Errobi (taldea)
Errobi Euskal Herriko folk eta rock taldea izan zen. 1973-an Anje Duhalde eta Mixel Ducauk sortu zuten. 1985-ean agur esan zuten Agur T´erdi diskoarekin, baina 2005-ean beraien disko guztiak birmasterizatuta kaleratu zituzten kaxa bakarrean.
- Artikulu hau musika taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Errobi (argipena)».
Errobi | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Euskal Herria |
Musika mota | Rock, Folk |
Instrumentuak | baxua, gitarra, bateria |
Urteak | 1973 - 1985 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Elkar Xoxoa |
Taldekideak | |
Anje Duhalde Mixel Ducau Beñat Amorena Jean Phocas | |
Lehengo taldekideak | |
Mikel Halty | |
Informazio gehigarria | |
70ko hamarkadan Europan eman zen Rock musika progresiboaren eztandarekin batera sortu ziren. Euskal Herrian, Errobirekin batera, beste zenbait talde ere ere sortu ziren eztanda haren ondorioz, Itoiz, Izukaitz eta Haizea. Talde haiek, psikodelia eta folklore euskalduna batzen zituzten.
Errobi Euskal Herriko eta euskarazko rockaren lehendabiziko taldetzat hartzen da eta, horregatik, geroko beste musikari euskaldunentzat erreferentziazkoa, hala edukiz nola formaz. Aditu askoren ustez, "Ametsaren bidea" diskoa (Xoxoa, 1979) da Euskal Herrian egin den disko progresista onena da.
Taldekideak
Lehenagoko taldekideak
Taldea
Rockarena ez ezik, euskal kantagintzaren izen mitikoa da Errobi. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldeak euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, Niko Etxart zuberotarrarekin batera. Hark bezala, euskal tradizioaren melodiari atxikiz, atzerritik heldutako doinu berrien harmoniak bereganatu zituen, Euskal Herriaren arazo kulturalaz eta politikoaz arduratutako hitzekin lagunduta. Ez zuen luze iraun, baina arrasto sakona utzi duten zenbait disko laga zituen ondare gisa. Errobi desegin eta gero, nork bere bidea musikari lotua egin dute Duhaldek eta Ducauk.
Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk lizeoan elkar ezagutu zuten, baina 1973an disko denda batean topo egin eta musikaz hitz egiten hasi ziren. Gustuetan bat zetozela konturarik, elkarrekin talde bat egiteko asmoari ekin zioten. Garai hartan, Pabe aldeko Bacchanales taldean ari zen Ducau, eta Duhaldek bateria jotzen zuen El Fuego plaza taldean. Luze gabe El Fuegon abesten eta gitarra jotzen hasi zen Ducau, eta hirukotea osatzen zuen musikaria Jean Phocas baxu jotzailea zen.
Bikote baten egitasmoa zen Errobi, eta formatu horretan eman zituen lehen kontzertuak. Iñigo Aranbarri idazleak Gure mendea liburuan jasotzen duenez, Gernikan (Bizkaia) egin zuen lehen emanaldia Hegoaldean. "Nahikoa izan da baten batek Niko Etxartek oparitutako ikurrin horietako bat ateratzea poliziak kargatu eta Daniel Landarten hitzak tiro hotsen artean galtzeko" (1). Daniel Landart ez zen agertokira igotzen, baina taldeko hirugarren kidetzat hartua zen. Hark idatzitakoak ziren kantu guztien hitzak, Iparraldeko problematika sozial eta kulturalaren berri ematen zutenak (turismoa, emigrazioa, hizkuntza...). Duhalderen hitzetan, "Danielek ezinbesteko lan bat egin zuen. Gure tripako minak ateratzen ginituen ahal ginuen bezala. Hirurogeiko hamarkada zen, 68ko maiatza iragan zen, bazen momentuko su artifizial bat bezala, ideiak toki guzietatik ateratzen zirela eta beste, gero, hirurogeita hamarreko hamarkadan izan zen desilusio piska bat (...). Gure inguruko egoera zelako eta Danielena ere, bera langile zen eta ni ere hortaratua ninduten. Tripako min horren ateratzea zen eta ere mundu hortarik jalgitzea gisa batean" (2).
Euskarazko lehen rock diskoa grabatu izanaren ohorea du Errobi taldeak. 1975. urtea zen, eta Hego Euskal Herrian zalaparta politiko eta soziala nabaria zen arren, Ipar Euskal Herrian dena zen lasaitasuna eta herriko giroa. Urte hartan, 45 kontzertu eman zituen. Bacchanales taldearen inguruan ibilitako lagunek Donibane Lohizunen (Lapurdi) eraikitako estudioan grabatu zen Errobi (Elkar, 1975), eta Jean Phocasek soinu teknikari gisa egindako lehen lanetako bat izan zen. Phocas bera Errobiko baxu jotzailea izan zen garai batean, baina berehala utzi zuen tresna soinu teknikari lanari emateko. Michel Haltyk ordezkatu zuen bolada batean, eta ondoren Jean Paul Gillesek hartu zuen baxua. Errobiko beste taldekidea Beñat Amorena (bateria) izan zen.
Ipar Euskal Herrian baino harrera beroagoa jaso zuen Errobik Hegoaldean, non "Perttoli", "Aitarik ez dut", "Kanpo... edota "Zuretzat" ezinbesteko bilakatu ziren garaiko dantzaldietan. Kantaldi politikoen garaia zen, mezua musikari nagusitzen zitzaionekoa, eta Errobik haize freskoa ekarri zion gazte jendeari. Hitzak kutsu politiko handikoak izan arren, Errobiren agerraldiak kontzertuak ziren, ez mitin politikoak.
Errobik euskal kantagintzari zekarkion berrikuntza nagusia ahots harmonien erabileran eta moldaketak lantzeko joeran zetzan, eta haiek euskal tradiziotik gertu zeuden melodiekin josteko trebetasunean. Halaber, folk-rock soinu aratza, garbia lortzen zuen taldeak.
Errobiren bigarren diskoa, Gure lekukotasuna (Elkar, 1977), ia lehenengoarekin batera eman zen ezagutzera. Aurrekoaren ildoa jarraitu zuen, eta, berriz ere, Daniel Landartek idatzi zituen letra ia denak. Besteak beste, "Gure lekukotasuna", "Euskadi", "Lantegiko hamar manamenduak" eta "Xileko langileria" nabarmendu ziren, bederatzi kantuen artean. Errobiren lehen aroa itxi zuen disko horrek; izan ere, handik aurrera, hitzen karga politikoa galduz joan zen, eta musika aldetik ere, beste bide batzuk jorratu zituen taldeak. Hirugarren diskoan islatu zen aldaketa, Ametsaren bidea izenekoan (Xoxoa, 1979). Aurretik, zuzeneko diskoa kaleratu zuen, Bizi bizian (Xoxoa, 1978), Tolosan eta Azkoitian emandako bi kontzerturen zatiekin. Euskal Herrian zuzenean grabaturiko lehen rock diskoa izan zen.
Ametsaren bidea aurrerapauso handia izan zen Errobiren garapenean. "Diska egiteko era guztiz aldatu genian. Lehenik musika egin genian, kontzepto bereziko diskoa nahi genian. Benetako talde lana izan huen, testua ere geurea, Beñat Amorenak eta Gillesek ere parte hartuz. Nire musikari bizian izan dudan esperientziarik interesgarriena. Erritmo zaharrak, gaurkoekiko nahasketak... Ez zekiat asko salduko zen, baina zuzenean jendeak oso gustora hartzen zian", azaldu zuen Duhaldek (3). Arriskatu egin ziren lan horrekin; lau kantuz bakarrik osaturikoa zen, eta horietako bi ("Ametsaren bidea" eta "Andere"), 17 eta 13 minutukoak hurrenez hurren; Soft Machine, Caravan eta halako taldeen eragina nabari zen, eta Ducauk jotako saxofoi solo izugarriak zituen. Disko horri esker, Euskal Herriko mugak gainditu zituzten. Frantziako Libération egunkariak Bordelen emandako kontzertu baten gainean argitaratutako kritika: "Aztertutako soinu akustiko eta elektrikoen paletan bilatzen saiatu dira, eta belarriak zabaltzeko gonbita egiten digute; desio artistiko perfekzionista bat sumatzen da". Bilboko El Correo Español egunkarian irakurria: "Gure aurrean dugu Euskadiko musikaren historiako oinarrizko diskoetako bat". Espainiako El País egunkariko musika kritikari Jose Manuel Costak rock bilduma baterako 200 disko funtsezkoen artean aukeratu zuen.
Une horretan, Frantziako CBS diskoetxe handiak diskoa grabatzeko eskaintza egin zion taldeari; taldeak jarritako baldintzak onartu egin zituen, euskaraz abestearena barne, baina azken orduan taldea desegin zuten Ducauk eta Duhaldek. "Nire bizian ikusi dudan musika hondamendirik handiena da", esan zuen Errobiren Frantziako managerrak, Bernard Tavitianek (4).
Ametsaren bidea-k urteko diskorik onenari emandako saria jaso zuen Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Aurrerantzean hartu beharreko norabideaz sortutako desadostasunek ekarri zuten Errobiren amaiera. Duhaldek bakarkako disko bat kaleratu zuen berehala, Errobiaren hegitik (Xoxoa, 1980), Errobiren garaitik idatzita zituen kantuekin, eta Ducauk, Gillesek eta Amorenak Xango osatu zuten, jazz garaikideko hirukotea. Geroago, Parisko estudio batean lanean hasi zen Ducau, eta han grabatu zuten Errobiren azken diskoa, Agur t'erdi (Xoxoa, 1985), laguntzaile frantsesekin. Diskoetxeak proposatuta egin zuten diskoa, eta ez zuen harrera onik izan. Duhalderen arabera, "beste garai bat zen, rock erradikala zegoen pil-pilean, eta ez genuen ondo kalkulatu. Agian hori neurtzea ez da artista bati dagokiona. Atzera begiratuta uste dut disko hori ez genuela egin beharko; orduan konturatu ginen utzi genuen Errobi hura ez zegoela birsortzerik. Nahiko artifiziala zen dena eta oso eroso sentitzen ez zarenean hobe da beste gauza batzuk egitea" (5). Taldeak kontzertu bakan batzuk eman zituen diskoa aurkezteko, eta, ondoren, betiko desegin zen.
2003. urtean talde lapurtarraren diskografia osoa, CD formatuan eta birmasterizaturik, biltzen duen kutxa argitaratu zuen Elkar diskoetxeak.
Diskografia
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Errobi (taldea)» artikulutik hartua da. Artikulu hark Xabier Doncel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.