoitzaren ondorio dira partikula horren ezaugarriak. Schrödinger eta Broglie, biak, konturatu ziren ekuazio diferentzial partzial batek —ehun ekuazio izenekoak—, deskriba zezakeela partikula baten mugimendua, eta mota horretako ekuazio bat prestatu zuten. Uhin funtzioa bakarrik kontuan hartze horrek Bohrren quantum teoria zaharraren arazoak saihesten zituen, baina zaila zen praktikan aplikatzen. Schrödingerrek orduan partikulen mugimendua deskribatzen zuen Hamiltonen metodoa baliatu zuen, eta uhin gisa berridatzi zuen; halaxe sortu zuen Schrödingerren ekuazioa. Aurreko ekuazioek ez bezala, honek ez ditu kontuan hartzen erlatibitatearen ondorioak, baina askoz errazagoa da ikusten (nukleoaren inguruan dauden uhintzat), eta orobat benetako egoeretan aplikatzen.
Hidrogeno atomoari aplikatzen zaionean, ekuazioak atomo bateko elektroi baten energia maila zuzenak ematen ditu, Niels Bohrren atomo ereduaren ad hoc suposizioak gabe. Energia maila horiek esperimentalki neurtu ziren, hidrogenoaren espektroan ikusiriko lerroak erabiliz horretarako. Lorpen horrengatik, 1933an, Fisikako Nobel Saria jaso zuen, Paul Diracekin batera.
Schrödingerren teoriari uhinen mekanika deitu zitzaion (1926), eta, Diracek frogatu zuenez, matrizeen mekanikaren baliokide zen, zeina 1925ean Born, Jordan eta Heisenbergek formulatu zuten. Teoria osatu hori —Wolfgang Pauliren esklusio hastapenarekin batera— erabili zuen Diracek mekanika kuantikoa urte bukaerarako ia osorik prestatzeko.
Mekanika kuantikoak aurreikuspen ahalmen handia zuen, eta egoki deskribatzen zituen ordu arte ezin azaldu izan ziren puntu batzuk, baina Schrödingerrek arazo zail bat ikusten zion. Uhin funtzioa partikulari (adibidez, elektroiari) lotzea, zaila da. Bornek azalpen bat eman zuen aditzera, gaur egun onartua: partikula puntu horretan aurkitzeko probabilitatea deskribatzen duela uhinaren anplitudeak. Schrödinger, Broglie eta Einstein bezala, ez zegoen horrekin ados, eta elkarrekin aritu ziren argudioak lantzen probabilitateen quantum mekanika baten kontra. Borneen ikusmoldeak gertaera bat bestearen atzetik etortzeko probabilitate hutsa deskribatzera kondenatzen du fisika, eta, beraz, fisika ez litzateke gai izango kausa eta ondorioaren aurreikuspen zehatza egiteko, teoria klasikoek egin behar duten bezala.
Schrödinger oso gizon irekia eta lasaia zen, eta, hori zela-eta, bere lankide eta ikasleek asko estimatzen zuten; bizitza osoan bidaiatu zuen mendiko botak jantzita eta motxilarekin, eta arazoak izaten zituen horregatik Nobel saridunen Solvay bileretan sartzeko.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak