Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia
Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia —Erromatar Inperioaren erorialdia edo Erromaren erorialdia izenez ere ezaguna— Mendebaldeko Erromatar Inperioaren botere politiko zentralaren galera izan zen; Inperioak bere arauak betearazteko boterea galduz joatea ekarri zuen prozesu bat, haren lurraldea hainbat entitate politikotan zatitu zuena. Glen W. Bowersocken esanetan[1] "erorialdiak itsutu gaitu: gainbehera guztien arketipo bilakatu da eta baita gure beldurren ikurra ere". Izan ere, Inperioren erorialdia egungo historiografiaren gai nagusienetariko bat da. 1984an, Alexander Demandt alemaniar historialariak Erromaren gainbehera azaltzeko 210 teoria argitaratu zituen eta handik aurrera teoria berriak proposatu dituzte[2][3].
Gainbehera motel hau 320 urteko denboraldi batean gertatu zen, 476ko irailaren 4an Odoakro germaniar buruzagiak Romulo Augustulo azken enperadorea tronutik kendu zuenean burutu zena. Historialari moderno batzuek dataren inportantzia zalantzan jartzen dute[4], alde batetik Julio Nepote Dalmatiako Salonan 480an eraila izan arte bizi zelako eta bestetik ostrogodoek erromatar ohiturak mantendu zituztelako. Gibbonen esanetan, Ekialdeko Erromatar Inperioak 1453ko maiatzaren 29an Konstantinopla erori zenerako mantendu zela kontuan ere hartu behar da[5].
Beste data batzuk ere proposatu dituzte: 378ko Hadrianopolisko gudua, 395eko Teodosio I.aren heriotza, 406ko germaniarren Rhin zeharkatzea, 408ko Estilikoren heriotza (mendebaldeko armada indargabetu zuena), 410eko Erromako arpilatzea, 565eko Justiniano I.aren heriotza edo 632ko Islamen sorrera.
Hori zela eta, aditu batzuen ustez, "erorialdia" baino areago, eraldatze konplexua izan zen[6].
Kronologia
Erromatar Inperioaren gainbehera mendeak iraun zuen prozesua izan zenez, ez dago hasiera data edo amaiera data zehatzik, ez eta une nagusiak zein izan ziren adostasunik ere. Dena dela, hona hemen historialariek proposaturiko une nagusiak.
- III. mendeko krisialdia (234 - 284), anarkia politikoaz markaturiko unea.
- Dioklezianoren erreinaldia (284 - 305), erreforma politiko eta ekonomikoak bultzatu zituena.
- Konstantino I.a Handiaren erreinaldia (306 - 337), ekialdeko hiriburua izango zen Konstantinopla eraikitzeaz gain kristautasuna onartu zuena.
- Bisigodoen aurkako lehenengo gerra (376 - 382), non Hadrianopolisko guduan erromatarrak menderatuak izan ziren eta Valente enperadorea hila.
- Teodosio I.aren erreinaldia (379 - 395), ekialdea eta mendebaldea gobernatu zituen azken enperadorea.
- Rhinen zeharkatzea (406), bandaloak, sueboak eta alanoen Moguntiacum-en (egungo Mainzen) ibai izoztua zeharkatu eta erromatarrek eskualde asko galdu zituztenean.
- Bisigodoen aurkako bigarren gerra, 410ean Erromako arpilatzea eragin zuena.
- Atila eta Bledaren Hunoen inperioaren sorrera (434-453).
- Bandaloen Erromako bigarren arpilatzea (455).
- Bandaloen aurkako kanpaina (461 - 468), erromatarren porrota izan zena.
- Julio Nepote eta Romulo Augustuloren tronuak kentzea (475 - 480).
- Ostrogodoen erresumaren sorrera (493).
Erreferentziak
- Bowersock, "The Vanishing Paradigm of the Fall of Rome" Bulletin of the American Academy of Arts and Sciences 49.8 (May 1996:29-43) p. 31.
- Alexander Demandt: 210 Theories, Source: A. Demandt, Der Fall Roms (1984) 695
- Karl Galinsky in Classical and Modern Interactions (1992) 53-73.
- Arnaldo Momigliano (1973) La caduta senza rumore di un impero nel 476 d.C.).
- Edward Gibbon,[http://www.fordham.edu/halsall/source/gibbon-fall.html "General Observations on the Fall of the Roman Empire in the West", Internet Medieval Sourcebook
- Lynn Hunt, Thomas R. Martin, Barbara H. Rosenwein, R. Po-chia Hsia & Bonnie G. Smith. (2001). The Making of the West, Peoples and Cultures, Volume A: To 1500. Bedford / St. Martins, 256 or. ISBN 0-312-18365-8..