Errubeola

Errubeola gaixotasun infekziosoa da, jatorri birikoa duena, umeak gehienbat jotzen dituena eta ondoriorik gabe sendatu ohi dena. Ez da larria, haurdun dauden emakumeengan izan ezik, hauengan kalte handiak egiten baitizkio umekiari.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Errubeola
Deskribapena
Motagaixotasun biriko kutsakorra, rubella virus infectious disease (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateainfektologia
neonatologia
Arrazoia(k)Rubella virus
Sintoma(k)Negela, sukarra, eztarriko mina
betealdia
Sortzen duBegi-lausoa
Forchheimer spots (en) Itzuli
Patogenoaren transmisioadroplet infection (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKB06.9 eta B06
GNS-9-MK056
DiseasesDB11719
MedlinePlus001574
eMedicine001574
MeSHD012409
Disease Ontology IDDOID:8781

Gaitz honen sintomarik azpimagarriena larruazalean agertzen den exantema tipikoa da, orban arrosa txiki ugariz osatutakoa (irudia).

Errubeola aitortu beharreko gaitza da Euskal Herrian. 2007. urtean bi kasu besterik ez ziren jakinarazi EAE-an, eta 2006an 15.

Etiologia

Errubeolaren eragilea Togabirusen taldeko birus bat da. Birus hauek RNA dute material genetiko gisa, kapside ikosaedriko batez babestua. Kapsidearen gainetik hemaglutininak dituen geruza bat dago.

Errubeolaren birusaren gordailu bakarra gizakia da.

Infekzioa

Errubeolaren birusa gaixoak kanporatzen dituen tanta infekziosoen bidez transmititzen da, gripea, barizela edo elgorriaren antzera. Birusa arnas jariakinetan dago, eta gaixoak (eztula edo doministiku egiterakoan) kanporatutako aerosol tantetan milioika birus patogeno daude.

Arnas bidetik sartu eta faringea eta gongoil linfatikoak infektatzen ditu birusak. Gero, linfaren bidez odolera iritsi, eta gorputz osora hedatzen da. Haurdun dauden emakumeengan birus honek karen edo plazenta zeharkatzeko ahalmena izaten du, kalte oso larriak sortuz umekiari.

Barizela edo elgorriaren birusen aldean errubeolarena ez da hain kutsakorra. Gaitza bera ez da besteak bezain larria, orokorrean.

Sintoma klinikoak

Zenbait kasutan birusaren infekzioak ez du inongo sintomarik eragiten. Jende askok gaitza pasatu du ohartu gabe, froga antigenikoek frogatzen dutenez.

Sintomak daudenean gaitzaren inkubazio epea 2 edo 3 astekoa da. Umeengan sukarra, eztula, ondoeza eta gongoil linfatikoen hantura agertzen da lehenengo fase batean. Gero, larruazaleko exantema, gorputz osora zabaltzen dena.

Helduak infektatzen direnean antzeko sintomak azaltzen dira, baina horietaz gain baita artralgiak eta artritisa ere, batez ere eskumuturrean, atzamarretan eta belaunetan.

Haurdunaldiaren lehenengo hiru hilabeteetan gaitzak ondorio oso larriak eragiten dizkio fetuari. Abortuaren arriskuaz gain, errubeolak buruko atzerapena, gibeleko lesioak, kardiopatiak, gorreria eta begietako akatsak sor ditzake umekiarengan.

Diagnostikoa

Froga serologikoen bidez egiten da, gaitzaren antigorputz espezifikoak bilatuz.

Profilaxia eta tratamendua

Profilaxiaren aldetik babes handia ematen duen txertoa erabiltzen da, txerto hirukoitz biriko delakoa. Euskal Herrian txerto hau txertaketa-egutegian dago, eta bi dositan ematen da: lehenengoa urte batekin eta bigarrena 4 urteekin. Errubeolaren aurrean ez ezik, txerto honek elgorria eta hazizurriaren aurrean ere babesa ematen du.

Emakumea seronegatiboa denean ere, eta haurdunaldiaren aurretik, gomendatzen da txertoa ematea, errubeola kongenitoa ekiditeko.

Gaixotasun biriko askorekin gertatzen den moduan, ez dago birusaren aurkako tratamendu espezifikorik. Gaitzaren sintomak arintzeko parazetamola erabili ohi da.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.