Erromatar hiri

Erromatar hirigintza Erromak menperatutako lurraldearen antolakuntza zen konkista ondoren eman beharreko lehen urratsa zen. Kanpamentu militarren arau-ordenara ohituta zeuden erromatarrak, eta haien araberako antolamendua bideratu zuten espazio handien (nekazaritza-eremuen) eta espazio txikien (hirien) banaketa zehazterakoan.

Erromako espazio publiko nagusia: Foroa.

Erroma hiria

Hiriaren sorrera

Nahiz eta etruriarren garrantzia handia izan, ezin izan zuten bere boterea kontsolidatu, penintsula osoko homogeneizazio edo bateraketa lortu ez zutelako. Hau lortuko zuena beste herri bat izango zen, Erroma. Honen sorrera, K. a. VIII. mendean kokatzen da (754. urte inguruan), eta bere jaiotza Romulo eta Remoren kondairaren mitoarekin lotua dago. Zeintzuk basoan bakarrik utzirik zeudenean otseme batek bulartu zituen. Bulartze hartatik, hain zuzen, eratorri ziren urbs edota urbe kontzeptuak. Gerora, Romulok Remo hil zuen, lehenengoak mendixka Palatinoan hira sortuz eta bere lehen errege bihurtuz. Egia esan, Tiberren hurbil zegoen asentamendu horretan ez ziren 200 pertsona baino gehiago bizi, hala ere, esan bezala, monarkia bat finkatu zen. Populazio horrek, orokorki, oinarri latindarra zuen, eta beraien hizkuntza, latina, penintsulako hizkuntza ofizial bihurtzea lortu zuten.

Erroma ez oso modu ordenatuan eraikitzen hasi zen. 520. urteraino Servio Tulio, erregeak, Erroma osatzen zuten zazpi mendixkak harresi baten bitartez inguratu zituen. Eta harresi haiek 426 hektarea hartzen zituen perimetroa inguratzen zuten. Honenbestez, hiriaren erdian Foroa gelditu zen; ekialdean Nekropolia; mendebaldean, Foro Boarioan, Jupiterren tenplua eta iparraldean Quirinalea. K. a. 391. urtean galoen inbasioaren ondorioz hiria erre egin zen, eta berreraiki behar izan zen, hori bai, bere trazatu irregularra eta harresiek hartzen zuten perimetroa mantenduz. Bere berreraikitzean, trazatu irregularraren ondorioz, kale estu, sigi-sagatsu eta malda handikoak eraiki ziren. Gainera etxeak, modu nahiko traketsean eraikitzen zituzten. Hala nola, 174. urtean horrela definituko dute Erroma: «Hiri itsusi bat da, itxura zekena zuten eraikuntza publiko eta pribatuekin».

Veleiako mosaikoa.
Clunia erromatar hiriaren zati bat.

Sullaren erreforma

Urte asko geroago, Cornelius Sullaren agintaldian (K.a. 83-79. urte bitartean), haren ekimenez, hiriaren erreforma prozesu bat martxan jarri zen. Eraikin handien proiektuak eginarazi zituen eta erromatar arkitekturari zentzu berri bat eman zion, haren eskala aldatu egin baitzuen, ornamentazioaren maila eta kantitatea aldatuz, adibidez. Ildo beretik jarraitu zuen Zesarrek ere. Baina Erromaren edertzean eragin gehien izan zuena, Inperio garaiko Augusto dugu. Hiria 14 erregiotan banatu zuen, eta bakoitzean suak itzaliko zituzten guardiak zeuden.

Baina, artikulu honetan bertan aurrerago azalduko denez, etxebizitzak oso kalitate txarreko materialez egiten ziren, eta oso erraz su hartzen zuten. Hala, 64. urtean, hots, Neronen garaian, sute ikaragarria izan zen Erroman. Zortzi egun iraun zuen suteak, eta hiru auzo oso suntsitu zituen, eta zazpi gehiago kaltetu. Hori berriz ez gertatzeko, Neronek etxebizitzen eraikuntzarako arautegi bat ezarri zuen: etxeak lerrokatuta eta kale zabaletan eraiki behar ziren; etxeek altueran neurri zehatz batzuk hartu behar zituzten; eta ezin ziren zurez eraikiak izan, suaren aurkako harriekin baizik.

II. mendeko Erroma

II. mendearen erdialdera, milioi eta erdi biztanle zeuden Erroman, eta populazio gehiena hiriaren erdialdeko auzoetan kokatzen zen. Hala nola, Subura, Argilentum eta Velabrum deiturikoak ziren auzo populatuenak, eta hemen, zapatariak, liburu saltzaileak, saltzaile ibiltariak, aztiak, hizlariak, eta abar bizi ziren. Noski, auzo hauek nahiko modu anarkikoan eraiki ziren, ondorioz, kaleak estuak ziren eta espazioa denda eta tailerrentzako banatua zegoen. Etxebizitza gehienak alokatuta zeuden, eta askotan bi aldiz, eta honek prezioak asko igotzen zituen. Bizitza publikoa, Foroan, Kapitolioan, Marteren Zelaian eta Palatinoan egiten zuten biztanle hauek. Collis Hortoruma, berriz, familia aristokratikoentzako bizitegi-auzoak ziren.

Erroman ez zegoen garbiketa zerbitzurik ezta gaueko iluminaziorik ere. Gauez ateratzea oso arriskutsua zen, baina egunez, jendez beteriko kaleak aurki genitzakeen. Hurbileko mendietatik hamahiru akueduktuk ekartzen zuten ura hirira, ondorioz hiriko iturri anitz beti zeuden urez beterik.

Argi dago, Erromako urbanismoa modu nahiko kaotikoan edota anarkikoan eman zela, eta agian, hau beste lurraldeetan ez gertatzearren, erromatar kanpamentuen planoetan oinarritutako hiri berriak egiten hasi ziren.

Beraz, hiri-esparruari berari dagokionez, Erroma izan zen hiri nagusia, hiri guztien hiria. Erroma hiria izan zen hiritarraren bizimodua erraztu, politika garatzeko lekuak eskaini, negozioak egiteko tokiak antolatu, eta aisia eta jolaserako guneak egokitu nahi zituzten erromatar hiri guztiek jarraitu beharreko eredua. Estratega handiek hiria edertzeko ideia bultzatu zutenean hasi zen hura edertzen, eta Inperio osoko erdigune distiratsu eta ereduzko bihurtu zen.

Erromatar hiri berriak

Timgad hiriko hondarrak.

Erromatarrek foroen inguruan gertatu zen populazioaren hazkundea ikusi zuten, eta honen ondorioz izan zen desordena eta anarkia urbanistikoa antzeman ere egin zituzten. Foroak bata bestearen ondoan eraikitzen ziren, superpopulazioaren arazoa konpondu nahian eta existitzen ez zen planifikazio arautuari aurre egiteko.

Baina Miletoko Hipodamoren eskutik erromatar hiri berriak egiteko eredu estandar bat osatu zen. Bere sortzailearen omenez, trazatu hipodamikoa deritzogu. Trazatu honek erromatar legioen kanpamenduen eredua hartzen zuen oinarri bezala. Hots, plano erretikulatu uniformea sortu zuen. Hiria bi ardatz nagusiren inguruan eraikia egongo zen, Iparretik Hegoaldera zihoan kalea, Cardo Maximus deiturikoa; eta Cardoa gurutzatuz, Mendebaldetik Ekialdera zihoana, Decumanus Maximus deiturikoa. Horrela hiria, lau zati berdinetan banatua egongo zen, eta bi kaleen gurutzaduran eraikin publikoak (basilikak, teatroak, liburutegiak eta termak) eta Foroak kokatuko ziren. Hiribilduetan, ateak, aipatutako kale nagusien buru eta oinetan kokatu ziren.

Plano hipodamiko hau, esan dugun legez plano estandar bat zen. Ez zuen latitude geografikoak inongo eraginik, Afrikaren iparraldean edota Frantzian oinarri berdineko hiriak eraiki ziren. Adibide bezala hauek ditugu: Ipar Afrikan, Timgad dugu eredu bezala; Frantzian Trier eta Ingalaterran Silchester, besteak beste.

Hiriko azpiegiturak

Mota askotako ingeniaritza-obrez hornituta zeuden erromatar hiriak:

  • Harrizko eta hormigoizko harresi sendoak, hiri-esparrua babesten zuten dorreez hornituak.
  • Osasuna ziurtatzen zuten estoldak eta iturriak (estolda handiak, Erromako Cloaca Maxima bezalakoak; ibaietan isurtzen ziren, eta beste mota bateko hodien bidez baliatzen ziren urak nahas ez zitezen).
  • Akueduktuak hiriak hornitzeko erabiltzen ziren. Ura beherantz joaten saiatzen zen grabitatearen indarraz baliatuz eta horrela presio handia eduki zezan. Hiriaren kanpoaldean amaitzen zen akueduktua eta ura urtegi batzuetan pilatzen zen, nondik hiri osoa hornitzen zen. Drainaje sistema baten eta, zeramikazko eta berunezko hodien bitartez heltzen zen ura etxeetara eta iturrietara. Gainera igarotzen giltzak jartzen ziren hornikuntza ixteko.
  • Galtzada-sare handiak ziurtatzen zuen hirien arteko eta metropoliaren eta gainerako hirien arteko komunikazioa. Hasieran galtzadak armadak eginak ziren joan-etorriak errazteko. Baina denboraren poderioz, merkataritza eta hirien sorkuntzak galtzada gehiago egitea eragin zuten. Galtzadak lerro zuen bat jarraitzen zuten, hiri batetik bestera modu zuzenean joateko. Galtzadak lau geruzez eginda zeuden: lurraren gaineko lehenengo gainazala lurrez eta harriz nahasturik egin zegoen; honen gainean harri, errekarri eta morteiruzko konposaketa bat jartzen zen; hirugarrena lokatz, zementu eta buztinezko adreilu zatizkoa zen; eta azkenekoa harrizko galtzadarriz eginda.
  • Zubi bikainak eraiki ziren galtzada haietan. Zubiak bere kalitate, tamaina eta arkuen formagatik hoberenak izan ziren.

Administrazioaren ikuspuntua

Testu- eta arkeologia-dokumentazioaren arabera, Erromako inperioaren landa-paisaia dibertsifikazio nabarmena izan zuen. Gaur egun, testu klasikoetan eta epigrafikoetan jasotako terminologia zabalarekin , pareka ditzakegu gutxi gora behera, okupazio-forma multzokatuak alde batetik, eta bestetik, landa-eremuan sakabanatuta egon ziren guneak ere. Okupazio-forma multzokatuak edo aglomerazioak, (vici, conciliabula, fora, mansiones, castella, pagi) ziren. Eraikin isolatuen nomenklatura (villae, casae, aimonicia, tuguria), aldiz, soilik noizbehinka islatzen da testu-dokumentazioan. Azkenik, ezin dugu ahaztu, bide-sareari lotutako eraikin bakan batzuk bazeudela (mutationes)[1].

Inperioaren ekialdean greziar terminologia eta banaketa administratiboak idan handia izan zuen erromatar garaian. Mendebaldeko probintzietan, gorago ikusi dugun bezala hainbat erromatar hiri, herri, herrixka edo populamendu mota administrazioaren zeuden ikuspuntutik[2][3][4]:

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Fernández Ochoa, Carmen; Salido, Pedro; Zarzalejos, Mar. (2014). «Las formas de ocupación rural en Hispania. Entre la terminología y la praxis arqueológica» CuPAUAM 40: 111-136. ISSN 0211-1608..
  2. (Gaztelaniaz) «Terminología y realidad material de las aglomeraciones urbanas infra-cívicas en las provincias hispánicas y galas - La Casa | Casa de Velázquez» www.casadevelazquez.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).
  3. (Frantsesez) Tarpin, Michel. (2009-10-01). «Organisation politique et administrative des cités d’Europe occidentale sous l’Empire» Pallas. Revue d'études antiques (80): 127–145.  doi:10.4000/pallas.1783. ISSN 0031-0387. (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).
  4. Abbott, Frank Frost; Johnson, Allan Chester. (1926). Municipal Administration In The Roman Empire. Princeton University Press (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.